Elkarrizketa: Xabier Alkorta Andonegi Xabier Alkorta Andonegi, Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresuko lehendakaria "Kongresu honen lehendakari izateak izugarri aberastu nau eta norbera aberasten denean ingurua aberasteko gai bihurtzen da" * Traducción al español del original en euskera Teresa Sala Duela bi urte jaso zuen Xabier Alkortak Eusko Ikaskuntzako Kongresua zuzentzeko gonbita eta erronka berriei aurre egin behar zaielakoan baiezkoa eman zuen. Apaltasunezko hitzak dira bereak, baina baita bide luzea ibili duen gizonarenak ere. Gipuzkoako Kutxako zuzendari orokorra den donostiar honek argi dauka "bakoitzak bere kezka pertsonalei erantzuna eman behar diela", eta "ikasle gisa" bete du Kongresu honetan tokatu zaion lana. Euskal Zientzia eta Kultura, eta Sare Telematikoak lelopean, azaroaren 28tik 30era izango da Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresua. Gai anitz eta askotariko esparruak izango dira hizpide, guztiek gogoetara bultzatuko dituzte partaide, entzule, ikasle eta adituak. Izan ere, kongresu berezia izango baita egun hauetakoa, zabala eta oparoa. Milurteko berriaren atarian Eusko Ikaskuntzak hausnarketa egin nahi izan du, gauza asko gertatu dira 1918 urtean euskal kulturaren inguruko lehen biltzarra eratu zenetik eta Alkortak berak dioen bezala, "eztabaida sakon, ireki eta demokratiko bat egiteko garai ezin hobean gaude". -Berez Kutxako zuzendaria zara eta egun hauetan baita Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresuko lehendakaria ere. Beraz, bi arlo guztiz ezberdin dituzu mahai gainean; finantzak eta kultura. Nola uztartu dituzu bi esparru hauek? Kutxak beti mantendu izan du dimentsio kultural garrantzitsu bat. Konkretuki, nire ardurapean dauden gai guztien artean ekintza kultural ezberdinak ere aurki daitezke. Beraz, ez zaizkit hain urruti gelditzen ez ikerketaren esparru zabala eta ezta kultura jorratzen duten gai ezberdinak ere. Denboraren poderioz kulturarekin zerikusia duten erakunde eta pertsona ezberdinekin harremanak sendotu izan ditut, Eusko Ikaskuntzarekin bereziki. Duela bi urte kongresu hau koordinatzeko gonbita jaso nuen eta baita baiezkoa eman ere. Nik erronka berria balitz bezala onartu nuen, esperientzia berri eta aberasgarri moduan. Ikuspegi hori mantentzen saiatzen naiz, eguneroko lanaz gain bakoitzak bere kezka pertsonalei erantzunak eman behar dizkiola uste baitut. Herri txiki honetan guztiak inplikatu behar garelakoan nago. Sentiberatasun hori kontutan hartuz eta gai kulturalak inguruan ditudala jakinik, erronka berri hau onartzea erabaki nuen. Behin behinekoa izango da, kongresua amaitu bezain laster nire normalkuntzara itzuliko bainaiz. -Zein emari suposatu dizu Eusko Ikaskuntzako XV. Kongresu honen lehendakari izateak? Hasteko, kongresu berezi baten aurrean gaudela esango nuke izugarri zabala eta aberasgarria delako. Milurteko berria gainean daukagu eta Eusko Ikaskuntzak berak aparteko biltzarra atontzea erabaki zuen. Helburua ikerketak, arteak, kulturak eta gizarteak berak zertan dirauten ezagutaraztea litzateke. Gizartearen arloa erantsi diogu eta hori premiazkoa iruditzen zait, are gehiago egun Euskal Herrian bizi dugun egoera sozio-politikoa kontuan hartzen badugu. 1918 urtean sortu zen Eusko Ikaskuntza, hiltzeko zorian zegoen kultura bat berpizteko. Mendeari ateak ireki dizkiogunez, azterketa sakon bat egiteko egoera ezin hobean gaudela iruditzen zait. Horregatik da hain zabala Kongresua. Maiz zabala izateak sakontasunari bidea zailtzen dion arren, honetan ikuspegi orokorra izateko gai arras interesgarriak jorratuko dira. Antolakuntzarekin zerikusia duen edozer gauza dut gustuko, gai konkretu honetan hasieratik lan egin dugunez, gaiak zenbat ziren aldez aurretik ikusi, sailkatu eta erabakitzeko aukera izan dugu. Garbi dago gai batzuk kanpo gelditu direla, baina azkenean kongresu bakarra beharrean sei kongresu ezberdin atondu ditugu, sei sail ongi ezberdinduak. Bakoitzak bere arduraduna dauka eta bakoitzak bere bidea jarraitu du, berezko dinamika batekin. Hogeita hamar bat arduradun izendatu ditugu. Betiere Euskal Herriko lurralde guztiek presentzia izatea nahi izan dugu eta baita ideologia ezberdinek ere. -Etorkizun bat gure iraganerako, Euskal Herria Europa berrian, Gizarte zibilaren ahotsa Euskal Herrian, Literatura eta Antzez-arteak, Arte Plastikoak eta Jakintzaren gizartea eta Euskal Herria izango dira jorratuko diren sailak. Zein azpimarratuko zenuke? Sail bakoitzak bere nortasuna mantenduko badu ere guztiak dira interesgarriak. Nik ez nuke banaka azpimarratuko. Berrikuntza edo nobedadeei dagokienez, gizarteari egingo zaion azterketa aipatuko nuke. Orain arte ez da esparru hau Eusko Ikaskuntzaren kongresuetan jorratu, agian gizarteak berak ere ez zuelako aurreko urteetan hori eskatzen. Aurreko hamalau kongresuei begirada bat bota diet eta egin dudan azterketa edo konparaketan lehenengo kongresua hartu dut abiapuntu gisa, lehenengo kongresuaren ondorioz sortu baitzen Eusko Ikaskuntza. Garai hartan Euskal Unibertsitatea gauzatzea eta euskararen egoera ziren gai garrantzitsuenak, izan ere bertatik eta denbora gutxira Euskaltzaindia jaio baitzen. Gai sozialak ere mahai gainean ipini zituzten baina ondorengoetan ez zaio gizarteari ahotsa eman. Egun bizi dugun egoera dela eta, gizartea gorpuztu nahi izan dugu kongresu honetan. Hori litzateke erreferentzi nagusi bat, baina badago aipatu beharreko beste ezaugarri bat ere, eta hori Europarekin dugun harremana da. 1918 urtean Lehen Mundu Gerran murgilduta geunden eta orain, aldiz, moneta berria eskuratzeko prest gaude. Lehen Euskal Herria Europatik kanpo zegoen, orain guztiak sentitzen gara europarrak, eta hori garrantzitsua da. Gogoeta honi kongresuko bigarren sailean eman diogu garrantzia: Nondik gatozen, non gauden eta nora goazen aztertuko dugu: gu bezalako herriek, orain eraberritzen ari den Europan zein leku bila dezaketen. -Globalizazioa ere garrantzitsua izango da. Zein ikuspegitik aztertuko da? Globalizazioa errealitate gisa hartu behar da eta garbi daude horrek dakarzkigun ondorioak, are garbiago irailaren 11ko atentatu lazgarriak eta gero. Gainean dugun globalizazio honek dakarren guztia aztertzen ahaleginduko gara, bai ekonomiari dagozkion gauza positiboak eta baita gizarte mailan izango diren ondorio latzak ere. Marjinazioari garrantzia eman nahi izan diogu: Euskal Herri mailan zeintzuk diren kolektibo marjinatuenak, guk eta atzeratuak dauden herri horiekin