Euskonews Gaztea
Gaiak: Oiartzungo kuestazioa. Inauterien iragana eta oraina
BADIOLA, Ane MITXELENA, Olatz ORKAIZAGIRRE, Oiane TORRES, Jon
Batxilergoko ikasleak
Oiartzun herriarekin loturarik xumeena ere eduki duenari, Intxixua, akelarrea, kuestazioa... hitzak ez zaizkio batere arrotzak egingo. Ez hori bakarrik, aho ezberdinetatik entzunak izango ditu seguruenik, herriaren historia eta kulturaren altxor preziatuenetariko bat baitira; mitologiaren eta errealitatearen arteko muga lausotzen duten altxorrak. Kultur ondare aberatsa da oiartzuarren inauteritako festa, belaunaldiz belaunaldi, aiton-amonen eskuetatik bilobenganaino iritsi dena. Gaur egun indar biziz mantentzen den festa da inauteriena, baina ezin uka dezakegu, ohitura bat mantentzeak zailtasunik baduenik, denbora krudel samarra izaten baita maiz. Oztopo eta traba horiek guztiak gainditzeko dago Ihote Berreskuratzaile Taldea, urterik urte inauteriak antolatu eta indartzen dituen taldea. Herritarrez osaturik dago, boluntario modura aritzen diren adin ezberdinetako herritarrez eta taldeak duen eragina herriko zirrikitu guztietara ailegatzen da. Herritarrek egiten dute lan, herrian eta herriarentzat. Oiartzungo intxixua.
Oiartzungo inauterien ospea herri mailakoa bada ere, indartsua eta berezkoa da. Gainera, ohitura oiartzuarrek sortu, bideratu eta mantendua izan da, herritarrek antolatua eta herritarrek egina, alegia. Beraz, ez da harritzekoa oiartzuarrak bertako inauteriez harro egotea. Oinarrizko baliabideak soilik erabiliz, antzinako ondare bat berreskuratu eta eguneratzen jakin dute. Honek egiten du jaia hain berezia. Aipagarria da nola duela berrogei urte egiten zen horri, aldaketa gutxi batzuk eginez, gaur egungo joeren eta gustuen artean lekutxo bat bilatu dioten. Urteen poderioz, mila ohitura eta tradizio lekuz kanpo geratu dira gizartean, baina Oiartzungo inauteriek, tinko eutsi diote bere lekuari.
Aipatu dugun moduan, zenbait aldaketa egitea beharrezkoa izan da. Hala ere, ohituraren ildoa eta hari nagusia uneoro errespetatu dira. Kuestazioa da Oiartzungo inauterien oinarria. Baserriz baserri eskean aritzean datza kuestazioa.
Duela berrogei bat urte, gure aiton-amonek ere egiten zuten. Taldetan bildu eta etxez etxe eskean ibiltzen ziren herriko gazteak, nor bere auzoan. Nagusiki janaria zen eskatzen zutena: babarrunak, intxaurrak, gazta, odolkia, haragia... baina edariak ere izaten zuen bere lekua, batez ere, ardoak eta sagardoak. Gainera, mitoen esanei jarraituz, erratzarekin joan eta etxe atariak errazten aritzen ziren, izpiritu txarrak uxatu eta bertakoei urte osorako zorte ona opatzeko. Hau zen etxekoei beren eskuzabaltasuna eskertzeko erabiltzen zuten bidea. Era berean, eguna alaitze aldera edo, eskura zituzten musika tresnak hartuta, nola trikitixa, txistua... zein festa kutsua sor zezakeen beste edozein tresna; kantuan eta dantzan aritzen ziren. Etxekoen umorearen edo dantzarien trebeziaren arabera, hamaiketakoren bat ere jasotzen zuten gazteek. Gastatu ez ezik, irabazi ere egin behar da! Beraz, goiz osoan gora eta behera ibili ostean, auzokideak bertako plazan elkartu eta bildutako janariarekin bazkari eder bat egiten zuten, nahiz eta aurretik ere tripa nahiko betea zuten. 2004ko kuestazioa.
Gaur egun, oiartzuarrek kuestazioa egiten jarraitzen dute. Bada norbere auzoan taldea ateratzea lortzen duenik, baina batzuetan taldea osatzen ez denez, herriko gazte guztiak bildu eta auzotan banatzen dira, denak helburu berarekin: baserriz baserri, musika tresnak lagun, dantzan aritu eta trukean janari apurren bat edo diru pixka bat biltzea. Ohiturari jarraituz poxpolin jantziz joaten dira neskak, eta aurreskulari mutilak, baina inauteriak direla aitzakia hartuta, bada poxpolin janztera animatzen den mutilik, eta baita, aurreskulari janzten den neskarik ere. Gehienetan zain izaten dituzte baserritarrak, urteroko zita baita inauterietako larunbat goizean kuestazioan dabiltzan herritarrei hamaiketako on bat ateratzea eta eguerdi partean egingo duten bazkaria ordaintzeko sos batzuk ematea. Izan ere, ohiturari eusten diote, baina den-denean ezin! Eskean bildutako jakiekin bazkaria prestatzea baino nahiago dute denak batera elkarte edo sagardotegiren batean bildu eta merezi duten deskantsua hartuz sabela ondo betetzea. Beraz, ondo bazkaldu eta festa giroak etenik gabe jarraitzen du, kantuan eta dantzan, bertsotan, musikaz bazterrak alaituz, edo kontu kontari. Beste behin ere aitzakiarik txikiena nahikoa, bazterrak euskal giroz blaitzeko. Hala ere, goizeko ekintza hau baino garrantzitsuagoa ari da bilakatzen arratsaldean herriko plazan egiten den ikuskizuna.
Izan ere, bada, kuestazioaz gain, festari jarraipena emateko larunbat eta igande ilunabarretan egiten den beste ikuskizun bat ere, duela hamabost bat urte Oiartzuar talde batek izan zuen burutazioa zela eta ospatzen dena.
Inauteriak inguruan, Oiartzungo Girizia Mendi Taldekoek irteera bat egin zuten Aiako Harriak aldera. Bueltan heldu zirela behi larru batekin egin zuten topo eta erdi jolasean, brometan hasita, inauterietan larru zahar harekin eta geroago lortuko zituzten beste batzuekin mozorrotzea otu zitzaien, zer edo zer desberdina egitearren. Horrela, inauteriei buruz ideia gehiago sortuz joan ziren, goizeko kuestazioaz gain ez baitzuten beste ezer egiten, eta Ihote Berreskuratzaile Taldea osatzea erabaki zuten, inauterietako festa indartzearren. Urte hartan behi larruz mozorrotuta atera ziren eta gau partean ardi jatea egin zuten Kontzejupean bilduta. Esperientzia ona izan zela eta, hurrengo urterako hobeto prestatzen hasi ziren, jaiari forma ematen, handik eta hemendik ideiak biltzen: inauterietako pertsonaia mitologikoa ere asmatu zuten, Intxixua, eta honek dakartzan istorio eta mito guztiak. Hamabost urte hauetan zehar, ideia gehiago batzen joan dira, jaia biribiltzen, herri guztira eta herritar guztiei zabaltzen. Besteak beste, musikariak, dantzariak, sorginak... ekin diote jaian parte hartzeari, akelarre itxura emanez.
Beraz, goizeko kuestazioaren eta eguerdiko bazkariaren ondoren, arratsaldeko zazpiak aldean herriko dantzariek ematen diote festari segida. Plazan biltzen diren herritarrei azeri-dantza eta sorgin-dantza eskaintzen dizkiete. Ondoren, Aiako Harritik datozen Intxixuen eta sorginen bila joaten dira denak, irrintzika eta oihuka, mitologiak eta gizarte zibilizatuak bat egiteko. Horrela, menditik datozenak herritarren festan sartu eta denen artean akelarrea egiten dute, plazaren erdian pizten duten suaren inguruan. Negua bukatu dela eta udaberriaren etorrera ospatuz, musikaren erritmo bizietan galduta dantzan jarraitzen dute. Intxixu eta sorginek, inauterietako asteburua herrian igaro ondoren, jaiari bukaera emateko, igande ilunabarrean berriro bat egiten dute herritarrekin plazan, heldu den urtera arte agurtzeko. Hurrengo inauteriak iritsi bitartean, Intxixu eta sorginak Aiako Harrian ibiliko dira, euren kobazuloan sartuta, eta herritarrek gizarte zibilizatuan arrastaka, presaka jarraituko dute.
Ikuskizunak ikuskizun, Ihote Berreskuratzaile Taldea hurrengo urterako inauteriak prestatzen hasiko da negua hurbiltzearekin batera, antzinako esentziaren sustraiei heldu eta Oiartzunen inauteriak ospatzeko: lehen egiten zen kuestazioaren harira, ahalik eta jai parte hartzaileena bultzatuz, lehenagokoari heldu eta gaurkotasun kutsua gehituz, herritarrek herrian eta herriarentzat egindako festa ospatzeko.