89 Zenbakia 2000-07-28 / 2000-09-08

Gaiak

Arteleku

ERASO, Santi

Arteleku Arteleku * Traducción al español del original en euskera Santi Eraso "Gauza bakar batek justifikatzen du intelektual bat: bere ospea, bere ustez egin behar denaren alde arriskatzeak". Eugenio Trías. "Nire ustez, arteak beti hartu du parte "mundua benetakoagoa" izan dadin "goitik behera" aldatzeko iraultza horren maila desberdinetan". Txomin Badiola. Artelekuk, bere hamabi urteetan zehar, ikerketa garaikidearen sorrera eta ikerketa bultzatzearen aldeko politika gauzatu du, eta, asmo horri erantzuteko erabili dituen irizpideak ohiturazko materiale klasikoen (zura, harria, burdina, etab.) eta diziplina artistiko klasikoen (pintura, eskultura, grabatua, argazkia, etab.) gailentasunean oinarritu dira. Laurogehigarren urteetan boom a ezagutu zuten Arte Ederretako fakultateetatik eta Arte eta Ofizioen eskoletatik ateratako artisten eskari eta iradokizunei erantzuteko prestatu ziren Artelekuren arkitektura, espazioen konfigurazioa, eta barne egitura. Arte garaikideari eskainitako zentruak ugaritzean, eta objektu artistikoak sustatu, hedatu eta saltzeari lotutako jarduerak gero eta gehiago izatean, gizartea garaikidetasunaren diskurtsoa bere egiteko prest zegoela zirudien, baina irudikeria horrek, ostera, arteari babes publiko eta pribatua emateko politikak adina iraun zuen. Objektu eta artifizioak ugaritzera bultzatu zuen honek berak, aurkako ondorioa sortu zuen azkenean: gogaitasuna eta akidura. Azken urteetan, atzeraldi ekonomikoarekin eta hain esku hartzaileak ez diren politiken susperraldiarekin, azken hamarkadako premisetatik urrun dabilen sortzaileen belaunaldi berri bat sortu da. Zalantzan jartzen eta birdefinitzen hasiak dira euskarri ekonomiko publikoarekin landutako egitura artistikoa eta enpresa pribatuak, eta antzeko birdefinizio prozesu batean sartu da kultura artistikoa ere, egitura horietan arteak kulturan eta gizartean behar duen lekuari buruz hausnartzeko gune bat aurkitzen zuena. Nire ustez, artearen egungo egitura, sorkuntza garaikidean sartzekomekanismoak agortzen ari da. Ikuskizun kulturaren tenpluetan izan ezik, inor ez dabil museoen sarean, arte guneetan eta ohiko galeriatan, fluxu endogamikoak kanpo utzita, bota egin dituztelako gainerako hiritar guztiak, eta artea bizitzatik urrundu. Ordezkaritzarako ohiko ereduak agortu egiten dira, "gertakari garaikideek" "bahitu" eta urrundu egiten dutelako gizarte errealarekin alderatzeko aukera. "Efektu garaikideak" deitzen diedan gertakari hauek hiriaren maila guztietan egon beharko lukete present, hiritarrek beren erreferente sinbolikoak (komunikabideak, ikus entzunezko sistemak, sare telematikoak, iragarkiak eta beste gune ekonomiko autonomoak) aurkitzen dituzten ordezkaritza markoetan alderatzeko. Autokritika honetatik abiatuz, bai erakunde publikoek beren agente kulturalen bitartez , bai ekimen pribatuak aldaketak eragiteko duen erantzukizuna bere gain hartzen duen heinean , arteari irekita dauden testuinguruen garapena bultza dezakete. Horrela, posible izango litzateke adierazpen garaikide guztiak zeharkako gune batean elkarbizitzea, behe kulturaren eta goi kulturaren arteko mugak hautsi eta eskema zaharrek inposatutako hierarkia akademikoak behin betiko apurtuz. Gaur egun oraindik ere egon badagoen mitologia kontserbadore eta elitista batek, honela ikusten du artista: gizarteko pribilegiatu gisa, bere askatasunaren eta nortasun paregabearen ondorio gisa besterendu gabeko lana egiten duena, eta, gainera, botere politiko eta ekonomikotik aske dagoena. Mendebaldeko tradizio kulturalean errotutako estereotipoek iraun egiten dutela ikusten dugu, hau da, artistaren indibidualismoak, jenioari zaion kultuak, egiletzaren legitimazioak, kulturako objektu bilakatu den artelan kontzeptuaren zaharberritzeak, nahiz ikuslearen pasibitateak. Arte Ederrek inposatutako hierarkiei muzin eginez hedatzen da artea gaur egun, eta horretan datza hain zuzen ere uneotako zailtasuna. Artea, azken batean, ez da objektuen materialitatera mugatzen; aitzitik, hiritarren eguneroko bizitzandauzkan ondorioen bidez neur daiteke. Hannah Arendt en hitzak bere eginez, honela definitzen du Roterdamgo Witte de With eko zuzendari den Bartomeu Mari k fenonemo hau: lehen zena izateari utzi ez dion gauza bat, baina gauza berria bailitzan azaltzeko adina ere errotu ez dena. Diziplina artistikoen gailentasunak eta objektuak nonahi egoteak, erabat aurkakoak diren jarreretara eraman dituzte gaur egungo artista asko. Fenomeno honetan badute zerikusirik teknologia aurreratuen sarrera, demokratizazio eta sozializazioak, eta ikus entzunezkoen nahiz komunikazio sistema eta telematikoen eraginak. Eragin horien nahasketaren ondorioz sortutako adierazpen