Euskonews Gaztea
Gaiak: Ikasle baten egunerokoa
Ekainaren 7a
Behingoagatik amaitu ditut azterketak! Nik uste denak gaindituko ditudala; Ekonomia zen okerren neraman ikasgaia, baina justu-justu pasatuko dudala uste dut... Beno, ahaztu ditzadan notak une batez.
Uda sasoia eta oraindik ez dakit oporretan zer egingo dudan! Maite deituko dut, planik ba ote duen galdetzeko. Egia da ahaztu xamar neukala etorkizuna; baina iritsi da, eta bihar, gaur da. Momentuz, herriko festez gozatuko dut. Ea zer irteten den! Parranda ederra ziurrenik, ohiturak ez galtzeko...
Ekainaren 10a
Notak jaso ditut, eta dena polito irten da! Uste nuena baino hobeto joan zait, bai jauna! Eta nire ahulgunean, Ekonomian, 6.5koa. Nahikoa eta soberan! (zenbakiak ez dira nire lagunak!)
Azkenean, Maite deitu ondoren, erabaki dugu nora joan. Mila toki bururatu zaizkigu, makina bat plan egin ondoren baina, bere gurasoek Andaluzia aldean duten etxea libre dagoela jakin dugu eta uztailaren azken astean abiatuko gara autobusez, eta hiru aste egingo ditugu bertan. Hondartzako txiringitoa, bagoaz! Eguzkia, hondartza, lagunak... Ea azkar iristen den eguna!
Ia ahaztu zait! Gaur jaietako batzordeko bilera izan dugu, eta azkenean konfirmatuta geratu da: nire musika talde gogokoenetariko batek joko du txosna gunean... Zerbait gaizki irten al daiteke, bada? Momentuz, dena bide onetik doa!
Ekainaren 23a
Iritsi dira San Joanak... Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena izango den honetan, festa nagusituko da kaleetan! Euskal Herriko txoko askotan ospatzen da, eta zorionez, baita nire herrian ere. Jaiak! Badatoz! Uda luze honen aurreneko festa eta desiratzen nago! Ea zer irteten den...
Ekainaren 26a
Oraindik burua astun xamar daukat baina bene-benetan oso ondo pasatu ditudala egun hauek. Hiru egunez jo eta sua ibili naiz, egun zein gauez. Azken urteetako jairik bikainenak iruditu zaizkit. Nahiz eta akaso, nire positibismoak eragin zuzena izan...Azterketak amaitu osteko egunak eta hiru hilabeteko oporrek zerikusia izango dute, ezta? Momentuz ez dut festarik gehiago nahi denbora batez.
Liburu on bat gomendatu didate... Hondartzara noa hamar minutu barru eta motxilan sartu dut. Espero hasierak harrapatzea, bestela, ez dut askorik iraungo irakurtzen. Beno, badaezpada nire MP4a ere sartuko dut, aspertu antzean buruz gora etzanda entzuteko.
Han, autoaren klaxona! Ahaztu zait komentatzea... Asier deitzen den mutil bat ezagutu nuen atzo eta berarekin noa eguzkitara.
Jarraituko du...