Nekazal turismoa eta euskal paisaiak Nekazal turismoa eta euskal paisaiak * Miren Askasibar Bereziartua Euskal turismoaren eskaintzan lurralde hauetako paisaiek erabateko garrantzia dutenik ez du inork ukatuko. Are gehiago, paisaia nekazal turismoa garatu ahal izateko behar beharrezkoa suertatzen den baliabidea dela argi dago. Paisaia, etengabe berritu eta aldatzen dena, baina aldi berean baliabide berriztaezinen multzoan sartzen den balore eta balioa. Lurralde eta paisaiak erabilera berri baten menpe jartzen ditugunean, kezka beti sortzen da: erabilera berriak berezko balioak zapuztuko ote ditu, edo erabilera horrek berak balioen kontserbazioan lagunduko du? Ale monografiko hau betetzen duen gaiaren inguruan, eta turismoak duen joera fagozitatzailea kontutan hartuz, bidezkoa dirudi kezka sortzeak. Nekazaritzak sortutako paisaiek arrakasta handia dute mundu osoko turismoan, garai hauetan behintzat. Erakargarritasun honen arrazoiak asko dira: alde batetik, paisaia zaharrak dira, gizakiaren lanari esker mendeetan zehar eraiki direnak. Zentzu honetan ez dute herri eta hiri gehienekin desberdintasun handirik, hauek ere urte askotan zehar kokapen berean etengabeki eraldatuz joan baitira, garai bakoitzeko beharrei egokituz. Baina, gizakiak eraikitako hiri eta herriak ez bezala, nekazaritzari lotutako paisaiak lurrak eskainitako baliabideetan oinarritu dira bizitzeko: lurretik bizi dira, eta lurrean bertan. Horrela izan da oraintsu arte, behintzat. Ezaugarri honek gizakien begietara atsegina den harmonia bat ematen die tankera honetako paisaiei. Naturarekin erlazio estuan bizitzeak nahikoa muga ezarri dizkio gizakiari paisaia hauetan, eta ondorioz salbuespen gutxi batzuk alde batera utziz, Europa osoan zehar naturaltasun maila handienak azaltzen dituzten paisaiak nekazaritza eta abeltzaintzari lotutakoak direla esan daiteke. Salbuespen horien artean, ertz batetan gizakiak inoiz, aspaldian, edo intentsitate oso baxuz erabili dituen lurraldeak daude, gaur egun naturgunebabestu izendatuak, eta beraz gizakiaren ekintzari esker baino gehiago bere ekintzekiko erabilgarritasun faltaz edo beraien bertan mantendu direnak; eta beste ertzean lurretik bizi dela ahaztu duen nekazaritza eta abeltzaintzaren adibideak ditugu, lurraren baliabideekin eta naturarekin zuten oreka galdu dutenak. Laburbilduz, orokorrean nekazal paisaiak ezaugarri naturalak gordetzen dituzten paisaien moduan ikusten ditugu, baina aldi berean gizakia oso present dagoenez turismorako oso egokiak diren erraztasunak eskaintzen dituzte (komunikabideak, erosotasun minimo bat, segurtasuna, kontsumorako hainbat gai, eta abar). Aipatu dugun moduan, nekazaritza paisaietan gizakiak egin ahal izan dituen aldaketak mugatuak eta mantsoak izan dira mende askotan zehar, lurrari etekina ateratzeko premiazkoak gertatu diren ekintzak baino aurrera eraman gabe, eta arbasoek lan handiz sortutako egitura eta eraikin berriak ahal zen neurrian erabilera berriei moldatuz. Honen ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza bezalako aktibitate zaharrei lotutako paisaiak joan berri zaigun mendearen bigarren erdiraino izugarri aberatsak izan dira gizakia, natura eta lurraren erabileren arteko erlazioari buruzko informazioa islatzeko orduan. XX. mendean zehar, gizakiaren aktibitate ekoizleak, ekonomiaren iturriak, gutxika naturaren mugetatik urruntzen joan dira; herri aberats eta garatuenetako hirietan pilatzen garenok baliabide naturalekin zerikusi zuzenik ez duten lanbideak ditugu, mundua bizirik gabeko telebista baten bidez ezagutzen dugu, eta naturak inposatzen digun baldintzarik zorrotzena aterkia irekitzera behartzen gaituen euria denaren ilusioan bizi gara. Hiriak mentalitate hau, eta berau posible bihurtzen duten aurrerabide eta teknologia, nekazal munduan txertatu nahi izan duenean sortu dira egun Europa osoko hirietako kontsumitzaileak hain kezkaturik dituzten arazoak. Buelta gaitezen turismora, lurraldea eta paisaia baliabide moduan ustiatzen dituen erabilera honetara. Turismoa industrializazioakekarritako aisialdiko denboraren ondorio zuzena da, gizakiaren jakin min garbienaren ondorena, eta aldi berean gizarte modernoak etengabe bultzatzen duen kontsumismoaren sasikumea. Turismoaren hedapenak gizartearen zati handi bati beste herri, kultura, eta paisaiak bisitatzeko aukera eman dio; eta ezagutzen den hura soilik maita daitekeenez, mundu hobeago bat lortzen lagundu beharko luke, toki batetan oinak jartzea nolabaiteko ezagutzaren sinonimo balitz behintzat. Zoritxarrez, askotan turismoa adimen geografiko eta kulturalerako bidea izan beharrean, ezagutzera eman nahi duen horren gainetik bull dozerraren moduan igarotzen da. Nekazal turismoa arrisku horren menpe dago, dudarik gabe, eta horren aurkako neurriak ezarri beharko dira. Aldi berean, turismoak eskaini edo saltzen duen produktuaren hutsaltasuna ekar dezake. Eskaintza eskariari egokitu nahi izatean, produktu turistiko batek bere izaeraren hainbat ezaugarri atzean uzteko tentazioa izan dezake, eta oraindik arruntagoa den beste joera bat azal dezake ere: turistari erakargarri irudituko zaizkion apaingarriz janztekoa, alegia. Irudi oso indartsua duen toki turistiko batek, aldiz, bere paisaiak fosilizatzeko presioa jasan dezake, hau paisaiak hutsaltzeko beste modu bat delarik. Euskal Herrian nekazal turismoak eskaintzen dituen paisaietan arrisku edo joera hauek egi ote diren, eta horrela bada, garrantzitsuena zein ote den esatea ez da erraza, baina adi egon beharko dugu erabilera berri hau bultzatzearekin lortu nahi den helburua, biztanleria landatarraren babesa eta bere bizitza kalitatearen hobekuntza, nekazal turismoak berak arriskuan jar ez dezan. Nekazal turismoa diru iturri osagarri moduan erabiltzen duten populazioentzat eta euskal gizarte guztiak miresten dituen paisaia horientzat mesedegarri suerta dadin, besteak beste, bertan mendeetan zehar eman diren aktibitateen jarraipena ziurtatu beharko dugu, baina nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren intentsibotasuna alde batera utziz; lur hauek eremu hiritarraklur sail berriak bereganatzeko grinatik, eta ordain ditzakeen dirutzetatik babestu beharko ditugu; natura errespetatuko duten aktibitateak bultzatu beharko ditugu, sentsibilizazioa, heziketa eta diru laguntzen bidez; eta turismoak aktibitate osagarri baten moduan desorekarik sor ez dezan behatu beharko dugu. Miren Askasibar Bereziartua, Paisaia, S.M. Argazkiak: Hiruak bat webgunetik Euskonews & Media 128.zbk (2001 / 6 / 22 29) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.