384 Zenbakia 2007-03-02 / 2007-03-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Santurtziren elkartasuna Sahararaino heldu da

AGUILAR, Itziar AYUDA, Laura COLINO, Irune HERNANDEZ, Jenni LIÑAN, Nagore PIÑERO, Ariane RODRIGUEZ, Monica

DBHko ikasleak



Egunero ikastetxera etortzen garenean edo asteburuetan parkean jolasten dugunean ume ezberdin batzuk ikusten ditugu. Gu bezalako umeak dira, azken finean, baina euren azala ezberdina da, beltzaranagoa. Kizkurdunak dira, argalak eta oso alaiak eta irribarretsuak. Batez be, uda partean gehiago ikusten dira. Izugarri gustatzen zaie igeritokian, zein hondartzan bainatzea. Sahararrak dira, Afrikaren iparraldeko Sahara izeneko herrialde batetik etorritakoak. Ume sahararrak.

Zer dela eta haiek gure artean? Non eta norekin bizi dira? Etorkinak al dira? eta, zergatik ugaltzen dira, batez be, udan?

Burura datozkigun galdera hauei behar bezalako erantzuna eman ahal izateko Santurtzin dagoen “Sahararekiko Elkartasuna”-ren arduradun batengana jo genuen. Jose Luis du izena pertsona honek eta beti buru belarri dabil sahararrak lagundu nahian. Oso gizon atsegina da eta berarekin solasean egon ginen pare bat orduz. Berak Sahara aldera bidaiatu eta hango bizilagunen egoera latza ezagutu zuen. Oso esperientzia gogorra izan zela komentatu digu, bizitza osorako hunkituta uzten zaituen horietako bat. Harrez geroztik, Jose Luis elkarte honetan sartu zen eta ume saharar bat ekarri zuen bere etxera.

Franco diktadorearen garaian Afrikaren ipar-mendebaldeko lurralde hori Espainiaren menpe zegoen, kolonizatutako lurrak balira bezala. Baina, buruzagia hil ondoren basamortuko lur horietatik Espainiako soldaduak joan egin ziren eta bertoko bizilagunek berreskuratu zuten antzina galdutako askatasun maitea. Baina urte gutxitan, Jose Luisek ohartarazi zigun moduan, marokoarrek (Marokoko estatuak badu muga Sahararekin) sahararren lurra inbaditu zuten. Hauek saiatu ziren beraien askatasuna mantentzen, baina ez zuten lortu. Ez zeuden antolatuta, ezta ondo armatuta ere. Milaka lagun hil ziren gerra hartan eta beste asko, bizitza ez galtzeko, erbesteratu egin ziren.

Familia asko Algeriaren mugara abiatu ziren babes eske, eta herri honek eskualde batzuk utzi zizkien konponbide bat noiz aurkituko zain. Baina, zoritzarrez, hamarkada batzuk geroago, sahararrei oraindik ez zaie konponbidea heldu. Gatazka politikoa mantentzen da eta, hortaz, jende hau kanpamendu xume, xehe eta txiroetan bizitzera behartuta dagoz.

Leku hauetako bizitza, Jose Luisen esanetan, gordina da benetan. Basamortu hutsa baino ez da leku hori, harkaitz eta harez gainezka eta haizea beti dabil han-hemenka. Urik ez dago, beraz, astero kamioi-zisternen bidez ekarri behar da, eta etxolak lohiz eta hesolaz eginikoak dira. Osasun zerbitzuak urriak dira benetan, ez hemengoak bezala, eta sendagai guztiak gure herrialde oparoetatik eraman behar dizkiegu. Haurren hezkuntza ere, oso eskasa eta oinarrizkoa da; hau dela eta, haur eta nerabe sahararren etorkizuna beltz-beltza da. Horrexegatik, erakunde asko sortu dira gure inguruan (Euskal Herrian ere, batzuk dira) hango umeak gurera etortzeko asmoz. Batez ere, sahararrak etortzen dira udako hilabeteetan eta gero itzultzen dira euren familiekin. Hemengo familia batzuek abegi onez udaro hartzen dituzte ume horiek eta seme-alabak balira bezala tratatzen zaie.

Batzuetan, gurasoen baimenarekin ume horietako batzuk geratu ahal dira hemen, ez bakarrik udak pasatzera, baizik eta urte osoa, eta urte asko jarraian ere, helduak izan arte. Orduan, gure bizimoduan hazten dira. Gure hezkuntza, oparotasuna, bizi-kalitatea eta abar luze bat bereganatzen dituzte.

Hemengo erakunde politiko eta sozialek parte hartzen dute, Foru Aldundiak eta udaletxeak, besteak beste. Hauek, batez be, diru-laguntzak eman eta baimenak eta agiriak errazten dituzte.

Hemen, Euskal Herrian, saharar-arazoa barruraino iritsi zaigu eta jende asko dabil, Jose Luis bezala, lagundu nahian. Guk “San Jose Karmelitak” ikastetxean neguro biltzen ditugu elikadura eta oinarrizko produktu asko (ehunka kilo) Sahara herrialdera bidaltzeko. Pentsatu behar dugu Tinduz eskualdeko kanpamenduetan ezta urik ere ez dagoela. Guretzat ahalegin txikiena dena haientzat bizi izatea ala hiltzearen arteko ezberdintasuna izan daiteke.

Santurtziko Sahararen Aldeko Erakundeak, Jose Luis bezalako pertsona askori esker, urtero ekartzen ditu dozenaka ume. Guregana iristen direnean izututa daude eta hemen dauzkagun gauza guztiak ikusita aho bete hortz geratu ohi dira. Jaioterrira itzultzeko ordua heltzen zaienean, aldiz, negar malkoan adierazten digute ez dutela basamortura itzuli nahi, gurekin eta, noski, gure bizimodu oparo eta ederrarekin geratuko lirateke betiko.