Artisautza
Jesús María Perona Lertxundi. Maisu Modelista: Prozesua
GARMENDIA IARTZA, Koro
Tailer txiki bat dauka Donostian, non EMCO markako makina konbinatu bat daukan zura lantzeko, honako hauek biltzen dituena trontzatzeko makina, tornua, inguratzeko zerra, atzera-aurrerako zerra eta zinta zerra. Halaber, baditu baita zulatzeko makina, esmerilagailua, zinta zerra, arrabotatzeko makina, lizpaper diskoa, konpresorea, eta lanerako zein marrazketan ibiltzeko aulki eta mahaiak.
Tresneriari dagokionez, honakoak erabiltzen ditu: gubiak (zizelkadura lauerako eta tornurako), eskoploak, trintxak, limak, arraspak, zerroteak, ile zerrak, guraizeak, konpasak, arkatzak, pintzelak, kurrikak, mukaderak, mailuak, bihurkinak, eskuairak, erregelak, marrazak, sarjentak eta ezer gutxi gehiago. Tresna hauetako batzuk berak eginak dira.
Egurrari dagokionez, mota askotakoak erabiltzen ditu, egin beharreko piezaren arabera, eta baita modelo jakin bateko zatiaren arabera ere: ebanoa, ezpela, kaoba, intxaurrondoa, udareondoa, haritza, urkia, gereziondoa edo gaztainondoa.
XVI. mendeko euskal bale-ontzia egiteko -gaur egun Donostiako Aquarium-ean dago ikusgai-, Orioko parroki elizako kanpandorrean zeuden habe zahar batzuk erabili zituen, azken zaharberritze lanak egitean hantxe utzita zeudenak. Han bertan txikitu, eta soka batzuen laguntzaz jaitsi zituzten handik.
Honi guztiari, elementu suntsikorrak erantsi behar zaizkio: kolak, pinturak, bernizak, oihalak, iltzeak, elementu metalikoak (kobrea, letoia, etab.), sokak, etab.
Bere emaztea aritzen da oihalak josten. Batista oihala erabiltzen du horretarako. Pieza hasieratik bukaerara berak egiten duela aitortu didan bigarren modelista da: egin beharreko ontzi mota aukeratzetik hasi, planoak egokitu, moztu, muntatu, margotu eta euskarria prestatzera bitarteko lan guztiak egiten ditu.
