455 Zenbakia 2008-10-03 / 2008-10-10

Artisautza

Luís María Cortés. Jostuna: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Lehengaia: oihala

Antzina oihal “garbiekin” egiten zuten lan jostunek, hau da, osagai bakarra zuten lehengaiak erabiltzen zituzten, nahasketarik gabeak. Normalean artilezko eta kotoizko oihalak erabiltzen zituzten. Forruen kasuan kalitate gutxiko oihala erabiltzen zen, merkeagoa, “biskosa” esaten ziotena (zelulosa-zuntzarekin eta irundako rayonarekin egindako zeta artifiziala).

1960an inguruan poliesterra sartu zen, “ter-gal” delakoa, batez ere praketan erabiltzen hasi zutena, luzaroan eusten baitzien praken marrei. Jakak artile hutsez egiten dituzte oraindik ere.

Gehien erabiltzen den oihala tergalez eta artilez osatutakoa da. Osagaiak hainbat proportziotan nahasten dira, eta erabilienetakoak % 40 tergala du eta % 60 artilea. Dena den, % 30 - % 70 eta beste proportzio batzuekin egindako oihalak ere erabiltzen dituzte, arropa uda alderako edo negu ingururako den kontuan hartuta.

Artile hutsa eta kotoia ere erabiltzen dituzte (adibidez “mil rayas” esaten dieten betiko prakak egiteko).

Oihalak Sastrería Cortés-ek jartzen ditu, eta beste jostun batzuei ere saltzen dizkiete.

Fabrikazioa

Labur-labur azaltzeko, jantzi bat egiteko honako eskema orokor hau erabiltzen da:

Bezeroa dendara joan eta nahi duen jantzia adierazi ondoren hainbat oihal erakusten dizkiote, kolorea, testura, lodiera eta abar aukeratu ditzan.

Jarraian neurriak hartzen dizkiote. Sarritan urrats hori ez da beharrezkoa izaten, ohiko bezeroen patroiak gorde egiten baitituzte. Agian batzuetan aldatu beharreko neurriren bat izaten da, zabaleran edo luzeran, esaterako.

Esan dugunez, lehendik gordeta ez badute, paperezko patroiak egiten dira, moztu beharreko zatiak oihalean marrazteko. Horretarako “jaboncillo de sastre” (jostun-xaboitxoa) esaten dioten margo-modukoa erabiltzen da.

Jantziaren zatiak moztu ostean “piezeroak” albaindu egiten ditu eta, ondoren, behar izanez gero, bezeroak arropa probatzen du. Ohiko bezeroen kasuan sarritan ez da inongo probarik egin behar.

Proba egitean antzeman diren beharrezko aldaketak egin eta gero, jantzia berriro muntatu eta behin betiko josten da.

Batzuetan, josi aurretik, bigarren proba bat ere egiten da, jantzi motaren arabera. Azkenik, josi, errematatu eta lisatu ondoren, bezeroari ematen zaio.