157 Zenbakia 2002-03-01 / 2002-03-08

Gaiak

Euskarazko toki hedabideak eta informazio gizartea

IRIZAR, Mikel

Euskarazko toki hedabideak eta informazio gizartea Euskarazko toki hedabideak eta informazio gizartea * Mikel Irizar INFORMAZIO GIZARTEA Ez da kasualitatea datorren etorkizunak izen hau hartu izana. Bazeuden bestelakoak, baina informazioa hartu da ezaugarri nagusitzat. Eta hedabideak dira informazioa sortu, jaso, kudeatu, bideratu, manipulatu, banatu, saldu edo irentsi arazten dutenak. Hedabideak badira dagoeneko aginte gune bat, laugarrena omen, eta badirudi areago izango direla etorkizunean. Informazioa eta honekin lotutako zerbitzuak negozio handia izango dira, beraz. Eta pentsa zitekeen negozio hori baliabide handiak eta indarra dutenek berenganatuko dutela, eta ez dela txikientzat aukerarik egongo. Baina egon daiteke. Hurbileko informazioan dabilenak badaki hurbiltasunak biderkatu egiten duela albiste baten garrantzia. Ikusi egiten da, behin eta berriz, herrian istripuz hildako batek jakin min handiagoa sortzen duela munduko beste puntan hildako mila lagunek baino. Edo telebistan etxeko norbait ikusteak zirrara handiagoa sortzen duela saiorik garestienak baino. Euskal gizartean, euskararen aldeko ekimenetik sortu dira toki hedabide gehienak. Hala, 90eko hamarkadan euskara hutsezko aldizkariek hartu zuten hurbileko esparrua. Orain, toki hedabideei urre meatze hori babestea dagokie, baina babestea ez da gordetzea, baizik meategia antolatzea, urrea ateratzea, inguruan banatzea eta ahal dena kanpora saltzea. Izan ere, Informazio Gizartean toki hedabideak garatzen diren neurrian, geure komunitateek komunitate izaten jarraitu ahal izango dute, eta ez dira ezabatuko sare globalean. Informazioaren hurbileko mailak ondo antolatzen badira, herritarrek orain bezala mailakatu ahal izango dituzte beren interesak, sarean ere hurbilekoa aurkituko dutelako. Eta interes gune horietan euskarari lehentasunezko tratua ematen bazaio, orduan euskara modernitate tresna bihurtuko da, mundu globalerako sarbide. HURBILEKO PANORAMA Azken bizpahiru urteak garrantzi handikoak izan diragure inguruan. Hurbileko informazioak erakarri egin ditu hedabide orokorrak, eta talde indartsuak hasiak dira toki hedabideak sortzen. Une honetan, euskal hiriburuak PRISA eta CORREO taldeen borroka zelai bihurtu dira, telebista kontutan. Lehenak EAEko alderdi nagusiaren kidetasuna omen du eta bigarrenak Madrilgoarena. Interneten lehia irekiagoa da, talde gehiago ari da tokia hartzeko ahaleginean, beti ere `miciudad migrupo' kontzeptuaren gainean. Prentsan edizioak indartu egin dira, estatuko egunkariek `paisvasco' sortu dute, nazionalek herrialdekako edizioak, eta herrialdekoek eskualdekoak. Toki hedabideen aldetik, GOIENA izan da aldi honetako esperimenturik probetxugarriena. Hedabide mordoxka bildu du egitura indartsuan, gizarte ekimenaren eta erakundeen arteko lankidetzan urrats berriak eman ditu, teknologian jauzi handia egin du, eta euskarri berrietan jarduteko egitasmo indartsua landu du. Bere eremua, Debagoiena, indartsu hartu du enpresa berriak eta hango urrea berak banatuko du. Mugimendurik berriena Tolosan abiatu da oraintsu. EGUNKARIA eta GALTZAUNDI EGUNERO toki egunkaria kaleratzen hasi ziren abenduan. Zentzuzko antolaketaren ikuspegitik, ezinbestekoa da lankidetza bideak aurkitzea hedabide tokikoen eta nazionalen artean. Nire ustez, lankidetza hori elkar indartzera bideratu behar da, ur handitan ibiltzeak txikia suspertu dezan eta erroen luzatzeak handia garatzen lagundu. Baina Tolosakoaren itzalak ikusita, beldur naiz hangoa ez ote den lankidetza baino gehiago zurrupaketa izan, eta ez ote dituen EGUNKARIAk enpresa interesak beste guztien gainetik jarri. Nahiago nuke oker banengo. ESTRATEGIAREN BEHARRA Euskarazko toki hedabideek (ETH) estrategia bateratua behar dute, ahalik eta arinen. Azken urteotako mugimenduek ahul harrapatu dituzte, eta lehen loraldian irabazitakoa bigarren aldi honetan galtzeko arriskuan daude. Nire ustez, estrategia horrek ondoko puntuak behintzat eduki behar ditu: 1. Egungoa indartu. Egindakoa ona izan da baina ETHak indarra galtzenari dira besteekiko. Bakoitza txikia eta ahula izanik, elkar hartu beharrean daude, eta eskualdea izan daiteke kasu gehienetan eremu egokia. Enpresa moldean antolatu behar dute lotsa barik, eta auto finantziazioan gora egin. Topagunearen komunikabide batzordeak gida lezake ibilbidea, eta herriz herriko euskara elkarteek soka luzea utzi behar diete hedabideei. 2. Indar guztiak norabide berean jarri. Plan bat behar da, guztiontzat erreferentzia izango dena. Erakundeen aldetik ez dago ezer zehatzik, alderdi politikoei ere ez zaie ezagutzen, eta hortik aurrera lan solteren bat besterik ez dago. Dagoena hartu, eta ETHen eskarmentua erabiliz plan bat landu behar da. Topaguneak sei hilabetez norbait jarri behar luke horretan buru belarri. 3. Erakundeekin lankidetza finkatu. Hezkuntzan edo euskalgintzako zenbait arlotan bezala, ETHek lotu egin behar dute erakundeekiko harremana, eta plangintza edo egitamu zehatz baten araberako lankidetza adostu, zalaparta eta koiunturen gainetik luzatuko dena. BATERATU ETA GARATU Egungo hedabideak indartzeko, eskualdeka biltzea da biderik logikoena, eta merkeena. Inbertsio berririk egin gabe edo lantaldea handitu gabe ere, eskualdeko taldeak indar handiagoa du herrikako hedabide bakanek baino. Gainera bateratzeak berarekin dakar garapena, inbertsioa eta hazkundea. Bide honetan, Debagoieneko bilakaerak argia eman lezake. Esperientzia hura kontatzen duen txosten mardula Gipuzkoako Aldundiaren esku dago. Beti ere, bateratzeak graduala izan behar du, hurbilekoenen artetik hasita, eta behar adina tarteko maila ezarrita. Adostasuna eraikitzeko, GOIENAn erabakigarria izan zen asko idaztea, ikaragarri laguntzen du eztabaidak zentzatzen. Eta astia hartu genuen puntu korapilotsuetan gelditzeko, baina guztiok genekien gehiengoak aurrera egingo zuela, eta inork ez zuen atzean gelditu nahi izan. Bestalde, ETHen garapena marrazteko orduan, Interneti erreparatu beharra dago. Internet informazio euskarri berria da, eta sekulako abiadan garatzen ari da. Erredaktoreakoraintxe jaso duen albiste bat munduko edozein puntutan egon daiteke idatzi orduko. Eta testua izan daiteke, edo argazkia edo bideoa. Euskarak badu prestazio hau izendatzeko hitz egokia: ORAINKARIA, zerbait jakin ahala, sarean. Pentsatzekoa da lantalde multimedietan orainkarirako lana indartu egingo dela eta gainontzeko euskarriak honen bertsioak izatera joko dutela. Egunkari handi batzuetan, dagoeneko, edizio elektronikoa egiten duen lantaldea handiagoa da paperezko egunkaria egiten duena baino. Ez litzateke bat ere txarra EHTen ibilbidean sareko lanari lehentasuna ematea. Alde batetik, hedabide denentzat da berria eta ez dago abiapuntuan atzerapen handirik. Bestetik, teknologia oso eskuragarria da, euskarri guztietan merkeena. Eta azkenik, maiztasunaren kontua gainditu egiten da, informazioa une oro eskaintzen delako. Beste errepide batean jartzen gaitu sareak, abiada izugarriko errepidean. Mikel Irizar, toki hedabideetan aditua Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria