792 Zenbakia 2026-02-04 / 2026-04-10

Gaiak

Adimen artifiziala herritarren mesedetan: aukerak, erronkak eta arriskuak

MORI CARRASCAL, Usue

Urte gutxi batzuetan adimen artifiziala iritsi da denon eskuetara; egunkariak adimen artifizialari buruzko berriez bete dira, asko beldurgarriak, eta gure artean hizketagai ohikoa eta jende askoren kezka iturria bilakatu da.

Baina adimen artifiziala orain sortu al da? Ba al dakigu nola funtzionatzen duten sistema hauek? Denon eskuetara iritsi den hori al da adimen-artifizial mota bakarra? Ba al da adimen artifizialik chatGPT eta antzeko hizkuntza-eredu handiez haratago?

Adimen artifizialaren inguruko hausnarketa kritiko bat egiteko, galdera hauei erantzunak eman behar dizkiogu aurrena  eta, ezinbestean, adimen artifizialaren bilakaera eta funtzionamenduaren inguruan ezagutza apur bat izan behar dugu.

Adimen artifiziala, atzotik gaurdaino

Adimena definitzeko kontzeptu zaila izan arren, badaude ezaugarri edo portaera batzuk adimenarekin lotzen ditugunak, hala nola, ezagutza, sormena, plangintzarako gaitasuna, iragarpenak egiteko gaitasuna, etab. Makina batek honelako portaerak erakusten dituenean adimen artifiziala dugula diogu.

Ez hori bakarrik, gaur egun, adimen artifizialeko sistemek adimen artifizial mugatua edo estua dutela ere esan dezakegu. Horrek esan nahi du ataza konkretuak ebazteko balio dutela, hala nola plangintza, iragarpena, sailkapena, testu-generazioa, etab. Makina bat pertsonek egin ditzakegun edozein ataza burutzeko gai bada (ez da horrelakorik existitzen gaur egun), adimen artifizial orokorrari buruz hitz egin dezakegu.

Jende askok uste du adimen artifiziala hizkuntz eredu handiekin sortu zela (chatGPT, Gemini, Claude, DeepSeek, etab.), baina errealitatea askoz zabalagoa da. Sistema hauek toki gehiagotan daude, eta oso dibertsoak dira. Izan ere, bere historiaren joanean, Adimen Artifizialak forma asko hartu ditu. Hasieran, sistema adituak ziren nagusi, adituen ezagutzan oinarritzen zirenak. Gaur egun, ordea, datuetan oinarritutako sistemak dira jaun eta jabe. Gizakion ikasketa-prozesua imitatuz, makinek ere esperientziatik ikasten dute.

Hau hobeto ulertzeko adibide ohiko bat sailkatzaile automatikorako sistema bat da, esaterako irudi mediko bat emanik (erradiografia, esaterako), paziente batek gaixotasun jakin bat duen ala ez automatikoki esango digun sistema bat (medikuen parte hartzerik gabe). Irudiak sailkatzea problema zaila izan daiteke guretzat ere, eta orduan makina bati nola erakutsi ataza hau burutzen?

Honelako sailkapen problematan, makinek, esperientziatik ikasten dute: adibide ugari prozesatuz, kasu honetan irudi medikoak, bakoitza bere etiketarekin (gaixo ala ez gaixo). Irudi horiek guztiak eta haien etiketak algoritmo baten bidez prozesatzen dira, matematika, estatistika eta probabilitatea oinarri dituena. Horrela, adibide guzti horietatik eredu bat sortzen da, ikasitako patroiak (sarrera datuak eta irteera etiketaren arteko erlazio konplexuak) bilduko dituena.

Hain modan jarri diren hizkuntza eredu handiak ere antzeko eran ikasten dute. Testu kantitate izugarriak prozesatzen dira, algoritmoen bitartez, eta ondorioz hizkuntzan, hitzen artean, dauden erlazioak eredu batean kodetzen dira. Ereduak orduan, esaldi bat emanda, hurrengo hitzak zeintzuk diren iragartzen ikasten du.

Adimen artifizialaren alde ilunak

Behin sistema hauek nola funtzionatzen duten ulertzen dugula, sor ditzaketen arriskuak ere argiago ikusi ditzakegu.

Hasteko, argi dago adimen artifiziala esku txarretan herraminta arriskutsua izan daitekeela. Esate baterako, honen adibide argia da  Israelek Palestinarren aurka erabiltzen duen Lavender sistema (bonbardaketen biktimak hautatzeko sistema automatikoa). Baina gure egunerotik gertuago badaude ere erabilera ez-etikoak: etxeko lanak eta unibertsitateko proiektuak osorik (ez ataza konkretu batzuetan laguntzaile gisa) hizkuntza eredu handiekin egiten dituztenak, argazkiak asmo-txarrez manipulatu edo gezurrezko notiziak asmatzeko erabiltzen dituztenak, etab. Bestalde, ezjakintasunetik ere, erabilera txar asko egiten dira. Besteak beste badaude chatbot hauek psikologo moduan erabiltzen dituztenak, medikuari egin beharreko galderak sistema hauei egiten dizkietenak, etab. Adimen artifizialei ematen diegun sinesgarritasuna, gaiaren inguruan dugun ezjakintasuna eta kritikotasun falta arazo bilakatu dira azken urteotan.

Bigarrenik, ez dugu ahaztu behar adimen artifizialaren inguruan sortu den negozio erraldoiaren atzean daudenek ez dutela, normalean, gizarte osoaren onura helburu. Sistema horiek gure datuak erabiltzen dituzte gutxi batzuen onurarako. Eta zer esanik ez sistema erraldoi hauek entrenatzeak ingurugiroan ekartzen dituen kalteak. Adimen artifiziala teknologika handien eta entitate pribatuen esku uzteak baditu ere bere arriskuak: zein daturekin entrenatzen dituzte haien ereduak zehazki? Nola entrenatzen dituzte? Zertarako erabiliko dituzte? Sistema hauek entrenatzeak dakartzan kostuak asumitzeko prest gaude?

Azkenik,  aspektu teknikoei dagokionez, esan gabe doa honelako sistema guztiek akatsak egiten dituztela. Gainera, eredu hauek hain dira konplexuak batzuetan, emandako emaitzen zergatia aztertzea ez dela kontu erraza. Azken honi ereduen transparentzia edo azalgarritasun falta deritzo. Eta bukatzeko sistema hauen alborapenei buruz ere aipamen bat egin beharra dago. Hainbat ikerketetan eta adibidetan ikusi da Adimen Artifizialeko sistemak gizartean ematen diren alborapenak erreplikatu eta askotan areagotu egiten dituztela, normalean, zaurgarrienak direnak kaltetuz. Nahiz eta aspektu guzti hauek Adimen Artifizialeko ikerketaren helburu nagusiak izan gaur egun, oraindik lan asko dago egiteke.

Baina, onurak ere ekarri ditzake?

Adimen artifiziala esku onetan onuragarria izan daitekeela ere ukaezina da. Datu kantitate izugarrietatik informazio erabilgarria ateratzen gu baino efizienteagoak dira algoritmo hauek eta ondorioz, lan asko erraztu ditzakete. Hortxe daude osasungintzan diagnosietan laguntzeko, pazienteak monitorizatzeko edota botikak eta txertoak modu efizienteago batean topatzeko eredu eta sistemak.

Baina ez hori bakarrik, beste hainbat arlotan ere onurak ekarri ditu Adimen Artifizialak. Hezkuntzan adibidez, irakaskuntza pertsonalizatuagoa egiteko, material berriak sortzen laguntzeko, zailtasunak hautemateko erabili daiteke. Inklusio eta irisgarritasunerako ere aukera handiak eskeintzen ditu. Besteak beste, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat ahots-laguntzaileak eta pantaila-irakurle adimendunak eskaini ditzake, eta entzumen-urritasuna dutenei zuzendutako azpititulu automatikoak edo zeinu-hizkuntzaren ezagutza sistemak ere garatzen ari dira. Azkenik, klima, honen aldaketa edo katastrofe naturalen inguruko iragarpenak egiteko ere erabil daiteke, izan ere arlo honetan datu kantitate izugarriak sortzen dira egun.

Laburbilduz, adimen artifizialak aplikazio onuragarri ugari ditu.

Erronkak

Adimen artifiziala oso trena erabilgarria izan daiteke, baina ez mugarik gabe eta edonola. Tresna hauek denontzat onuragarriak izateko badaude datozen urtetan landu beharko ditugun hainbat erronka.

Lehenengo erronka erregulazioa da. Azkenaldian, Europako entitate ezberdinak legislazio espezifikoak sortzen ari dira gai hauen inguruan, eta hori pausu garrantzitsua da. Lege eta erregulazio berri hauetan, Adimen Artifizialeko ereduen hainbat aspektu eta ezaugarri erregulatu eta mugatu egiten dira, besteak beste erabilera mota eta datuen trataera. Bestalde, sistema hauei transparentzia, eta justizia sozialaren ikuspuntutik ere hainbat baldintza ezartzea espero da, batez ere arrisku handiko aplikazio eremuetan ezarri nahi diren sistemei.

Ikerkuntzaren eremuan ere oraindik hainbat problema daude ebazteke algoritmo hauek justuagoak, transparenteagoak eta seguruagoak bilakatzeko. Datozen urtetan arlo hauetan indarrak jarri beharko ditugu ikerlarion komunitateak eta finantziazioa ere ildo hauetatik joatea interesgarria litzake. Bestalde, sistema hauek kostu aldetik efizienteagoak bilakatzea ere erronka garrantzitsua izango da.

Azkenik, erabiltzaileen aldetik, datozen urteetan ezinbestekoa bilakatuko da adimen artifizialari buruzko gutxieneko prestakuntza edo formakuntza izatea, horrek lagunduko baitu erabilera egokiago bat egiten. Azkenik, pentsaera kritikoa asko landu beharreko ezaugarria izango da sistema hauen inguruko hausnarketa eta erabilera on bat egin nahi badugu.