Euskonews Gaztea
Gaiak: Anje Duhalde
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Anje Duhalde Lapurdin jaio zen 1950. urtean, Arrangoitzen hain zuzen ere. Musikari ezaguna dugu, bai taldean eta baita bakarka eginiko lanari esker. Anje Duhalde 1993. urteko argazki batean.
Berezkoa du lapurtarrak herri kulturarekiko gertutasuna, etxean hori ezagutu baitzuen gaztetatik. Ikasketak egitera Baionara joan behar izan zuen. Lizeoan ari zela, euskaldun sentitzen ez zirenek ?bascoura? deitzen zieten euskaldunei trufa sinpatikoa eginez (nahiz eta berak oroitzen duen sarri ez zela halaxe), eta euskal kontzientzia gehiago sortu zitzaion Anje Duhalderi.
Hala ere, ikasteari azkar utzi zion, hamasei urte zituela. Izan ere, orduan hasi zen aurrenekoz jendaurrean musikari gisa, baina ez gitarra jotzen, bateriaren erritmoak eramanez, baizik. Hirurogeigarren hamarkada zen, eta taldeak El Fuego zuen izena. Ondoren, 70. hamarkadan Mixel Ducaurekin elkartu zen eta euskarazko lehen rock taldea sortu zuten batera; Errobi izenez bataiatu zuten taldea. Plazaz plaza ibili ziren erritmo berriak jendeari gerturatzen, eta zenbait urteren ostean taldea desegin egin zen. Orduan, Akelarre taldearekin lau urte inguruz aritu zen musika egin eta jendea dantzan jartzen
Bakarkako lanetan hasi zen ondoren; 1980. urtean Errobiaren hegitik argitaratu zuen. Hala, karrera bikainari hasiera eman zion euskal kantagintzako erreferente dugun musikariak. Bere lanak, Erroz eta oroz (1987), Nahas mahas (1988), Amurizaren kantari (1989), Bakezaleak (1991), Zuzenean (1993), Su gainean dantzan (1994), Azkarate (1997), Pinpirin eta Florian (2000), George Brassens kantari (2001) eta Sorminetan (2006) izan dira.
Anje Duhaldek, baina, ez du soilik musikagintza egin bere bizitzan zehar. Izan ere, uhinetatik barrena bere ahotsa helarazi die milaka euskalduni: irrati esatari lanetan aritu izan da sarri. Hala, 90ko hamarkadan Baionako Gure Irratian aritu zen, eta ondoren, Bilbo Hiri Irratian, Bizkaiko hiriburuan dagoen Kafe Antzokitik.
Artista lapurtarrak eboluzio bat izan du urteen poderioz, eta protesta kantuetatik hasita melodia nagusi diren kantak sortzera. Publikoak bi alderdiak gustuko dituela argi utzi du, Anje Duhalde doan tokira gazte zein helduez betetzen baitira aretoak gaur egun ere.