Euskal Herriko arrantzaleen kofradiak Euskal Herriko arrantzaleen kofradiak * Josu Erkoreka Gervasio Beste langintza askotan bezalaxe, itsas arrantzan diharduten euskaldunak ere lan elkarteetan, kofradietan batu izan dira ofizioaren arazoei modu eraginkorrago batean aurre egiteko. Lantxo honetan, azal azaletik baino ez bada ere, arrantzaleen elkarte horien iragana eta oraina aztertuko ditugu, euren ezaugarririk nabarmenenak aipatuz. 1. Kofradien bilakaera historikoa. Arrantza arloko kofradien jatorria Erdi Aroan kokatu behar dugu. Hain zuzen ere Euskal Herriko arrantzaleen anaidirik zaharrenak, Hondarribia, Donostia, Deba, Lekeitio, Bermeo eta Plentziakoak, XIII eta XIV mendeetan sortu ziren. Itsas gremioen sorkuntza prozeso honetan bi gertakari nagusik izan zuten eragina: a) Alde batetik, itsasoari loturiko langintza ekonomikoek eta oso bereiziki arrantzak XI mendeaz geroztik euskal kostaldean izan zuten aurrerapena. Testuinguru horretan, zenbait arrantzale komunitate loratu zen euskal kostaldean. Eta komunitate horiek izan ziren, mendeak joan eta mendeak etorri, egituratu eta kofradietan bildu zirenak. Arrantzaren sasoi honetako garapenak aparteko garrantzia izan zuen, bada, kofradien sorkuntzan. Garapen hura gabe pentsaezina izango baitzen hauen sorkuntza. b) Bestetik, garai hartan arlo bereko langileek gremioetan biltzeko joerak Europan barrena hartu zuen indarrak. Gogorarazi beharrekoa da puntu honi dagokionez, azken Erdi Aroan Europako lan kulturan erro sakonak bota zituela langintza berean zihardutenak gremioetan elkartzea. Eta arrantzaleek ere ontzat hartu zuten beste langintzetan zabaltzen ari zen joera hori Baina Euskal Herriko arrantzale kofradiak, ez dira, denak, Erdi Aroan erneak. Garai zahar hauetan kofradiarik sortu ez zuten kostaldeko herriek ere, XVII mendearen inguruan bakoitzak bere anaidia sortzeari ekin zion. Sasoi honetakoak dira, besteak beste, Pasaia, Orio, Zarautz, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Ea, Elantxobe, Mundaka, Algorta, Portugaleteeta Somorrostroko arrantzaleen anaidiak. Ikusten denez, bada, Euskal Heriko itsas gremioak bi txandatan sortu ziren: Erdi Aroan aurrenekoak eta azkenak, berriz, Antzinako Erregimenaren bihotz bihotzean, XVII. gizaldian. Hortik aurrera, kofradiak, arrantza munduari estuki lotuta agertuko zaizkigu, euskal kostaldean ez ezik Kantauriko itsas portu guztietan. Bizkaiko arrantzale batek oso argi adierazten zuen kofradien txertaketa hori 1708 urtean egin zuen adierazpen honetan: "...que las cofradías como la de dicha Santa Clara de la villa de Hondarroa (hay) en todos los puertos marítimos de este dicho Señorío como son la villa de Lequeitio, Puebla de Hea, Puerto de Elanchobe, Mundaca y esta dicha villa de Bermeo, en las de Plencia y Portugalete, como también en Castro, Laredo, Santander, San Martin de Llerena, Comillas y San Bizente de la Barquera, Laires, Rebelizin, Lastres, Ribadeo, San Ziprian, Bibero, Barias, Coruña, Pontebedra y otros puertos del Reyno de Galicia, Prinzipado de Asturias y de las quatro villas de los puertos de la mar; y en la noble Probincia de Guipuzcua, en la billa de Motrico, Guetaria, Ziudad de San Sebastián y otros puertos, todos ellos teniendo sus santos patronos titulares conforme su devoción y lo a visto el testigo por