157 Zenbakia 2002-03-01 / 2002-03-08

Gaiak

Ttipi-ttapa telebista, aukera eta mehatxuen arteko leian murgildua

IRIGOIEN, Joxe Manuel

Ttipi ttapa telebista, aukera eta mehatxuen arteko leian murgildua Ttipi ttapa telebista, aukera eta mehatxuen arteko leian murgildua Joxemanuel Irigoien Eskualdeko telebista honek 1998ko ekainaren 15ean emititu zuen lehen aldiz. Lehenagotik, 1997ko azaroaz geroztik, proba seinalea sintoniza zitekeen jada Bortzirietako etxe gehienetan, eta geroxeago, 1998ko lehen hilabeteetan, baita Malerrekako herri gehienetan ere. Gaur egun, Nafarroa Garaiko iparmendebaldean 15 herritara hedatzen du bere seinalea (15.000 bizilagun). Eskualdeko alkateekin mahainguru bat grabatzen platoan. Argazkia: ttipi ttapa Aldizkariaren esperientzia oinarri hartuta, eta bere arrimuan, euskaraz ematen den informazioaren eskaintza are gehiago osatu, aberastu eta formatu berrietan emateko sortua da. Nire ustez, kualitate hauek azpimarratuko nizkioke urte hauetako esperientzian oinarrituta: a. Hurbileko informazioa jorratzeko tresna egokia Ttipi ttaparen hedapen eremuan, konparazio, hedabide desberdinetan agertzen den informazio guztiaren artean jendeari interes gehien sortzen diona, bere herri eta inguruko herriei buruzko informazioa da. Halaxe ageri da 16 urtetik gorako 20.979 biztanleko unibertsotik 1.632 pertsonek erantzun duten inkestaren emaitzetan. Egia da datu hauek toki zehatz batekoak direla, baina seguraski, beste tokietarako ere baliagarria den joera adierazten du. Zentzu horretan, kontuan hartu behar da tokiko hedabideak izaten direla, normalki, tokiko informazioa kantitate eta kalitatean eskaintzeko dauden hedabiderik egokienak Bertakoak izanik, hedabide horietan geure bizimoduaz, geure arazoez, geure besta eta dibertimenduez, eta geure bizilagunez hitz egiten dute. Azken finean, hortxe dago diferentzia; bertan eginak daude bertakoen eskutik, aunitzetan kalitate eta prezio egokian, eta gainera, bertako informazio ugari ematen digute bertakoari buruz. Ttipi ttapa telebista eskakizun hori betetzeko sortua da. Era berean, telebistarekin, aldizkariak egiten duen lana osatu egiten da. Telebistariesker, oraintxe aipatu ditugun informazio eskaintzaren kantitate eta kalitateari, informazioaren puntualtasuna ere gehitzen ahal diogu, medioak berak eskaintzen dituen ikusgarritasun, ahalmen eta berezitasunekin batera. b. Zerbitzuak eskaintzerakoan hurbila Tokian tokiko informazioa puntualki emateaz gain, zerbitzuak ere hurbil hurbilekoak eta garrantzizkoak dira herritarrarentzat. Pisu bat errentan hartu nahi duzula; herriko lantegi batek egiten duen lan eskaintza ezagutzeko; udalak deitu duen batzarraren berri izateko; telesaio berezi batean zure iloba bere urtebetetze egunean zoriondu nahi duzula argazki eta guzti edo... senide baten hileta elizkizunak gaur arratsaldeko 6etan izanen direla jakinaraziz eskela bat emititzeko, guzti horretarako eta beste hainbat gauzetarako aukera ematen du herri telebistak. Eta jakina, zerbitzu horietako gehienak bete gabe geldituko ziren tokikoa ez den telebista batean. d. Identifikazio eta integrazio kolektiboa bultzatzeko tresna eraginkorra Populazioaren gehiengoarentzat bere herria eta eskualdea identitate elementuak dira. Inguru geografiko horietan sortu eta gorpuztu dira betidanik hainbat errealitate sozial, administratibo eta ekonomiko. Horiek horrela, urteotako esperientziak erakutsi digunez, herrien arteko identifikazio eta integrazio kolektiboa indartu egin da. Zorionez, jendearentzat erreferentzi puntu izatea lortu duelakoan gaude. Dena dela, tokian tokiko telebista bakoitza desberdina da. Telebistaren izaera eta helburuak, kudeatzaile eta lan taldearen profesionaltasuna eta trebezia, produktuaren kalitatea, finantziaziorako duen ahalmena, eta guztiaren gainetik bere inguruaren ezaugarri sozial, ekonomiko eta geografikoek eragin zuzena dute telebista bakoitzaren nortasunean. Plomo irudi bat programa bat iragarriz. Gure kasuan, Ttipi ttapa Fundazioak kudeatzen ditu bi hedabideak. Nafarroako Gobernuak interes sozialeko izendatua, Nafarroako Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren aitzinean tributu araubide berezia du Ttipi ttapaFundazioak. Hala ere, etorkizunean iraun ahal izateko erronka garrantzitsuak ditu: Nafarroako Foru Erkidegoko toki telebistentzat, Euskal Autonomi Erkidegoko beste toki telebistei gertatzen zaien modura, gaur egun dugun egoera administratibo eta legala ez dago erregularizatua. Kontuan hartu behar da telebista guztien egoera legala arautu gabe dagoela. Legea garatu gabe dago, eta beraz, ez dugu emititzeko lizentziarik, nahiz eta emititu, emititzen dugun. 1995eko abenduaren 22an Espainiako Aldizkari Ofizialak telebista lokalak arautzeko legea argitaratu zuen, baina administrazio autonomikoen esku dago orain lege horren garapena. Nafarroako Gobernuak hori egitea deliberatzen duenean, komeniko litzateke dagoen errealitatea kontuan hartzea eta besteak beste, honako puntu hauek: Hedadura esparrua. Hiriek ez ezik, eskualde eta bailarek aukera izan beharko lukete euren toki telebistak sortu eta garatzeko. Frekuentzien kontzesioak ematerakoan, euskarazko proiektuak ez baztertzea. Azken urteotan Nafarroako Gobernuak euskararekin hartu duen jarrera ikusita, litekeena da euskaraz jardutea lizentziarik ez eskuratzeko aitzaki izatea . Katean emititzeko aukeraren erregularizazioa, programazioa eta errekurtsoen optimizazioa bultzatzeko. Gure ustez toki telebista batek behar du izan profesionala, kalitatezkoa eta erakargarria. Hori horrela izan dadin, autofinantzazioaz gain beharrezkoa du diru publikoaren laguntza. Gure kasuan Nafarroako Gobernua eta eskualdeko udalek Ttipi ttapa telebistaren urteko aurrekontuaren %24a baino ez dute finantzatzen. Datu hau nahikoa adierazgarria da tokian tokiko hedabideen finantziazioaz jakitun den nornahirentzat. Bistan denez, hasieran aipatutako aukera eta bukaeran zerrendatutako mehatxuen arteko leia gogorra da. Gogorregia agian, gurea bezalako edozein proiekturen etorkizuna lasai ikusteko. Joxemanuel Irigoien, kudeatzailea Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria