129 Zenbakia 2001-06-29 / 2001-07-06

Elkarrizketa

Vicente Ameztoy: "Pintatzen dudan koadro bakoitzarekin nire burua txunditzen saiatzen naiz"

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Vicente Ameztoy Vicente Ameztoy, pintorea "Pintatzen dudan koadro bakoitzarekin nire burua txunditzen saiatzen naiz" * Teresa Sala 1960an egin zuen Vicente Ameztoyek bere lehenengo erakusketa. "La exposición de lo Diez" en izan zen, Donostian, hamalau urte besterik ez zeuzkanean. Ez da harritzekoa, bost urterekin pintatu baitzuen bere lehen koadroa. Ezin zuen bestela izan; berrogeita hamabost urteko donostiar hau pintore izateko jaio zen. Billabonako etxe ederrean gaudela, bere koadroetan oso arduratsua dela aitortzen du Ameztoyek, "agian gehiegi", eta gorroto omen du lana enkarguz egitea. Erakusketarik egin gabe hamar urte eman ostean, iazkoan bere obraren zati bat erakusgai jarri zen Koldo Mitxelena Kulturunean. Kritikari guztiek aho batez aitortzen dute margolari honen jeinutasuna. Hitz gutxiko gizona da Vicente Ameztoy, eta ez da batere elkarrizketazalea. Etxean egokitu zuen estudio txikian ematen du ia egun osoa. Besteak beste, Donostiako Gabonetako XII. Lehiaketako Ohorezko saria jaso du, eta hainbat aldiz eskuratu du Euskal Pinturako Sari Nagusia. Aipatzekoa da 1990ean Julio Medem zuzendariaren "Vacas" filmeko zuzendaritza artistikoan parte hartu zuela, eta urte bete geroago Maite Agirreren "Pantzart" pastoraleko eszenografia, diseinua eta jantzien arduraduna izan zela. Ehunka koadro, estudio eta kartel egin dituen arren, askok Remelluri herrixka arabarreko ermitan egindako santorala eta paradisua izango dute batik bat gogoan. Zerk bultzatuta sartu zinen pinturaren munduan? Nolakoak izan ziren lehenbiziko urteak? Familiako pertsona batzuk, eta gertuko beste zenbait ere, pintatzen ibiltzen ziren. Ia konturatu gabe hasi nintzen pintatzen, lehenengo txapuzak egiten, eta jarraitu egin nuen. Lehenengo koadroa egin nuenean bost urte besterik ez neuzkan. Sekula ez zait burutik pasa ere egin pintura ez den beste zerbait ikastea, edo beste zerbaitetan aritzea. Ia guztia nire kabuz ikasi nuen; alde horretatik, autodidakta naizela esan daiteke. Betiliburuzalea izan naizenez, asko ikasi dut liburuetatik. Gainera, nire aitari asko gustatzen zitzaion pintura, eta inoiz ez zidan inolako eragozpenik jarri. Lagundu egin zidan. Zein artista edo pintoreren eragina jaso duzu? Nortzuk izan dira zure inspirazio iturriak? Oso zaila da gutxi batzuren izenak ematea, baina Magrittek adibidez oso eragin handia izan du nire obran eta lan egiteko daukadan estiloan. Asko bidaiatu dut Europan barna, Bienal dezentetan izan naiz, Suitzan, Londresen, Frantzian eta abar... Bizitzan zehar gertatu zaidan guztiak izan du eragina nire obran. Zein desberdintasun ikusten dituzu zure belaunaldiko artisten eta gaur egungo euskal artista berrien artean? Egia esan, ez naiz desberdintasun zehatz batzuk aipatzeko gauza. Bakoitza bere erara arituko dela pentsatzen dut. Nire ustez lehen gogo handiagoarekin egiten zen lana; gauza berriak egiteko ekimen handiagoa izaten genuen. Gaztetan, leku asko eta askotan egiten genituen erakusketak, ezer kobratu gabe. Garraioa ere ez ziguten ordaintzen. Madrilen erakusketa bat egin nuen lehendabiziko aldian hemezortzi urte neuzkan, eta nirekin batera, besteak beste, Txillida, Saura eta Muñoz izan ziren bertan... denak ni baino dezente zaharragoak. Auskalo gaur egungo gazteak zergatik sartuko liratekeen horrelako gauza konplexuetan. Urteekin, mundu hau benetan konplexua dela ikusten da. Pintorearen karrera zaila egin zaizulako diozu hori? Bai, niri oso zaila egin zait. Nik uste dut orain askoz ere errazagoa dela. Merkatua handiagoa da, eta lehen baino askatasun gehiago dago. Duela hogeita hamar urte, hau desertu bat zen. Duela zenbait urte bezainbat baloratzen al da gaur egun artea? Nire ustez nahiko zaila da gaur egun irizpide bakar bat izatea, joera eta estilo desberdin asko daude eta. Nik uste dut jendeak askotan lapurtu egiten dituela ideiak. Gaur egungo gazteek asko bidaiatzen dute, eta askotan plagiatzen dituzte hortik zehar topatzen dituzten ideia eta lanak. Ba al da bereziki gogoko duzun euskal artistarik?Harreman berezirik ba al duzu inorekin? Lagun asko dauzkat lankideen artean, baina ez nuke izen