Euskal Herriko tokian tokiko komunikabideak interneten, berezkoak eta egokituak Euskal Herriko tokian tokiko komunikabideak interneten, berezkoak eta egokituak Koldo Meso Ayerdi Saio honen helburua euskarazko kazetaritzak Interneten nolako presentzia duen adieraztea da. Gure arteko komunikabideak berandu samar sartu dira sarean, eta haien egituran eskasiak badaude. Hala ere, mundu fisikoan gertatzen den legez, ziberespazioan ere Euskal Herriko komunikabideek zenbait esparru konkistatzeko lanean dihardute. Testu honetan Interneten dauden euskal hedabideen historia egiteaz gain, haien ezaugarriak, haien proeikzioa eta etorkizunerako antzematen diren joerak ere azaltzen dira. Foto: Interneten erabilera Euskal Herrian Lehenik eta behin, azpimarratu behar dugu Interneten erabilera Euskal Herrian ezin dela konparatu Europako gainerako lurraldetakoarekin, askoz gutxiago Estatu Batuetakoarekin. Eustatek dioenez, 2000. urtearen amaieran, biztanleen %14,3k bazuten Internetera etxetik sartzeko aukera. Horrenbestez, ehuneko 3,3 puntu hazi da kopuru hori. Herrialde historikoka, ezberdintasunak ia guztiz desagertu dira. Izan ere, Araban, Interneterako sarbidea Bizkaian eta Gipuzkoan baino gehiago hazi da. Hala ere, Internet erabiltzeko aukera dutenetatik, hirutik bik (%61,5) bakarrik esan dute sarean sartu direla. Sei hilabete lehenago erdia ziren, hain zuzen ere, %47,9. Sexua kontuan izanda bai, 2000. urtearen amaieran, gizonen %22,6 sartzen ziren Interneten, eta emakumeen %16,4. Sei puntu inguruko aldea, urte erdi lehenago zegoenaren antzekoa. Gazteenak dira Internet gehien erabiltzen dutenak. Gainera, euren taldekoa da erabiltzaile berrien hazkunderik handiena. Euskal A.E. ko 15 eta 24 urte arteko biztanleen erdiek baino gehiagok Interneten nabigatu dute edo nabigatu ohi dute; 25 eta 34 urte bitarte dituztenen artean, hirutik batek; eta 55 eta 64 urteko artekoetatik, %4k. Interneten erabiltzaileek ez dituzte alde batera uzten gainerako hedabideak. Are gehiago, %95ek diote aurrekoegunean telebista ikusten aritu zirela; %86,3k irratia entzun duela; eta lautik hiruk egunkari bat irakurri dutela. Erabiltzaileen erdiek esaten dute azken astean irakurri dutela aldizkariren bat; %45ak ez dira zinemara joan duela hilabete baino lehenagotik. Hala ere, Interneten erabiltzaileak gainerako biztanleriaren gainetik daude hedabide guztietan, telebistarekin izan ezik. Internautek gehien erabiltzen duten zerbitzua informazio bilaketa da. Izan ere, erabiltzaileen %7k bakarrik ez omen dute erabiltzen horretarako, eta internauten erdiek astean birritan erabiltzen dute. Horren atzetik dago posta elektronikoa, bostetik lauk (%78,1) erabiltzen baitute. Erabiltzaileen ia %60k astean birritan erabiltzen dute. Hiru gai hauek dira Euskal A.E. ko internautek gehien bilatzen dituztenak: albisteak, bidaiak eta liburutegiak. Interneteko erabiltzaileen %75ek albisteak begiratzen dituzte sarean. Interneteko %7,6k ataririk eta bilatzailerik bisitatzen ez dutela erantzuten dute. Izan ere, ez dute weba erabiltzen, edo bilatzen ari diren orrietan zuzenean sartzen dira. Gehien erabiltzen diren bilatzaileak Yahoo eta Terra dira, 190.000 erabiltzaile baino gehiagorekin. Ondoren, Altavista dugu, 67.500 nabigatzailearekin, eta azkenik, Lycos, 24.500 nabigatzailearekin. Beste aldetik, Interneteko zortzi erabiltzailetik batek ez du web orririk bisitatzen. Gehien aipatzen dituzten orriak: El Correo Digital (18.600 erabiltzailek aipatua), eta Euskadi.net eta Iberia.com orriak (11.300 erabiltzailek aipatuak). Ondoren, Marca egunkariaren orria dago (mila erabiltzaile gutxiagok aipatua). Aipatutako beste webgune batzuk honakoak ditugu: Euskal Herriko Unibertsitatekoa, Diario Vasco eta El País egunkarienak. 15 urte eta gehiagoko Interneten erabiltzaileak gehien erabilitako web orrien arabera Web orriak Milakoak Ez dute orririk 40,4 bisitatzen Elcorreodigital.es 18,6 Euskadi.net 11,3 Iberia.com 11,3 Marca.es 10,4 Ehu.es 7,7 Diariovasco.com 6,9 Elpais.es 6,8 BOE.es 5,7 Infochat.com 5,7 Deusto.es 4,9 Athletic club.es 4,6 Beste webgune 217,2 batzuk ITURRIA: IGI familiak, 2000ko IV. hiruhilekoa. Eustat 15 urte eta gehiagoko Interneten erabiltzaileak gehien erabilitako atari eta bilatzaileen arabera Web orriak Milakoak Ez dituzte bisitatzen 26,9 atariak eta bilagailuak Yahoo 194,0 Terra 192,0 Altavista 67,5 Lycos 24,5 Ya 20,3 Navegalia 19,7 Google 11,7 Ozu 11,3 Canal 21 9,5 MSN 9,5 Wanadoo 8,0 Beste atari 201,8 batzuk ITURRIA: IGI familiak, 2000ko IV. hiruhilekoa. Eustat Berriz ere, albisteak bilatzea izan da internautarentzat jarduera interesgarriena. Horrela, gehien aipatutako orrietatik, lau egunkariei dagozkien orriak dira. Interneten dauden euskarazko komunikabideen sailkapena 2000 urteko azken hiruhilabetetan Euskal Herrian 145 bat komunikabide elektroniko zeuden. Horietatik oso gutxi euskara hutsezkoak dira, eta beste 25ek badute euskaraz zer edo zer. Beste gauza bat da nolako komunikabideak diren eta zenbatek irakurtzen duten. Hala ere, nahikoa esanguratsua iruditzen zaigu kopuru hori, kontuan harturik gainera, hedabide tradizionaletan ez bezala, erakunde publikoen dirulaguntzarik ez dagoela. Beraz, gaur egun Interneten dauden Euskal Herriko komunikabide guztiak ekimen pribatuari esker aldizkari ofizialak izan ezik, jakina daude sarean. Horixe da, hain zuzen ere, beste datu interesgarri bat, bi arrazoirengatik: bata, benetako egoera eta indarren banaketa nolakoa den zinez ikus daitekeelako neurri handi batean, eta bestea, Interneti buruzko apustu eskasa eta beldurtia euskal erakundeen aldetik. Salbuespen batekin: Eusko Ikaskuntzaren Euskonews izenekoa, Akitania Nafarroa Euskadi fondoaren laguntzarekin 1998ko lehen hilabeteetan hasi zuena. Sailkapena egiteko, irizpide batzuk erabil daitezke. Alde batetik, orain arte erabiliena, komunikabide motaren arabera(idatziak eta ikus entzunezkoak), eta maiztasun edo aldizkotasunaren arabera. Badago beste irizpide bat, oraingoz oso gutxi azaltzen dena, baina aurrerantzean nagusitu behar dena Interneteko komunikazioak arrakasta lortuko badu: medio berria egokitutako eta berez pentsatutako komunikabideak izatea. Azken irizpide hau kontutan harturik, oso gutxi dira Euskal Herrian bertsio elektronikoa baino ez duten komunikabideak. 1997ko udan sortu zen Gorka Jagobe Palazio Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen Basque Media Mirror izeneko hilabetekaria. Hau izan zen lehenengoa baina iadanik desagertu da. Gero, Eusko Ikaskuntzaren Euskonews izeneko astekaria. Bertan, Euskal Herriko zientzia eta kultura informazioa ematen da eta Interneten ezaugarri berrietara egokitzen saiatzen da. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egina da, diasporako euskaldunengana ere iritsi nahian. Euskal Herriko hedabide elektroniko gehienak, bestalde, batez ere testualak dira. Arrazoi teknikoengatik soinuak eta irudiak bidaltzea askoz ere mantsoagoa da testu hutsak bidaltzea baino eta hedabide tradizionalekiko mendetasunagatik. Badago salbuespenik, baina gutxitan ematen dira. Sarean dauden hedabide ikusentzunezkoek, irratiak zein telebistak, testualak dira, hau da, betiko produktuen iragarkiak. Mundu osoan zehar bezalaxe, Interneten dauden komunikabide gehien gehienak paperezko egunkari zein aldizkarien bertsio elektronikoak dira. Horregatik, nahitaez jarraitu behar dugu betiko sailkapena, aldizkotasunaren eta motaren arabera. Hala ere, badirudi edizio fisikoaren ezaugarri hau desagertu dela ziberespazioan. Egun, egunkari elektronikoak ez dira bakarrik egunero kaleratzen, baizik eta orduro. Hori da gaur egun Euskal Herriko