Elkarrizketa: Iñaki Beristain Iñaki Beristain, Arantzazuko frantziskotarra "Frantziskotarrak desagertu edo ez, Arantzazu etorkizunera irekitzea da gure erronka nagusia" * Teresa Sala Aurtengoan bostehun urte bete dira frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirenetik. Bost mende hauek gertakizun, lan eta istorio anitzen lekuko izan dira, baita Aizkorri mendiaren magala eta inguruko bazter ederrak ere. Izan ere, santutegi bat baino askoz gehiago da Arantzazu; euskal kulturaren aitzindari, arte garaikidearen adierazgarri eta gure herriko aditu askoren sorterria. Eta honetaz guztiaz gain, fedearen, lanaren eskaintzaren eta umiltasunaren etsenplu izan dira, eta jarraitzen dute izaten, bertako frantziskotarrak. Iñaki Beristain 1967an heldu zen santutegira; egun bertan jarraitzen du. Fraide arrunt baten ohiko eginkizunak ez ezik, irratian mezak eskaintzen ditu, egunkari ezberdinetan kronikak idazten ditu eta noiz edo noiz telebistan ere azaldu da. Urte hauetan gauzak asko aldatu badira ere, frantziskotarren kopurua jaitsi den arren eta katolikoen fedea makaldu, Beristain baikortasunez mintzo da. Etorkizuneko Arantzazu dauka buruan eta bertako izpiritua bihotzean. "Herriak maite gaitu eta hori nahikoa da guretzat, Arantzazu gorantz doa eta zabalik ditu etorkizuneko ateak"; diosku elurrak santutegiko bazterrak are ederrago bihurtzen dituen igande arratsalde hotz baten. Abenduaren 11an emango zaio hasiera "Arantzazu eta Euskal Frantziskotarrak Ameriketan" I. Nazioarteko Kongresuari. Zer nolako ekarpenak izango ditu? Alor ezberdinetako ekintzak antolatuko dira, batzuk ospatu dira jada. Irailean Estatuko Santutegiei buruzko kongresua antolatu genuen eta berrogeita hamar bat santutegitako zuzendariak etorri ziren. Arantzazuri buruzko hausnarketa egin genuen eta baita santutegiak mende berriaren aurrean dituzten erronkak aztertu ere. Beraz, abenduan Eusko Ikaskuntzarekin Oñatiko Unibertsitatean eratuko duguna bigarren kongresua izango da. Oso jardunaldi garrantzitsuak izango direlakoannago, irakasle asko datoz eta gai arras interesgarriak jorratuko dira bertan. Zerbait azpimarratzekotan Frai Juan de Zumarragari buruz egingo den hitzaldia nabarmenduko nuke. Gure artxibozainak dioenez Juan de Zumarraga Arantzazun egon zen eta hori frogatzen duten agiriak omen dauzka. Honetaz gain, nazio ezberdinetan diren Arantzazuko Ama Birjinaren Kofradiak ere gai interesgarria iruditzen zait. Hala ere, eta nik bi esparru horiek azpimarratu baditut ere, Kongresua bera bere osotasunean izugarri interesgarria dela aipatuko nuke. Hurrengo urteko maiatza aldera Joseba Intxaustik koordinatuko duen beste biltzar bat antolatzeko asmoa daukagu. Erlijiosoen bizitza Euskal Herrian izango da horren gai nagusia, orden asko sortu baita gure herrian. Laugarren bat ere eratzea gustatuko litzaiguke, frantziskotarren ordenak Euskal Herrian izan dezakeen etorkizunaz, hain zuzen. Kongresu eta biltzarrak alde batera utziz, argitalpen bereziak ere kaleratu dira. Bai, liburuek, gainera, garrantzi handia dute gure artean. Sei bat liburu kaleratzea gustatuko litzaiguke. Dagoeneko bi atera ditugu; Kandido Zubizarretak idatzi du lehena. Arantzazuko lehen urteak deskribatzen dira bertan, oso nahasiak izan ziren hasierako garai haiek. Pasadizo solteak ezagutzen genituen baina ez dugu inoiz historia behar bezala ezagutzeko aukerarik izan. Orain atera berri den beste argitalpenak "Arantzazu, euskal santutegi bat XX.mendean" du izena eta lan ezberdinak laburtuz atondu da. Lan gehiago laburtzea gustatuko litzaiguke, guztiak bilduz beste liburu eder bat osatzeko. San Frantziskoren eta Santa Klararen izkribuak euren biografiekin liburu eder batean biltzea nahi genuke. Agiri guztiak euskaratu ditugu dagoeneko eta orain notak eta aurkibideak txukuntzen ari gara eta, pentsa dezakezunez, urte askotako lana izan da hau. Eta horretaz guztiaz gain, beste motatako ekimenak antolatzen dituzue? Bai, musika emanaldiak batez ere. Besteak beste, Errege bezperan, Euskadiko Gazte Orkestrak kontzertua eskainikodu santutegian eta Ainhoa Artetak ere emanaldi berezi bat agindu digu. Abuztuan, eta ospakizunen amaiera gisa, Donostiako Hamabostaldiak Felix Ibarrondo musikari oñatiarraren musikaren piezak Arantzazun eskain ditzan ahaleginetan ari gara. Bertsolariekin emanaldiren bat eratzea nahi genuke. Euskaltzaindiak ere batzar bat antolatuko du Arantzazun. Santutegiko Seminarioko obrak ere hastear daude. Zein asmo dago honen inguruan? Zeintzuk dira lortu nahi dituzuen helburuak? Seminarioa aspalditik ari da hondatzen, egun apaizgairik ez dagoenez ez baita ezertarako erabiltzen. Eraikina erakunde ezberdinei eskaini diegu baina, dirudienez, inork ez dio baliagarritasunik ikusten. Beraz, proiektu bat aurkeztea otu zitzaigun.Horrela, eraikinaren zati bat lurreratuko dugu, zutik gelditzen denean kultura topagune handi bat eraikitzeko. Bertan ekintza ugari prestatu nahi genituzke; nahi genuke besteak beste, gure liburutegia publikoari irekitzea, jardunaldi eta biltzarretarako areto handi bat eratzea, kafetegi bat edo musika entzuteko gune bat atontzea, eta erakusketa ibilkorrak ekartzea ere. Guzti hau eztabaidatzen ari gara momentuan eta ez dago ezer erabakita. Eraisketa lanak urte hasieran hasteko asmoa dago eta Eusko Jaurlaritzaren zein Foru Aldundiaren laguntza jasoko dugu lanak finantzatu ahal izateko. Arantzazu aldatzen ari da, zein etorkizun iragartzen diozu santutegiari? Bai, Arantzazu sakon aldatu da azken urteotan. Ni 1967an heldu nintzen eta urte hartan ehun fraide baino gehiago bizi ziren Arantzazun. Jakin aldizkariaren inguruan euskal kultur mugimendu garrantzitsu bat zegoen santutegian. Indarra zegoen garai haietan, baina gero gizartea ez ezik Eliza ere izugarri aldatu zen eta fraide asko ordenetik ateratzea erabaki zuten. Nirekin hogei bat ikasle heldu ziren eta hiru bakarrik amaitu ginen frantziskotar. Egun, guztira berrogeita bost fraide gaude eta ni bigarren gazteena naiz; pentsa beraz... Alde honetatik goitik beherako bilakaera izan du Arantzazuk, baina honetazgain santutegiak gorantz doala esango nuke. Argi daukagu Euskal Herriko frantziskotarrak amaitu behar badira Arantzazun izango dutela azkena, hemen desagertuko garela. Baina frantziskotarrak betiko galdu edo ez, Arantzazu etorkizunera irekitzea da gure erronka garrantzitsuena. Hau laikoekin egin beharko dugu eta horretan gabiltza, jendea Arantzazuko erantzukizunetara inplikatzen ari gara. Santutegiko etorkizuna bermatu nahi dugu eta horretarako Arantzazuko Adiskideen Elkartea sortu dugu. Guretzat Arantzazu maite duten guztiak biltzea da garrantzitsuena. Berdin zaigu fededun diren ala ez, santutegiak lan alderdi anitzak dituelako: kultura, artea, natura, erlijioa... Beraz, Arantzazu maitatzea da baldintza bakarra. Ni animatuta nago eta iruditzen zait etorkizuna egitekotan bide horretatik egin behar dela. Besteak beste, ikasle izandakoei honen berri eman nahi diegu, horien artean baliozko jende asko dagoelako. Guzti hori gauzatzeko gai bagara Arantzazuk badu etorkizuna. Zer suposatzen du frantziskotar izateak? Lehenik eta behin herrian onartuak izan garela esango nuke eta herritar sentitzea guretzat premiazkoa da. Guztiek ezagutzen dituzte Arantzazuko fraideak. 1921ean argitaratu zen Arantzazuko aldizkariaren lehen alea eta gaur egun, oraindik, 12.000 etxetara heltzen da. Beraz, frantziskotar izateak herritar sentitzea suposatzen du, batez ere. Nik uste dut frantziskotar izatea bizitza molde bat dela. Beste gauza batzuen artean natura maite dugu; Bitoriano Gandiagarentzat, adibidez, Arantzazuko ingurunea funtsezkoa zen. Honetaz gain, umiltasuna aipatuko nuke, konplikaziorik gabe gauzak kalitatez egiten saiatzen baikara gero besteei emateko. Fedearen aldetik Jainko erakargarri eta adiskide bat eskaintzen dugu, egia baita erlijioak Jainko gogor baten arrastoa utzi duela eta hori frantziskotar izpirituaren aurka doa. Nik uste dut ahalegin serioa egin beharko genukeela, eta neurri batez ari gara egiten, gizatasunaz kezkatzen den Jainko bat azaltzeko, San Frantziskok berakegin zuen bezala. Nolakoa da Arantzazuko fraide baten bizimodua? Bizitza umila daramagu hemen eta hainbat ekintza elkarte gisa egiten ditugu. Goizean jaiki bezain laster, zazpi eta erdietan, eguneroko otoizteari ekiten diogu. Gosaldu ondoren bakoitza bere lanetara doa: batzuk irratiko saioak prestatzera, sukaldera beste batzuk, liburutegira... Hemen lan asko dago eta izugarri oparoa. Bazkaltzeko elkartzen gara berriz, jarraian lanera itzultzeko. Iluntzeko zortziak aldera otoitz egiten dugu eta gero afaldu. Afalondoan ohiko asti emaileetara atxikitzen gara: irakurri, telebista ikusi, elkarrekin hitz egin... Oso bizitza sinplea da gurea. Nola ikusten duzu gaur eguneko gazteek kristautasunarekin duten harremana? Gauza gehiegi aztertu beharko lirateke, denetatik dagoela esango nuke. Ni ez nintzateke doktrina irakasten hasiko, garai batean egiten zen bezala. Horren ordez gizatasun maila bat lortzeko urratsak emango nituzke. Nik ebanjelizazioa maila pertsonal batean planteatzen dut, azkenean ebanjelioak pertsona bakoitzari erantzuten diolako. Bakoitzak bizi duen prozesua da, eta horregatik gaztearen hazkuntza garapenean laguntza eskaini beharko genuke. Honetan gehien kezkatzen nauena zera da, prozesurik ez egotea, gaur eguneko gazteek unean beste ezertan ez baitute pentsatzen. Pertsonak ez badu bere bizitza hazkunde prozesu bezala ikusten, nora helduko gara?. Eta gazteena ez ezik arazoa helduena ere dela uste dut. Nik Internet maiz erabiltzen dut eta badaude idazten didaten gazteak. Euren arazoak kontatzen dizkidate, eta harrigarria bada ere, pertsonalki ez ezagutu arren oso harreman polita sortu da gure artean. Pertsona bezala hazteko kezkak izatea premiazkoa da niretzat. Eta zu, zerk bultzatu zintuen fraide izatera? Ni Errezilen jaio nintzen, nire etxea herriko elizaren alboan zegoen eta gainera taberna geneukan. Beraz, elizaren inguruan gertatzen zenaren guztiaren berri izaten genuen. Hiru anaia etorri ginen Arantzazura eta hirurok fraide izaten jarraitzen dugu. Hamabosturte nituela nobiziatu botoak eman nituen eta gero filosofia ikasi nuen. Euskal kulturaren munduan murgilduta ibili naiz beti. Gero Arantzazun teologia ikasten ari nintzela, hogeita hiru urte nituela, betirako botoak eman nituen; garai hartan lagun gehienak etxera itzuli ziren. Niretzat esanahi handiko uneak izan ziren; euskal munduarekiko nuen kezka eta nire fedea uztar zitezkeela ulertzea oso inportantea izan zen. Orduan argi ikusi nuen Euskal Herriari fraide gisa zerbitzu ederra egin niezaiokeela. Jainkoaren esperientzia herriarekiko zerbitzuarekin bete nezakeela ikustea argigarria izan zen niretzat, baina honek ez du esan nahi betirako argitasunik izan nuenik, beranduago ere gorabeherak bizi izan baititut. Eta hori bizitzako alor anitzetan ikusten da, gauzak ez baitira ateratzen batek amesten dituen bezala. Nire eskaintza berritzen eta pertsona bezala hazten aritu naiz urte hauetan, eta horretan jarraitzen dut. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 146.zbk (2001/11 30/12 14) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.