ditugun harremanak, eta inguruneak pairatzen dituen ondorioak izango dira hizpide. -Globalizazioarekin batera informazioaren gizartea eta teknologia berriak daude. Zein neurritan erabili dituzue hauek kongresua zabaltzeko? Kongresua Interneten dago hasiera hasieratik. Nahiz eta eskaintza dagoen, garbi dago gaur egun oraindik gizartea teknologia berrietatik at dagoela. Kongresuko egunetan eta baita ondoren ere Sarean kaleratuko ditugu hainbat hitzaldi eta ondorio ezberdin. Gaiari Ezagueraren gizartea eta Euskal Herria sailean eman diogu garrantzia, komunikabideek eta teknologia berriek tratamendu konkretua izango dute Javier Etxeberriaren eskutik. -Zenbat hizlarik hartuko dute parte? Orotara ehun hizlari inguru izango dira. Hirurogeita bost bat Euskal Herrikoak, hamabost Espainiakoak eta besteak atzerritarrak. Maila handiko jendea dator eta ondare aberasgarria utziko digute, ziur. -Zeintzuk izango dira Kongresuak berak utziko dituen ekarpenak? Bai euskal gizarteari eta baita Eusko Ikaskuntzari berari ere? Gaur eguneko gizarteari politikatik kanpo toki bat eman behar diogulakoan nago. Herri honetan, zoritxarrez, politikak maiz beste gauza batzuk estaltzen ditu. Gainera, egun hauetan denbora eta aukera izango da askotan hitz egiten ez ditugun gaiei buruz azterketa eta hausnarketa oro egiteko. Hori oso aberasgarria iruditzen zait. Guztia ikuspegi ezberdinetatik egingo dela kontuan hartuz eta politikeria baztertuko dugula jakinik, azkenean eztabaida ireki, zabal eta demokratikoa egingo dugula ziur nago. Barrura begira, nik uste dut honen ondorioz barne dauden talde batzuk indartuko ditugula. Honetaz gain, orain arte hedatu ez den gizarte zibilaren sail bat azalduko delakoaren alde egingo nuke apustu. -Gauza asko, beraz, hiru egun iraungo duen Kongresu batentzat... Askoz hobea litzateke sei sail ezberdinak errenkan antolatzea, baina horrek eskatuko luke hamar eguneko edo bi astetako kongresu luze eta oparoa eta hori ezinezkoa da. -Hitzaldiak alde batera utziz, zein beste ekimen, esparru edo gai jorratuko dituzue? Arte Elektronikoei buruzko erakusketa atondu dugu Miramonen. "Eurociudad Donostia-Baiona" taldearen emaitzak ere ikusgai izango dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020. urteko plan estrategikoaren lerro nagusiak irakurriko ditu. -Eusko Ikaskuntza eta Xabier Alkorta egun hauetan elkarrekin irakur daitezkeen izenak dira. Zein asmo daude etorkizunera begira? Eusko Ikaskuntzaren hurrengo Kongresua monografikoagoa izango dela uste dut, hau bereziegia da, gure ibilbidea ezagutzeko egin delako. Daukaguna baloratzeko eta faltatzen zaiguna lortzen ahalegintzeko baliagarria izango delakoan nago. Niri, pertsonalki, izugarri aberasgarria iruditu zait esperientzia hau. Lagun batek esan zidan bizitza ikaslea balitz ikusten zuela, eta bidea hori dela uste dut. Gauza berriak ikasteko prest egon behar gara beti, hori da benetako jarrera eta ni oraindik ikasle sentitzen naiz. Bi urte hauetan ezezagunak zitzaizkidan arlo batzuk ezagutu ditut, pertsonalki ere aberastu naiz eta argi dago norbera aberasten denean ingurukoa aberasteko gai bihurtzen dela. Hori gertatu zaidala uste dut. Argazkiak: Juantxo Egaña
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.