
Artisautza
Luís María Cortés. Jostuna: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Latinez sartor eta gaztelaniaz sastre esaten zaie gizonezko jostunei, eta hiztegiaren arabera batez ere gizonentzako jantziak moztu eta josten dituzte.
Normalean gizonentzako jakak eta prakak egiten zituzten, umeentzako arropa apur bat eta batzuek baita emakumezkoentzako ere.
Emakumezko jostunak izaten ziren andrazkoentzako eta haurrentzako arropa egiten zutenak.
Izan ere, gizonen arropa eta emakumeena ez dira berdinak. Gizonezkoena sendoagoa da, eta gizonek eskuak aske eraman ohi dituztenez, euren arropak poltsikoak izaten ditu gauzak eramateko. Bestalde, gizonen arropak ez dira horren aldakorrak, tradizionalagoak dira. Emakumeen jantziak, berriz, gehiago aldatu ohi dira, bai itxuraz, bai kolorez eta baita oihalei dagokienez ere.
Lehen aipatutako Negrillo jostunaren fitxan azaltzen genuenez, gizonezkoen jantziak neurrira egiteak hainbat lanbide edo espezialitate biltzen ditu, jantzi-egileari jostun izen generikoa ematen badiogu ere: Ebakitzailea, neurtu, marraztu eta mozten duena. “Aulkiko jostuna”, moztutako oihal zatiak josten dituena, normalean lehenengo albaindu egiten ditu, bezeroak jantzia probatu eta oniritzia eman ostean behin betiko josteko. Galtzagilea, galtzak egin ohi dituena. Txalekogileak, txalekoak egiten dituena. Gabardinagilea ere izaten zen, gabardina osatzen duten zatiak josten zituena.
Eskaria jasotzen duen jostunak aipatutako langileen artean banatu ohi ditu lanak. Etxean lan egiten zuten emakumeak arduratu izan dira eginbehar horietaz.
Bestalde, ogibidearen barruan badira hainbat kategoria. Hasiberria ikastuna izaten da, aurrerago laguntzaile bihurtzen da, denboran aurrera bigarren mailako ofizial egiten da, gero lehen mailakoa eta, azkenik maisu izatera iristen da.
1960. urtera aldera 400en bat jostun zeuden Gipuzkoan, horietatik ehun inguru Donostian. Gaur egun, berriz, hamarren bat daude probintzia osoan eta Donostian hiru jostundegi-denda bakarrik gelditzen dira: Antonio Pascualena San Martín kalearen 4an, Iñaki Aizarnarena Fermin Calbetón kaleko 48an eta Cortés-tarrena.
Sektorearen lehen krisia “prét-à-porter/eramateko prest” delakoaren eskutik etorri zen hirurogeita hamarreko hamarkada aldera, eta behin betiko ostikada informaltasun modernoak eman zion. Kontuan izan, bitxia bada ere, 20ko hamarkadan jendea hondartzara goitik behera jantzita joaten zela, trajea eta kapela soinean zuela.
Izan ere, jendearen janzkera asko aldatu da. Donostiako Zinemaldiak, esaterako, erabat galdu du janzkeraren xarma. Antzina Cortés-tarrek urtero 4 edo 5 esmokin egiten zituzten, eta orain, berriz, formaltasunik gabe janzten da jendea. Batzuetan praka bakeroekin ikusten ditugu agertokian zine-zuzendariak ere.
Gaur egun berriro ere poliki-poliki seriotasun handiagoz janzten hasi da jendea, bai zeremonietan eta baita negozio-arloan ere.