prentsa elektronikoaren kasua. Hasteko, egunkari guztiak ez daude Interneten. El Diario Vasco eta El Correo, lehena nahiko goiz (1995eko abuztuan), bigarrena nahiko berandu (1996ko azaroan) egon badaude. Beranduago Egin eta Deia kontsultatzen hasi ziren Interneten. Faltaden bakarra, El Periódico de Álava. Nafarroan dauden bi egunkarietatik bat bakarrik dago ziberespazioan, berriena alegia, Diario de Noticias. Euskara hutsezko egunkari bakarra, Euskaldunon Egunkaria k ahaleginak egin ditu, eta ia egunkari osoa Interneten dago. Hasiera sorpresa bat izan zen, irakurle batek (Josu Azanzak) bere kabuz lehen orrialdeko titularrak eta sarrerak jarri baitzituen Interneten. Orrialde ez ofiziala zen. Gero Estatu Batuetako zerbitzari batean, Geocities en, toponimo zerrenda bat eta igandero argitaratzen ziren Gerra Zibilari buruzko erreportaiak jarri zituzten. Euskararen interesa ziberespazioaren munduan nabarmena da. Baita kazetaritzan ere. Beste kasu paradigmatiko bat Argia astekariarena da. Gainera, haiek sortu zuten euskarri fisikoan, CD ROMean, lehen produktu periodistikoa Euskal Herrian, aldizkarian 1963tik 1997 bitartera argitaraturiko elkarrizketa guztiak biltzen dituena. Hori ere, bilaketa motore batekin batera, bere webgunearen ardatza da. Argia koek egin zuten besteek egin ez zutena, balore gehigarria ematea produktu elektronikoari. Bestela, jai dute enpresek negozioa egin nahi badute Interneten. Aldizkariak, bestalde, askoz gehiago dira egunkariak baino. Tokian tokikoak gero eta gehiago dira Interneten ere. Ziberespazioan, berriro ere, mundu fisikoan gertaturiko fenomenoak errepikatzen dira. Lehenengoa Ttipi Ttapa nafarra izan zen, gero Santimariñe bizkaitarra, eta ondoren Otamotz, Aretxagazeta eta Bidasoaldeko Mobidak. Zerrenda gehituz joan da azken urteotan: ordenadore pertsonalak eta autoedizio programek errezago eta merkeago egin baitzuten paperezko edizioa aldizkari txiki batentzat, teknologia informatiko berdinak are errazago eta merkeago egiten du edizio digitala. Azkena, 2001.eko azaroan agertutako Ukdigitala, Uribe Kostako lehenengo egunkari digitala. Abantailak badaude, nabarmenak gainera: irakurleak gehiago dira, paperezkoak bezalaxe dohainik izaten jarraitzen dute, baina ekoizlearentzat merkeagoak, ez baitira inprimatubehar, ez eta banatu behar. Are gehiago: aurrekoen artxiboa eta bilaketa sistema eskain daiteke, paperezkoan egin ezin daitekeena. Kultur aldizkarientzat ere Internet oso landa aproposa da. Zientzi aldizkarien kasuan, are gehiago. Badute oso publiko zabala, baina gutxiengo batek osatua. Zabalkunde fisikoa garestia da, are gehiago ale kopuru murritz baterako. Publiko horrek, bestalde, berri zientifikoak oso arin jakin behar ditu. Ale kopuruen erreprodukzioaren eta banaketaren kostua desagertu egiten da Interneten. Hala ere, Euskal Herrian zientzi eta kultur aldizkariak urriak dira. Bazeuden euskara ikasteari buruzkoak, Aizu! eta Euskaltzale. Hori bai, paperezkoen berdinak dira. Berdin gertatu zen Euskal Herriko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Zer aldizkariarekin. Aldi berean agertu ziren paperezko bertsioa eta digitala. Fakultate horretan ere agertu zen 2000.ko ekainean Coranto.net, kazetaritza digitalari buruzko lehenengo aldizkari elektronikoa, Kazetaritza II Sailak kaleratua. Argi dago aldizkari elektronikoek beren merkatua izugarri zabaltzen dutela Internetera igaroz, nahiz eta txikiak izan. Euskal komunikabideak eta teknologia berriak, etorkizunari begira Argitalpen elektroniko guztiek teknologia berrien aurrean nahiko beldurtiak direnek, laster aukera batzuei aurre egin beharko diete: lehena, erabaki ez Interneteko informazioa era tradizionalean nahi duten eskaintzen zituzten edukien laburpena izatea edo harantzago joatea, edukiak sarean in extenso emanez, eta horregatik lortzea bere zabalkundearen zati garrantzitsua igorpen elektronikoa izatea. Hori lortzeko, dudarik gabe, edizio elektronikoak eskaintzen dituen aukerak agortu behar dira, esperimentatu egin behar da. Galdera izango litzateke: betetzen al dute Euskal Herriko hedabideek eskakizun hori? Hasteko, multimedialitatea eskasa da. Ikusentzunezko hedabideek ez dute ez soinurik ez irudi mugikorrik zabaltzen. Irudi mugikorrek, egia da, arazo teknikoak ematen dituzte. Ez horrenbeste, ordea soinuek.Salbuespenak badaude, Irrati.com eta Proyeccion.tv. Azken hau Interneten bidez euskeraz emititzen duen lehenengo telebista da. Bost kanalez osaturik dago (berriak, konferentziak, turismoa, bideosormena eta enpresei zuzenduriko guneekin kontatuko duelarik hain zuzen ere), momentuz. Telebista berria dohainekoa da, independientea eta egunero edo astero berritzen joango dena izango da. Proiektu berriaren zuzendaria den Gerardo Fernández Llanak adierazi zuenez, helburua ez da beste komunikabideei konpetentzia egitea, baizik eta laguntzaile bat gehiago izatea nahi du. Ipar Euskal Herrian badago beste adibide bat, TVPI.com, Baionako tokiko telebista. Irratiari dagokionez, beste alternatiba bat proposatzen dio Irrati.com ek, Euskal Herrian Interneten bidez emititzen duen lehenengo irratia. Sarean emititzen duten atzerriko irratiak arakatzen hasi ziren Jabi Zabala eta Patxi Gaztelumendi, eta hortik aurrera, musika, irratia eta sarea proiektu berean elkartzeari ekin zioten. Haien ustez, irratiaren kontzeptu erabat ezberdina da, Interneten mugarik ez baitu. Kontzeptu mugagabe horren baitan sartzen dira bai edukiak eta bai hartzeko gaitasuna, berdin jar baitezakete haiek egindako programa bat, edo beste irrati batek egindakoa. Ez dute loturarik inongo irratiarekin. Edukien etengabeko berriztapena oso berria da Interneten. Egunkarien kasuan, denbora asko pasatu behar izan da ikusteko nola hauek ausartzen ziren produktu elektronikoa inprimatua baino lehenago argitaratzera. Baina ez hori bakarrik. Deia egunkariak, adibidez, egunero bidaltzen dizkigu gure posta elektronikoetara bere titularrak. Beldur omen ziren. Hona hemen gakoa: enpresa periodistiko handiek mesfidantzaz ikusten zituzten beren produktu digitalak, betikoen arerioak baitziren, paperezko edo ujinezko produktuen "anaia txikiak" izatera behartuta. Produktu digitalak dituzte konpetentziak ere badituelako, ez produktu berririk sortzeko asmoa dutelako. Hedabide elektronikoek beren nortasuna, beren erretorika sortu behar dute,ez dago beste biderik negozio bideragarriak eta errentagarriak nahi baditugu. Balore erantsia, gaur egun, hemeroteka mugatu bat izaten da euskal hedabide elektronikoetan. Handiena, Argia rena. Egunkarien kasuan, noiz hasiko dira beren artxibo eskerga eskaintzen, batez ere berriak, hasiera hasieratik dena ordenadorez egin baitute beren bildumak digitalizatzea erraz eta merke samar egin dezaketenak? Horrekin batera, jakina, bilaketa sistema bat. Horretan Argia eredu dugu. Oso gutxi dira online kazetaritza hedabide zaharrentzako igorpen sistema berria baino gehiago dela sinisten dutenak. Etorkizunik badago kazetaritza digitalean, audientzia berrietan dago. Irakurle berriak zortzi edo hamar urte ditu, eta bideojokoekin jolasten du. Hau da, ordenadoreekin ibiltzen da, informazioa beste era batera jasotzen du, badaki zer den interaktibitatea, informazio mailak. Azken batean, apustua multimedialitatearen aldekoa, interaktibitatearen aldekoa, arintasun eta aldi berean sakontasunaren eta pertsonalizazioaren aldekoa izan behar da. Agian, produktu berriak, publiko berriarentzat, ez daude enpresa zaharren eskuetan, irudimena duten kazetari eta enpresa berrien eskuetan baino. Koldo Meso Ayerdi, EHUko irakaslea Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.