BARREN astekaria: 10 urte Elgoibarko berri ematen BARREN astekaria: 10 urte Elgoibarko berri ematen Imanol Larrañaga BARREN astekariak, 1992ko abenduaren 24an ikusi zuen argia estreinakoz. Olentzerok Elgoibarko herriari egindako erregalua izan zen. Erregalua bai, baina ondo kostatakoa gero! Izan ere, hasieran, hilabetekaria egitea zen gure asmoa. Baina, martxan jartzeko hilabete inguru falta zenean, batzar bat izan genuen Elgetan Joxe Aranzabalekin (Joxe, Arrasate Press astekariko zuzendaria zen sasoi hartan). Honek ezetz esan zigun, hilabetekariak ez zuela pena merezi, astekaria egin behar genuela. Etxerako bidean, autoan gindoazela, erabaki genuen BARRENek astekaria izan behar zuela. Ez genekien astekaria ala astakeria izango zen, baina erabakia hartuta zegoen. Ez zen giro izan gure inguruan! Ikustekoak ziren jendearen aurpegiak astekari bat egin behar genuela esaten genienean. Baina jendea konforme zegoen. Dena aldatu behar izan genuen. Hilabetekaria jartzen zuen toki guztietan astekaria jarri eta hamaika aldaketa egin behar izan genituen. Eta diruek ere nabarmen egin zuten gora. Aurrekontua 20 milioi ingurukoa zen, eta erdia, publizitatetik lortu behar genuen. Estu ibili ginen, nerbioak ere airean zeuden, baina ondo egindako lanak fruituak eman ohi ditu, eta guk ere, haizeak alde izan genituen. Olentzero, BARREN zakuan zuela bajatu zen menditik Elgoibarrera abenduaren 24ko goiz partean Zergatik erabaki genuen aldizkari bat argitaratzea? BARREN Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen proiektu bat da. Beste proiektu batzuen artean, astekaria ere badaukagu. Zergatik aldizkari bat? Egia aitortu behar badugu, ez geneukan arrazoi soziolinguistiko handiegirik aldizkari bat egiteko. Inguruko herrietako hainbat esperientzia ezagutzen genituen, eta gustatzen zitzaigun ideia. Astekari bat oso produktu praktikoa begitantzen zitzaigun; jendeak eskuetan hartu eta gozatzeko moduko produktua ikusten genuen. Izan ere, euskalgintzan ezkutuan geratzen den lan asko egin behar izatendugu, ikusten ez dena. Astekari bat diferentea da, astero astero bistaratzen den lan bat da. Astean zehar egindako lana, ostiraletan milaka eskuetara iristen da, eta honek asko motibatzen du. Herrian beste aldizkaririk ez zegoenez, beste inork aurrea hartu baino lehen, lanean hastea erabaki genuen. Lanerako prest zegoen jende mordoska elkartu zen gure bueltan. Proiektua prestatu eta jende artean aurkezten hasi ginenean, gehientsuenei gustatu zitzaien ideia. Halere, batek baino gehiagok esan zigun ia ez al zen astakeri bat egitera gindoazena. Astero astero, ia zer jarri behar genuen galdetzen ziguten. Elgoibar herri txikia zela horrelako proiektu bati eusteko. Publizitatetik ezin genuela 10 milioi urtero lortu. Baina gu arriskatzeko prest geunden, eta, traba eta zalantza guztietan gainetik, salto egitea erabaki genuen. Udalak ere hasieratik esan zigun lagunduko zigula. Aurrekontuaren herena baino zertxobait gutxiago ematen digu urtero, eta BARRENeko lokala ere Udalak lagatakoa da. Herri ekimenaren eta administrazioaren elkarlana behar beharrekoa da horrelako proiektu batek aurrera egin nahi badu. Eta zer egiten genuen jakin gabe hasi genuen proiektu hark, 10 urte beteko ditu aurtengo abenduaren 24an. Denbora azkar pasa zaigu, konturatu gabe. Hasieran, gure helburu nagusia, ostiralero kalera irtetea zen. Ez genekien astero hutsik egin gabe irteteko gauza izango ginen. Baina bai, talde profesional on batekin eta laguntzaile sare garrantzitsu batekin, hamar urtean ez dugu hutsik egin eta ostiralero jo dugu elgoibartarron atea. Eta atea jotzen dugunean, zeintzuk zabaltzen digute atea? Hiru mila eta hirurehun harpidedun gara herrian (10.000 lagun bizi garela kontutan hartzen badugu, ia etxe guztietara iristen gara), eta Elgoibartik kanpora ere, beste 700 ale banatzen ditugu. Asko eta asko atzerrira ere bai. Elgoibartik kanpo bizi diren elgoibartarrek BARREN bereziki estimatzen dutela konturatu gara. Elgoibarrekiko lotura ez eteteko lokarri polita da BARREN. Zahar eta gazte,neska eta mutil, ezkerreko zein eskumako, euskaldun zein erdaldun, denek hartzen dute BARREN eskuetan. Bai, BARREN euskaraz izan arren, erdaldunek ere gustura begiratzen diote BARRENi. Ezin dute irakurri, baina gustatu egiten zaie erretratuei begiratu eta aldameneko portalekoa azaltzen dela ikustea. Eta euskaraz izan arren, badakite erdaldunek ere tokia dutela BARRENen. Kalera irteten garenean, adibidez, kasu askotan erdaldunak errazago hurreratzen zaizkigu euskaldunak baino. Herri honetan denontzako tokia dagoela ere erakutsi digu BARRENek. Hamar urtean gure artean egon eta gero, BARRENek elgoibartar bat gehiago izatea lortu du. Elgoibartar gehienok egin diogu txoko bat gure etxeetan. Ostiralero ostiralero, gure portaleko tinbrea jo eta hor etortzen da bere aurpegirik alaienarekin. Berak esaten digu aste bakoitzean zein diren gure herriko protagonistak. Zeini tokatu zaion loteria, zein hil den, zeinen urtebetetzeak diren. Gure herriko bizitzaren erreferentzia eta ispilua da BARREN, eta jendeak begiratu egiten dio. Jende askoren lanari esker iritsi da BARREN iritsi den tokiraino. Profesionalen militantzia eta militanteen profesionaltasuna uztarri berean lotu, eta hor jardun dute profesionalek eta militanteek gurdiari tiraka. Egia da profesionalen ardura eta erantzukizuna handiagoa izan dela (ezin da beste era batera izan), baina musutruk kolaboratu duen jende asko eta asko egon da eta dago BARRENen. Eta gizartea hartzen ari den itxura ikusita, derrigorrezkoa da lan militantearen garrantzia nabarmentzea. Ez dakigu BARRENek inolako hutsunerik bete duen ala ez. Herri mailako informazioa herritarrei emateko jaio ginen eta, neurri batean, gure helburuak itxuran bete ditugulakoan gaude. Aurtengo abenduaren 24an eskerrak emango dizkiogu Olentzerori 10 urteotan gurekin izan delako, eta berarekin batera zelebratuko dugu 10. urteurrena. Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra Elkarteko dinamizatzailea Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.