792 Zenbakia 2026-02-04 / 2026-04-10

Gaiak

Emakume zuzendariak eta euskarazko filmak euskal zinematografian

FERRER, Esther RODRÍGUEZ, María Pilar

Euskal zinematografiaren eremuan, generoaren eta hizkuntzaren arteko elkarrekintza orain arte ez da apenas aztertu. Kontuan izan behar da zinemagintzan erreferente gehienak gizonezkoak izan direla eta, historikoki, emakume zuzendari euskaldunen film-ekoizpenak ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan. Izan ere, Euskal Herrian emakume batek zuzendutako lehen film luzea, Ana Díezen Ander eta Yul, 1988. urtekoa da. Eta datu horrek badu bere garrantzia: XXI. mendera arte emakume zuzendari euskaldunek egindako filmen presentzia urriak ikusle euskaldunen iruditeria kolektiboa baldintzatu du, eta genero-irudikapenaren inguruko apustu ausartagoak egitea eragotzi du.

Oraintsu, Berdintzen[1] beka bati esker emakume zuzendarien eta euskarazko filmen bilakaera aztertzeko aukera izan dugu, baita zinemagile horiek aldarrikatzeko eta egungo egoera hobetzeko balioko duten jarduera-proposamenak egitekoa ere. Gure xedea izan da euskal emakume zuzendarien film guztiak argitara ematea, eta genero eta formatu guztietako euskarazko filmen azterketa zehatzagoa egitea, film luzeei arreta berezia eskainiz. Horretarako, gure ikerketak metodologia bikoitza erabili du: alde batetik, azterketa kuantitatiboaz baliatu gara ekoizpenen bilakaera modu objektiboan antolatu ahal izateko, kronologikoki eta genero eta formatuen arabera; bestetik, hamahiru emakume zuzendari elkarrizketatu ditugu eta, elkarrizketen transkripzioaz gain, horien eduki kualitatiboaren azterketa erakusten da liburuan.

Ikerketa kuantitatiboak hainbat datu esanguratsu eskaini dizkigu. Adibidez, 1970etik hasita eta hamarkadaka bildutako datuen arabera, euskal emakume zuzendariek egindako filmek, edozein hizkuntza, formatu eta generotan, gorakada izugarria izan dute 2010etik aurrera. Gainera, ekoizpen horien artean, euskarazko filmen ehunekoak (edota, ikerketan erabilitako irizpidearen arabera, euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan egindakoenak) etengabe egin du goraka, modu bereziki nabarmenean 2000ko hamarkadatik aurrera. Zehazki, 1990-1999 hamarkadan emakumezkoek zuzendutako filmen artean euskarazkoak % 16 baziren, hurrengo bi hamarkadetan % 33,33 eta % 44,85 arte igotzen da ehunekoa, hurrenez hurren. Ez hori bakarrik, Eusko Jaurlaritzak bereziki euskarazko proiektuetarako ematen dituen laguntzei esker, datu hori denborarekin bere horretan mantentzea edo hobetzea espero da.

Bestalde, generoei erreparatzen badiegu, fikzioa eta animazioarekin alderatuta, dokumentalen proportzioa handia dela adierazi dute datuek, euskarazko produkzio guztien % 54 gainditzen baitu. Joera hori dokumentalen produkzioaren finantza-kostu txikiagoari lotuta egon izan bada ere, honi esker euskal zuzendariek filmak aurrera atera eta beren arte-sormena zabaldu ahal izan dute, eta, horrekin batera, euren kezka sozialak, politikoak eta kulturalak islatu dituzte. Formatuei dagokienez, film laburra da ohikoena, euskarazko film guztien % 55 gainditzen du. Ulergarria da datu hori, film laburrak izaten baitira zuzendariek zinematografiaren munduan hasteko duten modua. Aldiz, corpusean jasotako euskarazko 130 filmetatik 47 besterik ez dira luzeak. Horregatik, film luze bakoitzeko fitxa bat osatu dugu, laburpena, zuzendaria eta lantalde teknikoa ezagutarazteko eta erreferentziazko katalogo txiki bat osatzeko helburuarekin.

Emakume zuzendarien euskarazko filmen
bilakaera euskal zinematografian.

Ikerketa-lan honen beste atal nagusi bat elkarrizketena da, eta zein zinemagile elkarrizketatu erabakitzeko, film luze bat euskaraz egiteaz gain, zinemagintzaren arloan ibilbide profesionala garatzen jarraitzeko asmoa zuten zuzendarien zerrenda bat egin genuen. Gainera, belaunaldi desberdinetako ordezkariak diren eta genero ezberdinak garatu dituzten zinemagileak bilatu genituen, askotariko esperientziak jasotzeko helburuarekin. Azkenean, hamahiru emakume zinemagileri egin genizkien elkarrizketak: Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Bertha Gaztelumendi, Aizpea Goenaga, Lara Izagirre, Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Arantza Santesteban, Maru Solores, Ainhoa Urgoitia, Estibaliz Urresola eta Begoña Vicariori.

Denei galdera berdinak planteatu genizkien honako gai hauen inguruan: euren filmetan euskara erabiltzeko arrazoiak, abantailak eta desabantailak; industrian dagoen bereizkeria edo diskriminazioa; ibilbide profesionalean topatu dituzten arazoak; ikus-entzunezkoan emakume profesionalek sortutako sare eta elkarteen garrantzia; etorkizunerako proposamenak; eta, azkenik, abian dituzten proiektuak. Bakoitzak bertatik bertara bizi izan dituen sorkuntza artistikoak artikulu honetan laburbiltzea ezinezkoa litzateke. Horregatik, emaitza nagusiak aipatuko ditugu orain, elkarrizketak aztertuta, ondorio garrantzitsuak atera ahal izan ditugun bost kategoria nagusiren inguruan: euskara, generoagatiko diskriminazioa, elkarrizketetan sortu diren gai bereziak, arazoak eta, azkenik, proposamenak.

Zuzendari horiek euskara erabiltzen dute beraien lehen hizkuntza delako, eta hizkuntza honek ekartzen duen unibertso baten bitartez kontatzen dituzte eu­ren istorioak. Guztiek modu batean edo bestean aipatzen duten beste pisuzko arrazoi bat hizkuntzari ikusgarritasuna emateko konpro­misoa eta militantzia da. Hizkuntza gutxitu baten bitartez euren burua espresatzea eta zinemagintzan euskararen presentzia nolabait mahaiaren gainean jartzea da helburua. Bestalde, egoera poliki hobera egiten ari den arren, iritzi nagusia da gaur egun ere emakumeen diskriminazio nabarmena da­goela zinemagintzan. Diskriminazioa gradu desberdinetan agertzen da zuzendari bakoitzaren esperientziaren arabera: batzuek lehen pertsonan ez dutela bizi izan aipatzen dute, baina bai ikusi dute beste batzuek nola jasan behar izan duten.

Oro har, zailtasunen artean aurrekontuak aurrera ateratzeko oztopoak aipatzen dira, pelikulak egitea, eta fikzioa batez ere, oso garestia delako. Berez, emakume zuzendariek fikziora salto ematen ez badute, bazterkeriaren ondorioak daude tartean. Izan ere, finantzaketa alderdi funtsezkoa da industria sendotzeko, eta denek diru publikoaren garrantzia azpimarratzen dute. Erakundeek emakumeak zineman sustatzeko politika sendoak diseinatu beharko lituzkete eta, horretarako ezinbestekoa da, lehenik eta behin, diagnostiko on bat egitea, gero hortik abiatuta plan espezifiko bat diseinatzeko. Ideia hori azpimarratzen dute hainbat zuzendarik: zer ekoizpen artistiko mota behar du gure herrialdeak? Zein da egungo egoera eta zer neurri dira beharrezkoak desberdintasuna murrizteko, bai generoaren eremuan, bai hizkuntzaren arloan?

