Bierrik elkartea eta euskarazko herri komunikabideak Sakanan Bierrik elkartea eta euskarazko herri komunikabideak Sakanan Amaia Amilibia Orain dela 7 urte Guaixe Sakanako hilabetekariaren zero zenbakia kaleratu genuen. 90. hamarkadaren hasieran, herri komunikabideen gaia pil pilean zegoen: Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritan barra barra sortzen ari ziren eta aldizkari eta inprimakiak. Euskarazko komunikabideen alorrari dagokionez, ordea, Sakanan hutsune handia zegoen. Egia esan, Sakanako zenbait herritan baziren noizean behin kaleratzen ziren aldizkariak, esaterako, Lakuntzako `Aiaupenanik' aldizkaria edota Urdiaingo `Izkon'; baina, hauetaz landara Sakanako euskaldunek ez zuten herri informazioa euskaraz jasotzeko aukerarik, horrela, hutsunea ikusita, kazetaritza ikasten ari ginen hiru ikasle elkartu eta herri aldizkaria sortzeko proiektua lantzeari ekin genion. Lehengo urratsa aldizkaria beraren izaera eta ezaugarriak zehaztea izan bazen ere, horrekin batera, egitasmoari izaera juridikoa emango zion kultur elkartea sortzea beharrezkoa ikusi genuen. Horrela, eskualdeko euskaltzaleak bilera batera deitu genituen eta bilera horretan bertan egitasmoarekin aurrera egitea erabaki genuen. Herri komunikabidearen babeslea Bierrik Elkarte sortu berria izanen zen. 1994ko uda zen. Abenduan, ordea, Guaixeko zero zenbakia kaleratu genuen. Lehenengo alea kaleratzea ez zen erraza izan, izan ere, guztia egiteke zegoelako. Lehenengo zenbakia Olaztiko Udalak utzi zigun PC batean lan egin genuen. Bulegoa, berriz, Urdiaingo Udalak utzi zigun gela batean moldatu genuen. Egitasmoa aurrera eramateko Sakanako euskaltzaleen laguntza handia izan da. Izan ere, aldizkariaren inguruan kolaboratzaile eta laguntzaileen sare sendo bat sortu baitzen, eta horiek ezean ezinezkoa litzateke horrelako egitasmo bat aurrera eramatea. Sakana: lur eremu zabala eta anitza Sakanako eskualdeak lur eremu zabala hartzen du, 30 km luzera hain zuzen; eta bertan 14 udalerri daude, horietatik 2 kontzejuakdirenez (Arakil eta Ergoiena hain zuzen ere) herri kopurua handiagotzen du honek. Arakilek, esaterako, 13 herri biltzen ditu bere baitan. Horrela, berriemaile kopurua handia behar genuen. Izaera geografikoaz landara, historian zehar hiru eskualde izan dira egun Sakana biltzen duen lur eremuan: Burunda, Aranatz eta Arakil. Eta, euskara mailan ere beste horrenbeste gertatzen da, izan ere, euskalkien aberastasun handia baitago gurean. Hasierako urteotan euskalkien inguruan lan handia izan genuen zer hizkera hautatu eta zer nolako euskara erabili zehaztu eta erabakitzeko orduan. Horrela, filologo eta euskaltzaleekin osatutako `euskalki batzordea' sortu genuen, hori guztia zehaztu ahal izateko. Eztabaidak ez ziren txikiak izan, batua edota euskalkian idatzi behar ote genuen erabakitzeko orduan. Azkenean, aldizkariaren zatirik handienean batua erabiltzeko erabakia hartu genuen, hori bai, bertako berezko izaera gordez. Euskalkia bizirik zegoen herrien tarteetan, berriz, euskalkian idatziriko berriak kaleratzen genituen. Noski, transkripzio dialektologikoa nola egin behar ote zen zehazteko euskalki batzordeak arau bilduma sakon bat kaleratu zuen eta tokian tokiko euskalkia ezagutzen zuten lagunek egiten zituzten eta egiten dituzte zuzenketak. Euskarazko beste bi komunikabide: Beleixe irratia eta Oixe kazeta Bierrik elkarteari esker, Sakanako euskaltzaleek doan jasotzen dute Guaixe hilabetekaria beren etxeetan, baina Guaixez landara, beste bi komunikabide bultzatzen ditu elkarte honek: 1999ko udaberrian sortu zen Beleixe irratia eta 2001eko udazkenaz geroztik astero kaleratzen den Oixe kazeta. Beleixe irratiak Etxarri Aranatzeko Kultur Etxearen beheko gela batean du estudioa. Eta hortik igortzen du FMko 107.0an bere seinalea. Bertan egiten duten saioaz gain, Nafarroako beste bi irratirekin (Aralar eta Esan Erran irratiekin) `Sarea' deituriko saio bateratua egiten dute. Elkarlan honek, gainera, Euskal Herri mailako errekonozimendua jaso du, izan ere, hiru irratiek Argia sariajaso zuten eta. Kazetari dagokionez, iazko udazkenaz geroztik ostiralero kaleratzen da Oixe. 8 orrialde ditu eta gaurkotasunezko albisteak biltzen ditu. Produktu hau ere doan banatzen da Sakanako kiosko guztietan. Hiru komunikabide hauekin Sakanako euskaltzaleek badute, beraz, euskarazko informazio eguneratua jasotzeko aukera. Finantzabideak Publizitatearen alorrari dagokionez euskaraz saldu daitekeela garbi geratu da Sakanan. Izan ere, jorratu gabe zegoen esparrua (euskarazko publizitatearena) gure komunikabideetan etengabe lantzen baita. Hasieran, zuri beltzezko modulu xumeak nagusi ziren arren, egun, kolorezko publierreportaiak lantzen ditugu, baita irratiko kuña ederrak ere. Publizitateaz gain, Bierrik elkarteak erakunde instituzionalen dirulaguntza jasotzen du, batetik Sakanako Mankomunitatearena eta bestetik Nafarroako Gobernuarena. Horiez gain, autofinantziazioan aurrerapausoak emateko asmoz, hainbat ahalegin egiten dira: bazkide kanpainak, produktuak salgai jarri eta azken urteotan bi euskal txoko abiatu: Etxarri Aranatzeko Leku Ona taberna eta Altsasuko Bierrik taberna. Liburuak, CDak, mahai jokoa eta euskal txokoak Komunikabideez gain, Bierrik elkarteak bestelako produktu batzuk kaleratu ditu. Horrela, bere historia laburrean 2 liburu argitaratu ditu: Jose Mari Satrustegiren `Sakanerri barrena' eta `Sakanako Euskal idazleen antologia (I)'. Horiekin batera eskualdeko musika taldeen CD bat zabaldu du `Sakanan Egina' titulupean. Eta 2000ko Gabonetarako Sakanako tribial mahai jokoa argitaratu zuen. Hau guztiarekin batera kamisetak eta metxeroak jarri ditugu salgai. Aipagarria da ere, Guaixeko 5. urteurrena ospatzeko Kepa Junkeraren kontzertua antolatu zuela Altsasuko pilotalekuan. Baina Bierrik elkartearen zeregina gero eta zabalagoa da, ez baita komunikabideak kaleratzera mugatzen. Egun kultura mailan lan handia egiten ari da Sakanako elkarte hau. Horrela 2000az geroztik Etxarri Aranatzeko Leku Ona tabernan hainbat eta hainbat ekitaldi burutu dira eta burutzendira (kontzertuak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, musika monografikoak eta beste asko). Hilero kultur programazio zabala lantzen da bai Etxarriko Leku Ona taberna, baita Altsasuko Bierrik tabernan ere. Izan ere, 2001eko udazkenaz geroztik Bierrik elkarteak bere etxea eraiki du, eta beheko solairuan taberna berri bat zabaldu du. Bierrikena Ikusten denez, Bierrik elkartearen ibilbidean hainbat lan eta produktu kaleratu dira, baina zalantzarik gabe, apusturik handiena Altsasuko Bierrikena egitearena izan da. Hau da, herriaren erdigunean etxe oso bat erosi eta berritzearena, hain zuzen ere. Egitasmo honekin, beraz, Bierrik elkarteak egoitza propioa izateaz gain, Altsasun euskal txoko bat zabaltzea lortu dugu. Bierrik elkartea Topagunearen bazkidea da eta Euskal Herri mailan gurea bezalakoa den euskarazko elkarteekin batera lan egiten du. Guztion artean aurrera eginen dugu. Amaia Amilibia, Guaixe aldizkariaren koordinatzailea Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.