89 Zenbakia 2000-07-28 / 2000-09-08

Gaiak

XX. mendeko eskultore euskaldunak

PLAZAOLA, Juan

XX. mendeko eskultore euskaldunak XX. mendeko eskultore euskaldunak * Traducción al español del original en euskera Juan Plazaola Harrigarria da historialari batek, Euskal Herriko artea aztertzeari ekiten dionean, artista euskaldunak zenbatzeko unean ikusten duen jarraitasun eza bitxia. Inoiz edo behin aipatu dut arte euskaldunaren "Guadiana" hau, historialariaren begien aurrean mendeen joanean agertu eta desagertu egiten dena, agian ez dela kontu objektibo bat, baizik eta euskal kulturak unibertsitaterik izan ez duen garaiean zehar pairatu duen ikerlarien faltaren ondorioa. Horrelakoxea da egoera. Gure unibertsitateetako ikasleek lau mendetako atzerasaltoa eman behar dute (Anchietatik Mogrobejora, Oteizatik Txillidara) plastika hispaniarraren historiari buruzko eskuliburuetan eskultore euskaldunen izenak aurkitzeko. Juan Antonio Gaya Nuño k duela urte gutxi Eskultura Espainiar Garaikideari buruz kaleratutako liburuan, lau maisuri egiten die aipu mendearen hasierako trantsizio garaiari buruzko atalean, eta horietatik bi euskaldunak dira: Nemesio Mogrobejo Zuloagak "Espainian egun daukagun lehen eskultorea" zela esan zuen 1910ean berari buruz eta Francisco Durrio. Baina gutxi iraun zuen bi hauen loraldiak, izan ere gazterik hil zen bata, eta besteak, Frantziara emigratutakoan zeramikarako grinak hartu eta oso eskultura gutxi utzi zituen. Hortaz, 50. hamarkadara arte ez zen errotuko benetako garrantzia izango duen sormenezko euskal mugimendua. Axola duena, edo behintzat nik azpimarratu nahi dudana, ez da Jorge de Oteiza eskultore euskaldunak 1957an Sao Pauloko Bienaleko Sari Nagusia irabazi izana; ezta Eduardo Txillidak bere obra Europa eta Ameriketako museo garrantzitsu guztietan erakusgai izatea, ezta Pey arkitekto txinatarrak Txillida "gaur egungo eskultorerik handiena" dela esan izana; ezta Nestor Basterretxeak Europa eta Amerikako abangoardiako arteko 150 erakusketa baino gehiagotan parte hartu izana, ezta Madrilgo Arte Garaikideko Museoak bere omenezko atzerabegirakohandi bat antolatu izana ere, ezta Reno ko (Nevada) Artzaiaren Monumenturako lehiaketan irabazle suertatu izana ere; ezta José Alberdi eskultorea oso ospetsua izatea Inglaterran, ezta bera izatea Arte Ederren Errege Akademia Britainiarreko kideen artean artista atzerritar bakarra; ezta Remigio Mendiburu zenari buruz Oteizak "gu guztion artean eskultorerik indartsuena" zela esan izana ere; ezta Vicente Larrea fundizio teknikan esperimentatzaile bizkorra izan denik ere, ezta obrak hiriguneetarako nahiz egungo museorik onenetarako eskatzen dizkiotenik ere; ezta Ricardo Ugartek Espainian eta atzerrian gutxik bezainbat sari eskuratu dituenik, ezta Europar Batasunaren Bruselako eraikin berrirako hautatua izan denik ere. Zera da axola duena, hemen interesatzen zaiguna, eta azpimarratu nahi dudana: zaharrenetik gazteenera izendatu ditudan eskultore hauek guztiek, Eskultura Garaikidearen Historiaren frontispizioan izen euskaldunak grabatu dituztenok, belaunaldi bakar bat osatzen dutela. Horixe da azaldu beharko litzatekeena. Mendebaldeko plastikaren (pintura eta eskultura) historian, arretaz aztertuz gero, irudiari emandako lehentasunaren eta ikur nahiz sinboloari eman zaion lehentasunaren arteko alternantzia eman dela ikus daiteke. Litekeena da fenomeno historiko honen atzean zio psikologikoak egotea, hau da, giza sentiberatasunari menpekotutako dialektika moduko zerbait, denboraldi bat igaro ostean irudiarekin nekatu eta sinbolo abstraktuaren beharra sentitzen dela. Eugenio d'Ors ek Barrokoari buruzko bere liburuan erabiltzen duen terminologia erabiliz, esan genezake artearen historian zehar, zenbait garaitan, irudiaren eona dela gailentzen dena, eta beste batzuetan, aldiz, ikur abstraktuaren eona. "Irudiaren garaia" eta "ikurraren garaia" dauden bezala, irudirako prest dauden eta ikurrerako prest dauden herriak daude. Zibilizazio grekolatindarrek ikonoarekiko zaletasuna azaldu duten bitartean, hainbat herrialde germaniar eta zenbait arraza ikurra erabiltzearen alde agertudira, eta baztertu egin dituzte irudikeriak, dela jatorrian bizitza trashumantea izan dutelako, dela erlijioak hartzen duen indarraren eraginez. Nire ustez, horietakoa da herri euskalduna ere. Gure arkitekturari, artisautzari, ohiturei, pentsaerari eta espresioei behatuz gero, ikurren lengoaiarekin uztartutako puritanismo eta soiltasuna aurkituko ditugu. Euskaldunak arte plastikoetarako sentiberatasunik ez duela adierazi dute batzuek, baina, zuzenago izateko, euskaldunaren sentiberatasun falta hori plastika figuratibo, mamitsu eta ukigarriari dagokiola esan