Elkarrizketa: Mikel Olaciregui Mikel Olaciregui, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria "Enpresa Zientziak ikasi nituen, ez zitzaidan inoiz burutik pasa Zinemaldian lan egitea, are gutxiago bertako zuzendari izatea" * Teresa Sala Zinezale amorratua izan da beti, mutiko koxkorra besterik ez zela Zinemaldiko kartel erraldoiek inurridura zirraragarria pizten omen zioten. Eta hala ere ez du inoiz Zinemaldiko zuzendari izatearekin amestu. Ametsa beraz pasaitar hau bizitzen ari dena, irailekoa izan da zuzendari gisa aurkeztu duen lehen Zinemaldia eta baikor mintzatu da, harro egindako lanarekin eta itxaropentsu hurrengo urteetako asmoei begira. Deustuko Unibertsitatean Enpresa zientzietan lizentziatu zen Mikel Olaciregui 1978an. 1986. urtean ETBk ekoizle gisa kontratatu zuen eta geroztik ikus entzunezkoen arloan jardun du. Hainbat zereginetan aritu zen Euskal Telebistako Produkzio Departamentuan, harik eta 1988an Miramongo Produkzio Zentruko Zuzendaritzaren Ordezkari izendatu zuten arte. Bi urte beranduago ETBko programen zuzendaritzaz arduratuko zen. 1986 funtsezko data izan zen Olacireguirentzat, urte berean hasi baitzen Zinemaldiarekin harremanetan. 1993az geroztik Zinemaldiko gerente dugu, 99an zuzendariorde izendatu zuten eta aurten hartu du zuzendaritzaren testigua. Zeintzuk izan dira amaitu berri den Zinemaldiaren nondik norakoak? Zein zapore gelditu zaizu? Zinemaldia oso gertu dago oraindik eta ikuspegi falta bat somatzen da. Hamar egunak izugarri sakonak izan dira, oso indartsuak eta intentsitate handikoak, momentuz ezin dezakegu behar bezalako balorazio bat egin. Aipagarria izan da komunikabideen aldetik izan dugun harrera eta baita euren jarrera ere. Azken finean, Sail Ofiziala eta Zabaltegi ongi baloratuak izan direla uste dut, pelikulak izan dira nagusi, hori da guk lortu nahi genuena. Ikuslegoari dagokionez ere emaitza ezinhobeak izan ditugu, zine aretoak gainezka egon dira. Momentu honetan pozik egoteko arrazoiak ditugu soilik. Hala ere, gureaneta beste hainbat zinemaldi eta mostretan gertatzen den legez, epaimahaiaren azken erabakiak ondoeza sortu du. Komunikabide gehienek desadostasuna adierazi dute Urrezko Maskorrarekin, "Taxi para 3" filme txiletarrak irabazi duenarekin alegia. Beste sari guztiei, aldiz, ongietorri beroa egin diete. Egia esan, Urrezko Maskorrarekin gertatutakoa nahiko xelebrea iruditzen zait, are xelebreagoa kontutan hartuz gero pelikula eman zuten lehen egunean txaloak entzun genituela. Egia da hainbat komunikabideen iritziz pelikula hobeagoak zeudela, baina Epaimahaia bere erabakien jabea da, gainera ez du ez gure aldetik eta ezta prentsa aldetik ere inongo eraginik izan. Askatasun osoz erabaki zuten sari nagusia filme honi ematea eta errespetagarria da. Epai mahaikide guztiak ospea dute zineman egindako lanagatik, beraz, euren erabakia onartzea, besterik ez zaigu gelditzen, nahiz eta gustukoa ez izan. Gure kuttunak nahi ditugu irabazle, maiz gertatzen zaigu hori, Oscar edo Goya sariak banatzen dituztenean adibidez. Baina jokoaren arauak errespetatu behar dira. Mikel Olaciregui Claude Chabrol, Epaimahaiko Presidentea, agurtzen. Pilar López de Ayala aktore gazteak, aldiz, txaloak besterik ez zituen jaso "Juana la Loca" pelikulan egindako lanagatik... Bai, egia da oso txalotua izan zela. Hogeita hiru urte besterik ez ditu eta sari honek sona eta indarra emango diolakoan nago. Hurrengo urteetan askoren ahoan egongo da bere izena. New Yorkeko atentatua dela eta Hollywoodeko izarren falta nabaria izan da. Hala ere, ez duzu uste Zinemaldi batek beste mantenugai batzuk izan behar dituela? Noski baietz. Irailaren 11n World Trade Centerren gertatuko atentatu lazgarriari aurre egin genion, berehala ikusi genituen etorriko zitzaizkigun ondorioak. Hainbat aktore ezberdinekin harremanetan geunden, eta euren berri izan bezain laster erabakiak komunikabide ezberdinetan zabaldu genituen. Gainera, ezin da esan izarrak izan ez ditugunik, Harvey Keitel gure artean izan da, eta baita hain ezagunak ezdiren europar zinemagile asko ere. Ohorea izan da guretzat Chereaux edo Viveira bezalako zuzendariak etortzea, izen handi guztiak ez aipatzeagatik. Azken egunean Düzgün Ayhan aktore kurdua atxilotu omen zuten Sondikako aireportuan. Bera izan zen Zinemaldiko aktore onena eta ez zuen saria jaso... Oso egoera zaila eta ezatsegina izan zen guztientzat. Guretzat gonbidatu batek arazoak izatea, edozein motatakoak, ez da batere onuragarria, ondoeza eragin zigun gertatutakoak eta berriz gerta ez dadin neurriak hartuko ditugu. Hala ere, bagenekien errefuxiatu politikoa dela Suitzan, eta estatus horrek berezi egiten duela. Dena den, bihotzez sentitzen dugu Ayhanek bizi izandako amets gaiztoa eta gure sentimenduak adierazi dizkiogu. Zuzendari bezala bizi izan duzun lehen Zinemaldia izan da hau. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Erabat ezberdina, momentu onak eta larriak igaro ditut, baina une larriak azkar ahazten dira. Une berezi eta hunkigarriak asko izan dira. Epaimahai ofizialeko kideak pertsonalki ezagutzea aukera itzela izan da niretzat; Claude Chabrol, Giuseppe Bertolucci, Yvonne Blake, Florinda Bolkan... Guztiak, artista handiak izateaz gain oso pertsona sentiberak dira. Chabrolekin lasai eta luzez hitz egitea faltan somatu dut. Bi aldiz bazkaldu dugu elkarrekin eta maiz gurutzatu izan gara, baina ez dugu zinemaz eta bizitzaz hitz egiteko aukerarik izan. Zinemaldia zoramena da eta ez dago ezertarako astirik. Jarrera ikaragarria eta azkartasun itzela Harvey Keitelek erakutsi dit. Bere herrian bizi den egoera larria ahaztu gabe, etortzea erabaki zuen eta bi arrazoi nagusi zituela esan zidan: bere pelikula defendatzera etorri zela komentatu zidan, batetik, Estatu Batuetan bizitzen ari den paranoia gainditu egin behar delakoan zegoen; bestetik, erasotzaileei bigarren garaipen bat oparituko geniela bestela. Normaltasunera itzultzeko apustua egin zuen aktoreak. Mikel Olaciregui eta Mike Figgis, "Hotel" filmearen zuzendaria. Hurrengo urteko Zinemaldia berezia izango da.Berrogeita hamar urte beteko ditu eta gainera aurtengoan etorri ez diren izarrek Donostia Sariak jasoko dituzte, Julie Andrews edo Warren Beatty adibidez... Baditugu hurrengo ediziorako hainbat asmo eta proiektu baina oraindik garatu gabe daude. Duela bi urte hasi ginen hainbat argazki biltzen eta sailkatzen, lan horren fruitua izan da "Mila irudi" erakusketa. Joan den urteko Zinemaldian Kursaalean egon zen ikusgai eta aurtengoan estatuko hainbat hiri bisitatu ditu. Irudi guzti hauek liburu batean bilduko dira hurrengo urtera begira. Beste ekintza berezi batzuk ere antolatuko ditugu baina funtsean beste edizio arrunt bat izango delakoan nago. Sail Ofizial on eta aberats bat ekartzen ahaleginduko gara, Zabaltegik izugarrizko arrakasta izan du azken urteotan eta hori mantentzen saiatuko gara. Pertsonen adinarekin bezala gertatzen da, badirudi data batzuk besteak baino askoz garrantzitsuagoak izan behar direla, eta azkenean ez da ezer berezirik gertatzen. Noiz hasten da Zinemaldi baten antolakuntza? Nolakoa da prozesua? Urriaren amaieran zuzendaritza batzordeko kideok amaitu berri den edizioaren balorazioa egingo dugu eta berehala hasiko gara hurrengo urteko zinemaldiaren diseinuarekin. Opor labur batzuk ere hartzen ditugu, noski, baina otsailetik aurrera buru belarri sartzen gara filme ezberdinen aukeraketa lanetan. Aurtengo Zabaltegin, adibidez, Berlinalen aurkeztutako pelikulak ikusteko aukera egon da, ("Intimacy", "Beijing Bicycle" eta "La Ciénaga"). Beraz, otsailetik aurrera pelikulak ikusten hasten gara eta Donostiara zeintzuk ekarriko ditugun aukeratzen. Sei hilabetetan zehar hamabi pertsona gaude lanean eta Zinemaldiko egunetan laurehun langile inguru biltzen gara. Zinezalea zara betidanik baina imajinatu al zenuen noizbait Donostiako Zinemaldiko zuzendari izatera helduko zinenik? Ez, ezta nire ametsetan ere ez. Gaztetxo bat besterik ez nintzela hasi nintzen Zinemaldia bisitatzen. Sail Ofizialeko pelikulak ez ezik, zentsurako urte haietako Sail Informatibokofilmeak ere ikusten nituen. Getaria kaleko Merkatu proiekzioetan ordaindu gabe sartzen nintzen lagunekin. Kaleko irudi eta kartelak ikusteak sentsazio ikaragarriak sortzen zizkidan, pentsa beraz... Ekonomia ikasketak egin ditut gainera, ez zitzaidan inoiz burutik pasa Zinemaldian lan egitea, are gutxiago bertako zuzendari izatea. Ba al duzu pelikula edo aktore kuttunik? Niretzat Billy Wilder da maixua. Komedia egin zuen eta zineman komedia da gehien gustatzen zaidan arloa. Badakit topiko bat dela baina niretzat ikaragarria da, bere pelikula guztiak ditut gustuko. Zein aktore gonbidatuko zenuke Donostiako Zinemaldira? Ezinezkoa da dagoeneko, baina nire ametsak elikatu eta nire zoramena kolorez jantzi duen aktorea ekarriko nuke: Ava Gardner. Harvey Keitel, Mikel Olaciregui eta Tim Blake Nelson (The grey zone). Pertsonaia eta aktore famatu asko ezagutuko dituzu, nolako harremana izan duzu beraiekin? Gogoratzen al duzu anekdota berezirik? Robert de Niro eta Harvey Keitel, azken urteotakoak aipatzeagatik, nahiko antzekoak direla esango nuke. Lanean daudenean, prentsa aurrekoak ematen dituztenean edo argazkilarien menpe daudenean eskatu zitzaien guztia egiten zuten. Baina biek argi utzi zuten ez zutela nahi jendea eta kamerak atzean izatea egun guztian zehar. Oso zorrotzak dira alor honetan eta ondorioz, komunikabide ezberdinetan pertsona zakarrak bailiran deskribatu dituzte. Arrazoi eta funtsik gabe. Harvey Keitelekin sagardotegi batean afaltzeko aukera izan nuen, solasaldi luzea izan genuen eta izugarri jatorra iruditu zitzaidan, zintzoa. Kamera bat ikusi zuen, Zinemaldikoa zen gainera, eta berak ez zuela nahi esan zigun. Inongo arazorik gabe kendu eta solasaldiarekin jarraitu genuen. Jendea begirune osoz tratatu zuen. Oso pertsona normalak dira. Euren inguruan marketing arduradunak etabar daude, eta hauekin bai dela zaila lan egitea, ez aktoreekin. Zein egoeratan ikusten duzu Euskal Herriko zinema? Asko eta indarrez bultzatu behar den zerbait daukagula uste dut; sormena.Estatu mailan lanean ari diren hainbat zuzendari euskaldunak dira: Julio Medem, Alex de la Iglesia, Montxo Armendariz... Ez genuke zerrenda amaituko. Estatuan ez dago herrialde parekorik. Momentuan, gazteen artean eta batez ere laburmetraiak egiteko orduan, sormen ikaragarria dagoela uste dut. Zoritxarrez zaila da, eta gero eta zailagoa ari da izaten, merkatuko arrazoiak direla medio, euskarazko pelikulak egitea. Bertako zinemagile gazteak Madrilera joaten dira lan egitera, hau da gure drama. Poza litzateke, zinezaleak, zinemagileak eta zinea sortzeko ahalmena dugula. Argazkiak: Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko artxiboa Euskonews & Media 140.zbk (2001/10/19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.