145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Elkarrizketa

Juan José Goiriena de Gandarias: "Kongresua nor garen, non gauden eta nora goazen aztertzeko ekitaldia da"

AGUIRRE SORONDO, Juan

Elkarrizketa: Juan José Goiriena de Gandarias Juan José Goiriena de Gandarias, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria "Kongresua nor garen, non gauden eta nora goazen aztertzeko ekitaldia da" * Juan Aguirre Juan José Goiriena de Gandarias 1996az geroztik da Eusko Ikaskuntzako lehendakari. Bost urtez Euskal Herriko Unibertsitatean errektore izandako 54 urteko Fisiologiako katedradun eta sendagile honek hasiera emango dio Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresuari, berau prestatzen eta antolatzen bi urte eman ostean. Hain zuzen ere euskal kultura eta zientziaren iragana, oraina eta geroari buruz hausnartzeko abagunea izango den Kongresuaren ildo nagusien berri eman digu Goiriena de Gandariasek elkarrizketa honetan. Zer da Eusko Ikaskuntza? Arlo zientifiko eta kulturaleko ikerketa, dibulgazio eta irakaskuntzara bideraturiko erakunde bat da, euskal kultura garatzen den lurraldeetan kokatua dagoena. Gure Elkarteak 83 urte daramatza bertokoa aztertzen, modu horretan jakintza unibertsalari bere ekarpena egiten. Eta, era berean, Euskal Herria ezagutzaren arlo guztietan parte hartzera bultzatzen du. Beraz, gure helburua euskal lurraldeetako maila kultural eta zientifikoa hobetzea litzateke, horrela aurrerakuntza eta kohesio soziala bultzatzeko. Zenbat bazkide dauzka, eta zeintzuk dira bere jarduera nagusiak? 3.000 bazkide inguru dauzkagu Eusko Ikaskuntzan, bere hamabost Sailetan barna desinteresatuki dihardutela. Urtez urte, lan handia egiten da diziplina bakoitzean: liburuak argitaratzen dira, ikastaroak, hitzaldiak eta foroak antolatzen dira, beka eta laguntzak ematen dira... Azkenaldian, sarean euskal kulturari buruzko edukiak sartzeko buru belarri ari gara lanean: ikastaro digitalak, argitalpen elektronikoak, elkartruke eta kontsultarako espazioak, etab. Horrela, garrantzi handiko hutsune bat ari gara betetzen. Eusko Ikaskuntzak tradizio luzea du aste honetako Kongresuaren modukoak antolatzen, ez al da hala? Hainbestekoa, gure Elkartea bera 1918an Oñatin izan zen Eusko IkaskuntzenI. Kongresuaren baitan sortu baitzen. "Ikasketak eta Euskal Herria maitatzen dituztenek" beren ikerketak jendaurrean azaltzeko helburuarekin antolatu zen Kongresu hura, eta baita euskal gizarte eta kulturari eragiten zioten gaiak eztabaidatzeko ere. Egia da ordutik hona asko aldatu dela egoera: gaur egun unibertsitateak dauzkagu, diplomatu ugari daude, eta sozial nahiz kulturalki egituratzeko erakundeak dauzkagu. Baina horrek ez du esan nahi euskal ikaskuntzei buruz arduratzen jarraitzen ez dugunik. Ikuspegi global bat hartuta, mundua nola ari den garatzen aztertu nahi dugu, abantailazko jarrera bat hartzeko. Esan nahi dudana da Eusko Ikaskuntzaren Kongresuek arretaz hartu dituztela gure gizarteak une bakoitzean planteatzen zituen egiazko premiak: batzuetan hezkuntza izan da, beste batzuetan hizkuntza, gai autonomikoak, Europan sartzea, edo, azkenaldian adibidez, informazioaren eta teknologia berrien gizartea. Azken honi dagokionez, aurreko bi kongresuak Teknologiari eta Ezagutzaren Gizarteari buruzkoak izan dira. Eusko Ikaskuntzaren apustua izango al litzateke alor hori? 1995eko XIII. Kongresuak "Zientzia, Teknologia eta Gizarte Aldaketa Euskal Herrian" izan zuen ardatz, eta 1997ko XIV.ak "Informazioaren Gizartea". Gai hauek ez ziren besterik gabe aukeratu. Arlo horietan atzeratuta geundela ikusi genuen, eta bultzada bat eman nahi izan genion gure gizartean teknologia berrien sorkuntzari. Era berean, gizarteari adierazi nahi izan diogu zenbateko garrantzia duen euskal kulturari buruzko edukiak mundu mailako informazioan txertatzeak. Teknologia berrien aurreko pasibotasuna gainetik kendu behar dugu, eta teknologia horiez baliatu behar dugu gure nortasuna eta ondarea kanpoaldean proiektatzeko. XV. Kongresuak diziplinaskotariko izaera garbia du, bere izenburuak berak azaltzen duen bezala: "Euskal zientzia eta kultura, eta sare telematikoak". Hori da. Milurteko berri batean sartu gara, eta errealitatea oso azkar ari da aldatzen, oso ondorio garrantzitsuekin. Hausnarketabat egin behar dugu zientzia, kultura eta artea Euskal Herrian zein egoeratan dauden ikusteko, eta martxan dagoen iraultzak nola eragin diezaiekeen jakiteko. Kongresuak, era berean, globalizazioaren ikuspegitik koordenada sozial, instituzional eta politiko berriak aztertuko ditu, eta horretarako nazioartean sona handia duten espezialistak izango ditugu gure artean. Labur esanda, XV Kongresua euskaldunok nortzuk garen, non gauden eta norantz goazen aztertzeko abagunea dugu. Globalizazioa, erakunde multinazionalak eta sare telematikoak aztertuko diren arren, Kongresuak gai antropologikoak ere izango ditu hizpide; oraintxe aipatu duzun "nortzuk garen" hori, alegia. Ikerketa antropologiko eta arkeologikoek beti garrantzi berezia izan dute Eusko Ikaskuntzan, eratu zenez geroztik.Gogoan izan orain nik betetzen dudan kargua urtetan on Jose Miguel Barandiaranek bete zuela, euskal antropologiaren aitzindariak. Baina arlo honek, gainerakoek bezala, jauzi teknologikoaren eragina jaso du. XXI. mendeko antropologiak ildo berriei jarraitzen die. Esate baterako, biokimikaren eta biologia molekularraren garapenak gizakiaren iragana hobeto ezagutzeko tresna eta metodologiak eskaini dizkigu. Sail honen izenburua, "Etorkizun bat gure iraganerako" izango da. Paperean behintzat oso erakargarria dirudi 3. Saileko proposamenak: "Gizarte zibilaren ahotsa Euskal Herrian". Gaur egun jende guztiak onartzen du herrialde baten heldutasun demokratikoa bere gizarte zibilaren sendotasunaren bidez neurtzen dela. Azken urteotan zabaltzen ari den ideia da globalizazioak ez duela kontu ekonomikoa bakarrik izan behar, baizik eta balioak ere ukitu behar dituela. Hau da, salgaien eta kapitalen zirkulazio askeak bere baliokideak izan behar dituela askatasunean, justizian eta ondasunen banaketan. Gizarte zibilen lehentasunetako bat, gizarte planetarioaren eredu berria gizaki gehienentzat onuragarria izatea da. Euskal Herrian oso aktiboa da elkarteen bizitza. Eusko Ikaskuntzak bezala elkarte zibila dena, beste erakunde askok ere instituzio publikoek bete gabe uzten dituzten hutsuneak betetzen dituzte. Kongresuan honako galderei erantzungo diegu: zeintzuk dira euskal gizarte zibilak milurteko berriaren atarian gainditu beharreko erronka eta oztopoak? Zein baliabide eta potentzialitate izango ditu etorkizunari begira? Kongresuan zehar, alor desberdinetan aldaketa soziala bultzatzearen alde lanean ari diren aktore sozialen ahotsa entzungo dugu, hala nola ekologismoan, nazioarteko elkartasunean, bazterketa sozial eta pobreziaren aurkako borrokan, lanerako eskubidearen alde, feminismoan, bakegintzan, euskararen alde, etab. Halako Kongresu batean, eta euroa zirkulatzen hasteko ezer gutxi falta dela ikusirik, logikoa dirudi Europaren eraikuntza ere mintzagai izatea. Jakina. Izan ere, koiunturalki gailentzen den "europtimismo" edo "europesimismo" az gaindi, kontinentea osatzen dugun herrialdeok batasun bat osatzen dugu. Dinamika mundialak horretara bultzatzen gaitu. Beraz, Europa berri bat eraikitzeko egin beharreko lanaren ondorioak atera behar ditugu Europako txoko honetan, eta testuinguru horretan nola txerta gaitezkeen pentsatu. Gogoeta etorkizunari begira egin behar dugu, ez iraganari begira bakarrik. Hizlarien maila ikusita, ziur nago sail honetatik ateratako ondorioak guztiz erabilgarriak izango zaizkigula. Arte eta letrei zuzenduriko sailetan, ikerlari eta teorizatzaileez gain, sortzaileak ere presente izango dira. Zein ekarpen egingo dutela itxaro duzue? XX. mendea urrezkoa izan da euskal artearentzat. Eskultore, musikari, interpretari, pintore, arkitekto, literato... apartak izan ditugu, mundu mailako ospea lortu dutenak. Eta XXI. mendea ere halako oparoa edo are oparoagoa izatea nahi baldin badugu, lehenbailehen hasi beharko dugu oinarriak finkatzea. Eta zeintzuk dira bada oinarri horiek? Arte eta letrak ezagutzaren gizarte bateko zati dira, eta ez zati txikiena gainera. Gainera, pentsamoldeen eta aurrerapen zientifiko teknikoen bilakaerak beren eragina izandute. Bistan da teknologiaren eta pentsamoldearen iraultza diziplina artistikoak aldatzen ari dela; eta ez hori bakarrik, baita ere Artearen kontzeptua eta bere egituraketa. Horri buruzko esperientzia eta iritziak plazaratuko dituzte, hiru egunetan zehar, arte plastiko, musika, eszena, zinema, literatura nahiz bertsolaritzako sortzaileak. Bukatzeko, zenbat parte hartzaile izango dira Kongresuan? Ehun inguru. Alemania, Belgika, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Britainia Handia, India, Italia, Portugal eta Suitzatik etorriko dira, eta, noski, euskal kulturaren lurraldetatik. Orain arte ospatu diren hamabost Kongresuetatik nazioartekoena izango dugula azpimarratu nahiko nuke. Euskal gizartea kanpora zabaltzearen sintoma bat litzateke hori. Argazkiak: Gernika Fotógrafos Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria