Elkarrizketa: Robert Laxalt Robert Laxalt: Idazten zuen euskalduna "Ni ez naiz euskal jakintsua edota euskal idazlea; idatzi egiten duen euskalduna besterik ez naiz" * David Río Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies ek Renon argitaratzen duen Newsletter aldizkaritik ateratako elkarrizketa da jarraian irakur daitekeena. Gure eskerrik beroenak David Ríori eta Center for Basque Studies en lan egiten duten guztiei, Jill Berner i bereiziki. Elkarrizketa hau Robert Laxalten omenez ematen da argitara, hark Eusko Ikaskuntzarekin izan zuen harreman on eta jarraiarengatik. Hain modu apalean deskribatzen zuen Robert Laxalt ek bere burua Estatu Batuetan euskal ikerkuntzaren hedapenean izan zuen eginkizunari edo euskal kulturarekiko bere ekarpen literarioari buruz galdetzen ziotenean. Apaltasun handi hori izan zen Bob Laxalt en ezaugarrietatik gehien harritu ninduena 1995eko udaberrian lehendabiziko aldiz elkarrizketatu nuenean. Garai hartan jada ezagutzen nuen bere ibilbide literario ikusgarria eta benetan miresten nuen euskaldunei buruzko irudimen biziko idazkiengatik. Ondoko urteetan, 2000ko irailean azken aldiz ikusi nuen arte, ia uda guztietan Bob bisitatzeko aukera pozgarria izan nuen eta bere gizatasun sakona ere ezagutu nuen. Denboraren poderioz, Robert Laxalten ekarpen literarioaz nuen mirespena bere aparteko giza balioekiko nuen errespetuarekin parekatu egin zen. Robert Laxalt ekin izan nituen elkarrizketa luze horietan, hasteko bere euskal sustraietaz galdetu nion eta, horrez gain, batez ere euskaldunei buruzko literatur lanetaz hitz egin genuen. Bere lana ikusita, ezin dugu ahaztu Robert Laxalt ez zela "idatzi egiten zuen euskalduna" besterik gabe, aitzitik Estatu Batuetan euskal etorkinen ahotsa ere bazen, "Sweet Promised Land" (1957) bere maisu lanean eta Indart familiari buruzko aparteko trilogian erakutsi zuen bezalaxe. Azken trilogia hori hiru nobela hauek osatzen dute: "The Basque Hotel" (1989), "Child of the Holy Ghost" (1992) eta "The Governor'sMansion" (1994). Horiez gain, antzeko trebetasun artistikoa erakusten zuen fikziozkoak ez ziren liburuetan Euskal Herriko betiko bizitza deskribatzen zuenean, esaterako: "In a Hundred Graves: A Basque Portrait" (1972), "A Time We Knew: Images of Yesterday in the Basque Homeland" (1990) edo "The Land of My Fathers: A Son's Return to the Basque Country" (1990); edota "A Cup of Tea in Pamplona" (1985) nobelan. Berez, Robert Laxalt euskaldunok Ameriketan zein Euskal Herrian izan ditugun esperientziei buruz idatzi duen amerikar autorerik trebeena dugu. Euskaldunen interpretari literario gisa erdietsitako lorpen handiak aztertzeko neukan interesaz gain, Bob en betiko apaltasunak zenbait kasutan ez zion uzten bere idazlanei buruz gehiegi hitz egiten. Gogoan daukat elkarrizketa luze horietan zehar noizean behin zera esaten zidala: "Utziezu nire lanei hitz egiten!". Dena den, bere euskal sustraiaz eta liburuez zioena entzutea hain interesgarria zenez, ez nuen eskaera hori aintzat hartzen eta orduak ematen genituen kontu horiei buruz hitz egiten. Ondoko pasarteak 1995ean izan genuen elkarrizketaren zatiak dira. Bertan laburbiltzen dira bi arlo nagusiak, bere arbasoen herriarekin zuen lotura estua eta bere konpromiso literarioa euskaldunei buruzko irudi leiala eskaintzearren. Laxalt jauna, hasteko deskriba al ditzakezu zure euskal sustraiak eta zure familiak Estatu Batuetan izandako esperientziak? Tira, nire aitarekin Euskal Herrira joan nintzenean, 1950ko hamarkadan alegia, guztiz txundituta geratu nintzen, ez nuen ezer ere ezagutzen Euskal Herriari buruz, ezer ez bere historia edo kulturari buruz. Hala ere, nire lehen hizkuntza euskara zen. Nire anaia Paul ek eta nik euskaraz hitz egiten genuen euskal etxaldetan bizi ginenean. Baina Carson City ra bizitzera joan eta eskolan hasi ginenean, umeen artean inork ez zuen euskaraz egiten, eta horrela eskola utzi behar izan genuen. Eta garai hartan kutsu etniko hori ez zuten gogoko. Orain bai, baina orduan ez zen hala gertatzen. Beraz,euskara ahalik eta bizkorren ahaztu egin genuen. Noiz hasi zinen zure euskal sustraiak aztertzen? Aitarekin Euskal Herrira joan nintzenean, leku hartaz maitemindu egin nintzen. Ezin nuen inor imajinatu ere egin herri zoragarri hartatik alde egiten. Ez zuten ezer aintzat hartu, ia denak pobreak baitziren eta han ez zuten inolako aukerarik. Baina ni basamortuan hazi nintzen, eta horrela hara ailegatu nintzenean zoratzen nengoen. Ezin nuen ezta sinistu ere egin. Betidanik han izan nintzela sentitzen nuen. Nire herri oroimenean hor nonbait sartuta neukan. Gainera, Euskal Herriko jendea zoragarria da. Inoiz ez nintzen baztertuta sentitu. Nire gustuko jendea zen: indartsuak ziren eta zintzoak. Han izan ginen bigarren aldian, Garazira joan ginenean, hain hutsune handia sumatu nuenez, garrasi ere egin nuen. Ez naiz hala nola garrasi egiten hasten. Herria maite dut. Noiz eta zergatik pentsatu zenuen Euskal Herriak eta euskal etorkinen esperientziak Estatu Batuetan Amerikako irakurleen arreta erakar zezaketela? Berez, zure lehendabiziko liburuak, "Violent Land: Tales the Old Timers Tell" (1953), ez dauka inolako zerikusirik gai honekin. Oh, ez, eta gauza bera gertatzen da A Lean Year and Other Stories (1994) liburuarekin. Horietako gehienak ez dira euskaldunak, amerikarrak dira. Berez, Sweet Promised Land idatzi arte ez nintzen nire euskal aldiarekin hasi, baina oso zaila izan zen New York eko argitaratzaileei euskaldunei buruz idazteak benetan merezi zuela sinestaraztea. Argitaratzaileek dirua eta merkatua besterik ez daukate buruan eta inguru horretan ez zegoen euskaldunik. Horrela, etsita geratu nintzen. Hasieran, ezin nuen ulertu ere egin zergatik ez zuten inolako interesik euskal gaiak ezagutzeko. Dena den, orduan, Bill Douglass ek esan duen bezalaxe, hori nire mesederako izan zen Sweet Promised Land etorkinei buruzko liburua bilakatu baitzen. Berez, ez zen euskaldunei buruzko liburua, ez nuelako gauza askorik ezagutzen euskaldunei buruz. Baina liburuak hain arrakastahandia izan zuenez, esparru berri bat ireki zuen eta beste euskaldun batzuk ere idazten hasi ziren eta euskaldunak ez zirenak ere idazteari ekin zioten. Zure ustez, "Sweet Promised Land" liburuak, nobela ez bada ere, halako arrakasta izan zuen fikziozkoa ez den istorioa modu pertsonalean eta bihotzez kontatzen duelako? Inoiz ez dut aztertu zergatik izan zuen arrakasta. Niretzat txundigarria