haver estado en ellos..." Baina kofradien sortze prozesu luze hau ez zen nolanahi gertatu. Arazo eta eragozpen asko gainditu behar izan zituzten itsas bazterreko arrantzale komunitateek kofradietan egituratzea lortu arte. Horien artetik ez ziren txikienak Gaztelako errege eta korteek giza elkarteekiko agertu zuten mesfidantza eta horien kontra eman zituzten aginduak. Agindu hauek bitarteko, Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek ere Agintarien baimena eskuratu beharra izan zuten sortu eta jardun ahal izateko. Mendeetan zehar arrantza sektorea egituratzen jardun eta gero, eraso indartsua jasan zuten kofradiek, XVIII. eta, batez ere, XIX mendean, liberalismoaren eraginez langintzen askatasunaren hatsapena Europako bazter guztietatikhedatu zenean. Eraso horiek larrialdi sakon batean murgilarazi zituzten itsas gremioak, hauek, jakina denez, langintzen askatasunarekin uztarezineko erakunde hertsiak baitziren. Doktrina liberalak gremiorik gehienak desagertarazi zituen. Euakal Herriko arrantzaleek, ordea gogor eutsi zieten euren kofradiei eta oztopo guztiei aurpegi emanez, hauek bizi bizirik irautea lortu zuten. Horren ondorioz, Erdi Aroan sorturiko lan gremioen artetik, gaur egunean oraindik bizirik irauten duten bakarretarikoak direla baiezta daiteke zalantzarik gabe. Egun, azken denboretan arrantza mundutik bizi izan diren herririk gehienetan daude kofradiak, lekuan lekuko itsastarren komunitateak egituratzen. Ez dago esan beharrik ez dutela denak bizitasun berdina. Batzuk kide asko eta asko biltzen dituzte oraindik ere eta lehiatsu dihardute euren eginkizunak betetzen. Besteak ordea nahas mahas dabiltza erdi hilzorian, herriko arrantzaren atzerakadari aurre egin nahian. Nolanahi ere, Kofradiek Legeriaren babes osoa dute. Eusko Legebiltzarrak onetsitako 1998ko ekainaren 25ko Legeak bete betean onartzen ditu eta Zuzenbide Publikoko Korporazio bezala hartzen ditu. 2. Kofradien barne egitura. Europako lan korporaziorik gehienetan gertatu zen bezala, Euskal Herriko arrantzaleen kofradiak ere goitik eta beherako egitura hierarkiko baten inguruan eratu ziren. Hiru mailatan sailkaturiko egitura horren burua ontzijabeek osatzen zuten, alegia, kofradikideek arrantzarako erabilten zituzten txalupa eta traineroen ugazabak. Erdiko maila arrantzale soilena zen; tostartekoena. Eta beheragokoa, berriz, mutilek osatzen zuten, hau da, arrantzalearen ofizioa ikasteko asmoz, ontzibarruko zereginetan laguntzen ziharduten gazteek. Somatu daitekeenez, kofradia barruko agintea ontzijabeen eskuetan zegoen ia leku guztietan. Eurek ziran jaun eta jabe ofizioari buruzko arlorik gehienetan eta euren eskuetan zeuden, baita ere, anaidiaren diru eta ondasunak.Ugazaben nagusitasun hau argi eta garbi ikus daiteke kofradiaren egunerokojoan etorrian. Izan ere kofradiaren barne gobernua bi organotan oinarritzen zen batzar orokorrean eta maiordomoan eta biak zeuden ontzijabeen menpean. Batzarrari dagokionez esan behar da, hasierako aldietan lekuan lekuko arrantzale guztiak biltzen bazituen ere, XVII mendeaz geroztik ontzijabe soil eta bakarren txokoa bilakatu zela. Maiordomoaren kasuan, aldiz, ez dugu okerrik egingo esaten badugu beti izan dela ontzijabeen kargua. Jakina denez, liberalismoaren bultzadak, XIX mendean, gremiorik gehienak desagertaraztera eraman zituenean, ez zein gehiago ugazaba eta langileak leku berean biltzen zuen lan elkarterik izan. Harrez gero, ugazabek euren elkarte bereziak sortu zituzten eta langileek, aldiz, inoren menpeko lana beren beregiz defendatuko zuten erkidegoetan bildu ziren, sindikatoetan alegia. Baina arrantza arloan, eragin liberalaren ganetik ere itsas kofradiak bizirik iraun zutenez gero, batzuk eta besteak ugazaba eta tostartekoak itzalpe berean jarraitzen zuten. Hortakoz, ezinbestekoa gertatu zen batzuk eta besteak kofradiaren baitan izan behar zuten pisua ere nola edo hala parekatzea; ez baitzen onartzekoa inertziari amore emanez gremioen garaia amaitu ostean ere ontzijabeek anaidiko aginte guztia eurentza hartzen jarraitzea. Arrantzale soilak, horrela, kofradiaren egituretan geroago eta leku handiagoa irabazten joan izan dira. Prozeso honen ondorioz, gaur egunean, kofradi barruko organoetan parekotasun handiagoa dago armadoreen eta tostartekoen artean: Batzar orokorrak denak biltzen ditu ugazaba eta tostartekoei erabateko parekotasuna aitortuz. Beste horrebeste gertatzen da indarrean dauden legeek kofradietarako aurrikusten duten Zuzendaritza batzordearekin: hemen ere parean daude ontzijabe eta arrantzale soilak. Presidentea eta Presidenteordeari dagozkionez, egungo legeriaren arabera, armadorea zein tostartekoa izan daitezke, baina kargu biak ezin daitezke aldi berean talde berdineko kofradikidez beteak izan. Lehenbizikoa ugazaba bada, besteak tostartekoaizan behar du nahi eta nahi ez. Eta berdin alderantziz ere. 3. Kofradien eginkizunak. Bi eratako eginkizunak burutzen zituzten itsas kofradiek. Alde batetik, arrantzaren munduari loturiko arlo guzti guztietan hartzen zuten esku: arrantza lana bera noiz, non eta nola egin behar zen arautu, arrantzaleen itsaso zabaleko segurtasunaz arduratu; kofradikideek portura ekarritako arraina saldu, anaien arteko eztabaidak konpobidean jarri eta, oro har, arrantza komunitatearen intereseko arazo eta kontu guztien defentsan jardun. Baina itsasoko lanbideari loturiko jarduera hauez ganera, izaera erlijiosoko hainbat zeregin betetzen zuten, baita, arrantza arloko anaidiek. Izan ere Deunen baten itzalpean eraikita zeuden itsas gremioak ia denak San Pedropean, baina ez dira falta Santa Klara, San Nikolas eta San Telmoren ohorean eraikiak ere eta horrek esangura erlijioso indartsua ematen zion erakundeari. Hortik dator, herriaren ustean, kofradiak, patroiaren alde, hildako arrantzaleen alde zein eguraldi ona eskatzeko eleizkizunekin hain lotuta agertzea. Gaur egunean alderdi profesionalak du nagusitasuna itsas kofradien eginkizunetan. Erakunde hauek baxurako arrantzan diharduten langile guztiak biltzen dituzte portu bakoitzean eta lekuan lekuko arrantzaleen lana bideratu eta antolatzea dute helburu, Administrazioarekin elkarlanean jokatuz. Iraganean bezalaxe, orain ere arrantzaleen lan segurtasunaz eta harrapatutako arrainaren salmentaz arduratzen dira batik bat. Aitzitik, antzinako eleizkizun oparo eta ugariak, patroiaren eguna ospatzeko egin ohi diren apurretara mugatzen dira gaurkoan. Josu Erkoreka Gervasio Argazkiak: Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak eginiko webgunetik Euskonews & Media 104.zbk (2000 12 22 / 2001 1 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.