Horretaz gain, sektorean nagusi diren arazoen artean, prekarizazioa da garrantzitsuenetarikoa; ondorioz, zinemagintza­tik soilik bizitzea zaila dela diote zenbaitek eta, pelikulak egiteaz gain, beste lan batzuk ere bilatu behar dituztela azpimarratu dute. Horrela egitera behar­tuta dauden guztiak modu batean edo bestean kultura eta hezkuntzari lo­turiko beste lan batzuetan ari dira. Berdintasuna lortzeko, zuzendari horiek gizarte-eraldaketa baten be­harra aldarrikatzeaz gain, neurri praktiko zehatzak aipatzen dituzte, hala nola: soldaten berdintasuna, aurre­kontuen berdintasuna, emakumeen lan-aukerak bermatzea zinema-indus­triaren arlo guztietan, ekimen berriak sustatzea eta kuotak beharrezkoak diren arte mantentzea. Politika publikoek ezaugarri zehatzagoak eta kuantitatiboak finkatu beharko lituzkete: esaterako, euskarazko ekoizpenetarako gutxieneko kuotak ezartzea, laguntza-lerro bereziak emakumeen proiektuetarako, banaketa-berdintasuna jorratzea. Era berean, erreferenteen garrantzia azpimarratzen dute hainbatek, haientzat zaila izan zelako euskal emakumeen erreferenterik ez izatea zinemaren arloan, edo oso gutxi izatea, zuzendari gehienak gizonezkoak zirelako. Ondorioz, dena ongi egin beharraren presioa sentitu izan zutela diote, beren lana serio hartuko ez zuten beldurrez. Egoera horri buelta emateko mundu akademikoaren inplikazioa eskatzen da, emakume zuzendarien eta euskarazko filmen errealitatearen berri ematen duten azterlan eta txos­tenen bidez, eta emakumeen lanak unibertsitate-ikasketen curriculumetan sartuz.

Azkenik, zuzendariek, oro har, adostasunez diote (H)emen (2016 urtean sortutako Eus­kadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea) eta antzeko helburuak dituzten elkarteak behar-beharrezkoak direla: horiek hainbat mailatan eskaintzen dituzte abantailak kideentzat, hala nola prestakuntza espezifikorako eta elkarren arteko sareak sustatzeko aukerak. Hau da, beste emakume batzuekin lan egitea errazten eta sustatzen dutenak.

Gure lana amaitzeko, euskal zineman emakumeen presentzia eta euskarazko sorkuntza indartzea helburu duten proposamenak eta etorkizuneko ikerrildoak uztartu ditugu. Proposamen horiek lehendik dauden laguntza-sistemak mantentzean eta optimizatzean oinarritzen dira, horien eraginkortasuna kuantitatiboki frogatu baita. Funtsezkoa da emakumeen parte-hartzea bultzatu duten kuota eta laguntza espezifikoei eustea, egungo diru-laguntzek gidoigintzan eta ekoizpenean izan duten eraginaren azterketa zehatza egin ondoren. Lehentasun bat da emakumeek euskaraz zuzendutako fikziozko film luzeen sorkuntza erraztea, urriak baitira eta banatzeko ahalmen handiagoa baitute. Horrek zer esan nahi du? Finantzaketa-formulak aktiboki bilatzea, sari espezifikoak sortzea eta prestakuntza- eta lan-aukerak zabaltzea, esate baterako. Azkenik, genero-ikuspegia duten ikasketa akademikoak sustatu behar dira, gizonen eta emakumeen ekoizpena alderatuko dutenak, sektorea desberdintasunaren inguruan kontzientziatzeko; eta, horrekin batera, ikus-entzunezko ikasketak sustatu behar dira, bai lehen zein bigarren hezkuntzan, zinemarekiko interesa handitzeko eta espiritu kritikoa garatzeko.

Etorkizunak aukera ugari dakartza: emakume zuzendariek gero eta presentzia handiagoa izango dute euskal zineman, bai euskarazko ekoizpenean, bai nazioarteko agertokietan. Zinemagintzaren demokratizazio digitalak eta hezkuntza-esparruan emakumeen parte-hartze handiagoak aukera ematen dute belaunaldi berri bat sendotzeko. Gainera, emakume sortzaileen sare profesionalak gero eta aktiboagoak dira, eta elkarlan horrek bultzada berria eman diezaioke euskarazko ekoizpenari. Era berean, euskal emakume zuzendariek nazioarteko jaialdietan gero eta presentzia handiagoa dute, eta horrek zabaldu egiten du haien lana mundu mailan ezagutarazteko aukera.

[1] Ferrer, E. eta Rodríguez, M.P. (2025). Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian. Berdintzen izeneko bekak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako dirulaguntzak dira, euskara eta genero-berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2024/euskara-eta-genero-berdintasunari-buruzko-ikerlanak-egiteko-bekak-2024-berdintzen/web01-tramite/eu/