158 Zenbakia 2002-03-08 / 2002-03-15

Gaiak

Teknologia berrien erabilera hezkuntza baliabide gisa: museoa eta eskolaren arteko lotura

AMENABAR, Nere CORREA GOROSPE, José Miguel CUEVAS, Carmen DÍAZ BALERDI, Iñaki ELIZONDO, Zaloa FERNÁNDEZ, Lorea IBÁÑEZ ETXEBERRIA, Alex JIMÉNEZ DE ABERASTURI, Estitxu MORENO, Mónica OLASAGASTI, Olatz SOLABARRIETA, Danel USANDIZAGA, Imanol

Teknologia berrien erabilera hezkuntza baliabide gisa: museoa eta eskolaren arteko lotura Teknologia berrien erabilera hezkuntza baliabide gisa: museoa eta eskolaren arteko lotura José Miguel Correa, Nere Amenabar, Carmen Cuevas, Iñaki Díaz Balerdi, Zaloa Elizondo, Lorea Fernández, Estitxu Jz. De Aberasturi, Alex Ibáñez, Mónica Moreno, Olatz Olasagasti, Danel Solabarrieta, Imanol Usandizaga 1. 2. 3. 4. 5. 6. 7. 1. ELMER PROIEKTUA Elmer (El museo En la Red/museoa sarean) Euskal Herriko Unibertsitatea eta Miramongo Zientzia Kutxagunearen artean egindako proiektua da. Museoa ireki zenetik, etengabea izan da eskoletako material didaktikoaren eskaera. Hain zuzen ere, eskaera horri aurre egiteko sortu zen ELMER proiektua, 2000. urtean. Museora etorri aurretik egin daitezkeen jardueretariko bat: LUR ONTZIA. Ildo horretatik, gure xedea da Museoaren eskaintza aztertzea eta garatzea. Horretarako, lehendanaz, 2001eko urtarriletik apirilera ikusgai egon zen «Dinosauria 2001» behin behineko erakusketari buruzko baliabide didaktikoak prestatu genituen. Bigarrenez, eskolen erantzuna ezin hobea izan zenez, erabaki genuen gure lana museoko gela egonkorretara zabaltzea. Gaur egun, museoan ikus daitezkeen lur ontzia, energia txinpartak eta argi jolasen geletako baliabide didaktikoak jorratzen ari gara. Azken buruan, gure asmoa da, hezkuntza formal eta ez formalen bidez, zientzia hedatzea, ikasleei irakaskuntza aberatsagoa eskaini ahal izateko. 2. ELMER PROIEKTUAREN HELBURUAK Museoaren dimentsio birtuala garatzea. Bada, aintzat hartu behar dira teknologia berriek zientzia hedatzeko eskaintzen dituzten aukera guztiak. Zientzia irakasteko baliabideak eskaintzea, teknologia berriak eskoletako jardueretan sar daitezen. Museora hurbiltzen diren lehen hezkuntzako irakasleentzat material berriak prestatzea, bisitak eragingarriak izan daitezen. Museoaren programa eta eskolako curriculuma elkarren artean lotzea, eduki zientifikoak sarean zabalduz eta landuz. Hezkuntzarenalde formala eta ez formala hurbiltzea, bi bien abantailak ahalik egokien aprobetxa daitezen. Museoak hezkuntzan duen eginkizuna bultzatzea eta jendea erakartzeko pizgarriak bilatzea. Komunitate birtualak nortasuna izatea. 3. ZIENTZIA ZENTROAK: MIRAMON ZIENTZIAREN KUTXAGUNEA Egun, ezagutzen ditugun zientzia museoek kontzepzio berria dute, erakusketak antolatzeko zein jendea motibatzeko. Arean bere, zientzia museo berrienen helburu nagusia da bisitariek hezkuntzan modu formalean eta bizitzan modu ez formalean ikasitako gai zientifiko eta teknikoak aurrez aurre jartzea, alderatzea. Horrela, lor genezake hezkuntza sistema hobetzea, aberastea. Beste zentro kulturalek bezala, zientzia zentroek ere bilakaera historikoa izan dute. Labur zurrean, ondoko hau da zientzia zentroen bilakaera historikoa: Lehenengo museoen helburu nagusia zen zientzia erakustea. Erakusketa horretan aurrerapen teknikoak ziren protagonistak. Bisitariak, ostera, ikusle hutsak ziren. Museotan, azken orduko asmakizunak erakusten ziren, berbarako, bonbila eta irratia. Bigarren