beharko litzateke. Eskultura ikuspegi figuratibo eta ikoniko batetik aztertuz gero, ez da batere erraza euskaldunak gaitasun artistikoak dituela onartzea. Victoriano Juaristi sendagile eskultoreak ikuspegi grekolatindarra zeukanez arte plastikoei zegokienez, eta, zehazkiago, eskulturari, honela zioen: "euskaldunek ez dute irudirik egiten (azpimarra dezagun irudi hitza), eta gainera emoziorik begiratzen diete irudiei, ez baitaukate ez imaginaziorik, ez fantasiarik... XIX. mendea baino lehenagoko euskaldunek ez digute pinturarik, tailurik edo abesti originalik utzi". Eta, aurrerago, adierazi nahi dudanaren ildotik doan zerbait esan zuen: "Euskaldunari, ezta jantzia denari ere, ez zaio irudi ikuskizuna batere interesatzen; ia ikonoklasta da. Irudi literarioari dagokionez, bestalde, ez dago deus esan beharrik". Juaristi jaunak ondo baino hobeto azpimarratu zuen euskaldunak irudi plastiko nahiz poetikoari dion alergia. Ostera, hemeretzigarren mendeko eskemetako artearen nozioan egiten du, nire ustez, kale. Irudia desagertzerakoan, gure garaiko artista askoren horizonte estetikoa Mendebaldean iluntzen da; alegia, arte unibertsalean irudiaren eonaren ordez ikurraren eona ezarritakoan jartzen dela agerian euskaldunaren gaitasun sortzailea. Konkomitantzia bitxia benetan, izan ere, artisautzaren eta artearen arteko mugak desagertzean ernaltzen da euskal eskultura. Estetika berriak jada ez du artista gizaki pribilegiatu batbailitzan ikusten; eta, batez ere, uko egiten dio artista eskuak zikindu gabe bere mundu idealean forma modeliko inspiratzailea behatzen duen igarle baten gisa aurkezten duen ideari. Bere obran buru belarri sartuta dagoen artisau gisa ikusten da gaur egun artista. Hala ere, industrializazio modernoak artisautzako gure ohiturak zoritxarrez galtze bidean jarri dituen arren, Euskal Herrian oraindik bada olagizon, arotz, ebanista eta harginen tradiziorik, eta gure artisten lanaren hein handi bat tradizio horrekin uztartzen dela dirudi. Belaunaldi honi dagokionez, beste konkomitantzia bat ere aipa liteke, mende honetako 50eko urteetako sentiberatasun estetikoarekin lotuta: artea, inguru sozialarekin lotzeko dagoen joera. Horren arabera, eta joera nagusiari jarraiki, bizitza sozialak, ingurugiroak, hirigintzak eta ekologiak sortzen dituzten galderen erantzunak eman behar ditu arteak. Honek guztiak azaltzen du orain artean aipatu dudan eskultoreen belaunaldiak izandako arrakasta, baina arazorik ere sortzen du hurrengo belaunaldira pasatzean. Azken 20 urteotan heltzera iritsi den eskultore euskaldunen belaunaldiak aurresupostu soziologiko desberdinetan oinarritu du beren sormen estetikoa. Komunikabide sozialek izan duten aurrerapen ikusgarria dela eta, sentiberatasun estetikoa mundu mailara orokortu da, eta jada ia ezinezkoa da artearen eta bitarteko etniko zehatz baten arteko lotura genetikoa finkatzea. Bestetik, belaunaldi berriko eskultoreak aldendu egin dira antzinako erroei buruzko filosofia exageratu eta mitifikatuagatik korapilotsua suertatu den Oteizaren diziplinatik, eta askapen bat bailitzan sentitu dute urruntze hori. Hala eta guztiz ere, ikusi egin beharko litzateke belaunaldi berri hau ez ote den batere estetikoak ez diren agindu eta interesez josia dagoen nazioartekotzearen sareetan erortzen ari. Arteak merkataritza sistemekiko daukan menpekotasun zentzugabe eta higuingarriari buruz ari naiz; kritikorik gaituenak eta artistarik ondraduenak eszeptizismora bultzatudituen menpekotasunaz. Obren azterketa intrintsekoan oinarritu beharko lukeen kritikaren ordez, beste honelakoa egiten da, muntaia artistiko politiko handien arduradun nagusien esanetan: "hauxe da gaur egun erosten dena"; "hauxe da Estatu Batuetako aretoetan erakusten dena"; "hauxe da Alemaniako Dokumenta Cassel etan ikus daitekeena". Dolarraren autoritateak hartu du arrazoi estetikoaren lekua. Bi lege goren hauen ondorioz (nazioarteko bat bateko komunikazioa eta merkataritza burugabea), artista gazteenei dagokienez, eta baita Arte Ederretako gure eskoletako irakasleei ere, "Euskal Herrian jaiotako" artistak bailiran bakarrik hitz egin daiteke, baina ez euren obretan ezaugarri etniko kulturalak jasoko lituzketen "artista euskaldunak" bailiran. Duela ehun urte Parisa joaten ziren gure artistak, Cézanne, Van Gogh eta Gauguin en obrak ikustera, bertan gosea pasa behar izan arren. Orain, iritsi orduko leku eroso bat bilatu nahi du dolarren herrialdean gure artisten belaunaldi gazteak. Juan Plazaola, arte historialaria Argazkiak: Lur entziklopedia "Nosostros Los Vascos" Euskonews & Media 89.zbk (2000 / 7 28 / 9 8) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=araba&link=www.alava.net http://ikaskuntza.org/