Elkarrizketa: Julian eta Juan Manuel Iruretagoiena Julian eta Juan Manuel Iruretagoiena, alpargatagileak "Alpargatak zulatu ta zapatarik ez..." * Lore Agirrezabal Garai batean hala gertatu ohi zen; zapatarik ez zuenarentzat alpargatak zulatzea amak atzealdea gorri gorri uzteko nahikoa arrazoi bazen. Alpargatagileen gremioa indartsua zeneko garaiak ziren haiek. Azkoitian berrogeita hamar bat lantegi aritzen ziren horretan. Hortik datorkio Villa Alpargatera izena. Gaur egun, ordea, alpargatategi bakarra geratzen da Azkoitian, baita Gipuzkoa guztian ere. Juin Alpargatategia da hori. Lantegi honetan Julian eta Juan Manuel aita semeek egiten dute alpargatak hasi eta bukatu arteko esku lan guztia, eta bertara jo dugu eskulangintza honen berri jakiteko. Noiz hasi zineten alpargatagintzan? Nik, lehen, Epelde Larrinaga alpargatategian egiten nuen lan. Mutil koxkorretan, hamabost bat urterekin, hasi nintzen. Hango enkargatua nintzen. Baina hura itxi egin zuten eta poliki poliki hau zabaldu nuen beste kide batekin. Duela hogei bat urte izan zen hura. Gero, apartatu egin ginen eta ni hemen geratu nintzen. Orain, berriz, semea ibiltzen da lanean. Ni jubilatuta nago eta laguntzera etortzen natzaio. Julian (aita) trentzarekin suela edo zola egiten agertzen da. Bere atzean ikusten den makinak, zilindroak, trentza zapaltzen du, berez, oso borobildua baita. Semea atzean agertzen da. Zenbat alpargatategi zeuden lehen inguru hauetan? Garai batean, Espainiako Gerra Zibila izan zenean, berrogeita hamar bat baziren Azkoitian. Orduan, Azkoitian metalurgiarik ez zen. Baina orain, alpargatategi hau besterik ez da geratzen hemen. Gainera, lehen beste oinetakorik ez zen: zapata eta alpargata. Gaur egun, ordea, zenbat txankleta, plaiera eta zapata klase ote dago... Beraz, beherakada nabaritu al duzue ekoizpenean? Ikusten duzue, bakarrik geratu gara. Gipuzkoan ez da beste inon abarketa osorik egiten duen lantegirik. Azpeitian zola egiten dute baina gero Alicantera eta Valentzia aldera bidaltzendituzte han amaitu ditzaten. Zola ia osatuta du eta soberan dagoen trentza zatia mozten ari da. Trentzaren mutur hori zolan sartzen du, kanpoan gera ez dadin. Makina horretan zola josi egiten da. Garai batean hori eskuz egiten zen, baina lantegi horretan beti izan dute makina hori. Eskulana da alpargatagintza. Azalduko al diguzu nola egiten dituzuen? Zola edo zorua yutezkoa da, nahiz eta gero ia beti horri goma eransten zaion. Yutea landare bat da, Asia eta Estatu Batuetatik ekartzen dutena. Hortik haria egiten dute eta hari horrekin trentza (soka modukoa). Garai batean, trentza Azkoitian egiten zen, besteak beste, Epelde Larrinaga lantegian eta Alberdi y Compañian. Bilbon ere bazen Conchita izenekoa, Mutrikun Celaya, eta abar. Baina denak itxi egin ziren eta orain Arnedora, Errioxara, joan behar izaten dugu trentzaren bila. Abarketek azpian izaten duten goma ere handik ekartzen dugu. Trentza, ordea, tente xamarra izaten da eta berdintzeko zilindrotik pasatzen dugu. Gero bueltak emanez bilduta, zola osatzen da. Hori josteko makina berezi batera pasatzen dugu garai batean eskuz josten zuten emakumeek eta hortik irtetzen denari plantila deitzen zaio. Ondoren, beste makina batean, azpiko goma moztu eta trokelean goma hori zola edo plantilari itsasten diogu; beroarekin itsasten da. Horrekin amaituta geratzen da zola. Ondoren oihala mozten dugu. Egurrezko moldea oihal zatiaren gainean jarri eta zerrarekin moztu egiten dugu. Hortik atze eta aurreak ateratzen ditugu. Gero etxeetara eramaten ditugu eta emakumeek oihala zolari josten diote. Alpargatei gomazko zola jartzen diote. Goma horri forma emateko plantila da ikusten dena. Zolari goma itsasteko makina horretan sartzen dituzte. Horrek botatzen duen beroarekin itsasten da goma zolara. Zenbat emakumek egiten dituzte joste lanak? Orain gutxixeago ditugu, baina hamar edo hamabi aritu izan dira. Eibarren, Elgoibarren, Azkoitian eta Azpeitian ditugu. Beren etxeetan josten dute libre duten tarteetan. Gero semea, Juan Manuel,jasotzera joaten da eta eginda ekartzen ditu. Eta gero saltzera, ezta? Saltzera bai, ahal baldin bada. Non saltzen dituzue? Gipuzkoan eta Bizkaian gehien bat: Azpeitian, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Gernikan... Batez ere, hondartza inguruko herrietan. Zarautzen Euskal Jaietarako ere asko saltzen dugu. Bestela, guk zuzenean ez baina Lekeitiotik eta Algorta aldetik etorri izan dira erostera handik Ipar Amerikara bidaltzeko. Euskal Etxeetara eta bidaltzen dituzte. Behin, Argentinako Euskal Etxe batera bidaltzeko berrogei pare erosi zituzten. Tarteka, misiolari dabilen bakarren bat ere etorri izan da alpargatak Mexikora eta Ertamerikara eramateko. Horrela geratzen dira alpargaten zolak. Zolari tela erantsi behar zaio. Horretarako lehendik eginda dituzten patroiak hartu eta tela mozten dute. Egurrezko tabla horren gainean behar adina tela jartzen dute (kapa bat baino gehiago geratzen dira bata bestearen gainean) eta guztiak batera mozten ditu zerrarekin. Juan Manuel da. semea. Eskari bakoitzaren arabera, telaren kolorea, taila... hartzen dituzte kontuan. Gehiena hondartza inguruko herrietara saltzen duzuela eta, udaberrian izaten al duzue lan gehien? Bai, maiatza eta abuztua bitartean. Baina eguraldiak zerikusi handia du; eguraldi txarreko egunetan oinetako hauek ez dute balio. Hiru tresna mekaniko desberdin dituzuen arren esku lana da nagusi. Horiek baino teknologia berriagorik ez al dago? Ez, hauek baino modernoagorik ez dago. Trentzarekin zorua egiteko, manibelari eskuarekin ematen diogu eta badaude horretarako makina elektrikoak ere, baina modu batera edo bestera, forma eta lotura eskuarekin eman behar zaio. Lehen, goma itsasteko trokelik ere ez zegoen, ez zen gomarik jartzen. Guztiak gomarekin egiten al dituzue orain? Gehienak bai. Gomarik gabeak haitzetan arrantzan ibiltzeko eta erosten dituzte. Nahiago dute, gomadunekin labaindu egiten baitira. Adineko emakumeek ere eskatzen dituzte gomarik gabeak. Bihotzeko gaixotasunak dituztenek edo oinak handitzen zaizkienekerosten dituzte. Gutxi dira, baina tartean fortunatzen dira batzuk. Alpargatak dendetara dozenaka edo dozena erdika saltzen dituzte, horrela bilduta. Baina aurretik, lehen moztutako ohiala josi behar zaio zolari. Horretarako zenbait emakume dituzte. Alpargata bakoitza bostehun pezeta baino gutxiagon saltzen dute, baina dendetan ia mila pezeta balio ohi dute. Euskal Herrian ba al dago beste alpargatagilerik? Durangon eta Zornotzan bana. Azpeitian daudenek zorua bakarrik egiten dute, eta Irunen bada beste bat baina hark plantila eginda erosten du kanpoan. Gipuzkoan, abarketak osorik egiten dituen lantegi bakarra gurea da. Argazkiak: Lore Agirrezabal Euskonews & Media 148.zbk (2001/12/21 2002/01/04) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.