128 Zenbakia 2001-06-22 / 2001-06-29

Elkarrizketa

Amaia Ilarduya: "Nekazalturismoari esker, ezagutu ere egiten ez ditugun gauza asko ikus ditzakegu"

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Amaia Ilarduya Amaia Ilarduya Elguero, Nekazalturismoa elkarteko gerentea "Nekazalturismoari esker, ezagutu ere egiten ez ditugun gauza asko ikus ditzakegu" * Teresa Sala Duela hainbat urte pentsaezina zen nekazalturismoak Euskal Herrian aurrera egin zezakeenik, baina hala gertatu da. Europako iparraldeko hainbat lurralderen kasua eredutzat hartuz, azken hamarkada honetan 203 nekazalturismo etxe eta landetxe jarri dira martxan Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 188 "Nekazalturismoa" elkartean sartuta daudela. Estatuan beste inon ez da horrelakorik gertatzen, autonomia erkidego bakoitzean mota honetako elkarte bat baino gehiago daudelako; horrek, baina, areagotu egiten ditu nekazalturismoa promozionatzeko zailtasunak. Euskal Autonomia Erkidegoan, ostera, turismo mota honek izandako gorakada ikusita, 1999ko martxoan Kursaal jauregira aldatu zituen bere bulegoak "Nekazalturismoa" elkarteak. Gertakari honek promozio, nazioarteko azoka, hobekuntza jarraia, eta landetxe nahiz turisten etengabeko gorakadaz jositako aro berri bati eman zion hasiera. Amaia Ilarduyaren hitzetatik ondoriozta daitekeen bezala, puri purian dago euskal nekazalturismoa. Zer da Nekazalturismoa? Zeintzuk dira bere ezaugarri nagusiak? Landa inguruneko turismo ostatuak arautzen dituen maiatzaren 28ko 128/1996 Dekretuak dioenaren arabera, "nekazalturismoa Euskal Autonomia Erkidegoko baserrietan ostatua, mantenua eta beste zerbitzu osagarri batzuk ematean datza". Arau hau irailaren 23ko 210/1997 Dekretuak aldatu zuen gero. Baina Euskal Herriko nekazalturismoko etxeak eta landetxeak hori baino askoz ere gehiago dira. Gehienez ere 6 logela bikoitz dauzkate, eta beraz egonaldia oso lasaia izan daiteke, jendetza handirik gabea. Pertsonen artean oso harreman goxoa sortzen da, eta naturarekin harreman zuzenean egoten da. Nekazalturismoko etxeak urte guztian zehar egoten dira zabalik, eta etxe guztiek dauzkate berogailua eta ur beroa. Izan ere, horrelako etxe bat zabaldu baino lehen, EuskoJaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ikuskatu egin behar izaten du. Gainera, bezeroek eskura izaten dituzte erreklamazio orriak. Nekazalturismoan zerbitzu mota desberdinak eskaintzen dira: ostatua eta gosaria, pentsio erdiko ostatua, pentsio osoko ostatua, ostatua eta sukaldea erabiltzeko aukera. Eta etxe osoa ere aloka daiteke, baina Euskal Herrian gehienbat logelak alokatzeko ohitura dago. Zein da nekazalturismoaren jatorria? Noiz sortu zen turismo mota hau? 1957ko Erromako Itunera jo beharko genuke, zeren eta askok bestelakorik uste duen arren, nekazalturismoa ez zen Euskal Herrian sortu. Erromako Itunak nekazaritza politika komun bat finkatu zuen, helburu sozial eta ekonomiko zehatz batzuk zituena, eta bi nekazaritza mota sortu ziren: lehiakorra eta marjinala. Hitz gutxitan, esango genuke nekazaritza lehiakorrak Europako biztanleak elikatzeko funtzioa betetzen zuela. Nekazaritza marjinaleko inguruek, aldiz, hutsik gelditzeko arriskua zeukaten, gero eta jende gutxiago bizi baitzen leku hauetan, baina mantendu egin nahi ziren herrialde hauetako ustiakuntzak, elikagaiak ekoizteaz gain