zehatzik eman nahi. Zer adierazi nahi duzu pinturaren bitartez? Non aurkitzen duzu inspirazioa? Pintatzen dudan koadro berri bakoitzarekin nire burua txunditzen saiatzen naiz. Ondo ateratzen baldin bada, aurrera. Baina ez baldin banau txunditzen, orduan edo luze jotzen dut koadroarekin, edo amaitu gabe uzten dut. Nire inspirazio iturri nagusiak jendea eta paisaiak dira. Gehien landu dudan paisaia Euskal Herrikoa da, beti hemen bizitu naizenez hau delako ondoen ezagutzen dudana. Nire koadroetan gehien agertzen den jendea, paisaia horrekin harremanetan dagoena da. Ba al duzu arrazoi bereziren batengatik azpimarratu nahiko zenukeen koadrorik? 70eko hamarkadan zehar egin nituen obra batzuk azpimarratuko nituzke. Nahiko borobilak atera zitzaizkidan; oso estimulatuta nengoen. Bete egin nituen pinturaren eta irudien aldetik lortu nahi nituen helburuak. Zer da pintura Vicente Ameztoyrentzat? Hasiera batean, espresatzeko modu bat da, literatura edo musika bezala. Hortik aurrera, bizitzeko modu bat izan da pintura niretzat, nire bizitza. Pintorea, jaio egiten da, ala egin egiten da? Ez dakit. Gauza batzuk hain dira arrazionalak, eta beste batzuk hain irrazionalak... Baina funtsezkoa da zer ez den egin behar ikastea. Eskolak eta horrelakoak nahiko txarrak izaten dira, horietan pinturaren akats nagusiak ikasten direlako, esate baterako akartonamendua edo ohituragatik egiten den pintura. Zein da pintatzeko daukazun metodologia? Ez daukat metodologia edo diziplinarik. Estudioa etxean daukat, baina estudioan egoteak ez du esan nahi beti pintatzen ari naizenik; liburuak irakurtzen, pentsatzen eta abar ere egoten naiz. Pintatzea oso gauza espontaneoa da, eta oso kontrolatua. Egiten al duzu lanik enkarguz? Azken urte hauetan asko aldatu da merkatuarekiko harremana. 1970ean hau desertu bat bezalakoa zen, baina beti saltzen zen zerbait. 70eko hamarkadatik aurrera, galeriek indar handiahartu dute, eta hori agobiante samarra iruditzen zait. Nire obraren kasuan oso zaila da lana galeriekin eta arte aretoekin egitea, lanean oso motela naizelako. Beti izaten ditut arazoak koadroak entregatzeko epeekin, zeren hasieran hiru hilabeteko gauza izan behar zuenak, zortzi izaten bukatzen du. Nik ezin dut lana baldintza horietan egin; dinamika hori ez doa nirekin bat. Koadro multzo bat daukadanean, orduan bai, prest egoten naiz erakusketa bat egiteko. Oso perfekzionista zara zure lanarekin? Bai, oso arduratsua naiz. Izugarri exigentea naiz nire buruarekin. Pinturan espontaneitatea gustatzen zait, baina koadro batean zerbaitek ez baldin badu behar bezala funtzionatzen, berriz egiten hasten naiz, nik nahi bezala geratu arte. Zein izan da denbora gehien eskatu dizun koadroa? Ezingo nizuke zehatz bat esan, zeren orokorrean nahiko azkar pintatzen ditut koadroak, baina batzuetan, zerbait ez dudanean behar bezala ikusten, ataskatu egiten naiz. Orokorrean oso motela izaten da prozesua. Sari ugari jaso dituzu. Zer esan nahi dute zuretzat? Laudorioak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Jendeak errazegi botatzen ditu, baina egiazkoak, zintzoak izan gabe. Orain bertan zein lan daukazu eskuartean? Sortzen doan lana. Ez dut ezer planteatzeko ohiturarik. Orain bertan ez naiz ezer pintatzen ari. Ez zait gustatzen koadroak aurrez pentsatuta izatea; hori oso aspergarria izango litzateke. Koadro bakar batek aldaera asko ematen dizkit. Zer egiten duzu pintatzen ez duzunean? Asko irakurtzen dut; liburu eta katalogoetako irudi pila bati begira egoten naiz. Pertsona normal bat bezala bizi naiz. Zure bizitza edo lanarekin lotutako ezer aldatzeko aukerarik bazenu, zer aldatuko zenuke? Beti izaten dut egin ditudan lanak hobetzeko gogoa. Ez zait nire koadroak ikustea gustatzen. Ia koadro guztiak salduta dauzkat, ia ez daukat nik egindako ezer. Ez daukat ondarerik. Nola definituko zenuke zure obra? Ez dakit. Oso modu desberdinean ikusten dugu nire obra nik neuk eta kanpoko pertsona batek.Gainera, hemendik urte batzuk barru ziur aski egongo da nire obra sailkatzeaz arduratuko den espezialistaren bat. Tamainu handian ikusteko egin clic koadroaren gainean. Argazkiak: "Vicente Ameztoy, Eliztarrak Mundutarrak/Sagrado Profano" eta " " liburuetatik Euskonews & Media 129.zbk (2001 / 6 29 / 7 6) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria