Maxixatzenen Maxixatzen Maxixatzenen Maxixatzen Karmen Irizar 1996ko apirileko ostegun gau batez egin genuen lehenengo bilera. Giroa epela zen oso, eta Azkoitiko Plaza Berriko arbolapeko terrazan bildu ginen bost lagun. Ez genuen guztiok elkar ezagutzen baina berehala gelditu zen argi guztiok ere ilusio eta asmo bera genuela. Bi talde ezberdinetatik gentozen. Batzuk beste herrietako herri aldizkariak ezagutzen genituen eta haien antzeko zerbait nahi genuen gurean. Besteak, kazetaritzako ikasleak ziren, eta euren ofizioak berarekin dakarren jakinmina eta berriak lau haizetara zabaltzeko gogoak erakarrita azaldu ziren. Ikusi batera eman dezake aldizkaria produktu bezala, bera bakarrik osatzen dela, baina lehenengo zenbakiarekin pentsatzen hasi aurretiko hamaikatxo buruhauste sortu zitzaigun. Finantziazioa, adibidez. Formula desberdinak aurreikusi genituen, udalarekin horrelako konfidantzazko tratu bat egitea ere otu zitzaigun, baina udalaren aldetik aurrerapen haundirik ikusi ez eta herriko dendarien atea jo genuen lotsagabe lotsagabe. Espero genuena baino erantzun hobea jaso genuen. Lehenengo zenbaki hura aise ateratzeko adina diru bildu genuen. Harrigarria da zein erraz erantzuten duen batzuetan jendeak. Izan ere, beste herrietako aldizkariak generamatzan geurekin diru eske saio haietan, eta erabat argi geratzen ez bazitzaien ere, gutaz fidatu eta ezinbestekoa genuen bultzada eman ziguten. Horregatik esaten dugu beti maxixatzaileok, betiko zorra dugula hastapenean itsu itsu lagundu ziguten haiekin. Uda iritsi zen eta gehienak ikasleak ginenez gau eta egun ekin genion abuztuaren 14an, herriko festetako txupinazoarekin batera, kaleratu nahi genuen lehenengo zenbaki hura prestatzeari. Iritsi zen gure ametsetan mamu izan zen egun haundia. Hamaikak aldera puntual azaldu ginen taldekide guztiak (10 guztira). Han zen mugimendua! Herriko langileak udaletxeari gauean botatako pintura garbitu ezinda ari ziren jo eta su lanean, EHkoak pankartak katigatzen han eta hemen, eta gugure 2500 aldizkari hartu, harpideak egiteko orriak atondu eta jendeari agertzeko prest. Laino bakarra ere ez zegoen zeruan, baina txupinazoaren unean, inork ez daki nola, sekulako zaparrada bota zuen. Aterpe bila hasi zen jendea hara eta hona,gu ere arrapaladan ibili ginen aldizkariak babesteko eta une gogoangarria behar zuena, gogoangarria bai, bai guk nahi genuen bezala ez zen suertatu. BIZI BAI EUSKARAZ, ETA IRAKURRI? 1996ko abuztuaren 14an hasi zen beraz, bere izenaren jabe den Maxixatzen herri aldizkariaren bidea. Izenaren jabe diogu, hain zuzen ere, hori delako aldizkari honek duen helburuetako bat, herriko kontuetan eta herriko jendeak esateko duen guztian maxixatzea eta horren berri ematea. Ez da ordea hau, helburu bakarra. Herri gehienetan bezala, elkar ezagutu bai baina elkarren berri ez dugu izaten gehienetan. Esparru hori betetzeko jaio zen Maxixatzen, herriko taldeen arteko komunikazio plataforma izateko. Hau da ziurrenik Maxixatzenen arrakastaren giltzarrietako bat. Jende askok komentatu digu Taldez talde atalari esker jakin duela herrian jende asko ari dela lanean esparru desberdinetan, eta noiz edo noiz zerbait behar izanez gero, Maxixatzenek ematen duela kontaktua egin ahala izateko behar den informazio guztia. Taldeek ere gustura hartu dute atal hau, jende gehiagorengana heltzeko bide erraz, eroso eta serioa dela ikusi dutelako. Hirugarren helburu bezala, euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztea dugu. Oso herri euskaldunean bizi gara, kaleko bizimodua euskaraz ia %100ean egiten badugu ere, badira oraindik, gaztelania nagusi den esparruak. Irakurketarena da horietako bat. Gaztelaniazko prentsa jaun eta jabe da Azkoitian. Horri aurre egiten saiatzen gara, komunikabide horietan agertzen ez den hurbileko informazioak ematen duen gertutasuna aprobetxatuz. Zaila da dena den, euskaraz irakurtzen hastea egun batetik bestera. Horregatik tartekatzen ditugu artikulu eta erreportai landuak albiste labur eta kontu irakurterrazekin. Modu horretan balizko irakurleguztien maila kontuan hartuta ahalik eta jende multzo zabalenarengana iristen gara. HILEAN BEHIN ALA BITAN EGINGO DUGU? Urteek aurrera egin zuten eta ilusioak behera egin zuen taldekideon artean, ez ordea, proiektuarekiko interesa eta aurrera egiteko gogoa. Aurrerapausoa egitea erabaki genuen eta 1998an lehenengo langilea kontratatu genuen. Maketazioa eta publizitateaz arduratzen zen langile hau. Berehala antzeman zen profesionalizazio bidean jarri ginela. Ideia freskoak, iragarle berriak eta lan egiteko estilo eraginkorragoa abian zen. Hilabetekari bezala lau urtez egon ondoren, 2001ean ur lasterretan sartzeko garaia iritsi zela eta hamabostekari izatera pasa ginen. Orri kopurua 20ra jaitsi zen baina hilean birritan kaleratzen ginen. Zenbat eta maizago orduan eta aukera gehiago euskaraz irakurtzeko. Hilabetekariak aste beteko bizitza izaten du jendearen esku artean eta gero zahartutako egunkarien txokora joaten da. Hamabostekariarekin bi astetik behin du jendeak euskarazko argitalpen bat irakurtzeko modua. MAXIXATZEN EUSKARA ELKARTEA Egun 1700 ale banatzen ditugu hamabostero, doan. Aldizkaria argitaratzeaz gain, elkarte bezala ere funtzionatzen dugu. Urtean 20 euro ordaintzen duten 350 bazkide ditu gure elkarteak eta urtean urtean gora doa kopuru hori. Euskararekin orokorrean eta batez ere, herriko euskararekin zerikusia duten ekintzak bultzatu nahi ditugu baina dirua nahi baino urriago izaten dira horrelakoetan eta ezin izan ditugu burutu aurreikusi ditugun egitasmo guztiak. Horien artean premiazkoena Azkoitiko euskara idatziz erabiltzeko arautuko duen estilo liburua da. Ia zenbaki guztietan ateratzen da artikuluren bat azkoitiarrez, baina zalantza ugari sortzen da gure artean eta eredurik ez dagoenez, bakoitzak ahal duena egiten du ahal duen moduan. Badira herriko euskara idaztearen kontrako jarrerak baina gure elkarteak argi eta garbi du herri hizkerak ere behar duela bere txokoa maila idatzian. Kontzertu, antzerki, poesi emanaldi, euskarazko laburmetraiak eta lehiaketakere antolatzen ditugu lantzean behin. Barkatu gaizki esanak eta gogoan hartu ongi erranak. Karmen Irizar, Maxixatzen Azkoitiko aldizkaria Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.