135 Zenbakia 2001-09-14 / 2001-09-21

Elkarrizketa

Juan Bautista Berasategi: "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik"

IRAETA USABIAGA, Ainara

Elkarrizketa: Juan Bautista Berasategi Juan Bautista Berasategi, animazio zinemako ekoizlea eta zuzendaria "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik" * Ainara Iraeta Usabiaga 25 urte igaro dira Juan Bautista Berasategi animaziozko zinearen munduan murgildu zenetik. "Ekialdeko izarra" (1977) marrazki bizidunen laburmetraiarekin eman zen ezagutzera. 1979an, bere hurrengo lanarekin, "Fernando Amezketarra" Dokumental eta Laburmetraien XXI. Nazioarteko Lehiaketan lehen saria irabazi zuen. Ordutik ekoiztu dituen animaziozko pelikulak ugari izan dira. Horien artean "Kalabaza tripontzia"(1985) "Balleneros"(1991) eta "Ahmed, Alhambrako printzea"(1996 97) dira bere lanik ezagunenetakoak. Jendeak hura euskal zinea ote zen galdetzen zion baina Juanbaren iritziz,"esperimentazioa zen, euskal zinerik ez baitzegoen garai hartan". Animaziozko zinearen inguruan mugimendu berri bat sortzen ari dela eta Disney monopolioa ikaratzen ari dela ziurtatzen du; Euskal Herrian ere, horren seinale, azken Goya sarietan, animaziozko filmeen kategorian lau luzemetraietatik, hiru euskaldunak zirela. Hala ere, euskal animaziozko zinearen osasuna hobetzeko, zinea industri bezala onartua izan behar dela aldarrikatzen du eta horretarako neurriak hartu beharko liratekeela. Nolakoa da animaziozko filme baten ekoizpena? Berez lan astuna da, nahiz eta azken urteotan teknologiarekin prozesua leuntzea lortu den. Lehenengo zatian gidoia eta kontatu nahi dugun istorioa aukeratu eta adostu behar da, istorioa ongi definitu; ondoren, "Story board"a landu behar da, istorio hau paperean jaso. Pertsonaiak eta dekoratuak finkatzeko egiten den definizio lana da, animaziozko zinean ez baitugu aktorerik. Ondoren dialogoak grabatu behar dira, pertsonaien hizkera eta elkarrizketen erritmoa ezagutzeko eta honen arabera, pertsonaiei mugimendua eman ahal izateko. Gero pertsonaia eta dekoratuen "Biblia" bezala ezagutzen dena egiten dugu. Pertsonaia bakoitza lantzen da: Nola haserretzen den,nola egiten duen irripar, nola mugitzen dituen eskuak, begiak; hizkera alaia duen.... Pertsonaiak egoera guztietan izango lukeen portaera eta erreakzioa definitu behar dugu. Hau da aurreprodukzio bezala ezagutzen dena. Gero produkzioa dator: guk ez dugu produkziorako gaitasunik, ez eta behar diren tresna eta baliabideak; beraz, beste enpresa batek egiten du lan hau. Enpresa hartan guk nahi dugun ideia hori behar bezala ulertzea eta guk nahi ditugun pertsonaiak eta dekoratuak egitea da lortu behar duguna. Horregatik, aurreprodukzioak garrantzi handia du eta ematen diegun informazioa ahalik eta zehatzena izan behar da. Produkzioa da lanik gogorrena, marrazki guztiak egin eta orain konposizioa ordenagailuz egiten da. Produkzioaren fasea amaitu ostean, postprodukzioa dator, musika jarri, ahotsak etab. Zenbat denbora behar da honelako pelikula bat ekoizteko? Ni hasi nintzenean, "Kalabaza tripontzia" egiteko hiru urte behar izan genituen. Orain aldiz, teknologiarekin prozesua aldatuz doanez gero, urte bat eta erdi iraun dezake ekoizpenak, gutxi gora behera. Nola lor daiteke produktu hau errentagarri izatea? Produktu hau, beste edozein produktu bezala, munduan saldu beharra dago. Produktua saltzeko dela kontuan izanik, zure pelikula nora eta nori zuzendua dagoen edo zuzendu behar diozun ezagutu behar duzu, merkatua ezagutu. Adibidez, Lazkao Txiki edo Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak euskaldunentzat izango dira baina hemendik kanpo saltzea ez da erraza. Horregatik aurrekontua mugatua izango da, merkatua ere mugatua delako. "Ahmed, principe de la Alhambra" bezalako produktuak aldiz, dituen elementu eta pertsonaien arabera, merkatu zabalago batetara irits daitezke eta horregatik, erabiltzen den dirua gehiago izanik, eragin zuzena izango du marrazkien kalitatean. Istorioaren arabera produktua unibertsalagoa izan daiteke edo mugatuagoa, eta horren arabera saldu. Guzti horrek, egin nahi duzun pelikula mugatuko du, jai baituzu produktua saldu ezinik geratzen bada. Horregatikposibleak diren istorioak kontatu behar dituzu, eta ez zuk zerorrek nahi zenituzkeenak. Finantza arloa, erabakigarria da. Eta finantza mugarik ez bazenu zein pelikula egitea gustatuko litzaizuke? Egin nahiko nituzkeen pelikula eta proiektu ugari gordeta ditut. Istorio bat baino gehiago jarriko nuke nik pantailan, Euskal Herrian gai kopuru izugarria baitugu. Momentuz ez dut aukera hori, beraz, ez dut kezka handirik. Zer egin dezake Loturafilms bezalako enpresa batek Disneyren aurrean? Disney argi dago monopolioa dela alderdi guztietan, aurrekontu aldetik duen nagusitasunarengatik, eta honek, noski, kalitatean duen eraginarengatik. Bestalde, zine pantaila guztiak okupatuak dituzte. Azken urteotan fenomeno polita gertatzen ari da; adibidez "South Park" bezalako marrazki arras itsusiek, arrakasta izugarria izan dute eta Disney beldurtu egin da. Arazo nagusienetako bat zine aretoetara zure pelikula eramatea izaten da, ez baita batere erraza. Hau politika kultural administratiboarekin lotura zuzenean dago; frantsesek adibidez, lehenengo eta behin Frantzian ekoizturiko filmak jartzen dituzte zine aretoetan, bertan ekonomiaz gain, elementu kulturala ere baitago. Askotan produktu onak izanda ere, erakusteko aukerarik ez da izaten leku askotan. "Karramarroen uhartearen" aurrekontua 130 milioietakoa izan zen eta "Dinosaurios" ena berriz 14 mila milioikoa. Disney k, adibidez marketing ean aurrekontuaren erdia gastatzen du, eta beste erdia, pelikula egiteko. Bestalde, ekoizpen prozesuan, Disney k 5 aldiz grabatzen ditu sekuentziak gero bakarrarekin, onenarekin gelditzeko. Estatu Batuetan zinemak aereonautikak edo ejerzitoak baino gehiago fakturatzen du. Ameriketan zineak ez du dirulaguntzarik jasotzen, estatuarentzat industri estrategikoa baita. Euskal Herrian ordea, zinea ez da industri bat, produktu kulturala da. Eta hemen aurrekontuaren zenbatekoa gastatzen da publizitatean? Asko jota %30 gastatzen da. Oso gutxi, minimoa da. Izugarrizko lana egiten duzu, adibidez, "KalabazaTripontzia" pelikulan bezala, hiru urtetan zehar, eta gero, ez duzu ezagutzera emateko dirurik, beraz, zure lana ez da errentagarria. Animaziozko zinea, zerbitzu bat bezala planteatzen ez baduzu, ez da errentagarria Euskal Herrian. Dirulaguntzarik gabe, gaur egun ezin da animaziozko filmerik egin, fenomeno kulturala bait gara eta ez industri bat. Elementu industriala izateko administrazioak pauso bat eman beharra du eta ez genituzke dirulaguntzak jaso beharko. Industri bat bihurtzeko behar dugu laguntza, eta ez ekoizpenak egiteko. Kalabaza Tripontzia. Lortuko al du zure ustez Euskal Herrian zineak industri bat izatea? Bai, nik uste dut baietz. Gobernuak pauso bat eman du honezkero. Azken Goya Sarietan lautik hiru pelikula animaziozko zinemaren kategorian euskaldunak izan ziren. Eusko Jaurlaritzak hauxe ikusi du eta orain "jeinua"esnatu beharra du, bertan dagoen harrobi potentzial hau explotatu. Lehen mugimenduak ematen hasi dira. Gure arloan ez dugu orain izugarrizko fakturaziorik baina kontuan izan behar da, zinearekin herria saltzen dugula, eta mundu osoan sal dezakegula. Horregatik, sail berezi edo institutu bat behar dugu; bertara turismokoak, kulturakoak, industriakoak bildu beharko lirateke eta egoera aztertu. Zinearekin ere Euskal Herria saltzen ari gara eta ez da kontuan hartzen. Eta ez al du animaziozko zinemak inbertsio pribaturik? Errentagarria ez bada jendeak ez du inbertituko. Gainera hainbeste denbora behar baduzu produktua egiteko, eta gero ez baduzu zine aretorik erakusteko... Irteerarik gabeko zuloa dirudi. Hala ere, esan daiteke Euskal Herrian egoera pixka bat aldatzen ari dela? Azken Goyetan animaziozko zinearen kategorian, 4 aukeratuetatik, 3 euskaldunak ziren. Euskal Herria arlo honetan erreferente garrantzitsu bat bihurtzen ari da, ez soilik estatu mailan, Europa mailan ere bai. Ez da azalpen logiko handirik, ez dakit zergatik gertatzen ari den mugimendu hau Euskal Herrian. Esan daitekeen bakarra euskaldunak oso langileak garela da, lana etakalitatearen arteko erlazio oso ona lortzen dugula. Profesional mailan nola dago egoera? Euskal Herrian dagoen jende guztia lanean ari da, lanpostu ugari daude, baina ikasketak burutzeko aukera gutxi daude. Lan egiteko aukera badago, baina hezkuntza ez dago erregelaturik. Honek ere aldatu beharko luke, zeren lan harrobi galanta izan daiteke. Mondragon Unibertsitatearekin hizketan ibili ginen eta eskola ofizial bat beharko genuke. Hezkuntza eta ikasketen aldetik egoera aldatzea ere lortu behar dugu, eskola publiko bat beharko genuke. Zertan ari zarete orain? Orain andaluziar batzuekin proiektu batean gabiltza. Aurrekontuaren %75a andaluziarrek jarri dute eta gainerakoa guk."Ahmed, Alhambrako printzearen" 2. zatia izango da. Argazkiak: Ainara Iraeta Usabiaga Euskonews & Media 135.zbk (2001 / 9 / 14 21) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria