421 Zenbakia 2007-12-21 / 2008-01-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Olentzero, gure ikazkin hori

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Iritsi da eguna. Abenduaren 24a bertan dago eta Euskal Herriko milaka ume eta ez horren ume direnak mendira begira jarriko dira. Izan ere, urteko gizon esperatuena ikusteko desiratzen daude aspalditik: Olentzero. Urduritasuna nagusituko da zazpi probintzietako zoko gehienetan, eta asko izango dira gau horretan ezin lorik hartu egongo direnak.

Zer ekarriko ote die? Onak izan badira eta zortea baldin badute, agian eskatutako bizikletaren gainera igotzeko parada edukiko dute, edota lagunei erakutsiko diete zer nolako baloia ekarri dien Olentzerok. Baina beraien portaera ez bada egokia izan... ikatza jasoko dute askok! Baina nondik dator euskal ikazkin famatuaren kondaira?

Egia esan, istorio desberdinak daude horren inguruan. Horietariko batek dioenez, Gabon Gauean erretzen zen enborrari deitzen zitzaion Olentzero. Hurrengo egunean, tximinian geratzen ziren errautsak hartu, eta etxeko ate nagusiaren aurrean botatzen zituzten olentzeroren hondarrak. Hala, urte guztirako babesa lortzen omen zen etxearentzat eta aldi berean, bertan bizi zirenentzat.

Kondaira hori, baina, kristautasun aurrekoa da. Badago beste istorio bat, non Olentzero azken euskal jentil bezala deskribatzen den. Kristoren jaiotzaren berri izan zutenean, euskal jentilek ihes egin omen zuten, baina Olentzero gure mendietan geratu eta kristautasuna besarkatu ei zuen.

Garaiak aldatzen joan diren heinean, kontakizunak ere moldatzen joan dira eta beraz, norberaren hautua izaten da batean edo bestean sinestea. Olentzero, gaur

Baina ziurra dena da horrenbeste jende pozten duen pertsonaia honek bere bidean hamaika oztopo aurkitzen dituela azken aldian. Esate baterako, Nafarroan. Izan ere, udalerri batzuetan gure jentil on puskak ezin du kaleetan barrena ibili eta askotan ordaindu behar izan ditu isunak. Eta hori gutxi ez balitz, beste kasu batzuetan bahitua izan da Olentzero, Areson gertatu bezala 2005eko Gabonetan.

Bestalde, Iruñeko Udalak bere webgunean galdera bat jarri zuen. Inkestan, iruindarrek Eguberrietan nor zuten maiteago galdetzen zen: Olentzero, Hiru Erregeak ala Bizarzuri. Eta badirudi lehenengoa irabazten zihoala, eta hori dela eta, udalak saretik kendu duela inkesta eta emaitzak...

Baina bere laguntzaileak ez dira kikiltzen eta urtero kalera irteten dira euskaldunon lagun jator honi ongi etorria egitera. Ilusioz betetzen da Euskal Herria eta ume gehienen aurpegietan zoriontasuna marrazten da. Olentzerok, beste ezer ez du eskatzen trukean.