104 Zenbakia 2000-12-22 / 2001-01-05

Gaiak

Artisauen ekonomia

IZAGA, José María URDANGARIN, Carmelo

Artisauen ekonomia Artisauen ekonomia * Carmelo Urdangarin / Jose Mª Izaga Zaila da oso artisautzan espezializatuta daudenen ekonomia zehazki zer den adieraztea. Bereziki, artisautzari buruzko definizio bateraturik ez dagoelako; baina ez mundu mailan bakarrik, baizik eta ezta Europan bertan ere. Nolanahi ere, interesgarriak suerta daitezke hainbat gogoeta. Langile bat artisaua dela esan ahal izateko produktuak bere zigilu pertsonalarekin egin behar baldin baditu, funtsean bere eskuez baliatuz, makineria ahalik eta gutxien erabiliz, eta berekin langile gutxi batzuk bakarrik izanik, argi dago oso zaila gertatuko litzaigukeela ileapaintzaileak artisautzat jotzea hainbat herrialde europarretan egiten duten bezala , edota gure kale eta plazatan apaingarri pertsonalak saltzen ibiltzen diren gaztek ez direla artisauak esateko. Munduan zehar leku batean eta bestean dauden artisauek, hortaz, oso teknologia eta ekonomia desberdinak dauzkate. Batezbestean nahiko urte dauzkate artisauek, eta, gure herrialdeko hainbat erakundek ahaleginak egin arren, oraindik ikasketa arauturik ez dagoenez, beren jarraitasuna ez dago guztiz bermatuta. Ekonomiaren arloan bi galdera sortzen dira beti: zer ekoiztu? Eta nori saldu? Lehenengo galderak ez du aparteko arazorik sortzen, gure artisauek badakitelako zer ekoiztu, eta ongi egiten dute gainera, aldiro izaten diren azokatan ikus daitekeen bezala. Ezer esan behar izanez gero, erosleak ordaindu beharreko salneurria aipa liteke, seriean ekoiztutako produktuen kasuan baino zailagoa suertatzen baita artisautzakoak konparatzea. Artisauen ekonomiaren gakoa, beren produktuen salmenta da. Izan ere, gure herrialdean ia ez dago artisautzan espezializatutako merkataritzarik, eta gai hauek ekoizten dituztenek apenas daukate beren lana ezagutzera emateko aukerarik. Gainera, salneurria finkatzeko orduan ere babesik gabe gelditzen dira eroslearen aurrean, salbuespen esanguratsurik baden arren. Azoka eta erakusketak baliotsu eta lagungarriak dira, etabaita artisauei zuzentzen zaizkien laguntza ekonomikoak ere, baina, azken batean, bizirauteko laguntzak baino ez dira. Gure erakundeek modu aktiboago batean esku hartu beharko lukete epe laburrean merkataritzaren arloan. Horretarako, beste lekuetan egiten dena aztertu beharko lukete, eta, ondoren, gure egoerara egokitu. Hala eta guztiz ere, lehenik eta behin artisauek beraiek elkartu behar dute, administrazioarekin batera sektorearen etorkizuna bermatuko duten neurriak hartzeko, ez laguntza fiskalak bakarrik. Hemengo artisau asko eta asko jubilatuta daude jada, eta beren sarrera ekonomikoak apur bat handitzeko jarraitzen dute bizitza guztian zehar egin duten lana egiten, edo ezagutzen dituzten teknikak beste arlo batzuetan aplikatzen. Badira bizibidetzat artisautza daukatenak ere, edota "hobby" gisa egiten dutenak, beste jardueren osagarri gisa. Baina benetan kezkatzekoa dena, artisautzako produktuen ekoizpenaren esparruan hain gazte gutxi sartzea da nahiz eta badagoen salbuespenik , eta trebatzeko eskolarik ez egotea. Egia da oso zaila dela gure egungo ekonomiak gazteei eskaintzen dizkien beste aukerekin lehiatzea, baina artisau berririk sortzen ez bada, etorkizuna iluna behintzat bai izango dela. Carmelo Urdangarin, Jose Mª Izaga Euskonews & Media 104.zbk (2000 12 22 / 2001 1 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria