445 Zenbakia 2008-06-20 / 2008-06-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: XXI. mendeko errefuxiatuak

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Munduan milioika errefuxiatu daude; datuen arabera, 2006.urtean 24,5 milioi ziren 52 herrialde desberdinetan. Beraien herria utzi behar izan dute eta horietariko askok, behar–beharrezkoa soilik hartuta egin behar izan dute ospa euren bizitokitik. Pertsona hauentzat, beraien herritik ihes egitea da aukera onena; izan ere, han geratuz gero, heriotza aurkitzen dute maiz.

Eta zergatik abandonatu beraien etxea? Bada erlijio, arraza, gerra, hondamendi naturalak eta beste hainbat arrazoik bultzatuta hartzen dute muturreko erabaki hori. Gainera, ez dute beraien gobernuaren babesik jasotzen eta toki arrotzetan lur hartu behar izaten dute.

Harrera herrialdeek orokorrean betebeharra daukate babes politikoa emateko pertsona horiei. Hala ere, sarritan nazio horrek dituen kanpo harremanak nagusitzen dira barruko eginkizunen gainetik.

Ekainaren 20an Errefuxiatuen Mundu Mailako Eguna ospatzen da. Eta gogoeta sakona egin beharko genuke egoera horretaz. Gobernuek ez diete beraien herritarrei ez zerbitzurik ez babesik ematen. Normalean aukera sozioekonomiko urriak dituzten pertsonak izaten dira erbesteratu behar izaten dutenak. Beraz, txirotasuna ere faktore garrantzitsua da, botere autoritarioekin batera.

Nola onartu halakorik? Zer egin egoera honekin betirako amaitzeko? Gogor lan eginda, politikarien kontzientzia landu beharko litzateke, eta gure aberastasunaz kezkatu beharrean, pertsonen bizi baldintzak hartu beharko genituzke kontuan. Beraiek ere eskubideak baitauzkate, dignitatez bizitzeko eskubidea.