artistikoek, ia beti gurutzatze eta ertzetan agertzen direnak, "diziplinez haraindiko" moduak hartzen dituzte askotan; ez dituzte derrigorrean artearen ohiko egiturak hartzen. Asko dira diziplinarteko jarrera mestizo hori daukaten artistak eta obrak, azken hamarkadatan nagusitu diren mitologia diziplinarretatik urrun dauden sormenezko adierazpenak. Jardueren elkargurutzatze honetan, diziplina artistikoen mugen gainetik igarotzeko eta esparru desberdinak elkar ernaltzeko ahalmen partikular gisa agertzen da hibridoa. Pluralismoaren une "ez purua" bizi dugu. Artelekun lankide ditugun artista askoren lan metodoa, sarritan, beren mugei buruzko etengabeko hausnarketaren ingurukoa izan ohi da. Urrutira joan gabe, hara zer dioen Txomin Badiolak bere lanari buruz, Madrilgo Soledad Lorenzoren galerian egindako erakuskusketako katalogoan: "Nire lanik berrienak aurkezteko, esan nezake buxaduren behin behineko trama besterik ez dutela helburu, "forma txarrak" hartzea alegia, desioaren dinamikan harrapatuta dauden elementuak izango baitira. Osatu gabe eta zabalik dauden irudi, forma edo espazioak dira, faktoreak behin eta berriro antolatu eta desegiten dituen matrize batean daudenak, beti partzial eta behin behinekoak diren "bestearen" itxiturei eskainitako ikurren joan etorri batean". "Hidralux" Técnica mixta. Jon Mikel Euba. Eta zera adierazidu Juan Luis Morazak, Lleidako Leandre Cristofol Aretoko erakusketako katalogorako Gloria Picazori eskainitako elkarrizketan: "Denok dakigu pentsatzeko, gogoratzeko, sentitzeko eta ikasteko daukagun moduetan leku bat daukagula, hitzen, irudien, sentimenduen eta ekintzen arteko desberdintasuna oso lausoa denekoa. Hain zuzen ere gune horretantxe hasten edo amaitzen da askotan lan artistikoa. "Performantzia artistiko global" gisa daude hor". Artean eta munduan, hau da, bizitzan bertan, irudiak gainezarri edo nahastu egiten dira, errepikatu edo alboratu, eta traizionatu. Irudi bakoitza, beste irudi batzuk ukatu edo berresten dituelako existitzen da, beste batzuengan oinarritzen delako edo beste batzuk ordezkatu eta ezkutatzen dituelako. Eta interferentzia eta polifonien elkartruke horretan, irudi eta ekintza bakoitza akulturazioen kate zital bateko istant iragankor bat baino ez da. Erreferentzia, hortaz, matxinatu egiten da zigorrik jasotzen ez duen eskuratzearen aurka, originalaren handitasunaren aurka, eta edozein orden klasikoren aurka. Jarrera hauek lotura handia daukate, besteak beste, orain artean garrantzia garbia izan duten objektu artistikoen ekoizpenaren krisiarekin. Atzerapen ekonomikoak, lan eskasiak, gizartearen iragankortasuna eta azken belaunaldien nomadismoak, ordea, jarrera desberdinak sustatu dituzte. Eta hauei, arrazoi teknikoak ere gehitu behar zaizkie: estudioek proiektuak gauzatzeko ekoizpen leku gisa galdu duten balioa, hauen ordez proiektuak gauzatzen diren espazio errealek hartu dutelarik indarra; teknologia aurreratuen presentzia eta autoekoizpenak ematen dituen erraztasunak, lana jarraitasun gehiagoz eta modu proiektiboagoan egitea ahalmentzen baitute; gainera, erraztu egiten dute transportabilitatea, eta diziplinarteko dinamikak sortzen dituzte sormenezko sektoreko beste jarduera profesionalekin (diseinua, eraikina, musika, moda, arkitektura, hirigintza). Hausnarketarako marko honetan proposatzen ditu Artelekuk kudeaketarako formula eta lanerakodinamika berriak: teknologiarik aurreratuenetara jotzeko aukera emango diete sortzaileei, beste diziplina artistikoetako sortzaileekin harremanetan jartzea erraztuko, eta lanerako eremu berriak ere eskainiko dizkiete. Gaur egungo egiturek sortzen dituzten zailtasunek, behatzeko eta emaitzak sortu nahiz aurkezteko moduak birpentsatzera behartzen dute. Artearen ohiko egituren eszenario/ikuskizunaren aurrean (museoak, galeriak, erakusketa aretoak, etab.), ikusleengana hurbiltzen saiatzen diren proposamen berriak azaltzen dira, haiekin begiradaren konplizitatearen esperientzia sortzailea elkarbanatzeko, eta, kasu askotan, sorkuntzaren beste segmentu asko ordezkatuta dauden hiriko egitura ekonomiko eta sozialetan. Jarrera hauek hiriko zirkuituetako gune eta sare berriak sortzeko aukera ematen dute, eta berritu egiten dituzte bai artearen zeregina eta baita artistaren funtzio soziala ere, geroko belaunaldiekin lotuta dagoen sorkuntza garaikidearekin gero eta konpromiso txikiagoa daukan gizarte batean. Artelekuko erakusketa aretoa. Santi Eraso, Artelekuko zuzendaria Argazkiak: Lehenengoa Riev 42 1 an argitaratuta dago, gainontzekoak katalogo desberdinetatik atera dira eta Lur en "Nosotros Los Vascos" entziklopediatik Euskonews & Media 89.zbk (2000 / 7 28 / 9 8) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=araba&link=www.alava.net http://ikaskuntza.org/