
Artisautza
Luís María Cortés. Jostuna: Artisauak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Luis María Cortés Busselo Donostian jaio zen 1940ko urriaren 17an. Sagrado Corazón ikastetxean egin zituen ikasketak eta, aldi berean, solfeoa ikasi zuen. Piano-ikasketak burutu zituen.
Bere aitona Emiliano Cortés Gasteizen jaio zen, eta familiak apaiztegira bidali zuen. Bizimodu hura ez zuen atsegin eta gau batean ihes egitea erabaki zuen. Leihotik salto egin eta, zoritxarrez, hanka apurtu zuen. Gertatutakoa ezkutuan gorde nahi izan zuenez, hanka ez zitzaion ondo sendatu eta herren gelditu zen betirako. Gaztelaniazko errefrau zaharrak zioenez: “peluqueros, zapateros y sastres, oficios de cojos”, hau da, eskuak ondo zituztenez eta batetik bestera ibili behar ez zutenez, ile-apaintzaile, zapatagile eta jostun izateko aproposak ziren herrenak.
Emilianok ebakitzaile-ikasketak egin zituen Salesianos ikastetxean, eta geroago jostun-lanari ekin zion Urretxuko (Gipuzkoa) etxe batean. Alargun gelditu zen, alaba bakarrarekin, eta beranduago Legorretako Dolores Garicano Garmendiarekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten, horietatik bi gizonezkoak: Simon eta Jose.
Aurrerago Emiliano Pasaiara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, eta bertan Simón Cortés Garicanok, semeak, heldu zion aitaren ogibideari.
Jose Cortes Garicano (gure artisauaren aita) 1903ko abuztuaren 20an jaio zen, eta aitarengandik lanbidea ikasita, jostun izan zen bizitza osoan. Lehen jostundegia Donostiako Getaria kaleko 5ean ireki zuen, 5. solairuan, eta geroago Hernani kaleko 5ean, lehen solairuan, ekin zion lanari, lehenago Almacenes El Louvre jostundegi frantziarra zegoen lokalean. El Louvren egin zuen lan, hain zuzen, gerora jostun ospetsu izan zen Cristobal Balenciagak.
Jose ezkondu egin zen eta lau seme-alaba izan zituen, horietako bi gizasemeak: Javier nagusia eta Luis Mari. Javierrek aitarekin egiten zuen lan, baina 33 urterekin hil egin zen. Hortaz, bigarren seme Luis Mari Cortes Busselo aitaren laguntzaile egin zen 14 urte zituela.
1954an ireki zuten gaur egungo jostundegi-denda, Hernani kaleko 13an. Jostundegia solairuetan zuten jostunei bezeroak berak eramaten zien oihala. Cortés-tarrek jostundegiarekin batera denda ireki zutenez, euren bezeroentzako eta beste jostun batzuentzako oihala ere saltzen hasi ziren.
José Cortés Garicano aita 1979. urtean hil zen.
Luis Mari Cortes Busselo María Teresa Lavaud Gonzalezekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten, lau mutil eta neska bat, Amaia. Horietatik Alejandro (Álex) da jostundegi-dendaren ardura hartu duena, hau da, Cortés familiako laugarren jostun-belaunaldia osatzen duena.
Álex 1968an jaio zen eta Marianistas ikastetxean burutu zituen lehen ikasketak. Ondoren Zuzenbide Fakultatera egin zuen jauzi eta beranduago merkataritzari ekin zion. Lan-egoera zela medio, 2001ean aitarekin hasi zen lanean. Mari Paz Errastirekin ezkondu zen eta bi urteko mutikoa dute: Iker.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioak diploma eman zion Sastrería Cortési bere ibilbide profesionala saritzeko.
Gaur egun Luis Mari Cortes, bere seme Álex eta Alberto Arguiñaniz ari dira jostundegian lanean.
SASTRERÍA CORTÉS Hernani kalea, 13 20004 DONOSTIA Tel. 943 424 681 Mail: cortessastres@euskalnet.net Ordutegia: (A-O): 09:00 – 13:00 / 16:00 – 20:00 (L): 09:00 – 13:00 / 17:00 – 20:00
