Euskara eta teknologia Euskara eta teknologia * J.M. Rodríguez Ibabe Azken denboraldi honetan, lan munduan euskararen erabilpena sustatzeko ematen ari diren urratsen berri zabaltzen ari da komunikabideetan. Horietatik ondorengo bi adibideak azpimarra daitezke: Euskararen Aholku Batzordeak sustatutako euskara biziberritzeko plan nagusia eta "Kontseiluak" kaleratutako helburuak. Bi kasu horietan, datozen urteetan lan munduaren euskalduntzeak hizkuntzaren normalizazioan edukiko duen garrantzia adierazten da. Oinarrizko hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitatea euskalduntzen ari diren bitartean, nahiz eta eman beharreko urratsak oraindik ere asko diren, gure gizartea euskalduntzeko landu beharreko bi esparru nagusi administrazioaren euskalduntzea eta lan mundua dira. Azken honek printzipioz zailena dirudi. Alde batetik lan munduan ekonomiaren sektore desberdinak daude eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Eta beharbada, horien artean zailenetarikoa industria izan daiteke. Industria ere oso sektore heterogeneoa izatean, ez da batere erraza adierazpen orokorrak egitea. Hala ere, horren barne teknologia, ekonomia eta abar luze bat kontutan har daitezke. Kanpotik ikusita, batek baino gehiagok teknologiaren eta euskararen artean dibortzioa dagoela pentsatuko du. Hala ere, errealitatea bestelakoa da. Beste arlo askoren artean bezala, duela 20 25 urte puntako gai teknologiko bat euskaraz nekez adierazten zen. Garai hartan UZEI eta Elhuyar erakundeek, besteren artean, zientzi eta teknologi arloan hasitako lanari esker, teknologia desberdinei zegozkien terminologiak landuz joan dira. Gaur egun, nahiz eta adituek lan asko egiteke dagoela esan, erabiltzaile garenok erraztasun handiak ditugu edozein gai teknologiko eta zientifiko euskaraz adierazteko. Terminologia landuta izatea beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Terminologia erabili behar da eta hori, orain arte, neurri handi batean unibertsitatean garatu da. Zientzi fakultateetan eta injineritza eskoletan gai teknologikoeta zientifiko desberdinak euskaraz urtez urte garatzean terminologia teknologikoari bizitasuna eman zaio. Bere eguneroko erabilpenaren poderioz, terminologia landuz eta gaurkoratuz joan da eta, era berean, lizentziatu eta injineru gazteak bere erabilpenean trebatu egin dira. Gazte horiek unibertsitatea uztean eta lan mundura abiatzen direnean erdara nagusi den arlo baten aurrean aurkitzen dira (puntu honetan analisi bera egin daiteke D eredua jarraitzen duten lanbide eskoletako gazteekin). Salbuespen batzuk izan ezik, egoera berri horretan euskara erabiltzeko sortzen diren oztopoak gaindiezinak egiten zaizkie, bere eguneroko lan harremanetan erdara nagusia izanik. Egoera horretan, gazte batek baino gehiagok, ikasketak euskaraz zertarako egin galdetu egiten du (gertaera hau ez bakarrik ikasketa teknologikoetan, ekonomian ere gauza bera gertatzen ari da). Ondorioz, domino efektu baten aurrean aurki gaitezke. Beraz, honi aurre egiteko prozedura bakarra koherenteak izatea da eta horretarako hezkuntza sistemarekin piztu ziren nahiak eta gogoak orain lan mundura bideratu beharko ditugu. Industriara lan egitera hurbildu egiten den gazte euskaldun horrek ezingo du ia ezer egin bere lan esparrua euskalduntzeko, nahiz eta berak gogoa eta arazoaren konzientzia eduki. Beste gai askotan gertatzen denez, hemen ere industria (eta gainotzeko lan munduak) euskalduntzeko metodologia zehatza aplikatu behar da. Duela urte batzuk Elhuyarren lanaren bitartez zenbait lantegietan (Elay Balzers eta CAF adibidez) euskararen erabilera areagotzeko mikroplanak martxan jarri ziren. Plan horietan lortutako emaitzak oso onak izan dira, metodologiaren erabilgarritasuna erakutsiz. Ondorioz, une honetan teknologiaren (eta ekonomiaren) arloan terminologia eta metodologiak garatuta daude eguneroko lana euskaraz lantzeko. Hori horrela baldin bada, zer falta da prozesua nabarmenki zabaltzeko? Beharbada gauza zailena. Hau da, lan munduan parte hartzen duten aginte guztiak (enpresariak, sindikatuak, merkataritzaganbarak eta abar) prozesuaren beharraz jabetzea eta ondorioz, baliabideak jartzea. Datozen urteetako euskaldunen erronka handiena hori da eta lortzen ez baldin bada, dominoaren teoria martxan jar daiteke. J.M. Rodriguez Ibabe, CEIT eko ikerlaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.