izan zen. Urte bete eman nuen liburu hori hasi nahian. Azkenean, idazten hasi nintzenean, ia bertan behera uzteko prest nengoen. Ezin nuen nobela bezala idatzi hor tartean zerbait falta zelako. Nire ustez, Euskal herrira egin nuen bidaiaren bizitasunak benetan hunkitu egin ninduen. Nik esango nuke niretzat aurkikuntza baten istorioa izan zela, baina inoiz ez nuen bide horretatik jo, berez hori nire aitaren istorioa zelako. Orduan beste behin saiatuko nintzela esan nuen nire artean, eta papera eta idazmakina hartu nituen. Ez nintzen pentsatzen ari, eta zera idatzi nuen: "Nire aita artzaina zen eta mendietan bizi zen". Gero lerro hori idatzi nuenean eta zer idatzi nuen sumatu nuenean, liburua eskuratu nuela konturatu nintzen. Oro har, zein izan zen irakurleen erantzuna "Sweet Promised Land" irakurri eta gero? Esan genezake etorkinen artean harrera hobea izan zuela, batez ere Estatu Batuetako euskal etorkinen atean? Bueno, hasieran, kritikak. Komentario pila bat kaleratu ziren. Toki guztietatik ailegatu ziren, New York Times eta bestelakoak. Eta gero Ingalaterran segitu zuen. Ez nuen horrelakorik espero. Eta euskaldun amerikarren harrerari dagokionez, hasieran zalantzan nengoen, gogoko ez zutelakoan bainengoen, eta aitaren jarreraz ere zalantza handiak neuzkan. Baina euren erantzuna ikusgarria izan zen. Beste etorkinei ere liburua gustatu egin zitzaien, baina euskaldun amerikarrek liburua maite zuten. Behin zera esan zenuen: "Oso lan zaila da euskaldunei buruz edota beste herrialderi buruz idaztea jendea bere herrian bertan ikusi ez baldin baduzu". Zer eragina izan zuten zure laneanEuskal Herrira egindako bidaiek? Hemengo euskaldunak ezagutzen nituen, baina herrialde honetan ezagutzen nituen euskaldunei beti zerbait falta zitzaien. Zikloa ez zen erabat osatu. Aparteko zerbait sumatzen da jendea bere sorterrian eta bere lagunekin ikusten denean, han eman nituen bi urtetan ikusi nuen bezalaxe. Euren erreakzioak ikusi nituen eta hemen zein erreakzio ezberdinak zituzten sumatu nuen. Hemen beti beste etorkinak bezalakoak dira, hots, hemengoak ez balira bezala jokatzen dute. Eta benetan pentsatzen baduzu, ez dira hemengoak. Zure liburu gehienetan Euskal Herriko irudi positiboa eskaintzen duzu, idilikoa ere badela esan daiteke, "A Cup of Tea in Pamplona" eta "Child of the Holy Ghost" liburuetan izan ezik. Ados al zaude horrekin? Oh, zintzotasunez jokatu nahi nuen Euskal Herriari buruz idatzi nuenean. Bueno, Child of the Holy Ghost idatzi nuen nire sorterrian gertatzen ari zenaz kezkatuta nengoelako. Benetan sentitzen nuen. Ez nuen herriaren irudi krudela eskaini nahi. Gauzak horrelakoak ziren besterik gabe. Hori ere niretzat ona izan zen objektibotasuna eskaintzen baitzidan. Ikusi nuen krudeltasuna ere eman zitekeela eta gogora etorri zitzaizkidan Ingalaterra eta Irlandako gertakariei eta herrixketako bizitzaren krudelkeriari buruzko irudiak. Beraz, horrek guztiak eragina izan zuen. Eta A Cup of Tea in Pamplona benetako bizitza izan zen, hau da, jendeari ez zitzaiola aukera bat ematen ikusi nuen, pobrezia ... Ikuspegi zintzoa da. Euskal Herria eta euskaldunak maite ditut, baina horrek ez du esan nahi oker daudela esateko eskubiderik ez daukadanik. Bestela, ezin izango nuke zuzen jokatu. Azkenik, etorkizunari begira nola ikusten duzu euskaldun amerikar belaunaldi berriek euskaldunei buruz egindako idazlanak? Berez, ezin dut esan zein izan daitekeen belaunaldi berrien jokaera etorkizunean. Badirudi gazte jendea euren arbasoez interesatzen ari direla gero eta gehiago. Monique (Laxalt, Robert en alaba), adibidez, Euskal Herriarekin eta euskaldunekin identifikatzenda, eta oso ondo idatzi dezake. Eta beste batzuk ere gauza bera egin dezakete kutsu zaharkitua, erromantikoa edota exotikoa emanez, baina oro har ezin dut gehiago esan. Ezin dut etorkizunari buruz hitz egin arbasoekiko maitasuna pertsona batzuengan ematen delako eta beste batzuengan aldiz ez. Baina Monique bezalako idazleak sortzen diren heinean eta bera taxuzko idazlea da nik uste dut baikorrak izan gaitezkeela etorkizunari begira. Robert Laxalt eta David Río, Laxalten Carsan City ondoko etxean (Nevada). David Río Gasteizen Euskal Herriko Unibertsitateko Amerikako Literaturako irakaslea da. Sweet Promised Land: Dulce Tierra Prometida liburuaren gaztelerazko argitalpenean sarrera idatzi zuen, duela gutxi Ttarttalo k argitaratu duen edizioan alegia. Robert Laxalt idazlea, euskal etorkinen semea, 2001eko martxoaren 23an hil zen Renon, Nevadan, 77 urte zituela. Laxalt Nevadako Unibertsitateko Argitaletxearen zuzendaria izan zen berau sortu zenetik, 1961etik, erretiroa hartu zuen arte, 1983ra arte alegia, eta gainera zeregin handia izan zuen Euskal Ikerkuntzarako Zentroa osatzerakoan. Haren oroimenez martxoaren 28an eginiko ekitaldian, UNR ko Presidente ohiak, Joe Crowley k esan zuenez, Laxalt "Nevadako autore handienetako bat zen" eta "hiriko pertsonaia handia izanik, unibertsitateak pribilegio handia izan du berak urte asko eman zituelako bertan administratzaile argia, idazleen maisu, liburuen maitale, ikasleen eta beste irakasleen laguna". Idazmenari buruzko eskoletan ikasleak txundituta uzten zituen bere esperientziaz eta adoreaz; trebetasun berezia zeukan norberaren idazteko estilo propioa aurkitzeko. Nazioartean ospe handia lortu zuten bere liburu gehienak Nevadako Unibertsitateak argitaratutako Basque Book Series bilduman eskaini ziren, besteak beste, In a Hundred Graves: A Basque Portrait (1972), The Basque Hotel (1989) eta A Time We Knew: Images of Yesterday in the Basque Homeland (1990). Sweet Promised Land lehenengo aldiz 1957an argitaratu zen eta liburuhorrek euskal kulturari buruzko adituaren maila eskaini zion eta aldi berean euskaldun amerikarren bozeramaile bilakatu zen. 1986an, Laxalt i Donostiako Urrezko Danborra eskaini zioten, euskaldunen alde eta gure kulturaren hedapenaren alde egindako lanagatik. Bere bizitzan zehar beste sari asko ere jaso zituen eta bitan Pulitzer Saria jasotzeko izendatu zuten fikziozko istorioei dagokien sailean. Nevadako estatuari eta Unibertsitateari eskainitako ekarpenak direla eta goratu egin dute. Robert Laxalt en hutsunea nabarituko dute bera ezagutu zuten lagun guztiek. Goian bego Robert. Argazkiak: Lehenengoa John Ries ena, bigarrena "Nevada Appeal"tik ateratakoa eta hirugarrena Joyce Laxalt ena da Euskonews & Media 132.zbk (2001 / 7 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.