141 Zenbakia 2001-10-26 / 2001-11-02

Elkarrizketa

José Luis de la Granja: "Irujo Estatutuaren aldekoa zen. Ez zuen helburutzat, baina garbi zeukan funtsezkoa zela Euskadirako"

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: José Luis de la Granja José Luis de la Granja, Historia Garaikidean katedraduna "Irujo Estatutuaren aldekoa zen. Ez zuen helburutzat, baina garbi zeukan funtsezkoa zela Euskadirako" * Estibalitz Ezkerra José Luis de la Granjak oso lotura estua du Euskal Herriko Unibertsitatearekin. 1978an irakasle gisa hasi zen bertan, eta 1990az geroztik Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Historia Garaikideko katedraduna da. Era berean, UNEDek Portugaleten (Bizkaia) duen zentroko tutorea da. Zure iritzian, euskal panorama politikoko pertsonarik azpimarragarrienetariko bat, Jose Antonio Aguirrerekin batera, Manuel de Irujo genuke. XX. mendeko euskal nazionalismoa hartuko bagenu, eta gaur egungo politikari nagusiak alde batera utziz, 1903an Sabino Arana hil zenez geroztik aipatu beharrekoak Jose Antonio Aguirre (Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria izateagatik, eta bai Errepublika garaian, bai Gerra Zibilean, bai erbestean, 1960an hil zen arte izan zuen garrantzi politikoagatik) eta Manuel de Irujo izango lirateke. Irujo Aguirre baino ia hamahiru urte zaharragoa zen, eta beraz trebatuagoa, baina nik belaunaldi berdinean sartzen ditut. Irujo Gorteetako diputatua izan zen Errepublika garaian, Aguirre bezala, eta EAJko ministro Gobernu errepublikarretan, bai Gerra Zibilean, bai erbestean. Baina, horiez gain, postu garrantzitsuak bete zituen nazioarte mailan ere. Erbestean zela, Consejo Federal Español del Movimiento Europeo ko lehendakariorde izatera iritsi zen, eta frankismoaren bukaeran bertako lehendakari izan zen. Trantsizioaren azken urteetan senatari eta Nafarroako foru parlamentari izan zen berriz ere, bere karreraren hasieran bezalaxe, Alfontso XIII.aren monarkiaren berrezarpen garaian. Aguirreren ibilbidea Irujorena baino esanguratsuagoa izan arren, kontuan hartu behar da Irujo ia 90 urtez bizitu zela, eta beraz Aguirrek baino ibilbide luzeagoa izan zuela (hau 60. urtean hil baitzen, artean gazte zela). Irujo buruzagi karismatikoa zen, bainaez Aguirre bezainbeste. Leizaola, esaterako, politikari grisagoa izan zen, gehiago lotzen zitzaion eguneroko kudeaketari. Irujo polemikoagoa zen, eta aldaketa handiak izan zituen gainera, batez ere Mundu Gerraren urteetan (orduantxe erradikalizatu, eta goitik behera aldatu zuen Errepublikan izan zuen jarrera). Euskal Herrian, Espainian eta Europa mailan izan zituen karguei dagokienez, ez zuen parekorik izan. Beste politikari ez nazionalista batzuk aipa litezke, Prieto adibidez, hau ere diputatu eta ministro izan baitzen, Aguirreren parekoa sozialismoan. Monarkikoak hartuz gero, berriz, Lequerica edo de Areilza izango genituzke, frankismo garaian oso kargu garrantzitsuak izan zituztenak, edota Pradera eta Conde de Rodezno karlistak. Baina Irujo izan zen bizitza politikorik luzeena (ia 70 urte) eta kargu publiko gehien bete zituena. Manuel de Irujo. Manuel de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25 Iruñea/Pamplona 1981/1/1 Erakusketan egindako argazkia Buruzagi karismatiko bat izan arren, hainbat tirabira izan zituen bere alderdiarekin. Aguirrerekin berarekin izan zuen tirabirarik. Errepublika garaian, Nafarroako Estatutuari zegokionez Aguirre baikor agertzen zen bitartean, Irujo ezkor agertzen zen. Eta kontua da Irujo zuzen zebilela, azkenean 1932an Estatutuak porrot egin baitzuen Nafarroan, berak esan bezala. Irujori, nafarra izanik eta bere lurraldeari hain lotuta egonik, ez zitzaion batere ongi iruditu EAJk Estatutuarekin Nafarroa gabe jarraitzea, nahiz eta etorkizunean sartu ahal izateko klausula bat aurreikusi, baina azkenean onartu egin zuen. Eta gainera bera izan zen Estatutuaren ministroa. Tirabira horiek erbestean ere izan zituen. Bigarren Mundu Gerraren garaian Aguirrek eta Irujok fase erradikal eta independentista bat izan zuten, baina hala ere Aguirreri ez zitzaion Irujoren jarrera gustatu. Eta, gainera, Jiménez de Aberásturik aztertu duen bezala, jendaurrean azaldu zuen bere desadostasuna, Londresko Euskal Kontseilu Nazionalean. Une horietan, Aguirre nonzegoen inork ez zekiela (urte bete inguru eman zuen Alemania nazian galduta, ihes egitea lortu eta 40 41 urteetan Ameriketara joatea lortu arte), eta erbestean ia Eusko Jaurlaritzarik ez zegoela, Irujok kontragobernu moduko bat sortu zuen Londresen: Euskal Kontseilu Nazionala. Bere planteamenduak ez ziren autonomista eta errepublikarrak, baizik eta askoz ere erradikal eta independentistagoak, Mundu Gerraren urte haietan Londresen zegoen Kontseilu Nazional Katalanaren antzera. Testu batzuk prestatu zituen, besteak beste Euskal Konstituzioaren aurreproiektu bat, bertan Euskadi eta Nafarroaz gain, Kantabria, Errioxa, Burgos eta Aragoiko zenbait lurralde ere sartuz. Errepublikarrei ez zitzaien batere gustatu proiektu hau, eta sektore nazionalistei ere ez. Prietok euskal inperialismoa leporatu zion Irujori. Honengatik eta beste zenbait gauzengatik, Aguirrek kritikatu egin zuen Irujoren ekintza hori, nahiko oldarkorra zelako, eta askotan bere kontura ibiltzen zelako, EAJko agintariei kasu gehiegi egin gabe. Gerora izan zuten eztabaidaren bat edo beste, baina hala ere oso lagun onak izan ziren. 1945az geroztik, biek instituzio errepublikarren eta 36ko Estatutuaren alde egin zuten. Biek jokatu zuten Errepublikaren karta, eta horregatik Irujo 45etik 47ra bitartean Gobernu errepublikarretako ministro izan zen berriz ere. Irujok berak aitortzen zuen batzuetan bere kontura ibiltzen zela, bere alderdiari kasu gehiegi egin gabe. Horren adibiderik garbiena, 1936ko uztailaren 18an Donostian gertatutakoa dugu. Bera izan zen Estatu kolpe bat izan zela jakin bezain laster Gipuzkoako gobernadore zibilarengana jo zuen lehenengo nazionalista. Edozer egiteko prest zegoela esan zion, bere alderdiak nondik joko zuen kontuan hartu gabe. Kontua da alderdia egun horretan bertan bildu zela Donostian, eta egin zuen lehenengo gauza Irujoren jokaera gaitzestea izan zen. Testu hori ez zen sekula argitaratu, baina hurrengo egunean Errepublikaren alde agertu eta Estatu kolpearen aurka jartzea erabakizuten. Hala ere, batzuek zalantzak izan zituzten, Aguirrek eta Leizaolak adibidez, 36ko udan. Irujok ez zuen sekula zalantzarik izan; horregatik da EAJk gobernu espainiarretan izan duen ministro bakarra. Beste nazionalista bat izan zen, Acción Nacionalista Vasca koa, Tomás Bilbao, 38 39an Negrín en ministro izan zena, Irujok dimititu ondoren, baina Kataluniako Generalitatearekin izandako solidaritate arazo batengatik. Irujo bi urtez izan zen ministro, lehenengo Largo Caballerorekin eta gero Negrínekin, baina, arrazoi pertsonalengatik, ez zuen ministro izan nahi. Bere senitarteko gehienak Nafarroan zeuden, frankisten menpe, eta batzuk arriskuan (gerora, bere anaietako bat heriotza zigorrera kondenatuko zuten). Baina azkenean oso leiala izan zen EAJrekiko, agian batzuentzat disidente eta heterodoxo den jarrera horrengatik. Leialtasun kritikoa izango zen, baina leialtasuna azken finean. 70 urte baino gehiagoz izan zen jelkide, 1908tik 1981ean hil arte. Gerrak iraun zuen bitartean ere agerian utzi zuen leialtasun hori. Gerran bi fase bereiztu behar dira. Irujo ministroaren aurretik, beste Irujo bat dago, Gipuzkoako Gerra Zibilean funtsezkoa izango zena. Bera da lehenengoa, ziurtasun handiena daukana eta sozialki aurreratuena dagoena, gero demokrazia kristauak erbestean izango duen ildoaren barruan. Errepublikarra zenez, eta berak errepublika demokraziarekin lotzen zuenez, beste diputatu nazionalista eta ez nazionalista batzuekin batera Donostian izandako altxamendua suntsitzen aritu zen, Loiolako kuartelen errenditzearekin. Gerora, Donostian gehiegikeriak ekiditen saiatu zen, baina ez zuen arrakasta handiegirik izan. Bi hilabete horietan zehar eskuin aldeko preso dezente erail zituzten Gipuzkoan, eta kasu batzuek zeresan handia eman zuten. Gipuzkoa hainbat eremutan banatu zen. Eibar, Irun eta Donostian Frente Popularra eta anarkistak, langileen sektore erradikalenak, ziren egoera kontrolatzen zutenak. Nazionalistak Gipuzkoa barnealdean gorde ziren, eta Loiolako santutegianzuten egoitza. Hor hasi ziren beren miliziak mobilizatzen eta batailoiak sortzen, gero Eusko Gudarostea izango zena, eta Irujo zen buru. EAJ k gerran ia ez zuen parterik hartu; gehiago kezkatzen zen presoen bizitza salbatzeaz edo elizak babesteaz, baina hala ere antolaketa militarra prestatzen hasi zen. Aldaketarik handiena irailean eman zen, EAJko zuzendaritza eta Aguirre Largo Caballero eta Prietorekin negoziatzen hasi zirenean, egitatezko aliantzaren ordez aliantza politiko militar bat sortzeko asmoarekin. Akordio hori gauzatu zenean Irujo Gobernuan sartu zen (Largo Caballerok hasieran Aguirreri eskaini zion kargua, baina honek onartu ez zuenez, Irujori eskaini zion, eta honek onartu egin zuen, alderdiari zion leialtasunagatik), baina betebeharreko baldintza batekin: euskal estatutua onar zedila. Estatutua 36ko urriaren 1ean onartu zen Gorteetan, eta Madrilen bilduta. Astebete geroago, Gernikan Aguirreren Gobernua osatu zen, EAJ Frente Popularraren koalizioa, baina EAJren nagusitasunaz. EAJk zeuzkan kargu nagusiak, eta gainera Aguirre zen lehendakari. Gerrarik izan ez balitz ez zatekeen akordiorik lortuko, baina Estatutua bai egingo zela, Prieto, Aguirre eta Irujo ongi moldatzen zirelako. Lortu zena lehenago onartzea izan zen, batez ere nazionalismoak gerran parte hartze militar handiagoa izateko, Gipuzkoako kanpainan ez bezala. Ordutik aurrera, nazionalismoak askoz ere parte hartze handiagoa izan zuen Bizkaiko gerran, Francoren ejertzitoak 37ko ekainean Bilbo hartu arte. Estatutuak euskal kuasiestatu bihurtu zuen Aguirreren gobernua, botere guztia kontrolatzen zuen ia independentzia bat zen. Eta Irujo zen gobernuaren ordezkaria, lehenengo Largo Caballerorena eta gero Negrínena. Justizia ministro zenean, paseoak eta chekak bertan behera uzten saiatu zen, presoak auzitegietan epaitzeko, eta gurtza katolikoa berrezartzen, Katalunian bereziki. Gobernua Valentzian zegoenez, eta gero handik Bartzelonara aldatu zenez, Irujok denbora asko igaro zuen Bartzelonan, eta Bilboerori zenean hara joan ziren Aguirre eta beste gobernukide batzuk ere. Han, Companysen Generalitatearekin harreman onak zeuzkanez gero, Irujo gurtza katolikoa berrezartzen saiatu zen. Bartzelonan euskal kapera bat ere bazen, inongo arazorik gabe. Baina gurtza berrezarri nahi ez zuena batez ere elizako hierarkia katalana zen; nahiago izan zuen 39ko hasieran Francoren tropak sartu arte itxaron. Beraz, bitxia da, baina Irujok eremu errepublikarrean eta batez ere Katalunian gurtza katolikoa berrezartzeko izan zituen arazorik handienak ez zituen Gobernu errepublikarrarekin izan, baizik eta Elizarekin. Manuel de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25 Iruñea/Pamplona 1981/1/1 Erakusketako kartelaren argazkia Irujori, Estatutuaren defendatzaile sutsua berau, "Estatutuaren gizona" deitzen diozu. Errepublika iristerakoan, EAJ eskuinalderantz egin zuen, erlijio kontuagatik batez ere. Lehenengo Estatutua, Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra izenekoa, Eusko Ikaskuntzak prestatu zuen, hainbat talde politikoren laguntzarekin. Baina Estatutu horrek, euskal eskuin eta ezkerra batera zitzakeen arren (garai hartan oso aldenduta baitzeuden erlijio kontuagatik), ez zuen aurrera egin. ANVk eta ezkerraldekoek onartu egin zuten, baina EAJk eta karlistek emendakin batzuk erantsi zizkioten, euskal konkordatu ezagunarena adibidez. Biek errepublika federal bat izango zela pentsatzen zuten (baina ez zen izan; eskualde autonomoak bakarrik onartzen zituen Estatu horrek, ez estatu federatuak). Vatikanoarekin lotura zuzena izateko asmoa zuten, erlijioa puri purian zegoenean Errepublikaren legeria antiklerikala ekiditeko. Kontuan izan behar da garai horretakoak direla Ezkiogako Ama Birjinaren ustezko agerraldiak. Batzuek Estatutuaren Ama Birjina deitzen zioten. Politika erlijioarekin nahastu zen. Emendakin horien ondorioz Lizarrako Estatutua prestatu zen. Klerikal eta antierrepublikarra zen, Errepublikak konstituzio antiklerikal eta laiko bat izatekotan Euskadi oasi moduko bat izan zedin, VatikanokoGibraltar bat Prietorentzat. Beste emendakin batzuk ere erantsi zitzaizkion, baina euskal ezkerrak eta bigarren Errepublikak ez zituzten onartu. Errepublikak joera ezkertiar garbia zeukan urte haietan. Horren adibide da etorkinek ezin zutela hamar urteko egonaldia izan arte bozkatu, eta erabaki horrek ezkerrari bozkatuko zioten milaka pertsonei bozkatzeko eskubidea kentzen zien. Horrek guztiak zapuztu egin zuen Estatutua 31. urtean. Euskadin gehiengoa lortu zuen, hauteskundeetan abertzaleen eta karlisten Lizarrako koalizioa suertatu zelako garaile, baina Bilbon ez, eta Araban berdinketa egon zen. Estatutu hori irailean Madrileko Gorteetara eraman zenean, bertan behera gelditu zen, ez zelako Konstituzioarekin bateragarri. Alkateen mugimenduaren buru Aguirre zen arren (Getxoko alkatea zen), Irujok bere alde egin zuen, une horretan ez baitzeukan inolako kargu publikorik. Lizarrako koalizioan parte hartu zuenez, ez zuen Nafarroan EAJren hautagai gisa aurkezterik izan. Lizarrako biltzarrean, eskuinekoa zen Lizarrako Estatutuaren aldeko nazionalista karlisten hautagaia. Bata kendu eta Aguirre sartu zuten, eta horrek min handia egin zien nafarrei, ez Irujori bakarrik. Bazen diputatu nazionalista bat, Manuel Aranzadi, Irujoren lehengusua, Aguirre sartzeko bazterreratu egin zutena. Irujok Lizarrako Estatutua babestu zuen arren, ez zuen Aguirrek eta beste batzuek bezainbeste parte hartu bere prestakuntzan. Hala ere, bera izan zen Estatutu hori bideraezina zela ikusi zuen lehenengoa. Berak esaten zuen Euskadi existitzea bezain garrantzitsua zela Estatutu bat izatea. Hau da, Euskadi existitzeko, Estatutu bat behar zela, eta Estatutu horretan zein eskuduntza jasoko ziren bigarren mailako kontua zela. Gainera, esaten zuen Estatutua lortzeko konkordatzeko ahalmenari uko egin behar baldin bazitzaion, uko egingo zitzaiola. Eta hori bera oso erlijioso eta katolikoa zenik. Argi ikusten zuen modu horretan ez zegoela aurrera egiterik, Estatutuak porrot egingo zuela eta ezer gabe gelditukozirela. Abenduaren amaieran Estatutua Gorteetan behin betiko zapuztu zenean, Irujo Azaña eta Prietoren Gobernuak zabaldutako bide berriaren alde agertu zen. Estatutu hori ez zen izango Lizarrakoa, eta ezta ere Eusko Ikaskuntzak prestatutakoa, baizik eta 31ko Konstituzioari egokitutako Estatutu bat. Beraz, ez da euskal Estaturik egongo, baizik eta euskal eskualde autonomo bat. Eskuduntza gutxiago izango ditu, ez du autonomia erlijioso eta konkordaturik izango, baina nire iritzian 31ko proiektuak baino demokratiko eta liberalagoa da. 1932ra arte Nafarroa ere bere baitan hartuko du, eta nola edo hala Konstituzioari egokitzen zaio. EAJk bide horri eutsi zion, baina karlismoak ez. Eta Irujok erabateko babesa eman zion, noski. Irujo Aguirre bezain buru belarri sartu zen 32. urtean Estatutu horretan, baina Aguirrek pentsatzen zuen Estatutuak Nafarroan ez zuela inolako arazorik izango, eta Irujok baietz. Estatutua ez zenez anti errepublikar eta klerikala, Errepublikari egokituta zegoenez eta erlijioaren aldetik ez zuenez ezer finkatzen, ez nafar eskuinekoei, ez karlistei ere ez zitzaien interesatzen. Eta Irujok bete betean asmatu zuen, zeren eta 32ko ekainean, Nafarroako udalek ezezkoa eman zuten. Orduan Irujok, nafarra izanik, EAJko buruzagitzari adierazi zion ez zutela Nafarroarik gabeko Estatutu bat babestu behar, azkenean euskaldunak eta nafarrak banatuta geldituko zirelako, eta etorkizunean Nafarroa baldintza batzuk betez atxikitzeko klausula hori azkenean kendu egingo zelako. Klausula hori 33. urtean Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian plebiszitatu zen Estatutuan agertzen zen, baina ez 36ko urriaren 1ean onartutako behin betiko Estatutuan, asko moztu zutelako, batez ere Prietok. Hala ere, Irujok, leialtasun kritiko horrekin, azkenean onartu egin zuen, eta bere alde egin zuen Gorteetan, baina Gipuzkoako diputatu moduan, ez Nafarroakoa. Izan ere, bi lekuetatik aurkeztu zen, Aguirre bezala, honek