belaunaldiko museoen helburu nagusia zen zientzia frogatzea. Hortaz, lehenengo belaunaldiko museoek baino garrantzi handiagoa aintzatetzi zioten ondare zientifikoa eta teknikoa kontserbatzeari. Gaur egun, hirugarren belaunaldiko museoak ditugu eta, hain justu ere, horien artean dago Miramon Zientziaren Kutxagunea. Belaunaldi honetako museotan zientziaren komunikazioa eta elkarreragina bultzatzeaz gain, bisitariei objektuak aztertzeko eta manipulatzeko aukera ematen zaie. Egin eginean ere, objektuok emozio eta jarrera desberdinak sorrarazten dituzte bisitariengan. Hirugarren belaunaldiko zientzia zentroek 80. hamarkadan eman zituzten lehenengo urratsak. Esangura horretan, San Franciscoko Exploratorium museoa izan zen aitzindari eta eredu. Miramon moduko zientzia zentroek erakusketetan erabiltzen dituzten elkarreraginerako metodoak direla bide, nahitaezkoa da bisitariak moduluetan parte hartzea. Gainera, parte hartze hori aktiboaizan behar da, hots, bisitariek erabili behar dituzte, hala alde psikomotrizak eta kognitiboak nola emoziozko aldeak. Hori guztia dela eta, bisitariak benetako protagonista bihurtzen dira. Bestela esanda, bisitariak ezinbestekoak dira erakusketari lotutako heziketa ekintzak eta jarduerak gauzatzeko. Azken finean, bisitariek erabakitzen dute elkarreraginean zer nola parte hartu. Laburbiduz, honako hauek dira lehenengo belaunaldiko eta hirugarren belaunaldiko zientzia zentroen arteko ezberdintasun nagusiak: Zientzia zentroak begiratoki hutsak izatetik, parte hartzeko toki izatera igaro dira. Egungo beira arasak ez dira ikusteko, ezpada ukitzeko. Horrexek aldatu du museoaren barne egitura. Eduki kontzeptualen ondoan, emozioak, prozedurak eta jarrerak indartu dira. Itxura denez, bisitariak ez doaz museotara zer edo zer ikasi nahian, baina, egia esan, ia ia konturatu gabe, beti ikasten dute. Horrexek islatzen du heziketa ez formalaren garrantzia. Museoan, ikasleek moduluetan arreta jartzeko eta erakusketa oso osoan ulertzeko ariketak egin ditzakete. 4. MUSEOAK ETA HEZKUNTZA: ZERBAIT IKASTEN AL DA? ZER? NOLA? Asko dira zientzia museo interaktiboetan ikas daitekeenaren inguruan egindako ikerketak. Alabaina, ondoriok berdintsuak dira: egungo zientzia zentroek eskainitako irakaskuntza, museo tradizionalek eskainitakoa baino aberatsagoa da. Arestian esan bezala, bisitariek elkarreragin handiagoa dutenez, euron jarrerak hobeto lan ditzakete. Zer ikasten da? Hiru arlotan azter daiteke zientzia zentroetako irakaskuntza: a. Arlo kognitiboa: eguneroko bizitzan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko balio du. Are gehiago, bisitak aldez aurretik prestatuz gero, hobeto ulertuko da fenomeno horiek zergatik eta nola gertatzen diren. b. Arlo psikomotorea: Museoak eskaintzen dituen moduluen elkarreraginak areagotu egiten du bisitarien ukimenezko eta ikusmenezko ekintzen koordinazioa. c. Arlo afektiboa: zientzia zentroetako irakaskuntza prozesuaren arlorik garrantzitsuenetarikoada; bisitariak ikasi egiten du, banaka zein taldean. Arlo afektiboak areagotu egiten du bisitariak zientziarenganako izan dezakeen motibazioa eta horrek balio du ikusitako fenomenoak hobeto ulertzeko. Nola ikasten da? Bisitariak aurre ezagutza eta igurikimen batzuekin datoz eta horiekin ahalegintzen dira erakusketako fenomenoak ulertzen. Horregatik, oso garrantzitsua da erakusketetako moduluek ezagutzok aktibatzea eta eskainitako eduki kontzeptualekin