Euskonews Gaztea
Gaiak: Santurtziko prozesioaren mendeurrena
DIEGO, Ander DIEZ, Julen FERNANDEZ, Asier NIÑO, Alberto RABUÑAL, Maria RIVAS, Patricia ULLATE, Ieltxu URKIAGA, Laura
DBHko ikasleak
Kantauriko kostaldean ez zen lehena izan. Castrokoa izan omen zen. Dena den, Euskal Herri osoan aitzindari dugu Santurtziko itsas prozesioa. 1910eko argazkia. Bernardo Estornés Lasa.
Nork ez du, Bizkaian behintzat, Santurtziko itsas prozesioa ezagutzen? Udaro, uztailaren 16an, bai telebista bai egunkarien bidez, gure herriaren berri ematen dute herrialde osoan. Guk, santurtziarrok, zuzenean ikusten dugu. Beno, oporrak hartuta urruneko hondartza batean ez bagaude! Hala ere, hemen egotekotan, oso argi dugu nora jo egun horretan. Arratsaldeko seietan, hain zuzen ere.
Azkar ibili behar da. Badakizue... portuko etorbide luzea jendez gainezka egoten baita. Bustamante kantari famatua etorriko balitz bezala! Zoramena da! Portu txikia itsasontziz beteta dago. Eta ontzi bakoitza pertsonez dago. Guztiek (hiritatarrak, arrantzaleak, sardina-saltzaileak...) helburu bakarra dute: Andre Maria eramango duen ontzi nagusia laguntzea.
San Jorge elizatik Andre Mariaren imajina ateratzen da eta porturainoko ibilbidea egiten da. Behin portuan, Andre Maria ontziratzen dute. Astiro-astiro ontzi guztiak martxan jartzen dira Abrako uretan sartuz. Sartu ahala, inguruko ontzi gehiago batzen dira prozesiora. Abran oraindik, baina porturatu baino lehen, lore koroak uretara botatzen dira. Ordu erdi beranduago irudia berriro lehorreratzen da. Han, herriko dantza taldeak Birjinaren omenez dantzatzen du. Amaieran, San Jorge elizarainoko bidea egiten da beste urte batez. Urtez urte ospatzen duguna begi-bistan dago, baina sudurluzeak garenez, historia aldetik nondik norakoak ezagutu nahian, ehun-urteurren honetan goraino sartuta dagoen gizon batengana jo dugu. Bere izena Paco da eta datuak emateko makina bat da. Prozesioaren nondik norakoak
Lehenengo eta behin, Pakok ondoko hau azpimarratzen du: aurten, ehun urte betetzen dira Karmengo Birjina Santurtziko zaindari izendatu zenetik. Izan ere, 1907ko urtarrilean Santurtzik Aita Santuari (Pio X) eskaera bat bidali zion Karmengo Birjina herriko zaindaritzat eskatuz. Garai hartan, zaindari bakarra San Jorge zen. Aita Santuak onartu egin zuen eta 1907ko maiatzaren 29tik Karmengo Birjina da Santurtziko zaindaria. Prozesioaren laugarren hamarkada.
Honen ondorioz, Aita Davilak (Gasteizko apezpikutzaren ordezkaria) eta Jenaro Oraak (San Jorgeko apaiza) 1907ko uztailaren 16an antolatu zuten lehen prozesioa. Lehorrean ala itsasoan? Zoritxarrez ez dakigu, baina jo dezagun gaur egun ospatzen den bezalakoxea izan zitekeela. Nondik dator Karmengo Birjinarenganako debozioa? Zergatik Karmengo Birjina eta ez beste bat? Pacok ustekabe bat ematen digu: Karmengo Birjina Sestaotik dator! Batzuek kondairan pentsatuko dute. Horren arabera, santurtziar batzuek Birjinaren irudia itsasadarreko uretan aurkitu bezain laster Santurtzira eraman zuten. Felix Linaresen telesaioan bezala “faltsua” hitza erantsiko diogu kondairari.
Egia jakiteko 1718 urtera bidaiatu behar dugu. Urte horretan Nafarroatik etorritako zenbait karmelitek Sestaon “desierto” bat fundatu zuten. Itsasadarraren ertz batean hain zuzen ere (Kaikuren lur-eremuen inguruan). Karmelitak haien komentuak izendatzeko desierto hitzaz baliatzen dira. Hori dela eta, gaur egungo Desierto Barakaldo eta Desierto Lutxana izenak. Karmelitak izanda, Karmengo irudi bat bertako baseliza batean jarri zuten. Antza, inguruko herrien mesederako lan handia egin zuten. Izan ere, itsasadar ertzaren lur-eremuak emankorrak bihurtu zituzten. Baratzeak ureztatzeko itsasadarreko ur gazia aprobetxatzeko modu bat asmatu zuten. Urteak pasa eta Karmeliten zorteak okerrera jo zuen. Hasiera batean zergak eta 1835ean Mendizabalen desamortizazioa... Azken lege horrek karmelitak bere komentua uztera behartzen zuen. Edonoren eskuetan bertako ondasunak ez geratzeko, inguruko elizen artean banatzea erabaki zuten. Portugalete, Sestao, Santurtzin... Santurtziko San Jorge elizara Karmengo Ama Birjinaren irudia eta erretaula ekarri zuten.
Dirudienez, irudia leku nabarmen batean jarri zuten. Poliki-poliki arrantzaleak eta biztanle guztiak debozio handia erakusten hasi ziren. Hain deboziozkoak ezen 1917an zaindari izendatzea erabaki baitzuten. Oraingo irudia ez da aspaldikoa. Guda zibilaren aurrean ezezagun batzuek sua eman omen zioten. Prozesioa, dela ekaitza (behin) dela egoera politikoa (behin baino gehiagotan), zenbait urtetan bertan behera geratu da; urte honetara arte. Ehun urte Karmengo Birjinaren prozesioarekin.