Bizkaia eta Nafarroan egin zuen eta. Baina Nafarroan ez zeukanez zer egin (eskuinahegemonikoa zen, eta EAJk ez zuen botuen %10 baino gehiago), Gipuzkoatik atera zen. Gauza jakina da Araban eskuinak geldiarazi egin zuela Estatutua 34. urtean, eta 36an eman zitzaiola behin betiko onespena. Ezagunak dira Calvo Sotelok zuzendutako kritikak: "Antes una España roja que una España rota", edota EAJko diputatuei zuzenduz esan zuena: "entregaros el Estatuto, es un crimen de lesa patria". Irujo tinko mantendu zen hitz hauen aurrean, eta Aguirre eta Monzonek bezala, esan zuen beraiek Estatutua defendatzen jarraituko zutela, nahiz eta beraientzat programa minimo bat izan. Beraiek nahi zutena foruak berrezartzea zen, subiranotasun euskalduna lortzea. Irujok oso esaldi grafikoa bota zuen, errealitate bihurtuko zena. Bere pragmatismo horrekin, 35. urtean esan zuen diputatu nazionalistek Estatutua ekarriko zien eskua bedeinkatuko zutela, eta, Fusik idatzi duen bezala, Prietorena izan zen esku hori. Irujok 36ko udaberrian idatzitako eskutitz batean, zera zioen: "Prieto es el hombre del Estatuto". Oso gizon argia zen, eta une horietan Estatutuaren gizona Prieto zela ikusi zuen, Estatutu hori ezkerrekoen eskutik zetorrela. ANVk 31. urtean proposaturikoa bezala. EAJk hanka sartu zuen Lizarran karlismoarekin bat egitean. Ikuspegi erlijiosotik ondo etorri zitzaion hautesle katolikoak eskuratzeko, baina gaizki Estatutua lortzeko. Beraz, 36ko Estatutua Prietoren eta ezkerraldekoen Estatutua zen. Gerra garaian onartu zen arren, gerrarik izan ez balitz ere onartu egingo zen. Irujo ministro izateko azkartu zen bere onarpena, eta EAJk gerran militarki parte hartzeko. Alde horretatik, Irujo Estatutuaren gizon bat izan zen. Erabat estatutuzalea zen. Garbi utzi zuen ez zela hori bere helburua, eta ezta ere nazionalismoarena. Bere helburua foruak berrezartzea eta euskal subiranotasuna lortzea zen, baina hala ere funtsezkoa zen Estatutua, Euskadi existitzea bezain funtsezkoa. Mundu Gerraren parentesia kenduta, orduan instituzio errepublikarrak eta Estatutua ahaztu egin baitziren,45etik aurrera Irujo errepublikar eta estatutuzale agertzen zaigu berriz ere. Alternatiba monarkikoaren aukera azaldu zenean, Don Juan de Borbón Francoren aurrean, hain zuzen ere Prietok proposatua, EAJko sektoreek onartu egin zuten (batez ere Monzónek, Aguirreren Eusko Jaurlaritzako kontseilariak), baina Irujok ezezko borobila eman zuen. "El péndulo patriótico" liburuari esker jakin ahal izan dugu une batzuetan Irujok, pixka bat bere kasa arituz, akordio batzuk lortu zituela errepublikarrekin, eta prest zegoela gobernu errepublikarrera itzultzeko Francoren erregimena sendotuta zegoenean. Baina EAJko zuzendaritzak kritikatu egin zuen jarrera hori, eta ez zion pauso horiek ematen utzi. Horregatik, erbeste garaian nahiko hotzak izan ziren Ajuriaguerrarekin eta EAJko zuzendaritzarekin izan zituen harremanak. Irujori aitortu beharreko beste merezimenduetako bat, alderdia europeizatzearren erbestean egindako lana litzateke. Irujo bigarren Errepublikan hasi zen europarzaletzen. Donostian 33. urtean Euzkadi Europa lemapean ospatu zen bigarren Aberri Egunean, Irujok nazionalismoari eta nazioartekotasunari buruzko hitzaldi bat eman zuen, Europan egotearen garrantzia azpimarratuz. Egunkarietan hainbat artikulu idatzi zituen gai honen inguruan, eta Galeuzca itunaren defendatzailerik sutsuena izan zen gainera. Irujok 33. urtean hiru lurraldeetan barne egindako bidai batean hartu zuen parte, ituna defendatzeko, eta Ginebran gutxiengo nazional europarrei buruz antolatu zen kongresu batean ere aurkeztu zuen asmoa, baina ez zitzaion batere gustatu EAJk urte hartan inolako ordezkaritzarik ez bidaltzea kongresu hartara, bere ustez Galeuzcak hortxe hartu ahal izango zuelako nazioarteko maila. Horregatik eta beste zenbait arrazoiengatik, bertan behera gelditu zen Galeuzca proiektua. Erbestean zela, Irujo katalan eta galiziarrekin bateratzearen alde agertu zen. Lehendabizi euskaldun eta katalanen arteko itun bat egin zuen Londresen, eta harremanetan izan zen Gobernu britainiarrarekin etaFrantzia askearekin. Baina, Jiménez de Aberásturik aztertu duen bezala, Irujok Londresen zituen proiektu horiek oso erradikalak ziren. Berak jarrera errepublikar eta autonomista hartu zuen, baina, EAJk bezala, kontuan hartzen zuen Europa ere. Aguirre edo Landaburu, adibidez, gehiago lotzen zitzaizkion nazioartekotasun demokrata kristauari, baina Irujo mugimendu europarrean zentratu zen bereziki. Europar batasunaren eta ideia europar eta federalisten defendatzaile sutsua zen. Errepublikar federal bat zen. Beretzat errepublika erregimen demokratiko bat zen, eta hain zuzen ere errepublika federal bat nahi zuen Espainia eta Europarako. 51. urtean sortutako Euskal Kontseiluko lehenengo Zuzendaritza Biltzarreko bokaleetako bat zen Irujo, eta denbora askoan izango zen bertan. Eta baita 1949an sortutako Consejo Federal Español del Movimiento Europeo n ere. Bertan lehendakariorde izan zen. Salvador Madariaga liberala zen lehendakaria, eta Irujok hainbat eztabaida izan zituen berarekin Espainiari buruz, baina hala ere hori ez zen oztopo izan bata lehendakari eta bestea lehendakariorde izateko. Frankismoaren bukaeran, Madariagak dimititzerakoan, Irujo bihurtu zen bertako lehendakari, 73tik 76ra. EAJko buruzagi batzuek ez zuten begi onez ikusten Irujok kargu horiek betetzea eta erbesteratutako errepublikar espainiarrekin harremanetan izatea, baina Irujo oso independente eta irekia zen, eta horrelakoa zen bere jokabidea. Trantsizio garaian Europaren Lagun izendatu zuten, eta lehendakaritza utzi zuenean Mugimendu Europarreko Kontseilu Espainiarreko ohorezko lehendakari izendatu zuten. Bere iritzian, euskal arazoa konpontzeko bidea errepublika federal espainiar bat eratzea zen, mugimendu europar baten baitan kokatuko zena, eta ez monarkia, eta ezta ere Frente Nacionalista Vascoren planteamendu erradikalak ere, Monzónek frankismoaren azken garaietan eta trantsizioan hartutako bidea. Monzón aipatu duzu. Honek ere izan zuen eztabaidarik Irujorekin. "El péndulo patriótico" liburuan azaltzenden ideia aipatuko nuke, hau da, EAJ bi muturretan ibili izan dela: pragmatismoan, estatutuzaletasunean alegia, eta idealismoan, foruak, subiranotasuna edo independentzia berrezartzeko asmoarekin. Frankismoan eta trantsizio garaian, Irujo eta Monzón dira penduluaren bi mutur horiek pertsonifikatzen dituztenak. Biak izan ziren diputatu Gorte errepublikarretan. Monzón kontseilari izan zen Aguirreren Gobernuan, eta Irujo ministro. 40ko urteen bukaeran Monzón monarkikoa zen. Don Juanekin akordio batera iritsi nahi zuen, Francorekin amaitzeko modu bakarra monarkia ezartzea zela pentsatzen zuelako, eta Irujok bere tesi errepublikar eta demokratikoak defendatzen jarraitzen zuen, errepublika demokraziarekin lotzen. Gero, frankismoaren eta trantsizioaren urteetan, Monzón aldatu egin zen. Askoz ere erradikalagoa bihurtu zen, eta bera zen EAJren baitan ETAren tesiekiko gertuen zegoena. Bere ustez, ETAren sortzaileak Sabino Aranaren semeak ziren, bidean galduak, eta aitaren etxera itzuli behar zutenak, eta Anai Artea eta abarren bidez lagundu zien. Monzón Frente Nacionalista Vascoren tesien alde zegoen, eta hala adierazi zuen Suarezek 77an deitutako hauteskundeetan. Monzónen ideien aurrean, Irujorenak zeuden. Ia bere bizitza guztian zehar, bigarren Mundu Gerran izan ezik, adierazitakoa mantentzen jarraitzen zuen. Organismo europarretan sartuta zegoen, eta frente nazionalistaren aurrean frente autonomikoa aldarrikatzen zuen. Nafarroako senatari izan zen, eta gero Gernikako Estatutua izango zena izapidetu zuen.Azkenean onartu egin zuen monarkia, baina lehenagokoarekin zerikusirik ez zuen monarkia bat, oraingoa demokratikoa izango zelako. Eta, Monzónek izan ezik, frankismoaren garaia gainditzea lortu zuten gehienek bezala (Leizaola, Ajuriaguerra, Julio Jauregi), Estatutuaren alde egin zuen Irujok. Bitxia da nola monarkiko bat nazionalista erradikal bihurtu zen, eta bestea errepublikar, demokrata eta estatutuzale mantendu zen. Horri esker Irujo Nafarroatik senatari izan zen 77ko Gorteetan,eta Gernikako Estatutua sortuko zuen prozesua bultzatu zuen. Santiago de Pablok duela gutxi adierazi du Irujo eta beste batzuk, tartean Leizaola, 1978an espainiar Konstituzioari baiezkoa ematearen alde agertu zirela, EAJk abstentziorako deia egin arren. Horrek bazuen logikarik Irujoren ibilbide politikoan, zeren eta Irujo damu zen EAJk 30. urtean Donostiako Itunean parte hartu ez izanagatik. 31.urtean ez zitzaion hanka sartze bat iruditzen, garai hartan kritikoa zelako errepublikarekiko, baina erbestean eta trantsizio garaian bai, katalanek bezala parte hartu izan balute, askoz ere lehenago eskuratuko zutelako Estatutua. Kataluniako Estatutua 32koa da. Berak esaten zuen Molak 36an Nafarroan hainbesteko askatasunez konspiratzea ere ekidingo zukeela. EAJ bera ere trantsizioan jabetu zen horretaz, eta 30 31 urteetan politika espainiarrari muzin egiten baldin bazion ere, 74 77 urteetan oposizioko organismo guztietan hartu zuen parte, eta gero Suárezekin negoziatu zuen batzordean. Batzorde horretan EAJren ordezkaria Julio Jauregi izan zen hain zuzen ere, 36ko diputatu zaharra, Irujoren lagun mina. Irujo erbestean ministro zenean, Jauregi bere ministerioan egon zen, eta garai hartan bera zen Irujorekin batera EAJn tesirik estatutuzaleenak zituena. Irujok bere ideiekin bat etorriz jokatu zuen, eta historiaren irakatsietatik ikasten saiatu zen. "Manuel de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25 Iruñea/Pamplona 1981/1/1 Erakusketan ateratako argazkia. José Luis de la Granjaren argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 141.zbk (2001/10 26/11 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria