11 Zenbakia 1998-11-20 / 1998-11-27

Gaiak

Toponomastikaren egoera eta historia Nafarroan

BELASKO, Mikel

Toponomastikaren egoera eta historia Nafarroan Toponomastikaren egoera eta historia Nafarroan * Mikel Belasko Toponomastika toki izenak ikertzen dituen zientzia da. Herri bateko toponimia bertako jendeak idatzitako dokumentua da, zeinetan, hizkuntza erabiliz, historia, ekonomia, erlijio, ohiturak eta beste hainbat errealitate isladatu baitituzte. Dokumentu honi testu diakronikoa eta bizia izateak ematen dio bere balioa. Nafarroako toponimian hainbat herri eta kulturaren presentzia eta eraginaren aztarnak badira: Baskoiak, zeltak, erromatarrak, gotoak, arabeak, juduak, frankoak (hizkuntzaz Occitania aldekoak edo kaskoinak), nafar erromantzea; harik eta bitariko komunitate bat sortu zen arte: Gaztelaniaduna eta euskalduna. Toki izenak biltzeko egitasmo egoki batek, metodologia zientifiko batez eginak, dokumentu hori salbatzeko aukera ematen du, tamalez galbidean baitago, eta horrez gain mapagintza ilustratu ez ezik, materialen zer nolakoa eta kalitatea aztertu, zer zabalera duten eta garaiez garai kultura bakoitzak zenbaterainoko eragina izan duen eskualde batean. Ezaugarri hauekin ezkontzen diren bi proiektu garatzen ari dira Nafarroan: Onomasticon Vascononiae eta Nafarroa. Toponimia eta Mapagintza. Nafarroan egindako biltze saioak. 1882 1936 Asociación Euskara de Navarra taldekoek bultzatuta eta Iruñeko udalaren eskutik toponimiari buruzko ikerlanak sustatu nahi izan ziren 1882. urtetik aurrera, baina hauek arrakasta eskasa izan zuten. 1882 86 urteetan inork ez zuen lanik aurkeztu. Erabakiorra suertatu zen Artuko Campionek 1915.urtean idatzitako "A los vascos de buena voluntad" izeneko artikulua. Hor euskaldunei toponimia biltzeko deia egiten zitzaien eta oraingoan bai, lanari ekin zitzaion. Campionek esandakotik abiatuta eta "Sociedad de Estudios Vascos Eusko Ikaskuntza" sortzearekin batera, hasi zen Nafarroan aurreneko Toponimi biltze saioa, 1918an. Luis de Eleizalde Brenosa (1873 1923) zelarik kanpainaren bultzatzaile eta hots emaile handiena. 1919an erabakizen udal guztietara zirkularra bidaltzea "landetako dermio guzien izen zerrendak" bidaltzeko eskaka, "Euskaltzaindiak Altxor preziatu hori euskararen ikerketa toponimikorako erabil dezan". (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 19. zk.). Luis de Eleizaldek bidalitako materialetatik euskarazkoak aukeratu, ortografiaz egokitu, eta "Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas" agertu zituen RIEV (1922 1930) eta BRSVAP (1963 1974) errebistetan. Aurreneko kanpaina honen ezaugarriak: A) Helburu bakarra Euskarazko toponimia biltzea zen. B) Erantzuna eta edukia irregularrak ziren, inoizka eskasak eta badaezpadakoak oso. C) Mapazko euskarririk ez zuten. 1936 1985 Espainiako Gerra zibilak saio hura etenik utzi zuen. Ondoren beste ikerketa toponomastiko eta linguistiko batzuk burutu ziren (Justo Gárate, Joan Coromines, Julio Caro Baroja, Antonio Tovar, Luis Mitxelena, Jose Migel Barandiaranek moldatutako "Inkesta Etnografikoa"). 1940ean fundatu zenetik, Príncipe de Viana" kazetak, izen bereko erakundeak argitaratuak, eta Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnologia y Etnografia Navarra errebistak, berriz, Diputazioak 1969an sortuak, ikerketa garrantzitsu askoren argitarabide izan ziren. Bigarren aldi honetako ezaugarri aipagarriak, besteak beste: A) Hizkuntza kontuan, ikerketa zabalagoak izatea, biltze lana euskarazko materialera mugatu gabe. B) Egitasmoak eta burutzeak bakarkako lana izaten ziren, batez ere Barandiaran etnografiaren alorrean izan dena bezalako pertsonalitate hotsemaile baten faltagatik. C) Ikerketaren metodologi irizpideetan eta helburuetan uniformitate falta. D) Ahaleginen eta emaitzen barreiamendua, aurren eskuko materialak desagertzeraino. E) Mapagintzari inportantzia gutxi ematea, inoiz gutxitan eta modu eskas eta xinplean erabiliz. 1986 1998. Onomasticon Vasconiae Toponimia ikerketak irizpide eta metodologia zientifikoekin egiteko, Ramon Ciérbide Martiñenak, Gasteizen Euskal Herriko Unibertsitatearen katedratikoa denak burutan hartu zuen materialaksistemaz bildu eta corpus batean argitaratzeko ideia, "Onomasticon Vasconiae" deritzana, alegia. Euskaltzaindiak proiektua onartu eta bere babespean hartu zuen. 1986an hasi zen gauzatzen Jose María Jimeno Jurío k burutu maisu lanetan. Jadanik hamasei ale etorri zaizkio ondotik, horietatik 7 ale Nafarroari zuzenean dagozkiola. Nafarroako herrien izendegia Nafarroako euskararen legeak aginduta, Gobernuak aginduzko txostena jaulki zezala eskatu zion Euskaltzaindiari Nafarroako Herrien Euskarazko izenei buruzkoak (1987). Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak banan banan ikertu zituen toki izenok eta horren araberako erabakiak hartu, honoko materialak gogoan zituela: Dokumentaziotik hartutako izenaren aldaerak, hasi erdi arokotik eta gaurregungoraino, urtea eta iturria aipatuz (artxiboa, bibliografia, gaurko ahozko inkesta). Zerrenda horiek Euskaltzaindiaren Batzarrari eman zitzaizkion oneskizun. Datuak eta zerrendak Nafarroako Gobernuak argitaratu zituen Nafarroako herri izendegia izeneko liburua. Geroztik, 1997 98 urteetan, Nafarroako euskararen kontseiluko toponimia batzordeak, 1987an erabilitako irizpideak finduz eta dokumentazio berriaz baliatuz, herri guzien euskal izenak finkatu ditu. Nafarroako toponimia eta Mapagintza Nafarroako Gobernuak, ikusirik zer garrantzia duen toponimiaren azterlana gogo egin zuen toponimia xehea bildu eta mapagintzan isladatzeko lana hasteko. Hartarako "Trabajos catastrales S.A."rekin komenio bat egin zuen eta proiektuaren helburu nagusiak hauek izan ziren: A) Nafarroako lurralde osoan erabilera bizia daukan toponimiaren altxor historiko linguistikoa salbatzea. B) Euskaltzaindiak eman hizkuntz arauen arabera toponimia tratatzea. C) Nafarroako Gobernuaren mapa eta argitarapenetan gauzatzea. D) Kanpainan zehar bildutako materialekin ikertzaileentzako fondo bat eratzea. Nafarroako Gobernuak "Trabajos Catastrales, S.A" enpresarekin egindako hitzarmenaren ondorioz, lurraldeko herri eta inguruetako toponimo bizi guztiak jaso dira, eta mediozientifikoak erabiliz espezialista talde batek lur urtetan burutu du lana (1990 1994). Ahalegin honen emaitzak Nafarroako Toponimia eta Magagintza. Toponimia y Cartografía de Navarra bilduman argitaratuz joan dira. 1992an hasi zen bilduma honek Nafarroako herri guztietako dermioen zerrendak eman nahi ditu, bakoitza bere mapan kokaturik. Gaur egun 50 liburu argitaratu dira eta azkeneko 9 aleak 1998 1999 urteetan argitaratuko dira. (Goian azaldutako testua Nafarroa. Toponimia eta Mapagintza Nafarroako Gobernua, Iruña 1991 liburutik atereak dira gehienbat) Mikel Belasko, Nafarroako toponimia txikiari buruzko lanen koordinatzailea. Iruña