paisaia eta ingurumena zaintzen zituztelako. Europak, orduan, eredu hori babestea erabaki zuen, nekazaritzakoak izango ez ziren beste inbertsio mota batzuk eginez. Eta hain zuzen hortxe sartu zen nekazalturismoa. Ia Euskal Herri osoan mendiko nekazaritza lantzen denez gero, Eusko Jaurlaritzak Suitza, Aostako Bailara edota Belgikako lurraldeen kasua aztertzea erabaki zuen. Horrela egin zen nekazalturismoaren aldeko apustua, nekazaritzaren munduko biztanleak eta nekazaritzaren mundu hori bera babesteko asmoarekin. Noiz jarri zen abian Euskal Herriko lehen nekazalturismoko etxea? 1988an Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak nekazaritzatik lortutako diru sarrerak turismo eta artisautzatik eratorritakoekin bateratzeko aukera ematen zuen dekretu bat onetsi zuen, baserritarren bizi kalitatea hobetzeko. Dekretu horrek nekazalturismoko ostatuak zabaltzeko laguntza batzukaurreikusten zituen, kasu batzuetan etxea egokitu ahal izateko egin beharreko obren %40 estaltzera iris zitezkeenak, gehienez jota bost milioi pezeta. Urte horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek nekazalturismoko programa bat sortu zuten, landetxeen jabeei ostatua emateko aukera ematen ziena. Horretarako, betiere, gutxieneko baldintza batzuk bete behar ziren. Euskal Herrian 1988 eta 1989 artean sortu zen fenomeno hau, eta bere helburu nagusia baserritarrei turismoa egiteko modu berri honen inguruko informazioa ematea, eta jendeari aukera turistiko honen berri ematea zen. Horretarako, promozio kanpaina bat egin zen. Nekazalturismoko lehenengo etxea 1990ean ireki zen, Bizkaian, Gautegiz Arteaga herrian, Txopebenta. Irekita dago oraindik. Hortik aurrera, gero eta gehiago sortu ziren. Gaur egun 207 nekazalturismoko etxe eta landetxe daude Euskal Herrian, eta horietatik 188 daude Nekazalturismoa elkartearen baitan. Zertan desberdintzen dira landetxe bat, landa hotel bat eta nekazalturismoko etxe bat? Gauza desberdinak dira. Landa hotelei hotelen araudia aplikatzen zaie, eta gehienez ere 40 pertsonentzako lekua izaten dute. Euskal Herrian 66 landa hotel inguru daude, baina ez daude Nekazalturismoa Elkartean sartuta. Landetxe baten eta nekazalturismoko etxe baten artean dagoen desberdintasun bakarra, jabearen lanbidean dago: nekazalturismoko etxearen jabea nekazaria edo/eta abeltzaina izaten da, eta beraz nekazalturismotik ateratako etekinak nekazaritzatik edo/eta abeltzaintzatik lortzen duenari gehitzen zaizkio. Baina landetxearen jabea ez da nekazaria edo abeltzaina izaten. Hala ere, batean zein bestean berdinak dira logelen kopurua, eraikina, ingurua eta zerbitzuak. Landetxeak, nekazalturismoko etxeak baino beranduago sortu dira. Euskal Herrian zabaldu zen lehenengo landetxea Ibarrangeluako Arboliz baserria izan zen, Bizkaian. Etxe batzuk nekazaritzarik edo abeltzaintzarik gabeko lekuetan zeudenez, landetxeak sortzeko aprobetxatu ziren. Baina bezeroakez du inolako desberdintasunik sumatzen nekazalturismoko etxe baten eta landetxe baten artean. Nekazalturismoa gora egiten ari dela dirudi. Zure iritzian, zerk eragin du gorakada hori? Nekazalturismoak hasiera hasieratik oso harrera ona izan du aisialdirako aukera modura, batik bat hirietan bizi den jendearen artean. Jende asko dago naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko irrikatan, nekazaritzako ingurunea eta kultura ezagutuz, prezio erakargarri baten truk. Eta jende desberdin askok dauka hori egiteko aukera: lantaldeek, bikoteek, familiek, lagun taldeek, jubilatuek, haurrek... Gainera, nekazaritzako jardueretan parte hartzeko aukera ere badago, eta senderismoa, ekitazioa, abenturetako kirolak eta abar praktika daitezke. Jendeak oporrak hilabete bakar batean hartu beharrean urtean zehar banatuagoak izateak ere izan du zerikusirik turismo mota honen gorakadan. Gainera, ezin da ahaztu egoera ekonomiko oneko garaiak direla. Zer ematen dio nekazalturismoak gizarteari? Alde batetik, alderdi ekonomikoa aipatu behar da: ostatuak, sukaldaritzak, nekazaritzako produktuen salmentak eta aisialdiko jarduerek dirua sortzen dute. Baina, horrez gain, badira beste alderdi batzuk ere: ondare arkitektoniko eta kulturala zaharberritzen da, ekonomia lokala berpiztu egiten da, nekazaritzako eta artisautzako produktuak zuzenean saltzen dira, aintzatetsi egiten da emakumeak nekazaritzan daukan papera, duintasuna ematen zaio nekazariak gizartean betetzen duen paperari, elkartrukaketa kultural urbanoa gertatzen da, eta gizarteko errealitate sozio politiko kulturala modu erreal, objektibo eta naturalean transmititzen da. Zer bilatzen du nekazalturismoa egitera doan turistak, naturarekin harremanetan egoteaz gain? Ostatu turistiko mota desberdinen artetik nekazalturismoa aukeratzeko arrazoi nagusia, lekuaren erakargarritasuna da. Gainera, lasaitasuna, eta nekazaritza munduarekin edo naturarekin harreman zuzena izatea. Jendeak asko estimatzen du etxearen jabeekin harreman zuzen, familiar eta pertsonalizatubat izatea. Eta etxe osoa alokatzeko aukera ere badagoenez, pribatutasuna bermatuta gelditzen da. Kanpotik etortzen direnek Euskal Herriko gastronomia, paisaia eta tenperatura baloratzen dituzte gehienbat. Zein izaten da turista hauen jatorria? 2000. urtean, %12 hazi zen turisten kopurua aurreko urtearekiko. Eta bisitari hauen %9 bakarrik zen atzerritarra. Aurreko urteetan bezala, bisitari gehienak Euskal Herrikoak izaten dira (%38,2), eta gero Kataluniakoak (%18,7) eta Madrilekoak (%14,1). Jende gehiena abuztuan etortzen da, eta gero uztailan, irailean eta Aste Santuan. Hamar urte hauetan asko aldatu al dira nekazalturismoko etxeak eta landetxeak? Hasiera batean, bezeroa zen baserrira egokitu behar zuena, baina gaur egun alderantziz gertatzen da: baserria da bezeroari egokitu behar zaiona. Hori oso garbi ikus daiteke Euskal Herriko landetxe eta nekazalturismoko etxeetan ipini den kalitate sistemaren kasuan. Sistema honek lan handia ematen die jabeei, oso gogorra da eta. 1999an hasi ginen kalitatearen kontu honekin. Turismoko ostatu guztiei eragiten die, kanpinetatik hasi eta hoteletaraino. Nekazalturismoko etxeen edo landetxeen jabe askok nahiago izan dute trebakuntza ikastaroren batera joan eta segimendu bat egin, auditore baten azterketa pasatzea baino. Izan ere, baldintzetako bat da ostatuko logelen %50ak komuna izan dezala. Honekin guztiarekin esan nahi dudana da azken hamar urte hauetan asko aldatu direla gauzak, baina hobera. Ba al da nekazalturismoa kontrolatzen duen estatu elkarterik , ala elkarte lurraldetarrak dira kontrol hori egiteaz arduratzen direnak? ASETUR estatu elkartea dago. Bertakoa da Nekazalturismoa. Bestetik, duela gutxi ACTR (Asociación por la Calidad en el Turismo Rural) elkartea sortu da, estatu osoko nekazalturismoko etxe eta landetxeetan kalitate sistemak ipintzeko, eta horrekin ere harremanetan gaude. Euskal Herriko elkarteek maila autonomikoa dute, baina Estatuan zehar eskualde mailakoak dira. Azken urteotan informazio kanpaina ugariegin ditu Nekazalturismoak, eta azoka dezentetan hartu du parte. Zein izan da jendearen erantzuna? Normala da nekazalturismoak eta landetxeek, turismoa egiteko modu berri bat izanik, bezero potentzialak lortzeko informazio kanpainak egiten aritzea. Eta kanpaina horiek egiteko lekurik egokienak azokak dira. Guztietan, arrakasta handia lortu dugu. Euskadiko standean jendeak gehien eskatzen duen informazioa nekazalturismoari buruzkoa izaten da. Beste alde batetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Interneten daukagun web orria (Bisita asko jasotzen ditu hilabetero. Aurtengo helburu nagusienetariko bat web orria informatizatu eta hobetzea da, eta nekazalturismoko etxeetan eta landetxeetan kalitate sistema sartzea. Nekazalturismoko etxe guztiak sarean konektatzeko asmoa duzue? Bada nekazalturismoko etxeak eta landetxe guztiak elkarren artean informatizatzeko proiektu bat, udazkenean egin nahi dena, Internet bidez bulegoa eta bezeroa konektatzeko. Era beran, bezeroari informazio guztia xehetasunez eskainiko dion orrialde bat ere prestatu nahi dugu. Aldatzen ari al da turismoa? Betiko formak izaten jarraitzen du, ala garatzen ari da? Turismoa asko garatu da azken urte hauetan. Betiko ohitura batzuk agortu egin dira (hondartzara joan eta eguzkia hartzea adibidez), eta orain kultura, natura, kirola, gastronomia eta abarrekin lotuta dauden aukera turistiko desberdinak ari dira gailentzen. Arrazoi batzuk medio (gizartea zahartzen ari da, emakumea lan mundua sartu da, familien errentak orekatuagoak dira), turisten profila aldatzen ari da. Orain bezero berriak dauzkagu, eta beren eskaria desberdina da. Euskal Herrian 1997ko urrian hasi ziren gauzak aldatzen. Ordura arte, Euskal Herria batik bat negozioekin lotutako leku turistikoa izan da, oso egitura enpresarial turistiko zatitua izan du. Gainera, hemengo ezaugarri ekonomiko eta politikoek ez dute eskaintza erakargarri bat sortzen lagundu, eta euskaldunak ez dira gai izan Euskal Herria alternatiba bat izan zitekeela ikusteko.Baina azken urte hauetan hazi egin da turisten kopurua, eta erakundeek azpiegituretan inbertitzeko apustua egin dute (Guggenheim, Kursaal, Euskalduna...). Bera, horren ondorioz lortu ditugun emaitzek oso egoera onean jarri dute Euskal Herriko sektore turistikoa. Pertsonalki, zein arrazoi emango zenituzke oporretan landetxe edo nekazalturismoko etxe batera joateko? Batik bat landetxe edo nekazalturismoko etxe batean aurki daitekeen lasaitasuna aipatuko nuke. Baina baita ere jabeekin izaten den harremana, gezurra dirudien arren ezagutzen ez ditugun gauzak ikasten direlako. Janari goxoaz gozatu eta guztiz ezberdina den jendea ezagutu ahal izatea. Eta aisialdirako dauden aukera guztiengatik: barrankismoa, txirrindularitza, zentro historiko monumentalak bisitatzera joatea... Egunerokotasuna atzean utzi eta erabat gozatzeko aukera bat iruditzen zait. Argazkiak: Teresa Sala (Amaia Ilarduya) eta Joseba Olalde (nekazalturismoko etxeak) Euskonews & Media 128.zbk (2001 / 6 / 22 29) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria