128 Zenbakia 2001-06-22 / 2001-06-29

Gaiak

Nekazalturismoa eta emakumea

ARISTEGI, Maite

Nekazalturismoa eta emakumea Nekazal turismoa eta emakumea * Maite Aristegi Zaila da ulertzen nekazalturismoa emakumerik gabe. Bera da arima eta uneoro zerbitzu horren eztia egiten diharduen erletxo langilea. Horregatik, gehienetan berehala nabarituko dugu emakumearen ikutua zerbitzu hori eskeintzen duen edozein etxetara inguratu orduko. Zeren zalantzarik gabe, emakumea eta nekazalturismoaren artekoa elkar aurkitze interesgarria suertatzen da ia beti. Eta orohar, asko eta onuragarria da elkarrengandik jaso dutena. Eta zer jaso du aukera hori egin duen baserriko emakumeak nekazalturismoarengandik?Batez ere etorkizunerako argi bat piztu du. Hainbeste urtetan luzatutako nekazaritzaren krisiaren erdian zerbait ilusionagarria. Betidanik emakumearen ezaugarri izan den baserri dibertsifikazioaren harian,bide berri bat. Baserriko ekimen eta etekinen arraultza guztiak otarra batean jarri gabe,aktibitate lagungarri bat diru sarrerak osatu eta baserriari bizirik eusteko. Eta jakina, askotan osagarri horrek ez dauka zertan ostatu ematearekin gelditu beharrik. Aktibitate honetan hasteak berak erakutsi dio emakumeari betidanik maitasun eta askotan afizio hutsez edo etxerako eginiko hainbat lan mota etekingarriak izan daitezkeela, hala nola produktuen eraldaketa eta salmenta, historikoki batipat emakumearen atalak izan direnak eta baserri asko eta asko aurrera ateratzen lagundu dutenak, edota artisautza eta bere salmenta edota beste zerbitzu batzuk eskeintzearena. Zalantzarik gabe, nekazalturismoari lotuta eta emakumeak hala hautatzen badu ( horretarako gogo eta ahalmenak baditu, baserriaren kokapen edo berezitasunek laguntzen badute,...) hainbat lan sorta jorratu daitezke. Bestalde(eta honetaz ikerketarik egin gabe badago ere) orohar harturik, emakumearen egoera juridiko eta sozial aldetik, aurrerapauso nabarmena. Ezaguna da eta oraindik konpondu gabeko arazo historikoa da, baserriko emakumearen lana oso gutxitan errekonozitzen dela langile estatus batekin, normalean titularrarenlaguntzaile moduan hartzen delarik, ez baitago horretarako legedi aproposik. Ondorioz, emakume gutxi dira baserriko titulartza dutenak eta bere eskubide sozialak jasoak dituztenak. Horrekin lotuta, emakume askok sarritan izan duen kezka, baserrian bere lekua topatzearena da. Izan ere, hainbeste aktibitateren barruan, eta ezertan espezialdu gabe, bere nortasuna edo gutxienez egiten duenaren errekonozimentua azukrea uretan bezela urtua gelditzen da. Horregatik diot, ezagutzen ditudan kasu askotan behintzat, nekazalturimo aktibitateak lagundu diola emakumeari arazo horiek gainditzen; aukera baten ondorio izan denean bederen, baserrian bere berezko tokia bilatu duelako, dagokion onarpenarekin. Nabaritzen den gauza bat da, emakumea behingoz egiten duen lanarengatik saritua sentitzen dela (askotan batipat berak daraman lana delako), bai diru aldetik, ( zoritxarrez baserriko gainontzeko hainbat lanek oso ordainketa eskasa dutelako) eta baita bezero edo bisitarien esker onaren aldetik (oso garrantzitsua norberaren autoestimu eta aurrera jarraitzeko ilusionagarri moduan, batez ere nekazaritzan hainbeste urtetako gutxiespena jasan denean). Beharbada nekazalturimoa izan daitekeelako (baserriaren benetako osagarri denean, hau da, ondo eramatean), askotan aipatu eta erreibindikatzen dugun nekazaritzaren gizartearekiko aportazio multzo horren froga praktiko garbi bat: janariak eta zerbitzuak sortzea, biztanleria elikatuz, ingurua mantendu eta zaintzea eta nekazari inguruko kultura eta ezaugarriei eustea. Hori guztiori bete dezake nekazalturismoak, nekazaritzaren zati bezela, eta bertara hurbiltzen denak ikusteko aukera duenez, sozialki errekonozitzeko beta ere ematen du, hala gertatzen delarik makina bat bider. Eta ez dago nekazalturismoan diharduten adineko emakume baserritarrekin hitzegitea baino hobeagorik, esker horrek beraien buruarekiko poz eta itxaropenerako suposatzen duenaz ohartzeko. Eta ilusio giro horrek berorrek laguntzen du gainera beste alderdi garrantzitsu bat jorratzen:formakuntzarena. Zerbitzu hau egoki eta txukun eman nahiak berak bultzatzen baitu emakumea hainbat arlotan gehiago sakontzera: ondarearen berreskuratzea, restauraketa, dekorazioa, lorezaintza, paisaia zaintza, elikadura, sukaldaritza, hizkuntzak, gizabanakoen ezagutza eta harremanen lanketa,... beraz, hasi etxearen txukunketatik eta psikolojiaren adarretaraino. Eta ikaste honek, dudarik gabe, bere kosteak baditu ere (denpora, joan etorriak,dirua,...) emakumea berarentzat zeharo aberasgarria da. Eta espiritualki, kulturalki aberaste horrekin lotuta,sortzen den harreman sarea legoke. Bata, egunerokoa, bezero legez datozen bisitariak, euren esperientziak eta sortzen den harremanarengandik ikasi edo jasotzen dena. Bestea, nekazari munduan oso garrantzitsua lanbide honetan sarturiko nekazarien artean sortzen dena. Elkartasun sareak, elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea, antolatzen ikastea ezinbestekoak ditugu aurrera egiteko eta gure artean arnasa hartzeko. Eta zer jasotzen du nekazalturimo zerbitzuak emakumearengandik? Hasteko, argi dago halako ekimen baten inguruan familiak osaturiko etxalde bat dagoela normalean, eta zerbitzuaren osotasunean seguru asko etxeko guztiek egingo dutela zeozelako aportazioa. Eta batzutan gizonezkoa izango da ardura nagusia izango duena eta hura ere bere onena eskeintzen saiatuko da. Baina ezaguturik aukeratzen duten baserrien artean batipat emakumearen ataltzat hartzen dela, horretaz arituko naiz, inolako zientifikotasunik gabe jakina, esperientzia eta han eta hemen ikusitakoaren arabera soilik. Orohar, egonaldi atsegina eta askotan ahaztezina egiteko dauden mila detaile horien oinarria gehienetan bertako etxekoandrea da. Izan ere, erranak erran, historian zehar Euskal Herrian izan dugun abegikortasun edo kanpotarrak geurean etxeko bezela hartze horri jarraituz,hasteko bezeroa ostatuan baino bere etxean dagoela sentiaraziko du,eroso egon dadin, horren inguruan tradizioaren tradizioz jasotakoa bisitariaren atseginerako jartzen saiatuz.Ia denok barneratua bait daukagu, nekazalturismoa hotela baino zerbait gehiago dela edo gutxienez desberdina. Geurea den onena erakutsi, irakatsi, ikusten lagundu, zabaldu eta konpartitzea... (paisaia, inguru ederrak, gastronomia, historia, ohiturak, interes artistiko, arkeolojiko edo aisigunerako edozein gai, geure kultura eta nortasuna orohar. Eta turistekiko harremanean, batzutan gehixeago, besteetan gutxixeago, baina beti landu behar izaten dira arlo horiek nola edo hala, askotan maixutasun handiz. Horregatik esan liteke, nekazalturimo bakoitzeko erletxoa, funtzio hauek garatzean, Euskal Herriko enbaxadore bihurtzen dela, etxetik atera gabe. Baina badira aipatu beharreko beste funtsezko zeregin batzuk ere. Baserria bera eta inguruen atontze, edertze eta zainketa esaterako. Eraikuntza eta tresneria aldetik baserrietan izandako altxor preziatua zoritxarrez urte askotan dexente galdu bada ere(formakuntza faltagatik, beste interes eraikitzaile batzuk sartu direlako edota sentsibilizatze hutsuneagatik), ezaguna da emakume askoren kezka horren inguruan, beraien arreta eta interesa baloredun gai horiek mantendu eta ahal denean berreskuratzeko. Nabaria da hainbat landa etxetan eginiko ahalegina, euskal baserriaren nortasuna eta historia erakusten duten tresnak errekuperatzen, dekorazioan ahaleginak egiten, eraikuntza eta inguruen zainketan esfortzu hori nabarmentzen. Horretan ere nabaritzen baita etxe, inguru eta bizimodu batekiko maitasuna. Eta kariño handiz zaindutako paraje, lorategi, balkoi eta inguruak nonahi ikus ditzakegu, emakume askoren barne edertasunaren ispilu. Egingo du baita ahalegina askotan, bezero aho goxoa janari gustokoenez irabazten. Gosaria dela, afari edo bazkaria dela, hasteko baserritarrak garela gogoratuz, lur eta ganaduetatik gizakia mantentzeko euskal elikagai goxoenak eskeiniz, jatearen inguruko gure kultura zabala maitatzen lagunduz. Beharbada norbaitek pentsatuko du, hauek irakurrita,nekazalturismo edo landa etxeen inguruko guztia larrosa dela.Baina jakina, beti izaten dira arantzatxo batzuk; aipatutako guztia ez baita beharbada martxan dauden guztien errealitatea izanen, etxe horrek martxa bat duenean gertatuko dira bai, baina badira nahi baino bezero gutxiago dituztenak eta bere garaian ilusio handiz halako ekimen bat martxan jartzeko dirutza gastatu zutenak; turismoaren eskeintza zabaltzea, paraje guztietan daudela gauza ederrak eta bisita egiteko arrazoiak adierazi nahi lukete. Eta badira baita emakumeak, beharbada lan honen hautua eurak egina ez delako, edo baserria beste era batera antolatu beharko luketelako, euren betiko lanaren jarraipen soil bezela ikusten dutenak, askotan lehen dituzten zamez gain beste karga bat gehiago. Dudarik gabe, nekazalturismoa eta emakumearen arteko harreman horrek aurpegi eta sentipen asko izan ditzakeelako. Hemen nabarmenenak azpimarratzen saiatu gara baina seguru nago baserri hauek bisitari bezela pasatu dituztenen esperientzi eta sentipenekin beste liburu mardul bat idatz daitekeela. Hasi besterik ez gara egin. Maite Aristegi, Nekazalturismoa Argazkiak: Joseba Olalde Euskonews & Media 128.zbk (2001 / 6 / 22 29) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria