Elkarrizketa: Sabin Salaberri Sabin Salaberri, musikaria "Goi mailako musika ikasketek Bilbon izan behar lukete egoitza" * Ismael Diaz de Mendibil Arabak musikari on eta ezagun asko izan ditu azken boladan, eta horietako gehienak Sabin Salaberriren ikasleak izan ditugu. Ez da lan erraza arabar honen joan etorriak lau hitzetan laburtzea, baina apaiztegian sartu zenetik gaurdaino musika izan du ardatz. Gasteizko apaiztegiko "Schola Cantorum" taldearen arduraduna, Araba abesbatzaren sortzailea, Jesus Guridi musika eskolako irakaslea, ikasketa burua eta zuzendaria... Horrela, bere lana aintzat hartuz, 1996an San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren kide izendatu zuten. Bestalde, irakaskuntzan ez ezik musika lantzen ere ibili da Salaberri. Musika lan ugarien egilea da, orkestrarentzako zein abesbatzentzako, besteak beste, "Gabonetako hiru kantak", "Gora Araba", "Oroimenez", "Guridi, ehun urte", "Gurea da" edota "Mendirik mendi". Bere herrian jaio zen Vicente Goikoetxea bezalaxe, musikari handia dugu Sabin Salaberri. Sabin, 66 urte dituzu. Zer moduz bizi zara jubilaturik? Musikariok ez gara inoiz jubilatzen. Gure lana sormenezkoa denez, bukaezina da, eta hori dela eta, ez diogu lan egiteari uzten. Hori bai, orain ez daukat ezarritako ordutegirik eta ofizialki jubilaturik nago. Hala eta guztiz ere, musika eskolara egunero joaten jarraitzen duzu. Bai, baina aurtengoa izango da azken ikasturtea. Oraindik musika klase batzuen arduraduna naiz eta bederen, oso ikasle finak ditudala esan behar dut. Esan digutenez, zu ere oso ikasle fina zinen, apaiztegian ibilitakoa, gainera. Bai, badakizu, garai hartan hamaika gaztek ikasten genuen bertan. Nire herriko apaizaren bitartez, Aramaiokoaren bitartez, alegia, apaiztegian sartu nintzen, orduko beste gazte asko bezalaxe. Askok eta askok hori genuen ikasteko aukera bakarra. Ni, esaterako, hori izan ez balitz, ez dakit Aramaiotik irtengo nintzatekeen. Hortaz, Gasteizera etorri nintzen. Ederki, baina ez didazu erantzun ikasle finazinen ala ez. Nire seme alabek diotenez, bai. Nire kalifikazioak erakusten dizkiedanean, gauza bera esaten didate beti: "Aita, nota hauekin zuk ez zenuen lagunik, ezta?". Nire erantzuna, berriz, honako hau izaten da: "Bai, oso kalifikazio onak izaten nituen, baina orduan egin nituen lagunek, lagun izaten jarraitzen dute". Apaizgaiaz gain, apaiza ere izan zinen? Bai, hamazazpi urtez izan nintzen apaiza. Badakizu, horrelako instituzio batetan sartzen zarenean, ez duzu besterik ikusten eta gainerako gauzak alde batera uzten dituzu. Halere, urteak aurrera joan ahala, mundua askoz zabalagoa dela antzematen duzu. Hori ez duzu egun batetik bestera somatzen, hau da, pixkanaka pixkanaka ohartzen zara. Begiak ireki eta beste bide batzuk ikusten dituzu... Apaiztegiko mundua txikia zen eta egunero ezagutzen nituen hamaika gauza berri ez ziren bertan kabitzen. Beste asko bezalaxe, apaiza izateari utzi zenion. Nola hartu zintuen orduko gizarteak? 40 urterekin edo utzi nuen. Orduko gizarteak ez zuen hura onartzen. Kritika zorrotzak ere entzuten nituen: "Aizu, inork ez zintuen bide hori hartzera behartu, erabakia zeurea izan zen eta. Zergatik hartu zenuen bide hori? Gero uzteko?". Oso gazte ginela hartu gintuzten apaiztegian, badakizu. Bide hori utzi eta beste bat hartu zenuen. Urte batzuk beranduago ezkondu zinen eta seme alabak ere izan zenituen. Alabaina, argi esan behar dut ez naizela damutzen. Bizitza den bezalakoa da. Apaiztegiak ikasteko aukera eskaini zidan, bestela zaila baitzen ikasten jarraitzea orduan. Gainera, apaiza izan nintzen bitartean, une politak eta ederrak bizi nituen. Ilusio handiz egiten genuen lan eta ez naiz ezertaz lotsatzen. Pentsa! Garai hartako Gasteizko apaiztegian 800 ikasle inguru geunden, gaur egun berriz, ez dakit zortzi bat dauden. Ze aldea dagoen!. Beraz, ez zinen ez dakit zein herritako apaiza edota eliza batetako arduraduna izan, baizik eta apaiztegian irakaskuntzan ziharduen irakaslea. Bai, apaiztegiko ikasketak bukatu nituen eta bertan geratunintzen irakasle bezala. Horixe zen nire lana, kanpora irten gabe. Hain zuzen ere, apaiza izateari utzi nionean, irakaskuntzan jarraitu nuen. Lehendabizi, Olabide Ikastolan ibili nintzen eta urte batzuk beranduago, Gasteizko musika eskolan. Izan ere, musika izan da nire ardatza beti. Carmelo Bernaola Gasteizko musika eskolako zuzendaria zela, ikasketa buru izendatu ninduen eta ordutik han nauzue buru belarri. Eskolan oso musikari onak ditugu, tankera guztietakoak gainera, bai klasikoan zein rockean. Han Juanjo Mena orkestra zuzendariarekin edota Hertzainak rock taldeko lagun batekin topo egin dezakezu. Ez dakit kasualitate hutsa den, baina gure herriko musikari askok eta askok apaizekin landu zuten euren bokazioa. Bai dela bitxia, bai. Horren inguruko lan sakona egitea gustatuko litzaidake. Joan zen mendeko hasieran oso organista onak egon ziren gure herrian, besteak beste, Guridi (bere lanbidea zen), Zubizarreta... Guztiak musikari onak izan ziren eta guztiak organoaren inguruan ibilitakoak. Horiek abesbatzak sortu zituzten Euskal Herriko herrietan eta, horiei esker, musika zabaldu zen. Ni horrela hasi nintzen Aramaion. Txikitatik hartzen gintuzten eta, oharkabean, solfeoa ikasten ari ginen. Ikusten duzunez, musika herriko elizan bertan ikasten genuen eta ,horren ondorioz, elizak musikan izan duen eragina antzeman daiteke. Abesbatzak aipatu dituzu. Zu ere Araba abesbatzan ibilitakoa zara. Bai, nire bizitzaren zati garrantzitsu bat izan zen hori. Abesbatza Gasteizen sortu zenean, apaiztegian nengoen oraindik eta taldea zuzentzeko deitu ninduten. Apaiztegian izan nituen ikasle askorekin topo egin nuen Araba abesbatzan. Lagun berriak egin nituen eta horrek aldatu zidan bizitza. Ez dakit begiak ireki zizkidaten ala beste ikuspegi batzuk ezagutu nituen, baina nire pentsamolde batzuk aldatu ziren. Beste bide batzuk ikusten hasi nintzen. Bestalde, frankismo garaian murgilduta geunden eta zentsurak agintzen zuen orduan, are gehiago, Araba taldea euskaltzalea zela jakinez. Gaiaz erabat aldatuz, musikariak lagun arraroak al zarete? Gure sentimenduak, gogoak... plazaratzeko, azaltzeko hizkera berezia dugu. Musikarien arteko elkarrizketa batean sartzea zaila da eta batzutan, are zailagoa zerbait ulertzea. Dena den, ez ulertzea normaltzat jo behar dugu, hizkera berezia dugu eta. Azken urteotan musika ikasketen berri izan dugu gurean. Aurrerantzean goi mailako musika ikasketek Donostian izango dute egoitza. Bilbok eta Gasteizek ere bereganatu nahi izan zituzten, baina alferrik. Politikak baldintzatu du erabakia; benetako baldintzak aintzakotzat hartuta, Bilbo baita lekurik egokiena eta ez Donostia. Batetik, Bilbok ikasle kopururik handiena dauka eta bestetik, besteek baino kultur ekintza gehiago du. Gauzak diren bezalakoak dira, besterik gabe. Gasteiz nire hiria duzu, baina... Gasteiz? Batzuk nirekin haserretuko dira, baina gure hiriak ez zituen baldintzarik onenak betetzen. Gasteizko udaleko agintariek auditorium bat eraiki nahi dute. Hain zuzen ere, euren egitasmoak betetzen badira, 1500 lagunentzako auditorium bat eraikiko da. Zer deritzozu horri? Gasteizen ez dugu horrelakorik behar, Principal Antzokiko kontzertuetara oso jende gutxi joaten garelako. Musika entzuteko, behintzat, daukagunarekin nahikoa da. Haiek diotenez, Principal Antzokiko eszenatokia hainbat ikuskizun antolatzeko txikia da, hori beste gauza bat da, ordea. Beste ikuskizun batzuk Gasteizen izateko agian bai; baina kontzertuak ikusteko ez, ezbairik gabe. Aireporturik onena egin genuen eta ez dugu bidaiaririk. Munduko abere plazarik onena (gaurko Buesa Arena) eraiki genuen eta egun ez dago abererik. Lakuan zahar egoitza izugarria (egun Eusko Jaurlaritzako bulegoak direnak) aurreikusi zen eta gero ez zegoen betetzeko zaharrik. Zeure ustez, zer nolako etorkizuna dauka musikak XXI. mendean? Gure atzetik oso musikari onak datoz eta horren ondorioz baikorra naiz. Hala eta guztiz ere, atzetik datozen gazteek ez dute lan erraza izango, gehienetan gizarteak ez baitu artistaulertzen. Horrela izan da beti eta are gehiago bizi garen bolada honetan. Artistak gizarteak baino urrunago jotzen du beti, hau da, txaloak behar dituzunean ez dituzu izaten eta behar ez dituzunean, goian zaudelako, orduan jasotzen dituzu. Elkarrizketa hasi baino lehen, gero eta lasaiago bizitzen saiatzen zarela esan didazu, baina oraindik izango duzu zer eskatu bizitzari. Alde batetik, gure gizarteak gauza txar asko dituela ikusten dut. Horrela izanda ere, beti aurrera egin behar dugu, ordea. Zer egingo dugu bestela? Gauzak poliki poliki konpontzeko gai garela uste dut. Bestetik, elkarrizketa ezinbestekoa ikusten dut, politikan ez ezik gizarte arlo guztietan ere. Arazoak konpontzeko dugun tresna bakarra elkarrizketa da, gure komunikatzeko era hitza baita. Pertsonalki? Sabin Salaberri bezala? Gauza gutxi. Irakaskuntza izugarri gustatzen zaidanez, ikasleekin harremanetan jarraitzea gustatuko litzaidake. Nire ikasleek musika nahi dutelako lantzen dute eta horrela lan egitea oso atsegina suertatzen da. Ekonomilariak, kazetariak, informatikoak... denetatik asko ditugu, baina guztiak beharrezkoak dira. Musikariok, berriz, ez gara beharrezkoak; alabaina, gu barik, bizitza ez litzateke hain polita izango. Zure lagunek diotenez, gizon ona eta zintzoa zara. Guztiek bezala, lagunak eta etsaiak ditut eta zuk, antza denez, lagunekin bakarrik hitz egin duzu. Nire gogoetak eta ideiak ez ditut inoiz ezkutatu. Esaterako, nire euskaltasuna ahazteko eskaini didate eta noski, ez dut horrelakorik onartu. Araba mailan politikaria izatea ere eskaini didate eta baztertu dut... Beti oso argi izan dut zein zen nire bidea. Gaztea nintzela biologia ikasteko gomendatu ninduten eta ni, burugogor, ezetz, musika zela nirea. Esan eta izan. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 150.zbk (2002/1/11 18) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.