11 Zenbakia 1998-11-20 / 1998-11-27

Gaiak

Paisajearen definizio baten bila

ASKASIBAR, Miren

Paisajearen definizio baten bila Paisajearen definizio baten bila * Miren Askasibar Astekari honetako hirugarren alean paisajearen osagai posibleak aztertzen ziren, kontzeptu eta hitz honen aurkezpen moduan. Oraingo honetan, bertan azaldutakoa laburbiltzen duen definizio baten bidez Europako paisajeak antolatu eta gestionatzeko sortua den Paisajearen Konbentzio Europearrari buruz arituko gara. Konbentzio honek proposaturiko paisajearen definizioak honela dio: "paisajea lurraldearen zati bat da, kostaldeko zein barrualdeko urak barne izan ditzakeelarik, biztanlegoak jasotzen duen moduan, bere itxura faktore naturalen eta giza faktoreen eragin eta elkarrekintzen emaitza delarik". Beraz, definizioak paisajearen oinarrizko hiru alderdiak ditu barne: dimentsio fisikoa (paisajea lurraldea da), dimentsio subjektibo eta kulturala (lurraldearen zati bat da, bai, baina biztanleek atxikitzen dizkioten balore subjektiboak ahaztu gabe), eta denborazko/kausazko dimentsioa (paisajearen itxura gizakia eta naturaren arteko elkarrekintzaren ondorioa da). Paisajearen Konbentzioa Europako Kontseiluaren ekimen bat da, eta azken ikutuak jasotzen ari da 1999. urtean zehar Europako Kontseiluko partaide diren herriek sinatu ahal izan dezaten. Bere helburu nagusia paisaje paneuropear guztiak barne har ditzakeen tresna legala izatea da. 1994. urtetik hona Europako Toki eta Eskualde Administrazioen Kongresuak eratutako lan talde batek Konbentzioa idazten dihardu, eta zirriborro aurreratu moduan Europako herrialdeetako gobernuei aurkeztua izan zen Florentzian aurtengo apirilean. Horren ondoren, Europako Kontseiluak zirriborro hau onartu zuen Estrasburgon maiatzaren bukaeran. Konbentzioaren lehen ezaugarri deigarria Europako paisaje guztien babespen, kudeaketa eta antolaketan jartzen duen arretan datza, ezaugarri estetiko bikainenak dituzten paisajeetan soilik kontzentratzea sahiestuz. Dudarik gabe, hau aurrerapauso handia da paisajea lurralde osoaren kalitatea dela onartu eta zabaltzeko bidean.Honegatik, Konbentzioak nekazal paisajeak, naturguneak, paisaje hiritarrak nahiz hiri ertzekoak, eta ezaugarri bikainak dituzten paisajeak zein paisaje arruntak hartzen ditu kontutan. Paisajeari buruzko hitzarmen honen proposamenak hiru estrategiatan oinarritzen dira: Paisaje Babespena, bitxien diren paisajeetarako; Paisaje Kudeaketa, garapen iraunkorraren testuinguruan paisaje arruntak gestionatu ahal izateko; eta Paisaje Antolamendua, aurreikuspenez jokatzeko behar berezia eskatzen duten paisaje berrietan, edota aldaketa bortitzak jasan dituzten paisajeetan. Konbentzioa sinatzen duten herriek hainbat konpromiso hartuko dituzte, hala nola paisajeak ondare kultural, ekologiko, sozial eta ekonomikoa isladatzen duela eta aldi berean herri baten nortasunaren oinarri dela onartzea eta zabaltzea, edo paisajea lurralde antolaketa, hirigintza, kultura, ingurugiro, nekazaritza, basogintza, gizarte eta ekonomia, eta abarretako politikan kontutan hartzea. Ekintza konkretuei dagokienez, sentsibilizazioa, trebakuntza eta heziketa behar beharrezkoak direla adierazten du Konbentzioaren testuak, eta ondorioz garrantzi berezia ematen zaio paisajean adituak diren ikertzaile eta profesionalak trebatzeari, heziketa programa disziplinanitzak sortzeari, eta bai irakaskuntza ertainetan, bai unibertsitatean paisajea lantzeari. Era berean, gai honen inguruan dibulgazioko lanetan aritzea ezinbestekoa dela dio Konbetzioak, biztanlegoa sentsibilizatzeko helburuarekin. Bestalde, Konbentzioak paisajeari buruzko ikerketak bultzatzea beharrezkoa ikusten du, eta honen ondorioz Konbentzioa sinatzen duen herri bakoitzak bere paisajeak aztertu eta baloratzeaz gain, paisajearen kalitatearen inguruko helburuak garatu beharko ditu, bertan azaltzen den paisaje mota bakoitzerako. Helburu horiek lortzeko orduan premiazkoak suertatzen diren kudeaketa, babespen eta antolaketako neurriak ezartzeko konpromisoa ere hartzen dute Konbentzioa sinatzen duten herriek. Euskal Herriaren kasuan hain garrantzitsu direnmugaz bestaldeko paisajeek behar bezalako arreta jasotzen dute ere, eta Konbentzioa sinatzen duten herriek beronen helburuak herrialde mugakideen paisajeetan lortu ahal izateko beharrezkoak diren pausoak emateko konpromisoa hartzen dute, neurri konkretuak garatzea toki eta eskualde administrazioei dagokiela finkatuz. Azkenik, Konbetzioak Paisajearen Sari Europearra sortzen du, bere helburuak betetzeko orduan adibide aproposak direla erakusten duten kasuak nolabait saritzeko. Aldi berean, Interes Europearreko Paisajeen zerrenda bat osotzea proposatzen du ere, Europako naturguneen kasuan Natura 2000 sarearen bidez egin den moduan. Beraz, urte baten buruan Europako paisajeak ikertu, babestu, antolatu eta gestionatzeko oinarri sendo bat eratzeko bidean gaude. Ekimen honen oinarriak ezagutu ondoren, interesgarria litzateke ildo horretan lanean hastea, ikerketak eta ekintzak aurreratuz, honela indarberritu den kontzeptu honen inguruan sortzen ari diren eztabaidetan dagokigun neurrian zeresana izan dezagun. Miren Askasibar, Basque Fellow ohia Oxford en