383 Zenbakia 2007-02-23 / 2007-03-02

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Felix Mugurutza. Laudioko Hizkuntza Normalkuntzarako Teknikaria: Laudio erromatarra, nolakoa ote zen?

Aiara Kantziler Institutuko lantaldea

Azken egun hauetan Kultura Klasikoko ikasleok erromatartzea orokorki ikasi eta landu dugu. Erromatartzea, gainera, Euskal Herrian zentratu dugu, erromatarren nondik norakoak, gure inguruan non eta nola ezarri eta zer eragin izan zuten aztertuz. Hori dela eta, Felix Mugurutza gonbidatu dugu gure artera ondoren aipatuko ditugun gai hauei buruzko galderen bidez bere iritzia ezagutzeko; Laudioko eta inguruko erromatarkuntza, Bitorika zubia, inskripzioak eta, azkenik, herri honen izenari buruzko galderak izango dira orain egingo ditugunak. Erromatarkuntza - Aitor ALDEKOA, Eneko GASTAKA, Borja LUENGAS, Eneko RODRIGUEZ Felix ikasleen galderei erantzuten.

Erromatarkuntza baino lehenago inguru hauetan bizi zirenen artean, ba al zegoen triburen bat besteak baino nagusiagoa? Zer ezagutzen da karistiarren gainean? Ez dugu garai horiei buruzko daturik, izen horiek geografo bati esker ezagutzen ditugu. Hark ematen ditu autrigoi, karistio... eta izen horiek. Baina ez dugu inongo daturik ez hedadurari buruz, ez tribu hauen antolaketari buruz... Hala ere, gure herrian ezer aurkitu ez den arren badakigu Aiaran Burdin Aroko herri harresitu bi izan zirela, Babio eta Peregaña mendi gailurretan.

Erromatarrek konkistatu al zuten Laudio? Eta Orozko? Zenbat denbora iraun zuten hemen inguruan?

Ez dakigu zenbaterainoko edo nolako harremana izan zuten erromatarrek eta orduko inguru honetako biztanleek. Gure eskualde osoan, Urduñatik Bilbora, erromatarren gaineko ziurtasun arkeologiko bakarrak Laudion aurkituriko bi hilarri dira.

Hemendik hurbil, Kuartango haranean, Andagoste izeneko leku baten, borroka baten arrastoak aurkitu dituzte: gezi puntak, soldaduen sandalietako iltzeak... Baina hemendik aurrera ezin dugu gehiago esan ez baitaukagu ezer gehiago, ez oraindik behintzat. Bitorika zubia - Bidane BARBARA, Azahara MULAS, Judith PLIEGO, Irune SUBERBIOLA, Itsasne UGARTE

Laudion Bitorika zubiari “erromatarra” esaten diogu baina, erromatarra ala erromanikoa da?

Ez bata eta ez bestea. Egia da herrian horrela esaten zaiola eta aspaldi batean katalogo monumentaletan sartuta ere egon zela erromatar zubi gisa nahiz eta erromatar garaiko zubi baten ezaugarri morfologikoak ez bete. Baina 80ko hamarkadan, azterketa arkeologiko bat egin eta, lortutako emaitzen arabera XVIII. mendean eraikia izan zela erabaki zen eta ,beraz, sentitzen dut esatea, Bitorika zubia ez da erromatarra. Zubi horrek, seguruenik, zerikusia izan zuen bertan zeuden burdinola eta harrobiekin, Nerbioi ibaiaz beste aldetik igarotzen ziren bide zaharrekin lotzeko.

Eskoletan komentatzen aritu gara aitzinean Laudiotik bigarren mailako galtzada bat pasa zitekeela eta zubi bat egon zitekeela ibaia gurutzatzeko, egia izan al daiteke?

Aspalditik datorren ideia da hori. Ab Asturica Burdigaliam (Astorga-Bordele) galtzada nagusiak Araba osoa gurutzatzen zuen ekialdetik mendebaldera. Egunotan guztion ahotan dagoen Iruña ondotik ere pasatzen zen eta hiri hau oso garrantzitsua izan zen sasoian. Esan ohi da bigarren mailako galtzadak izango zirela, kasu honetan itsasora heltzeko edo Laudio ingurutik pasatuta, baina ez dugu inongo arrastorik baieztapen hori oinarritzeko.

Dena den, Laudiotik pasatzen den Nerbioi ibaia gurutzatzeko hiru zubi eder ditugu, lehena, Katuxakoa, Katuxa jauregiaren ondoan, bigarrena Laudioko erdigunean, Zubiaur izena sortu zuena, eta hirugarrena Bitorikakoa. Baina denak erromatarren garaia baino askoz ere beranduago eraikiak. Bitorika zubia.

Nondik dator Bitorika izena?

Oso galdera polita da hori. Badirudi hau izan daitekeela, toponimo hau, erromatar arrasto bakarrenetakoa. Hemen inguruan baditugu amaiera hori duten toponimo edo leku-izen gehiago: Delika, Sondika, Gernika, Gabika... ?ika amaiera hori adjektiboak egiteko atzizki indoeuroparra dirudi baina erromatarkuntzaren eskutik hedatu zena gure artean: Cantabrus-etik Cantabrico, Gernus-etik Gernika, Delius Delika, Sondus Sondika.... Bide honetatik Bitorika Victorius-etik letorke.

Aipatu duzu Iruña eta egin berri dituzten aurkikuntzak, zer uste duzu horren gainean eta sortu den hika-mikaz?

Badirudi oso aurkikuntza garrantzitsuak direla eta euskararen historia eta inguru honetako kristautasunari buruzko orain artean ezagutzen ziren datuak aldatuko dituztela. Laster izango ditugu datu berriak eta irriketan nago ezagutzeko. Inskripzioak - Mireia ARANA, M? Mar GARCIA, Iñigo GOIKOETXEA, Jon URKIJO

Nola aurkitu ziren Laudioko inskripzioak eta zein jatorri daukate?

Arestian aipatu bezala Laudion bi hilarri aurkitu dira; hilarriak, izenak argi dioen moduan, hildako bati eskainitako estela edo harri landuak dira. Kasu honetan argi dago erromatar garaikoak direla DM (Diis Manibus) hizkiak dituztelako goialdean, hau da, “Jainko Maneei” eskaintzen zitzaizkien.

Zaharrena Larraño mendiaren maldan, Ugarte auzoan zegoen, ermita bateko horman berrerabilia, ez dugu ezagutzen bere jatorriko kokalekua. Duela urte gutxi ermita bota zuten eta hilarria beste harri guztiekin batera kendu egin zuten. Laudioko hiritar batek horren berri eman zidan eta basa artean aurkitu nuen hilarria apurtuta. Zati bat jaso nuen baina beste zatia gainontzeko harri guztiekin batera egongo da. Aurkitu nuena fruta kaxa batean sartu eta Gasteizko Museo Arkeologikora eraman nuen. Eskerrak, aurretik ondo dokumentatua zegoen, argazkiak eta artikuluak eginda, eta horien arabera alargun batek bere 60 urteko senarrari eskainitakoa dela ondoriozta daiteke; biek izen latindarrak dituzte. Hau da bertan dioena: Felixek banatutako orrian inskripzioak ikus daitezke.

D M CAL. MON SVL. REGAL MARI TO. AN LX. STTL

Egin den irakurketaren arabera hauxe dio: “Jainko Maneei. CALpurnia MONtana, SULpicio REGALis senarrari. 60 urterekin hila. Bekizu arina lurra”.

Bigarrena Ugarte auzoan aurkitu zen pinu artean. Badirudi hilarria bera bi aldiz erabilia izan zela, idazketa baten gainean bestea ikus baitaiteke. Irakurtzen denak oso idazki polita ematen du, Aunia izeneko ama batek alaba hil berriari eskaintzen dio, Likoiotarren tribukoari. Eskualde honetan aurkitzen den pertsona izen oso bakarra dugu Aunia eta, ezaguna izango duzuenez, Laudion argitaratzen dugun aldizkari bati izen hori jarri genion, AUNIA (www.aunia.org), garaian modan zegoen emakume izena zen Inperioan. Historia polit bat duzue hemen erromatar garaiko kontakizun bat idazteko, Erromatar Inperio sasoiko Laudio girotzeko, ama-alaben harremana irudikatzeko... (barreak). Hau dio hilarriak:

D M SE AVNIA LIC LICOIOM FILIAE SV MV POS

Egindako irakurketaren arabera hauxe dio: “Jainko Maneei. SEmpronia AUNIAk oroitarri hau jarri zion LICOIOtarren bere alaba LICiniari”.

Zer egiten dute hilarriak aurkitutakoan? Nora eramaten dituzte? Ikus ditzakegu museoren batean?

Honelako aurkikuntzak egiten direnean Ondare Legeak dio lurralde bakoitzeko museo arkeologikora eraman behar direla. Laudioko bi hauek hango biltokian daude. Aipaturiko azkenaren kopia bat Laudioko Udaletxean dago jendaurrean. Herriaren izena - Nekane CONDE, Nagore GANA, Udane OLABARRIETA, Ane RUIZ

Zein jatorri duela uste duzu Laudio herriaren izenak?

-io amaiera duten toponimo ugari dago gure inguruan, hala nola, Amurrio, Baranbio... eta badirudi pertsona izenetatik datozela.

Laudiori gagozkiolarik bi teoria daude, bata klasikoa, Meyer-Lübkek proposatu zuena, Claudius izenetik eratortzen duena: cl- taldeak gazteleraz ll- ematen baitu (clavem > llave) eta euskaraz l- (clarum > laru), eta -au- diptongoak, berriz, -o- ematen du gazteleraz (taurum>toro) eta -au- mantentzen da euskaraz (causam>gauza). Hortik ateratzen dira Llodio eta Laudio.

Nik neuk diot, aurrekoa baztertu gabe, Laudius pertsona izena edo antroponimoa ezaguna zela erromatar inperioan, beste leku batzutan dokumentaturik baitago, eta hortik etorriko zela Laudio izena.

Felixen lanak irakurri nahi izanez gero, hona hemen bere webgunea. Felix Mugurutza (Laudio, 1965)

Saltsa askotako gizona da, argazkilaritza, mendia, hizkuntzalaritza, etnografia... daude bere zaletasunen artean. Euskal filologiako lizentziatu hau Laudioko Hizkuntza Normalkuntzarako Teknikaria da gaur egun, eta baita Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea ere.