149 Zenbakia 2002-01-04 / 2002-01-11

Elkarrizketa

Asun Balzola: "Nire ametsak birziklatzen ikasi dut"

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Asun Balzola Asun Balzola, ilustratzailea "Nire ametsak birziklatzen ikasi dut" * Beñat Doxandabaratz Pirata izan nahi zuen umetan Asun Balzolak (Bilbo, 1942). Baina hogei urte zituelarik, zorigaiztoko auto istripu batek zazpi itsasoak altxor ezkutuen bila zeharkatzeko ametsa zapuztu zion. Erdizka sendatu ondoren, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian pintura ikasi eta Bilboko Industria imprentan lan eginez bat, ilustrazio eta idazketa munduan bete betean murgildu zen. Eta Peter Panen laguna zen Wendyk bezala, bere leihotik hegan ateratzen ikasi eta fantasia mundu zoragarriak ezagutu zituen, gero, itzulitakoan, bere liburuetan kutunki erakutsi dizkigunak. Euskal Herriko eta Estatuko argitaletxe gehienentzat egin ditu ilustrazio lanak; baita Europa eta Estatu Batuetako hainbatentzat ere. Baina ume eta gazteentzako liburuen egile ez ezik, prentsa, testu liburu, diseinu grafiko eta publizitatean ere prestigio handikoak dira bere lanak. Halaber, sari garrantzitsuak eskuratu ditu, hala nola, Bratislavako "Golden Apple", Kultur Ministeritzako zenbait eta Eusko Jaurlaritzako "Euskadi" saria. Madrilen bizi den arren, garbi dauka bere euskaltasuna. Chillida Leku miresteko Donostiara egin duen bisitaldia profitatuz, hitzordua egin dugu berarekin. Aurrez aurre eserita, Asunez gehien harritzen gaituena bere begirada lañoa eta xahua da; bere mintzamoldeak gainera, bere ilustrazioen tankera handia du: garbia, sakona eta kolorez betea. Zure ustez, literatura ilustratzen duten pintura eta marrazkiak, zer dira: interpretazioa, itzulpena edo literatura bere horretan? Nik esango nuke testua alde batetik doala eta ilustrazioak bestetik; irudiek berezko bizitza dute eta. Baina oso jende gutxi uste horretakoa denez, azkenean marrazkiak eta testuak neronek egiten ditut eta kitto. Beraz, nire espresatzeko era bikoizten dut, bata irudien bidez, eta bestea aldiz, hitzen bidez. Biak dira nire izaeraren zati bat, batzuetan bat egiten dute, eta besteetan, bakoitzabere bidetik doa. Ilustratzailea, margolari eta marrazkilaria izanik, itzultzaile soila da edo zerbait gehiago ere bai? Hizkuntza ezberdina duen egilea da. Gero ikusi beharko genuke zein den garrantzitsuagoa hizkuntza plastikoa ala literarioa. Baina argi dago haurrei begira, hizkuntza plastikoa funtsezkoa dela eta ondorioz zorrozki egin behar dela, merkatuan benetako txapuzak direlako. Oso ilustrazio onak bezain testu kaskarrak dituzten lanak daude, eta alderantziz. Esaterako, Carmen Martin Gaiteren "Txanogorritxu Manhattan en", idazteaz gain, berak ilustratu nahi izan zuena; ba, emaitza penagarria da. Bestalde, badago liburuak irudi gabekoak izan beharko luketela dioen jenderik. Nahiz eta ilustrazio estilo ezberdinak landu, zureak direla nabaritzen da, pertsonaien keinu, ibilera eta dinamismoaz haraindi, baliabide xinpleak eta ikuspuntu antzekoa baitute. Nire ustetan begiratzen duenaren zeregina garrantzi handikoa da. Horregatik saiatzen naiz bere irudimenaren atea irekitzen. Orokorrean, nire ilustrazioek iradoki egiten dute, ez naiz deskribapen zalea, ezta testuetan ere. Zure arrakastaren gakoa birziklatzeko duzun ahalmenean datza. Ni bezalako pertsona batek, alegia, hogei urterekin istripu bat izan duen edonork, dena birplanteatu beharra dauka. Eta nire pertsonaietako bat den Ninak bezala, nire ametsak birziklatzen ikasi dut. Istripuaren ondorioak okerrera doazenez, urtean behin nire buruari galdetu behar diot: nor naiz? non nago? noraino irits naiteke? Eta liburuekin beste hainbeste gertatzen zait. Berriki emakume abertzale baten testuaren gainean nabil lanean. Frankistek bere aita erahil zuten. Esan zidan bere memoriak idatzi nahi zituela eta lagundu egin diot. Eta denbora dexente kendu badit ere, oso interesgarria iruditzen zait bere burua literarioki azaldu nahi duen norbaiti eskua luzatzea. Agian ez da inoiz argitaratuko eta familia giroan bakarrik irakurri, baina argitaletxeen munduaz nekatzen naizenerako, zeregin horri gogoz helduko nioke. Izan ere, azkenhirurogei urteotan, mundua gehiago aldatu da azken berrehunetan baino. Badira betiko desagertzen ari diren gauzak. Adibidez? Ba, hain zaharra ez izanda ere, nik neuk gogoan ditudan gauzak. Esaterako, Asentxi nire amaren neskamea Azkoititik mamia katilua aldean zeramala Bilbora joaten zela. Imajinatzen al duzu halakorik orain? MISTER DAFFODIL ETA BERE DENDA Liburu bat ilustratzeko orduan, zein da egilearekin izaten duzun harremana? Hau da, nahiago duzu erabateko askatasuna ukan edo hobesten duzu egileak nolabait bideratzea nondik nora joan? Erabateko askatasuna behar dut. Baina salbuespenak ere badira. Mariasun Landarekin, adibidez, oso ongi moldatzen naiz; eta berak ere konfidantza osoa du nigan. Urte anitzez ilustratzaile lanetan jardun ondoren, zerk bultzatu zintuen zure liburuak ere idaztera? Ba, ilustratzera ematen zizkidaten testuak txarrak zirela ikustea. Idazteari 1978an ekin nion, oso idazle gutxi aritzen zenean haur eta gazteentzat idazten. Baina aldizkari eta egunkarietan arlo honen kritika eta interes faltaren eraginez, haur literaturak ez du oihartzunik lortu . Euskadin ostera, balorazioa ezberdina da eta baditugu Mariasun Landa, Bernardo Atxaga edo Andu Lertxundi bezalako idazleak beren lana ondo ezagutzen dudan hiru lagun aipatzearren , edozein generotan lan eginda ere, baloratuta daudenak. "Txoriburu" zure autobiografiaren hitzaurrean Mariasun Landak aipatzen du haurtzaroa mila puskatan txirtxilatutako ispilua dela, eta setatsu saiatzen garela ispilu hori berrosatzen. Ezinezko zeregina, ordea, baina gozoz betea; izan ere, biltzen ditugun zatiek inoiz ez digute itzultzen izan zena edo izan ginena, baina beharbada lagundu egiten digute geure burua hobeto ezagutzen eta eramaten. Batzuetan zure barruan ume bat izateko zortea duzu. Baina hori bukatu egiten da zure gurasoak hiltzen direnean. Ekainean bi urte egingo ditu nire ama hil egin zela, eta geroztik oso ezberdina naiz. Amak askatu egin nau. Batetik, lotsa galdu dut ; eta bestetik, berak eraman dunire baitan zegoen "txoriburu"a. Emakume helduagoa bezala ikusten dut nire burua, nahiz eta gauza ikonoklastagoak idazteko gauza ere banaizen. Nolakoa zen Mina, zure ama? Emakumeak asko sufritu zuen. Ni bere tankera hartzen saiatu banintzen ere, oso ezberdina zen nire ondoan. Niri komunikazioa gustatzen zaidan bitartean, berari batere ez. Horretan oso euskalduna zen, dena egiten zuen barruraka, bizitzan umil bezain gogor jokatuz, are gehiago kontuan hartuta oso gazte alargundu zela eta lau seme alaba hezitu zituela. Baina aldi berean, bere garaiari aurrea hartu zion emakumea izan zen hainbat arrazoirengatik, konparazio batera: 30ko hamarkadan ingelesa txukun hitz egiten bazekien eta argitaletxe baten ardura izan zuen 40 urtez. Zein da burura datorkizun lehen irudia gerraosteko Bilbo garaitu hartaz, non arropa ez zen inoiz lehortzen? Gaur egun Guggenheim Bilbao dagoen atzealdean bizi nintzen ni. Eta auzo hori oso gogoan dut. Pentsa, itsasonztiak Arenaleraino jaisten ziren. Eta hain "kutreak" ziren dendatxo haiek, kafe usain sarkorra zeriela, sarreran sardina kupelez beteak. Amorru bizia ematen zizun Anamari eta Martintxu zure anai arrebek zuri "kopiatzailea" deitzeak. Kopiatzailea ez zinela ikus zezaten bihurtu al zinen ilustratzaile? Dudarik gabe. Beraiek "guay" baziren ni ere "guay" nintzela erakustearren izan naiz ilustratzailea, badakizu? Lauzpabost urterekin alemaniar Eskolara nindoala, oso ongi marrazten nuela eta hori magikoa zela konturatu nintzen. Nire arma zen, besteengandik ezberdintzen ninduena. Gero, "bilbotarkeriak" harrapatu eta "forofo" samarra bilakatu nintzen, badakizu: nik esandakoa derrigorrez bete behar. Erdi gipuzkoarra zarela ahaztu gabe. Bai, alajaina! Horrek salbatzen nauela esaten zidan nire amak. Eta bi aldeetatik, gainera. Ama donostiarra zen eta amona Pasaia Donibanekoa. Eta balzolatarrak ere Irundik zetozen. "Txoriburu"n diozunez, lauzpabost urte zenituela, inguruko pertsonak ipuinetako pertsonaiak iruditzen zitzaizkizun. Zure ama maitagarribat; aita, berriz, ogro bat; ahizpa nagusia, Anamari, neskatila txintxoz mozorrotutako sorgina; Martintxu neba, Itxu, azti bat; eta amona Romana, aldiz, erregina. Amona pasabidean zehar zebilen erregina zen, itsasontzi dotore baten antzera. Nire aita berriz zorrotzegia zen ni bezalako neskatxa ñimiño batentzat. Nire anai arreben begietan ordea, ez zen inolako ogroa. Berritzailea zen aita, bera izan zen tenisean praka motzetan aritzera ausartu zen lehen bilbotarra. Bost axola zitzaion gizarteak zer pentsa zezakeen, eta hori guztiz arraroa zen sasoi eta gizarte klase hartan. Hanka izugarri erakargarriak zituen, gainera. Ze argazki politak dauden! Eta zentzu horretan, agian bere ausardia jaso dut. Izan ere, istripua jasanda, makuluak eta gurpil aulkiaren menpe egotean, besteez paso egiten duzun momentu bat iristen da; bestela, gehiegi sufritzen duzu. SIMONETTA, SIENA Y ORO "Txoriburu " irakurriz, harrigarria da haurtzaroko oroitzapen horiek hain zehazki jasotzea. Haurtzaroa atxikitzen saiatu nintzen, beti ere nire oroitzapenei uko egin gabe. Gizarte klase horretatik aldendu banintzen ere, liburuan ez nuen alde hori epaitu nahi izan. Ez naiz burges bat, artista bat baizik. Eta nire kasa bizi naiz. Egun batean nire etxera afaltzera baldin bazatoz, postrerako agian ez dut goilaretxorik izango, ahaztu egiten baitzait erostea, badakizu? Baina hori bai, hiru ordenadore zoragarri ditut. (Ai ene! Abarretatik joan naiz. Zeren harira iritsi naiz honaino?) Xehetasunak gogoratzen duzun gaitasunaz... A, bai. Ideiak aise elkartzen ditudala. Nahikoa zait amamaren armairua irudikatzea, bera esertzen ikusteko, niri begira gakorratza lanak eginez. Intuizio handia zuen, ni berehala igarri ninduen, inolako psikoanalisia egin gabe. Umetan "txoriburu" deitu zidan, eta nerabezaroan berriz, "neurrigabea". Egia esan, hori da naizena, nahiz eta orain nire irudimenean bakarrik hegan egiteko gauza izan. "Txoriburu"ren arrakastak bide horretatik segitzera animatu al zaitu? Bai, noski. Baina ikustekedago inoiz utziko al dioten ni haurrentzako egiletzat hartzeari. Helduentzat lan ugari egin arren, oraindik bada hori ikusi ez eta zera esaten didan jendea: "zurea haur mundua da eta". Eta ni protestaka hasten natzaie, "baina, zer diozu! Iaz Guggenheimeko Gabon txartelak margotu nituen eta! Hori haur mundua al da? Bai zera! Guggenheimerako gabon txartelak. Bidaiazale amorratua zaitugu. Zer ikasi duzu bidaiatzen? Asko mugitu naiz Mediterraneo eta iparraldearen artean. Erroman bizitzeaz aparte, Bartzelonan ere bizi izandakoa naiz eta bestetik, maiz noa Ingalaterrara. Bertan nagoela, erraz egokitzen naiz hango bizimodura, zintzotasun formal hori, erritmo motela, eztabaidagai korapilatsurik gabe, bakoitzaren txakur eta katuez mintzatuz. Egia esan, muturreko aldeek erakartzen naute, iparraldean nagoela hegoaldekoa naizela sentitzen dut, eta hemen nagoenean, iparraldekoa. Eta hori ona da ikuspuntuz aldatzen duzulako. Erroman oso euskalduntzat jotzen nuen nire burua, baina aldi berean arabiarra ere banaiz. Horren kontura, nik uste Espainia hutsegite galanta egiten ari dela bere oraingo jarrera politikoarekin, ezin baitio uko egin 900 urteko historiari. Hegoaldearekin zubi lana egin beharko luke eta Afrikatik datorren inmigrazioa eskuzabalago onartu. Hain zuzen, mundua krisialdian dago teknologia barbaroen esku dagoenetik. Bai, Bushek dioen bezala, mendebaldeko zibilizazioaren nagusitasuna bistan da. Ba, azal diezadatela zertan diren nagusi! Zure iritziz, ordenadore eta mundu birtualen aroan bete betean murgildurik gaudela, zein izango da ilustrazio eta liburuen tokia? Liburuaren biziraupenean konfidantza dut. Baina informatikaren aldekoa ere banaiz. Mundiala iruditzen zait Txinan dagoen norbaitekin harremanetan jartzea. Ez nuke beraz, jarrera atzerakoi hori hartu nahi, hau da, "ni gaztea nintzela dena askoz hobea zen eta oraingo gazteak desastre hutsak dira" esatea, gazte horien adina nuenean gauza horiek egiten ez nituelako. Ez, horixe! Egiatan arriskutsua dena telezaborrada, indarkeria filmak, bideojoku bortitzak, eta abar... Ze proiektu darabilzu esku artean? Haurrentzako bi liburu amaitu ditut S.M. argitaletxearentzat. Bata Velazquez i buruz, eta bestea Murilloren inguruan. Eta orain beste batekin nabil, Goyari eskainia. Liburu hauek, batetik, ezagutza zati bat dute eta bestetik, fikzioa, ipuinekin eta. Idazle modura, haurrei kultur informazioa pedadogo batek duen ikuspegi freskoago batetik eman nahi nieke, errespetu osoz. Nire burua prestatzeko, zenbait arte ikastaro egin nituen Ingalaterrako Urrutiko Unibertsitatean (Open Univertsity). Espero dezagun arrakasta izatea. Demagun Euskal Herriko egoera korapilatsua konpontzeko pintzel magikoa eman dizutela, zer margotuko zenuke gure herriaren marko berrian? Bakezalea naiz goitik behera. Ez nuke inor hilko, ezta autobus bat erre edo farola bat apurtuko ere, gauza horiek guztionak direlako. Ezin dut ulertu. Erabat primitiboa da indarkeriaren bidez borrokatzea; eta frogatua dago, gainera. Borrokatzeko benetako tresna hitza da. Hori dela eta, irudi berri horretan jendea elkar agurtzen margotuko nuke, elkarri bostekoa emanez eta denak izango ginateke hitz egiteko gauza, oihuka eta irainka aritu beharrean. Azken batean, Euskal Herriak autodeterminazioa nahi badu, bide horretatik segituko du, datorrena datorrela. Eta Madrilen bizi zarenez, zaila izango da gure herriaz esaten diren astakeriei entzungor egitea... Komunikabideen hizkuntz hipokresia sinestezina da. Adriano Celentanok Italiako RAI katean egin zuena egin beharko genuke. "Telebistak ez du ezertarako balio. Beraz, itzaltzera gonbidatzen zaituztet" esan eta Italia osoak itzali zuen. Hainbeste arazo izan zituen ia ia kartzelan sartu zutela. Argazkiak: Beñat Doxandabaratz Euskonews & Media 149.zbk (2002 / 1 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria