421 Zenbakia 2007-12-21 / 2008-01-04
Bizkaiko Gernika hiriko arbola ospetsuaren azpian egiten ziren Biltzarren antzekoak, Euskal Herri osoko probintzia bakoitzean antolatuak ziren. Hala nola, Uztaritzen, garai hartako Lapurdiko hiri nagusian, Kapito–Harri izeneko lekuan eginak ziren.
Leku honek bere izena ontsa darama, kapito ala kapitul latinez bilkura erran nahi baitu, eta harri, harri hadi baten inguruan antolatua baitzelako. Kapito–Harri, Uztaritzeko oihan erdian aurkitzen zen. Leku babestu honetan, harrizko mahai bat eta bi aulki aurkitzen omen ziren, bat lehendakariarentzat eta bestea idazkariarentzat atxikiak. Besteak xutik egoiten ziren haiei biei begira, eta bizkarra haritz handiei emanez, orduan Biltzarra hasten ahal zuten.
Biltzar horietan, bakoitza bere herriaren ordezkari bezala, Lapurdiko arazo eta bizi politiko, ekonomikoaz eta finantzaz eztabaidatzeko eta baita bozkatzeko ere deituak ziren. Biltzar berezi horietan edonork ez zuen parte hartzen ahal, hala nola, eusko jaunak bakarrik onartuak ziren, noblezia eta kleroko jaunak baztertuz. Eusko jaunak herriko etxe jabeak ziren, horrek erran nahi du etxea arbasoak transmititu duen bezala eusko jauna berak transmititu beharko duela.
Ez dakigu zuzen noiztik, baina lehenengo idatzizko biltzarra 1567ko urtarrilaren 24ean egin zen. Hortik goiti, hainbat biltzar antolatuak izan ziren eusko jaunek kudeaturik. Baina 1657ean Luis XIV boterera iritsi ondoren, bere sudurra Biltzarrean sartu nahian Urtubie izeneko bat Biltzarraren buru izendatu nahi izan zuen. Orduan Xurio izeneko Azkaineko etxeko jaun famatuak aurkako mugimendua bultzatu zuen. Sabel gorri izena harturik, sabel xurien –beraz, Urtubieren aurkako– gerla zibila bat hasi zuten. Gerla hori, 1660ean bukatu zen Xurioren heriotzarekin eta beraz, sabel gorrien galtzearekin. Horrez gain, Lapurdiko probintzia kondenatua izan zen 140.000 liberako zerga bat pagatzera. Joseph Garat.
Ondotik, Luis XIVak Biltzarra desagerrarazten ausartu ez bazen ere, testuinguruaz baliatu zen. Biltzarrak zuen askatasuna murriztu zuen, erregearen ordezkari baten kudeapena inposatuz, eta honela menpekotasuna berreskuratzeko molde erraza izan zen beretzat.
Biltzarrak honela iraungo du, Luis XVIen garaia arte. Garai honetan, Estatu Orokorraren Biltzarraren ordezkaria Dominique–Joseph Garat izan zen. Garat familiaren bi anaiek Euskal Herriaren aldeko postura aurkeztu zuten. Frantses iraultzarekin bukatu zen Biltzarra, azkena 1789ko azaroaren18an izanki. Honekin batera euskaldunen askatasuna behingotz galdu egin zen.
Gernikako arbolaren haziak 1908an Euskal Herriko zazpi probintzietan landatu zituzten ber denboran pusa dezaten moduan; Lapurdin landatutako ezkurra Kapito–Harri lekuan ereina izanki.
Gaur egun, Kapito–Harriren oihanaren parte handi bat desagertu da, eta harriz osatutako zirkulu bat dugu leku sakratu honen aztarna bakarra. Gainera, babestua ez den leku historikoa da Kapito–Harri lekua eta bere oihana: fitesko abiadura handiko trenak, gelditzen den oihanaren parte ttipia berekin eramango baitu.