421 Zenbakia 2007-12-21 / 2008-01-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jon Markaide

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Astro–fisikaria da Jon Markaide. Elgetan jaio zen arren (1950), Arrasaten hazi zen gipuzkoar hau.

Arrasateko Eskola Politeknikoan hasi zituen bere goi–mailako ikasketak. Hala ere, ez zuen denbora galdu eta ahal izan zuen momentuan Zaragozako unibertsitatera joan zen, bere hitzetan, entzuna baitzeukan bertako irakasleek kalitate oneko Fisika irakasten zutela. Bertan lizentziatu zen 1975.urtean, Zientzia Fisikoetan hain zuzen ere.

Baina doktorego tesia egiteko urrutiago bidaiatu zuen gipuzkoar honek. Hala, beka bat eskuratu eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen, Massachusetts Institute of Technology famatuan tesia egitera eta azkenean, 1982.urtean eskuratu zuen doktoregoa.

Toki asko ezagutzen dituen fisikaria dugu Markaide, izan ere, besteak beste Alemanian egondakoa da. Doktoretza egin ondoren izan zen eta, Bonnen Erradioastronomiako Max Plack institutuan (1982tik 1985 urtera) eta Municheko Siemensen (1985–1986) aritu zen. Ondoren, Valentziako Unibertsitatean lan egiteko katedra lortu zuen eta bertan dihardu gaur ere.

Elkarte ezberdinetan hartu du parte Jonek. American Physical Society (1980–1996), International Astronomical Union (1986tik gaur arte), European Astronomical Society (bazkide sortzailea 1991n), Astronomiako Espainiar Elkartea (sortzaileetariko bat, 1991n) eta Fisikako Espainiar Errege Elkarteko kide 1992tik.

Ikerketako Euskadi Saria eman zioten 2004.urtean, egindako lan oparo eta garrantzitsua sarituz.

Eusko Ikaskuntzaren Jakiundeko kide izatea egokitu zaio. Izan ere, 2007an izendatu zuten bere lan arloan nabarmentzen den euskaldun hau.