Photomuseum: Kamara ilunetik argazkigintza digitalerainoko bidaia mirakulutsua Photomuseum: Kamara ilunetik argazkigintza digitalerainoko bidaia mirakulutsua * (Artikulu hau Euskonewseko 55. alean argitaratu zen 1999ko azaroaren 19an) Ainhoa Irazu Orain 160 urte, 1839an, Lóuis Jacques Daguerre euskal jatorriko asmatzaileak, argazkigintzaren historian mugarri bat ezarri zuen tresna eman zuen ezagutzera: dagerrotipoa. Ordutik hona, irudiaren mundua irauli duen hamaika tramankulu eta tresna sortu da. Zarauzko "Photomuseum"ean, diziplina horretako lehendabiziko asmakizunetik hasita gaurko argazkigintzarainoko bidaia interesgarria egin daiteke. Argazkigintzan erabilitako lehenengo kamerak ikus daitezke hemen. Photomuseum ak 1993an zabaldu zituen ateak. Museoa, Zarauzko argazkizale batzuen ekimenez sortu zen. Villa Manuelan dago, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: aldiko erakusketak, argazkigintzaren historiari buruzko bilduma, liburutegia, argazki artxiboa eta hemeroteka. Bertara hurbiltzen diren bisitariek, argazkigintzaren munduan murgiltzeko parada ezin hobea dute, horretarako espreski antolatutako ibilbide didaktikoan. "Hona etortzen direnei argazkigintzaren ikuspegi zabala eskaini nahi diegu. Helburu horrekin, 150 urtetako historia laburtzen duen bilduma iraunkorra osatu dugu, kronologikoki egituratzen dena. Kamara ilunetik abiatuta, argazkigintzak urteetan zehar izan dituen aldaketa teknikoak eta horren aplikazioak erakutsi nahi ditugu" esan digu Leopoldo Zugaza, Photomuseum eko arduradunak. Argazkigintzak izandako garapena nabarmena da. Argazkigintza asmatu aurretik irudia berregiteko erabiltzen ziren tresna mekanikoek ematen diote hasiera ibilbideari: Niepceren kamara beltza, harri litografikoak, Dagerrotipoak, anbrotipoak, ferrotipoak...Hortik aurrera, argazkigintzaren bilakaera ahalbidetu duten asmakizunen berri ematen du bildumak: kamara estereoskopikoak, zeluloideko negatiboak, reflex kamarak, anpliagailuak, Polaroid sistemak, koloreko argazkiak egitekoberrikuntzak eta abar. Egileei tarte handia eskaintzen die: Bayard, Nadar, Disderi, Talbot, Eastman, Barnack, Land, Cros Ducos de Hauron, Lumieré, Marey... Baita, argazkigintzak arte grafikoetan, irakaskuntzan, medikuntzan eta beste hainbat arlotan izandako aplikazioei ere. Eta nola ez, argazki produktuen ekoizpenean jardundako marka eta enpresei: Kodak, Leika, Fields... Argazkigintza digitaleko erakustaldiak ematen dio amaiera bilduma historikoari. Haatik, ibilbidea ez da bertan bukatzen. Izan ere, beste areto batean aipatu bilduma bezain interesgarriak diren erakusketak egoten dira. Photomuseum eko arduradunek harreman zuzena dute atzerriko zein Euskal Herriko hainbat erakunde eta zentrorekin, hala nola, Mexikoko Unibertsitatea, Suizako Argazkigintza Museoa, Caracas eko Argazkigintza Zentroa, Alemaniako Goethe Institutoa eta Deustuko Unibertsitatea. Horiekin guztiekin, argitalpenak zein erakusketak trukatzen dituzte. Egileei tarte zabala eskaintzen die erakusketak. Erakusketak hilero aldatzen dira, eta gai baten ingurukoak izan ohi dira."Gaiei dagokienean, aniztasun handia dago. Hainbat gairi eutsi diegu orain arte: kazetaritza argazkigintzari, argazkigintza esperimentalari, erreportai fotografikoei, argazkigintza zientifikoari...Egileak, jatorri ezberdinekoak izan ohi dira: alemaniarrak, finlandiarrak... Jatorriari baino bildumaren baloreari erreparatzen diogu" azpimarratu du Leopoldok. Photomuseum a zabaldu zenetik, hainbat eta hainbat argazkilari garaikide garrantzitsuren lanak ikusi ahal izan dira bertan: Barbara Niggl Radloff (erretratoak), Juan Manuel Castro Prieto eta Jitka Hanzlová (sorkuntza lanak), Rafael Navarro (diptikoak), Luis Vioque (irudimenaren bidaia), Tomás Alfaro Fornier (Afrikako gerra 1921 1922), Ricardo Vila García (Zazpi urte hegaztiekin) eta Fidel Raso (Ecuador 1997), besteak beste. Pedagogia lan taldea Photomuseum ean bi historialarik egiten dute lan. Horiek ikastetxeetatik zein partikular moduan joaten direnei, museoa erakusteaz arduratzendira. Beste ardurarik ere badute. Batetik, museoak dituen hemeroteka zein liburutegia antolatu eta osatu. Liburutegian, nazioarte mailan plazaratutako ia 4.000 liburu daude, atal ezberdinetan sailkatuta: bibliografia, herriak, autoreak, estetika, kritika eta abar. Erakusketa aretoa modernizatu egin da. Hemerotekak, bestalde, mundu zabalean argazkigintzari buruz argitaratzen diren aldizkari garrantzitsuenak biltzen ditu. Bestetik, aipatu historialariek bertan egiten den "Argazki Artxiboak" izeneko aldizkaria idazteko ardura dute."Orain arte 6 ale plazaratu ditugu. Urteko bi ale egiten ditugu. Gurea argazkigintzari eskainitako erdara hutsezko aldizkari bakarra da. Orain, argazkigintza sortu zenetik gaurdaino Espainiar Estatuko hizkuntzetan argitaratu diren lan guztien katalogoa egiten ari gara" esan digu. Hori gutxi balitz, museoko historialariak erdaraz inoiz argitaratu ez diren testuak katalogatu eta itzultzen ari dira. Guzti guztia, Leopoldok dioen legez, "landutako materiala geroan ikasleen zein ikerlarien lan tresna izan dadin". Daguerre: euskaldun bat argazkigintzaren jaiotzan Louis Jacques Mandé Daguerre, euskal jatorriko asmatzailea, Cormeilles en Parisis en jaio zen 1787ko azaroaren 18an. Daguerre, margolari eta antzerki dekoratzailea zen, eta irudiaren mundua hobetzeko nahian ikertzeari ekin zion. Bere lehendabiziko aurkikuntza diorama izan zen. Azken hori paristar askoren erakargarri nagusiena izan zen, harik eta 1839an sute baten ondorioz, kiskaldu zen arte. Dagerrotipoa izan zen Louis en bigarren aurkikuntza. Dagerrotipoa, Zahn ek asmatu eta Niepcek hobetu zuen kamara beltzaren eta Petzvalen alemaniar objetiboko kamararen arteko zubia zen. Louis ek, 1939an, Niepce zendu eta 6 urtetara, eman zuen ezagutzera. Tresna berriak argazkigintzaren oinarriak ezarri zituen. Egunkari eta aldizkari guztiek eman zuten horren berri. Arago zientzia gizon handiak zera esan zuen asmakizunaren inguruan: "Erabat aberastuko da arkeologiaren mundua asmatu zientzia berriarekin!Tebas, Menphis, Karnak...eta beste tokietako monumentuak estaltzen dituzten milioika jeroglifikoak kopiatzeko 20 urte eta marrazkilari piloa beharko lirateke. Dagerrotipoarekin, gizon bakar batek egin dezake zeregin hori". Launais Bizkonteak, berriz, honako adierazpenak egin zituen 1839ko urtarrilaren 12an "Lettre Parisienne" argitalpenean: "Asko hitz egiten ari da Daguerreren tresna berriaz. Benetan asmakizun miresgarria da, guk geuk horretaz ezer gutxi ulertzen badugu ere". Adierazpenak adierazpen, Louisen asmakizun berria orduko Parisko gertakari garrantzitsuena izan zen. Dagerrotipoa asmatu eta hilabete gutxi batzuetara, paristar asko tresna berriarekin froga egiteko irrikitan zen. Jendea, 10 kilo pasatxo pisatzen zuen dagerrotipoa hartu, eta gauzak erretratatzera joaten zen. Antza denez, halako eroaldi batek hartu zituen Parisko bizilagunak. Hori dela eta, Maurisset marrazkilariak "dagerrotipomania" irudikatu nahi izan zuen garaiko estanpa batzuetan. Aurkikuntzak, batik bat, informazioaren mundua irauli zuen. Tresna berriari esker, Crimeako eta Amerikar Sezesioko gerrak gertutik jarraitu ahal izan ziren. Dakigunaren arabera, Euskal Herrian, dagerrotipoa 2. Karlistadan erabili zen lehen aldiz. Horren adierazle, egile ezezagun batek Santa Cruz apaiz mitikoari edo eta M. Ibañez nafarrak erret bolondresei ateratako argazkiak. Ainhoa Irazu, kazetaria Argazkiak: Ainhoa Irazu Euskonews & Media 161.zbk (2002 / 4 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.