Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Haitz Aldana. (Euskal Herria Hortik-Hara): Euskal kulturarekin lotura duten Amerikako estatuak ezagutzeko eta ikertzeko gogoa dugu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal Herria Hortik–Hara. Zeintzuk dira proiektu honen nondik norakoak?
Aukeratutako herrietan euskal aktore sozio–kulturengana, kultura eta ingurumen ezberdinengana joatea ahalbidetuko duen bidaia batean oinarritzen da gure proiektua. Modu batean ala bestean, euskal kultura Ameriketan zabaldua dela ikusteko eta hango gizabanakoaren parte bat horretan murgildua dela konturatzeko joango gara.
Eta nora abiatuko zarete?
Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Venezuela eta Argentina dira aukeratu ditugun lau estatuak. Bidaia lau etapatan banatzen da. Amerika Iparretik Hegora zeharkatzea ahalbidetuko duen bidaia izango da eta bide batez kontraste guziak bilduko ditu.
Luze emango dizue beraz bidaiak...
Egia da. Lau hilabeteko iraupena izango du eta denboraren banaketa herri bakoitzean egin beharreko lanaren araberakoa izango da. Baina lau hilabeteko espedizio honen ondotik, bidaiako lan guztia Euskal Herrira luzatzea izanen da. Haitz eta Antton, Donostian.
Nola?
Bildutako informazio guztia 52 minututako erreportaje batean jasoko dugu eta Euskal Herriko mediateka, lizeo, zinema areto eta telebista batzuetan zabaltzea izanen da.
Nola sortu zitzaizuen ideia?
Euskal Herria Hortik–Hara proiektua 2006ko abenduan sortu zen. Hiru kideetako bat, Marina Tellechea, Argentinatik Euskal Herrira itzuli zen orduan. Bere esperientzia gogorra eta intentsiboa izan zen, eta euskal kulturarekin lotura duten Amerikako estatuak ezagutzeko eta ikertzeko gogoa piztu zitzaion. Gu hirurok modu batean edo bestean euskal kulturan murgilduak gaude, familia, ikastola, lagunak eta ingurugiro euskaldunari esker, esaterako.
Egia da, Euskaldunak Amerikan gaia organismo ofizial eta ez ofizialengandik askotan aipatua izan dela. Alabaina, gu Euskal Herrikoak eta kultura honen adierazleak izanik, hutsunea sentitzen genuen gure baitan; hau da, haien eta gure artean zein lotura eta zein ezberdintasun izan litezkeen jakiteko irrika.
Eta nolatan elkartu zarete?
Marina Tellechea, Antton Lannes eta ni lagunak gara aspalditik. Hirurok elkartu ginen Marina Tellecheak berak bizitakoren ondoren proiektu hau proposatu zigulako.
Noiz egingo dituzue maletak?
Asmoa 2008ko otsailaren 15ean abiatzea da, eta Kanada izango dugu lehen jomuga. Han, hiru aste pasako ditugu. Ondoren, martxoak 7an Kaliforniara goaz hilabete eta aste bat pasatzeko. Venezuelara, berriz, apirilaren 15ean, bi asterentzat. Eta azkenik, apirilaren 30ean Argentinara,hilabete eta aste bat pasatzeko.
Ikusten denez ondo planifikaturik duzue agenda. Suposatzen dut kontaktuak ere, eginak dituzuela...
Bai, kontaktuak egin ditugu eskualde bakoitzean. Lehenik eta behin, bisitatuko ditugun estatu bakoitzean kontaktu nagusi bat izango dugu eta honek pixka bat gida lana egingo du. Baina beste kontaktu batzuk ere baditugu, hala nola, Euskal etxeak, han bizi diren euskaldunak, elkarteak, organismoak, etab...
Irizpideren bat jarraitu al duzue tokiak aukeratzeko orduan?
Halaxe da. Lehenik toki horretan euskal kulturaren alde zerbait egiten dela ziurtatu gara eta ostean, gazteak direla bereziki lan horretan diharduten aktore nagusiak. Izan ere, gure erreportajea gazteengana bideratua da nagusiki.
Nola osatu nahiko zenukete erreportajea?
Euskal Herria Hortik–Hara erreportajean, bisitatuko ditugun hiri bakoitzeko hari nagusi bat segituko du. Hasiera batean, hiri batera iristerakoan, era motz batean hango errealitatea erakusten saiatuko gara; non gauden jakitea erraztuko diegu ikus–entzuleei Ondotik, aditu batek euskal guneetara bideratuko gaitu euskal kulturaren garapenari buruz hitz egiten duen bitartean. Gainera, euskal guneetako arduradunekin elkarrizketak izango ditugu. Baina gune horietan ezagutuko dugun gazte baten segipen txiki bat egitea litzateke helburu nagusia, euskal kulturak bere bizian zein puntutaraino tokia hartzen duen jakiteko, bai euskal guneetan eta hortik kanpo ere (musika, kirola, ikasketak).
Gaiz aldatuta. Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Bidaiatzea, lagunekin parranda egitea, nola ez!!! Eta sukaldaritza.
Proiektu honi buruz gehiago jakin nahi ezkero edota laguntza eman nahi badiezu, idatzi helbide honetara. Haitz Aldana (Donibane Lohitzune, 1985) Donibane Lohitzunen jaio zen Haitz 1985eko irailaren 4ean. Batxilergoa ikasi eta gero Andoainera joan zen. Bertan Goi Mailako Ikus–Entzunezko ikasketak egin zituen eta ondoren, Bartzelonako CEV eskolan ENG erreportari izateko ikasketak burutu zituen sei hilabetez.