Andima Ibinagabeitia Ameriketan Andima Ibinagabeitia Ameriketan * Gorka Aulestia Euskaldunek atzerrian euskaraz argitaratu zuten aldizkaririk ospetsuena Euzko Gogoa izan zen, tradiziozko kultura nahiz modernoaren transmisio tresna bikaina bihurtu zelarik. Aldizkari honen buru Jokin Zaitegi apaiza izan zen, baina lankide minen artean A. Ibinagabetitia goraipatu behar da.1954.ean Guatemalara joatea erabaki zuen Andimak Euzko Gogoan lan egiteko asmoz eta benetan gogotsu parte hartu zuen. Artikulu honetan bizkaitar idazle honek erbestean eginiko lanaren berri eman dut, bai Guatemalan eta bai Venezuelan. Guatemalako egonaldian Euzko Gogoan argitaratutako lanen artean, saiakerak, itzulpenak, txostenak eta liburu berrien hitzaurreak azpimarratu behar ditugu. A. Ibinagabeitiaren lana oso garrantzitsua izan zen prosa eta itzulpen eremuetan nahiz saiakera eta literatura kritikan. Haren gai aipagarrienak Euskal Herria, abertzaletasuna, euskara eta euskal literatura dira. Venezuelako egonaldi luzean (11 urte), haren bizitza eta lana, aztertu ditut. A. Ibinagabeitia kritikalari zorrotz gisa agertuko zaigu oraingo honetan beste eremu batzuetan: politika (EAJ), Euskaltzaindia eta euskara batua, Eliza, euskal burgesia etab. Andima Ibinagabeitia Elantxoben 1907ko urtarrilaren 26an jaio zen. Galok, bere aitak, Sabino Aranarekin izandako adiskidetasunaren oroitzapenak Andima umearen bizitza markatu zuen. Jesuiten zenbait komentutan ikasle emaniko urteetan euskararenganako eta Euskal Herriarenganako bere maitasuna handituz joan zen. Apaizteko gutxi falta zitzaionean, Marneffen (Belgika) bizi zela, 1935ean Jesusen Konpainia utzi egin zuen eta "Explosivos de Galdácano" lantegian bulegari sartu zen. Trafarian (Portugal) enpresa bizkaitar horrentzat lanean ari zela, Gerra Zibila hasi zen. Berau amaituta, 1943an Bilbora itzuli ahal izan zen eta Eusko Jaurlaritzaren eta aliatuen zerbitzuan klandestinitatean parte hartu zuen. Polizia frankistak atxilotzeko zorian zegoelarik, 1947an Pariseraalde egin ahal izan zuen. Orixe ezkerrean, bere ondoan Zaitegi, eskuin eskuinean Andima Ibiñagabeitia beste lagun batzuekin. A. Ibinagabeitia bi urtez, (1954 1956), Euzko Gogoaren zuzendaritzan eta erredakzioan parte hartzeaz gain, artikulu ugari idatzi zuen, beti ere euskararen alde, batzuetan Euskal Herriko idazle gazteak bultzatzeko eta beste batzuetan euskal elizbarrutiak artezten zituen hierarkia eklesiastikoaren euskaldunen kontrako jarrera gaitzesteko. Euskara batua zela eta, J. Mirande, G. Aresti eta Txillardegirekin zituen desadostasunek ez zioten gazteongan euskararen eta euskal literaturaren etorkizuna ikustea galarazi. A. Ibinagabeitia R.M. Azkuek proposatutako gipuzkera osatuaren aldekoa zen eta ez zegoen euskara batzeko ahaleginen aurka; dena den, bereziki F. Krutwigen berrikuntza ahaleginekin ez zetorren bat. A. Ibinagabeitiak Euzko Gogoa aldizkarian argitaraturiko lana labur bilduko dut. Amerikara iritsi aurretik Elantxobeko idazlea aldizkariko idazlea izan zen, hura 1950ean sortu zenetik. Urte horretatik 1954ko otsaila arte, hots, Guatemalako hiriburura heldu zen arte, 50 artikulu baino gehiago argitaratu zuen. Han egindakoak 12 dira, eta haietariko batzuk liburu baten atalak zirela argitaratuak izan ziren. Adibidez, Birgili'ren idazlanak osorik (1966) obran Virgilioren Bukolikak eta Georgikak lanen itzulpenak agertzen dira (S. Onaindia adiskideak egindako Eneidaren itzulpenarekin batera). J.M. Barandiaranen Euskal Mitologia liburua ere euskaratu zuen. Gainera aipatzekoa da Guatemalatik, BIAEV, Euzkadi, Euzko Deya, Euzko Gaztedi, Gernika, Karmel, Olerti eta Zeruko Argia euskal aldizkarietan maiz kolaboratzen zuela. Guatemalan Euzko Gogoaren inguruko arazoak konpondu ondoren, 1956ko otsailaren erdialdera A. Ibinagabeitia Caracasera heldu zen. Lekualdaketa hau bere bizitzan ere aldaketa handia izan zen. Lan arloan postu finko eta saridun bat utzi zuen, eta langabezian sartu zen; arlo sozialean Caracasko Euskal Etxean, elkarte handiago bat aurkitu zuen.Han beste atzerriratu batzuk ezagutu ahal izan zituen, esate baterako, Martin Ugalde, Vicente Amezaga eta Toribio Etxebarria. Politika arloari dagokionez, konprometituago agertzen zaigu. Euskal Etxera joaten ziren euskaldun askok eguneroko harremanetan ez zutela euskaraz egiten ikustean, bihotza estutu egiten zitzaion. Ohitura hori zenbateraino arbuiatzen zuen ondoko hitzotan atzeman daiteke. "Eta gainera emengo euzkotarrak.... Ikusiko bazenitu... Ez da aien artean erdera baizik aditzen... Ai gure Parisko euskal billeratxoak: nun zerate? Zearo erderari emanak, vasco itza maizegi aoan, baiñan egiñetan maketo utsak. Egia erran, emengo eusko etxea arrora urbildu nintzan egunean, lur iota gelditu nintzan, euskerakiko ango ibillerak ikusi ta. Zer uste ote dute emengo abertzale diruzale eta erdelzale porrokatuok. Ni ez naiz etxe artara urbiltzen... Erderaz aritzeko kalea ere aski zait. Beraz ez dizut emen gure girorik arkitu, Txomin, erbesteko giro zitalena baizik." (1956 VI 3) Guatemalako egonaldian euskara eta euskal literatura, Euzko Gogoa aldizkariaren bitartez, nagusi izan bazituen, ordutik aurrera politika izango du erakargarri, Irrintzi eta Eman bere aldizkarietako artikulu ugarietan egiazta daitekenez. 1956an I. Euskal Biltzarra egin eta gero bere alderdiaren (EAJ) eta Eusko Jaurlaritzaren kontrako kritika gogor eta zorrotzen adierazpenak gehitu zituen, bere ustez, Sabino Aranaren bide independistatik aldentuta, errepulikazale espaniarrekin ituna egiten saiatzeagatik. Kultura arloan sarritan, nahiz eta bera euskaltzaina izan, bere kritiken helburua Euskaltzaindia izan zen. Gizarte arloan A. Ibinagabeitia euskal burgesiaren kontra zuzendutako erasoak aipagarriak dira, batez ere euskal kultura sustatzen lagundu ez zuten abertzale aberatsen kontra. Aldi berean, beren egoismotik sortutako axolagabekeriagatik egunen batean merezi zuten zigorra jasoko zutela ohartarazten zituen. Lan arazoak, inguru berrira moldatzeko zailtasunak, inkomunikazioa, sakabanaketa, itzultzekoeguna ez jakitea eta urrutiko aberri mina izan ziren Venezuelako egonaldi luzean idazle bizkaitar hau bere bizitzan bakardade, akidura eta depresio aldiak jasatera eraman zuten arrazoiak. Baina gainditu zituen hain garai latzean euskal kulturaren su sakratuak piztuta iraun zezan. Euskara, diglosia endemiko batek ia itotako hizkuntza, desagertzear zegoen. Horregatik A. Ibinagabeitiak bere aberri maitea eraikitzeko, esku menean zuen tresna bakarra erabili zuen: euskara eta euskal literatura. Bere herritik urrundu izanak bultzatu zuen, euskal sustraiak ez ahazteko, bi aldizkari (Irrintzi eta Eman) sortzen eta beraietan idazten. A. Ibinagabeitiarentzat Amerika askatasun oasisa izan zen, non bizia salbatu zuen eta bere hizkuntzari eutsi ahal izan zion, baina hogei urteko atzerrialdi luzean beti bere aberri maitera itzultzea izan zuen amets. 1967ko azaroan, arimen egunean, Caracasen hil zen. Informazio gehiago nahi izanez gero: http:// Argazkiak: "Bidegileak" bildumak Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabaitiari eskeinitako liburuxketatik, 8 eta 20 zenbakiak Euskonews & Media 137.zbk (2001/9 28/10 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.