384 Zenbakia 2007-03-02 / 2007-03-09
Urtero, eta beti otsailean (aurten 14an), San Jose HH. Carmelitas ikastetxeko irakasle eta ikasleok elkartasunerako egun berezi bat ospatzen dugula ondo dakigu. Bitarteko gutxiko pertsonengan pentsatuz, gure ikastetxeak proiektu bati ekiten dio. Horri esker, Kolonbiako zenbait umek heziketa jasoko dute. Ume horiek zoritxarrez “arrisku egoeran” daude. Jakina, proiektua burutzeko dirua behar da eta euroak nonbaitetik atera beharrean gaude... nondik eta ogitartekoetatik! Otsailaren 14 ko irudiak.
Nola? Bost euroren truke ikastetxeak egindako txorizo ogitarteko bat erosten. Ah! freskagarria ahaztu gabe. Kolonbiara, Son-Sonera hain zuzen ere, bidaliko den ogitartekoen dirua oso lagungarria izango da. Izan ere, pasa den urtean 6.290 euro lortu genituen.
Ikasgeletan bokatak jaten sortzen den giroa ezin hobea da: txisteak, argazkiak, kantak, txantxak... Baina horrekin ez da dena amaitzen. Partida mundiala ere badago!
Pasa den otsailaren 14an, ordu bietan, Santurtziko kiroldegian DBHko laugarren kurtsoko ikasleek irakasleen kontra futbol partida bat jokatu zuten. Mutilok jokaldi guztiak arreta handiz jarraitu ditugu baina neskek interes bat baino ez dute izan: Xabier, irakasleen atezaina.
Emozio handiko partida ikusi genuen. Amaieran irakasleek zazpi eta lau irabazi zuten. Aspaldiko partez ez zuten garaipena lortzen eta azkenik heldu zen eguna. Hurrengo egunetan gure poza areagotu egin zen. Eskolako eskaileretan jarritako orri batzuen arabera, diru kontuan berriro hautsi dugu gure marka.
Guztiok gaude pozik: ikasleak, irakasleak,zuzendaria eta zer esanik ez Son- Soneko gazteak! Sarri esaten den moduan: helburu lortua! Datorren urtean beste erronka bati emango diogu erantzuna. Ziur egon.