382 Zenbakia 2007-02-16 / 2007-02-23

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Edurne Zapirain Baztarrika. Meategiko langile ohia: Kanpotarrak meategiko etxeetan geratzen ziren lotan, eta herriko jendea, beraien etxeetara joaten zen

CABORNERO, Olatz

Batxilergoko ikaslea

Arditurriko minek garrantzia handia izan zuten. Erromatarrak Arditurrira iritsi ziren burdina aurkituko zuten itxaropenarekin. Erromatarrak joatean, ?Real Compa?ia Asturiana de Minas?-ek hartu zituen meak mineral gehiago aurkitu nahian. Meategi haietan duela oso gutxi arte egin dute lan. Gutxienez bi mila urtean aritu ziren lanean Arditurrin, seguruenera erromatarrak iritsi baino lehen ustiatuko ziren hango meak. 1984an utzi zion ?Real Compa?ia Asturiana de Minas?-ek Arditurrin lan egiteari. Erromatarrek galena zilarduna ateratzen zuten Arditurrin. Beruna eta zilarra bereizi egin behar izaten ziren substantzia horretatik. Lehenengo birrindu egiten zuten arroka, eta mineral gehien zuten puskak aukeratzen zituzten. Zati haiek urtuta, oraindik ere beruna eta zilarra nahasian zituen produktu bat ateratzen zuten. Hura meategitik gertu egiten zuten. Meatzearen inguruan mundu bat biltzen zen: ingeniariak, meatzariak, merkatariak... eta guzti horien familiak. Herri bat zen hura. Meategietatik ateratako zilar guztia Erromara bidaltzen zuten lehengo Pasaiara bidaliz eta gero barkuz Erromaraino eramanaz. Izan daiteke Erromatar haiek Oiasso (orain Irun dena) izeneko hiri batean bizi izatea. Zalantzarik gabe, mugimendu handiko eskualdea zen. 42 galeria eta 82 hobi egin zituzten. Horietatik bederatzi bakarrik kontserbatzen dira. Erromatarrek pikotxarekin leuntzen zituzten meategiaren hormak. Sua oso lagungarri zuten meatzari haiek, argia izateko bakarrik ez, baita pasabideak irekitzeko ere. Izan ere, berotuta errazago xehatzen da arroka. Zenbait tokitan, pasabidea egiteko erabili zituzten su haiek. Sua leku itxi hartan erabiltzeak haizebideak eskatzen zituen. Bestalde, galerietan ura ez zen pilatu behar, eta, kontuan izanda zenbait galeria errekaren azpitik zihoazela, galeriak urak hartu ez zitzan, cunicula izeneko teknika erabiltzen zuten ura drainatzeko. Ingeniaritza-lan handia zen, beraz, mineral-zain bat bilatzeko pasabideak irekitzea. Erdi Aroan, burdina izan zen gehien aurkitu zen minerala. Urte batzuk beranduago blenda izan zen gehien aurkitu zen minerala. Orain ikus daitekeen gehiengo esplotazioa, XX. mendean hasi eta 1986an bukatu zutenekoa da. Garai hartan gehien atera zen minerala espato fluorra da. Mineral horiek beste toki batzuetara eramateko, tren bat egin zuten 1901. urtean Arditurri eta Pasaia lotzen zutenak. Tren hori, 1965. urtean kendu zuten. ?Real Compa??a Asturiana de Minas??ek meak hartu zituenean gauzak aldatu egin ziren. Garai horretan Oiartzungo, ondoko herrietako eta beste hainbat tokitako jendea etorri zen lanera. Ia denak mutilak ziren. Bi neskek bakarrik egiten zuten lan meategi horietan. Horietako bat Edurne Zapirain Baztarrika da, eta honi galdeketa bat egin diot:

Zer ateratzen zen minetatik? Gehienbat, zilarra eta burdina ateratzen zuten, galena zilarduna izeneko metal batetik. Eztainua bezalako metalak ere ateratzen zituzten minetatik.

Nola eramaten zen handik ateratako materiala?

Gehienbat Arditurritik Pasaiako porturaino joaten zen trenean eramaten zituzten metalak. Baina beste batzutan kamioietan ere eraman ohi zituzten.

Zein lan ezberdin egiten ziren Arditurrin?

Garbiketa, janaria egitea, meategi barruan lanean mineralak bilatzea, mineral horiek erretzea metal ezberdinak lortzeko eta garraioa ziren lan ezberdin horiek.

Nora eramaten ziren mineralak?

Komentura, hau da orain Pasaiako portua den tokira. Gero komentutik barkutan beste edozein tokitara eramango zituzten.

Noiz hasi zinen lanean?

Hemezortzi urterekin hasi nintzen lanean, ordurako erromatarrak joanak ziren aspaldi.

Zenbat urtez egin zenuen lan bertan?

Hemezortzi urtetatik hogeita lau urtetaraino egin nuen lan, hau da, sei urtez egin nituen han.

Zertan egiten zenuen lan?

Bulegoak, ontziak eta langileen logelak garbitu eta oheak egiten nituen...

Oiartzungo jende askok egiten ahal zuen Arditurrin lana?

Bai, Oiartzungo jende asko ginen Arditurrin lan egiten genuenak, eta baita alboko herrietakoak ere.

Langile asko al zeuden minetan lanean?

Bai, jende asko zegoen lanean, bai hemengoak eta baita kanpotarrak ere.

Minetan lanean ibiltzen ziren guztiak kanpotarrak al ziren?

Ez, gehiengoa Oiartzun eta ondoko herrietakoak ziren (Irun eta San Antonetik jende ugari etortzen zen). Beste asko, Galizia, Santander eta abarretik etortzen ziren.

Zenbat orduz egiten zen minetan lan?

Nik zortzi orduz egiten nuen lan eta beste langile guztiak ere gutxi gorabehera zortzi orduz egiten zuten lan.

Nola joaten zinen haraino?

Batzuetan oinez joaten nintzen eta beste batzuetan trena hartzen nuen. Herriko eta herri ondoko jendeak berdin egiten zuen, ez baitziren minetako etxeetan lo egitera geratzen.

Langileek non egiten zuten lo?

Kanpotarrak minetako etxeetan geratzen ziren lotan eta herriko eta herri ondoetako jendea, beraien etxeetara jaisten ziren lotara.

Zenbat emakume zineten lanean?

Bi bakarrik ginen, garbiketaz eta janariaz arduratzen ginenak. Nire izeba Antoni eta biok arduratzen ginen lan horretaz guztiaz. Oso nekagarria zen lan hura.

Zenbat diru irabazten zenuen? Nahikoa al zen bizitza aurrera atera ahal izateko?

Oso gutxi, ez zuen ezertarako ematen. Nik diru hori familia aurrera ateratzeko erabiltzen nuen, bederatzi anai-arreba baikinen.

Meatzariek asko irabazten al zuten?

Esaten zutenez gutxi irabazten zuten, baina nik eta nire izebak baino gehiago bai.

Anekdotarik bai al duzu kontatzeko?

Ni zaharra naiz, eta ez naiz gauza askotaz gogoratzen. Gainera, mutil asko zeuden eta lan hori ez zen brometan ibiltzeko gauza. Gogoratzen dudan gauzetako bat, meatzariak lanean hasi aurretik zelai baten izkina batean elkartzen zirela, eta txorakeriak esaten eta bromak egiten hasten zirela da.

Laburtuz, Arditurri paisaia berezi bat baino gehiago da; mendeetako historia du. Erromatarren garaian zilarra eman zuen, Erdi Aroan burdina (hainbat burdinola izan ziren Arditurri ibaiaren ibilguan) eta duela gutxi arte beste hamaika mineral erauzi izan dira Aiako Harriko malden erraietatik. Edurne Zapirain Baztarrika

Oiartzuarra da Edurne eta Arditurriko meategietan lan egin zuten bi emakumeetako bat.Sei urtez aritu zen bertan. Zortzi orduz egiten zuen lan bertan eta bulegoak, ontziak eta langileen logelak garbitzen zituen. Hango istorioak kontatu dizkigu elkarrizketa honetan.