442 Zenbakia 2008-05-30 / 2008-06-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Telesforo Aranzadi

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bergaran sortu zen Telesforo Aranzadi Unamuno 1860. urtean. Antropologo eta zientzialari ezaguna mundu guztian zehar, 1945eko otsailaren 12an hil zen Bartzelonan.

Zientziak erakarrita, farmazia ikasketak egin zituen Madrilen. Hala, 1882.urtean doktoratu zen eta 1889. urtean, berriz, Zientzia Naturaletako doktoretza eskuratu zuen. Baina baziren urte batzuk antropologiak bergararra bereganatu zuela.

Ikertzaile sena zeukan Aranzadik, baita ikasle garaian ere. Gaztetatik eduki zuen bere izenak oihartzuna nazioartean eta hala, 1891an Pariseko Antropologia Elkarteko saria jaso zuen, El pueblo euskalduna lanarengatik. Bertan, ikuspegi antropologiko batetik euskaldunen ikerketa zientifikoa egin zuen.

Lau urte beranduago berriz, 1895. urtean, Mineralogia eta Zoologia katedra eskuratu zuen Granadako Unibertsitatean eta ondoren, Botanikakoa Bartzelonan. Hala, arlo horretan azterlan batzuk egin zituen eta Euskal Herriko perretxikoak eta onddoak deiturikoa izan zen sonatuenetarikoa. Zientzia Erret–akademiak saritu egin zuen lan horrexegatik.

Egindako ikerkuntza andanek munduko txoko ezberdinetan ezagun bihurtu zuten Telesforo, eta hala, Moskuko Historia Natural, Antropologia eta Etnografiaren lagunen elkarte inperialak bertako kide izendatu zuen 1910ean eta Argentinako Daktiloskopia Elkarteak berriz, ohorezko bazkide, bi urte beranduago.

Baina 1917.urtean, Joxe Migel Barandiaran ezagutu eta etapa berri bati eman zion hasiera. Indusketa lanetan murgildu zen eta lehendabiziko jomuga Aralarreko trikuharriak izan ziren, Barandiaran eta Enrique Eguren gasteiztarrarekin batera. Hortik aurrera, makina bat lurretan aritu ziren, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere (adibidez, Katalunia eta Sierra Nevadan). Unibertsitate eta elkarteek bere lana aintzatesten jarraitu zuten, besteak beste Erromako Elkarte Antropologikoak (1921) eta Historiaren Erret–Akademiak (1924).

Baina sari berezia Itziarren jaso zuen; izan ere, inoiz topatutako euskal buru–hezur zaharrena aurkitu baitzuten bertan 1936an. Baina gerra iritsi eta Bartzelonara lekualdatu zen gipuzkoarra; hiri hartantxe itzali zen bere bizia.

Aranzadiren heriotza eman eta bi urtetara Aranzadi Zientzia Elkartea sortu zen bere omenez; gaur egun elkarte garrantzitsua dugu. Eta Bergarak ere ez du ahaztu pertsonaia hau. Hala, 1985ko abenduan bere Telesforo de Aranzadiren omenezko Astea ospatu zuten, ikerlariaren nortasuna eta lanak glosatu zituztelarik. Bestalde, herri gipuzkoar honetako ikastolak ere ikerlariaren izena darama.