alderatzea. Horrela, irakaskuntza esanguratsuagoa lor genezake. Nolanahi ere, teoria zientifikoa azaltzea baino garrantzitsuagoa da erakusketak bisitariengan gatazka kognitiboa sorraraztea. Gatazka kognitiboak direla eta, ikasleak ezaguera berriak beregana ditzake. Halaber, ezaguerok garrantzitsuak izan daitezke, gerogarrenean, irakaskuntza prozesuan aurrera egiteko. Zientzia museoa eta eskoletako curriculuma Erakusketako moduluek badute zerikusia eskoletako curriculumeko edukiekin. Bada, zientzia museoek hezkuntza zientifikoa sustatzen dute. Irakaskuntza esanguratsuagoa lor dadin, erakusketek zerikusia izan behar dute eskolan ikasten diren eduki zientifikoekin. Hori dela bide, ezinbestekoa da irakasleek zentro hauetara etorri aurretik irteera behar bezala prestatzea, alegia, eskolako plangintzan hori jorratzea. Hori guztia kontuan hartuz, baliabideak eskaintzen dizkiegu irakasleei. Jarduera batzuk prestatzen ditugu, irakasleek lan ditzaten, museora etorri aurretik, museoan bertan eta hemendik irten eta gero. Behin ikerketak eginda, ondorioak argiak izan dira: oso garrantzitsua da bisitak aldez aurretik eskoletan prestatzea ez eze, horiek museoan eta museotik irten ostean eskaintzen ditugun jarduerekin osatzea ere. Aurretiaz bisita prestatzen bada, museoko egonaldia aberastu egingo da eta, ondorenez, hobeto eutsiko zaie ikasitako kontzeptu zientifikoei. Bestalde, nabarmendu behar da museoan ikasitakoak, batetik, aberastu egiten dituela ikaslearen esperientziak eta, bestetik, eskola barruan zein eskolaz kanpo aplikazioesparruak zabaltzen dituela. Hortaz, zientziaren fenomenoak ulertzeko bide berriak sortzen dira eta bideok ikasleen ikasteko gogoa pizten duten ginoan, erraztu egiten da irakaslearen lana. 5. DINOSAURIA 2001, LUR ONTZIA, ENERGIA TXINPARTAK ETA ARGI JOKOAK Web orri honetan aurki dezakezue Miramonen egon zen dinosaurioei buruzko erakusketan egin genuen lana. Antzeman dezakezuenez, bost atal bereiz daitezke: informazioa, jokoak, estekak, unitate didaktikoa eta aldizkari digitala. «Dinosauria 2001» behin behineko erakusketa egin ostean, erabaki genuen gure lana museoko gainontzeko erakusketa egonkorretara zabaltzea. Erakusketa egonkorrean 10 gela daude eta horietarik hiru aztertu eta landu ditugu: lur ontzia, energia txinpartak eta argi jokoak. «Dinosauria 2001» bezala, unitate didaktiko horiek hiru zatitan banatu dira, hots, museora etorri aurretik, museoan bertan eta museotik irten ostean egin daitezkeen jarduerak bereiz daitezke. Proposatutako materialetan baliabide desberdinak erabili ditugu. Esate baterako, baliabide teknologikoen artean, CLIC eta HOT POTATOES programak erabili ditugu, zailtasun desberdineko jarduera eta jokoak egiteko. Era berean, esteka batzuk eskaini dizkiegu ikasle eta irakasleei, sarean murgildu eta nabigatzen hasteaz gain, gaiari lotutako beste web orri batzuk ikus eta azter ditzaten. 6. ETORKIZUNA Une honetan, guretzat garrantzitsuena da Kutxaespazioaren proiektu birtualean eta diziplina ezberdinetan dugun laguntza. Uste dugu berrikuntza pedagogiko horren arrakasta berez iritsiko dela, diziplina anitzeko jarduerak eta izaera kooperatiboko jarduerak garatu ahala. Alabaina, bisitarien beharrak eta eskaerak asetzen ahalegindu behar gara. Ikasleak eta irakasleak dira proiektuaren onuradun nagusiak eta, hain zuzen ere, gure asmoa da hezkuntzako esperientzia aberastea. Teknologi berriek izugarrizko garrantzia dute zientzia hedatzeko. Hala ere, teknologia berriak ez dira inoiz helburu izan behar, baizik eta zientzia edonora hedatzeko bide.Teknologi berriek osatu egin behar dituzte eskoletako ohiko baliabideak, bakoitzak bere eginkizuna baitu. Gure helburu nagusia da zientzia hedatzea, teknologia berriak erabilita. Duda mudarik gabe, horrek hobetu egingo du hezkuntzaren kalitatea. Ikasleek zientziaren adar desberdinak ez ezik, teknologia berrien prozedurak ere ikas ditzakete. Teknologi horiek erabiltzen jakitea ezinbestekoa izango da etorkizunean. Amaitzeko, gure iritziz, Kutxaespazioan aurkeztu ditugun diseinuak aberasgarriak dira zientzia irakasteko. Aitzitik, diseinuok ulertzeko argi izan behar da teknologi berriak garrantzitsuak izan arren, giza baliabideak direla ezinbestekoak. Egin dezagun kontu, irakasleak behar bezala prestatuta egonez gero, hezkuntzari aplika dakizkiokeen teknologia berriak pedagogikoak izan daitezke. 7. BIBLIOGRAFIA ASENSIO, M. (2001) "El marco teórico del aprendizaje informal". Iber, 16.zk., 17 40. orr. BLACK, L.A. (1990) "Applying learning theory in the development of a Museum learning environmet". What reseach says about learning in Science Museums, Association of Science technology Centers. BLOOM, J. (1992) "Science and technology Museums face the future". John Durant (ed). Museums and the public understanding of science. Science Museum London. CUESTA, M. eta beste batzuk (1998) "Museos para tocar" CORREA J.M. eta ARRUZA, J. Contextos de aprendizaje en. UPV EHU Bilbo. DIAMOND, J. eta beste batzuk (1987) "The Exploratorium´s explainer program: the long term inpacts on teenagers on teaching science to the pubilc". Science Education, 71.bol, 5.zk, 643 656. orr. FEHER, E. (1990) "Interactive museum exhibits as tools for learning: exploratiums with light". International Journal of Science Education, 12.bol, 1.zk, 35 49. orr. HAUTAMAKI, J. (1989) "Heureka the Finish Science Centre". Nordic Conference on Science and Technology Education. Vantaa. Finlandia. KAHN, B. (1978) "Computers and Science Museums: a public access model". Peoples computers, 7.bol, 1.zk, 34 39. orr. eta2.zk, 20 26. orr. MILLER, J.D. eta HELTNE, P. (1992) "The use and impact of science and technology Museums in the U.S.A: an historical and empirical examination". Comference on Museums and the Public understanding of Science. Science Museum. London. QUIN, M. (1990) "What is hands on science and where can I find it?". Physical ed. 25, 243 246. orr. SEMPER, R. "Museos de ciencia: ámbitos para el aprendizaje". La popularización de la ciencia y la tecnología: reflexiones básicas (Fondo de Cultura Económica, Mexico). http://pop/reflexio.htm VARGAS, E. (1984) "Los museos y la educación mediante computadora". Museum 144, 184 189. orr. WELLINGTON, J. (1990) "Formal and informal learning in Science: the role of interactive science centres". Physical education 25, 247 252. orr. José Miguel Correa, Nere Amenabar, Carmen Cuevas, Iñaki Díaz Balerdi, Zaloa Elizondo, Lorea Fernández, Estitxu Jz. De Aberasturi, Alex Ibáñez, Mónica Moreno, Olatz Olasagasti, Danel Solabarrieta, Imanol Usandizaga, ELMER (EL Museo En la Red Museoa sarean) proiektuaren partaideak. Miramongo Zientziaren Kutxagunea eta Eusko Jaurlaritzak (2001 urteko Eskari Eskaintza deialdian) emandako finantziaketari esker aurrera eramandako proiektua Euskonews & Media 158.zbk (2002 / 3 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria